El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Robert Louis Stevenson (1850-1894)

Robert Louis Stevenson, Thomas Stevenson ingeniari ospetsuaren eta Margaret Isabella Balfour-en seme bakarra, Edinburgon jaio zen, 1850eko azaroaren 13an. Osasun arazoek sortzen zizkioten eragozpenak gaindituz, hamazazpi urterekin Edinburgoko Unibertsitatean sartu zen eta ingeniaritza eta zuzenbide ikasketak egin zituen.

Aitak ingeniari izan zedin nahi zuen. Stevensonek, baina, idazteko grina izan zuen gaztetandik eta idazle ofizioan trebatu zen bere kabuz era askotako ereduak kopiatuz, bai neurtitzetan bai hitz lauz.

1873an, arnasa hartzeko eragozpenak arintzearren, Frantziako Mediterraneo aldera joan zen. Hurrengo bizpahiru urteetan denboraldi luzeak egin zituen atzerrian, Frantzian batez ere, eta bidaia horietan oinarrituta An Inland Voyage (1878, Lur barrutik bidaia) eta Travels With a Donkey in the Cevennes (1879, Bidaia asto batekin) idatzi zituen. 1879an, gurasoen haserrerako, Kaliforniara ezkondu zen emakume dibortziatu batekin, Fanny Vandegrift Osbournerekin . Idazlea gaixorik eta dirurik gahe iritsi zen Kaliforniara, baina handik gutxira aita urrikalduaren telegrama jaso zuen laguntza ekonomikoa eskainiz. Eztei bidaiaren ondoren Eskoziara itzuli zen aitarekin onezkoak egitera.

Filosofiari eta literaturari buruzko artikulu bilduma bat (1881, Virginibuspuerisque), eta kontakizun bilduma bat gero (The new arabian nights, 1882, Arabiargau berriak), argitaratu ondoren, haren eleberri hoberenetako bat eta bera mundu osoan ezagutarazi zuena idatzi zuen : Treasure Island (1883). Altxor uhartea trebetasun handiz kontatutako abentura bat da, bata bestearen atzetik giro, pertsonaia eta ekintza desberdinak maisutasunez aurkezten dituena.

Gazteentzat idatzitako abentura suharra eta gizatasunaren anbiguotasunaren kontakizun ironiaz betea aldi berean.188leko negua Davos-en (Suitza) igaro zuen. Gero Eskoziako Highlands-era joan zen eta bi kontakizun labur idatzi zituen, haren bi ipuin onenak, Thrawn Janet eta The Merry Man (Gizon zoriontsua), baina biriketako odol jarioa izan zuen, eta Frantziako kostara joan zen ostera klima samurragoaren bila. Tuberkulosiaren aldian behingo erasoak gorabehera, Stevenson pozik eta lan asko eginez bizi izan zen han : Prince Otto (1885, Oto printzea) zuzendu zuen, A Child's Garden of Verses (1885, Haurren olerki baratza) idatzi zuen, etaThe Black Arrow: A Tale of the Two Roses (1888, Gezi beltza: Bi Arrosen ipuina) idazten hasi zen. Kolera epidemia baten mehatxuak, baina, Ingalaterrara behartu zuen atzera. 1884ko irailetik 1887ko uztailera Bournemouth-en bizi izan zen, eritasun eroraldi gero eta sarriagoen artean. Nolanahi ere, Bournemouth aldiko emaitza oparoa izan zen. Batetik, Henry James ezagutu zuen eta harekin harreman handia izan zuen, eta, bestetik, bere lan nagusietako bi idatzi zituen : Kidnapped, XVIII. mendeko historian barrena egin zituen ikerketen emaitza, eta The Strange Case of Dr. Jekyll and Mr. Hyde, nortasun bikoitzeko gizon baten kasua, gizatasunaren baitan ongia eta gaizkia nola borrokatzen diren azaltzeko baliatu zuena.

1887ko abuztuan, tuberkulosia sendatzeko giroz aldatzea komeni zitzaiola eta, Ameriketara joan zen. Estatu Batuetan idazle ospetsua zen ordurako eta argitaratzaileak atzetik ibili zitzaizkion kontratu onuratsuak eskainiz. Adirondacks mendietan egin zuenegonaldian saiakera batzuk moldatu zituen eta The Master of Ballantrae (1889) idazten hasi zen, gizatasunaren anbiguotasunaren beste azterketa sakon bat, gaizkiaren halabeharrezko erakarpena azaltzen duena bi anaien arteko gorroto historia baten bidez.

1888ko ekainean belaontzi batean itsasoratu zen familiarekin bidaldi bat egiteko Hego itsasoetako uharteetan zehar : Markesa uharteak, Fakarava atoloia, Tahiti, Honolulu, Gilbert uharteak eta Samoa. Baina itzultzeko asmoz irten bazen ere, han igaro zituen bere bizitzako gainerako urteak. Bi liburu idatzi zituen uharteetako bizimodua azalduz: In the South Seas (1896, Hego itsasoetan) eta A Footnote to History (1892, Ohar bat historiarako). 1890eko urrian etxe bat erosi zuen Samoan eta han geratu zen bizitzen . Klimak on egin zion eta lan asko egin ahal izan zuen : Catriona (1893, Kidnappeden jarraipena), 7-be Ebb-Tide ( 1894, Itsas behera, David Lloyd Osbournek idatzitako bertsio baten egokitzapena), Weir of Hermiston (1896), poemak, saiakerak eta abar.

Azken lan horietan argitasun larrigarriz azaltzen da gizakiaren irriken eta bizitza errealaren arteko aurkakotasunak sortzen duen frustrazioa. Kritikari askoren ustez azkeneko lan horiek ditu hoberenak, Weir of Hermiston batez ere. Aldi hartan idatzi zuen bere poema bilduma hoberenetako bat ere : Ballads ( 1890, Baladak). Samoan hil zen, 1894ko abenduaren 3an.

Stevenson naturalismoaren eta positibismoaren kontrako erreakzio gisa dekadentismora eta sinbolismora iritsi zen literatura mugimendu konplexuaren barruan sartzen da. Haren narratibaren jatortasuna fantasia suharraren eta idazkera argi zehatz eta biziaren arteko orekan datza. Era askotako generoak landu zituen : poesia, saiakera, eleberri historikoa, kontakizun exotikoak eta erdi polizia eleberriak. Baina haren arrakasta ez zaio adierazpidearen erabilera ia birtuosoari bakarrik zor ; haren obraren mamia eta muina morala da. Fantasiazko kontakizunak eta abenturazo eleberriek uzten zioten kontatzeko askatasunaz baliatuz, era askotako ideiak, arazoak eta gaztazkak aurkeztu zituen, modu mitiko-sinboliko iradokitzaile eta erakargarri batez eta egoera ustekabekoenetan proiektatuz.

Etikako arazoek liluratuta zeukaten Stevenson . Hori izango du segur aski bere literatura XIX. mendekoa dela salatzen duen ezaugarri argiena. Baina etikak kezkatzen zuela esateak ez du esan nahi onak eta gaiztoak aurrez aurre jartzen zituela, baizik eta Ongiaren eta Gaizkiaren arteko aurkakotasunaz ederki jabetzen ziren pertsonaien artean jokatzen zirela haren kontakizunetako gertakizunak. Stevenson anbiguotasun etikoaren maisua baita. Nolanahi dela ere, ez da kezka etikoa haren narraziogintzaren motor bakarra. Bada, horretaz gainera, beste nerbio eragile bat, aurrekoa bezain berezia : errealitateak gizakiari jartzen dizkion trabak eta eragozpenak, eta gizakiak, bere asmoak eta nahiak beteko baditu, traba horiek gainditzeko asmatzen dituen bitartekoak. Gertaera horien kronika da gutxi gorabehera Stevensonek romance deitzen zuena, eleberri psikologikoari edo pasiozko dramari kontrajarrita. Romance horretan garrantzi handia dute giro jakin batzuk sortzen asmatzeak, atrezzo-aren xehetasunak, paisajeak eta abar. Eragin handia dute, halaber, datu exotikoek, elementu misteriotsuek etaizadiak -ekaitzak, basamortua, ozeanoa...- duen eragina nabarmentzeak.

Stevensonen idazle ospeak gorabehera handiak izan ditu. Hil ondoren haren kontrako erreakzio moduko bat izan zen eta saiakera idazle itxuratitzat eta haurrentzako liburuak egiten zituen idazletzat aurkeztu zuten. Handik urte askotara, XX. mendearen erdialdera edo, hasi ziren gauzak aldatzen, eta gizadiaren alderdi ezkutuenak agerian jarri zituen saiakera idazle zorrotz gisa eta oinarri moral sotileko abenturen eleberrigile bikain gisa aurkezten hasi ziren . Stevenson, bestalde, gutun idazle amorratua izan zen, eta gutun horiek dira haren obra, bizimodua eta izaera ezagutzeko bide hoberena. Haren bizi guztiko lagun Sidney Colvinek 1899an argitaratu zituen Stevensonek familiakoei eta adiskideei idatzitakoak, baina gutun interesgarrienetako batzuk ez zituen atera eta beste batzuk laburtuta baizik ez. Colvinek Eskoziako Liburutegi Nazionalean utzi zuen beste gutun multzo bat, haren emazte Fanny Sitwell-i idatzitakoak, 1949 arte ez zabaltzeko baldintzarekin. Garrantzi handikoak dira, baita ere, eta argigarriak oso, Charles Baxter lagunari idatzitakoak, 1956an argitaratuak .

 

Euskadi, auzolana