El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Indarkeria politikoa: motak eta bilakaera

Indarkeria politikoa estatuaren ikuspegitik aztertu ordez –hots, hertsatzearen eta legezkotasunaren arteko disoziazioaren ondorio gisa– portaera politikoaren ikuspegitik azter daiteke. Ikuspegi horretatik honako bereizketa hauek egin behar dira: suminezko indarkeriaren eta indarkeria instrumentalaren artean; gizarte arteko indarkeriaren eta indarkeria nazionalistaren artean; eta indarkeria premodernoaren –bidelapurrak– eta indarkeria subertsibo modernoen artean: sozial-lurraldezkoa, iraultzailea eta ideologikoa.

Erantzunezko indarkeriaren erarik sinpleena suminezkoa da, hau da, zapuzketa batek eragindako oldarkortasuna jaregiteko acting out suntsitzailea. Erantzun hori hainbat ikuspuntutatik aztertu da (Lorenz, Gurr, Bandura). Lorenz-en eskola etologikoak familiek edo talde erasotuek beren bizigunea defendatzeko duten erreakzio gisa aztertzen du. Zapuzketa erlatiboaren teoriak (Gurr & Feyerabend) dio eskuragarri edo zilegitzat jotzen den plazer bat asetzeari jarritako oztopo orok sumina eragiten duela: sumin horrek jomuga bat identifikatzen duenean (hau da, zapuzketaren eragile benetako edo irudimenezkoa), eta hari kalte egitea lortzen duenean, urritu egiten da eraso irrika, zapuzketa sentimendua aldez aseta geratzen delako. Baina kaltetutako ondasunak, fisikoak ezezik –bizigunea, norberaren osotasuna, jabegoa– sinbolikoak ere izan daitezke; orobat, pertsonaren kontrakoak –hots, norbanakoeneskubideen kontrako kalteak– edo kolektiboak –hau da, taldearen nortasun ezaugarrien kontrako atentatuak– izan daitezke (Frömm). Norbanako nahiz taldeen zapuzketa erlatiboa ustez eskubidea duten bizi baldintzen (hots, hala izan behar dutenen) eta bizitza errealaren (eurek hautematen duten bezala) artean dagoen aldearen araberakoa izaten da.

Zapuzketa prozesuak nahiak areagotu baina nahiok asetzeko ahalbideek berdin irauten dutenean ager daitezke; ager daitezke, halaber, nahiek berdin iraun baina horiek gauzatzeko ahalmena urritzen denean (Downs & Hughes); edo hobekuntza izan duen talde bati hobekuntza hori eteten zaionean, Davies-ek deskribatutako kurba itxurako prozesuan. Zapuzketa erlatiboa –ekonomikoa, politikoa, kulturala– talde indarkeria bihurtzeko, taldeak zabala izan behar du, eta posizio estrategikoa duena: Brinton-ek Ingalaterrako iraultza puritanoa eta Frantziako Iraultza oparotasun eta libertate zibilen aldi luze bat-batean etenekin erlazionatzen ditu (alabaina, zapuzketak ez dakar beti suminezko indarkeria: norbanakoen oldarkortasuna beren kontra bihur daiteke, edota apatia eta erremin etsia ekar ditzake ondorio gisa).

Bigarren ikuspegiak “indarkeriaren azpikulturak” sortzea ekarri ohi duten portaera oldarkorrak ikasteko eta baloratzeko kultur mekanismoak aztertzen ditu (Bandura); mekanismo horiek zapuzketa-erasoa ziklotik autonomo samar bihurtzen dituzte azpikulturok. Gizarte batek, edo gizarteko azpimultzo batek, oso jende oldarkorra sorraraz dezake, are zapuzketa maila txikia izanik ere, baldin eta, hobari eta sarien bitartez, balioa aitortzen badie jarrera indarzale edo errepresiboei (baina errepresiopean modu iraunkorrean diren gizarteetan ere sor daitezke “indarkeriaren azpikulturak”: “beldurpeko erkidegoak”, zenbait portaera oldarkor erritualizatzen dituztenak ihesbide gisa beldurretik libratzeko.

Indarkeria neurrigabea denean, etenda geratzen da kostuen kalkulu arrazoizkoa, indarkeria hark ez baititu helburu ongi landuak edo koherenteak ezartzen. Helburuok leherketaren ondoren aldarrikatzen dira, etaez beti protagonistek. Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta beste leku batzuetako gazte hiritar edo aldiritarren erreboltek alderdi ludiko eta orgiastikoa agertu ohi dute maiz, dena puskatu beharrak, “poliziei egurra emateak”... eragindako mozkorraldia (Braud).

Indarkeria instrumentalean, aitzitik, ez da grinarik eta oldarkeria kontrolgaberik helburu jakin batzuk lortzeko; kalkuluaren eta eraginkortasunaren logikaren araberakoa da, hautapen arrazoizkoaren legeen mende dago, eta horrek bitartekoak helburuari egokitzea eskatzen du (Braud).

Batez ere estatuaren jardunbidearen ezaugarri bada ere, agertzen da hari erantzuten dioten indarkerietan ere. Batzuetan, Hirugarren Munduko gizarte bertikalek, edota estatu bateko parte federatu batzuek, politikoki antolatuta eta beren indar aparatuen jabe, indarkeria arrazoizkoa erabili ohi dute estatutik bereizteko; kasu horietan gerran erabili ohi den bezala erabiltzen dute indarra, etsaiaren ahala suntsitu eta beren nahia ezartzeko.

Mendebaldeko gizarte horizontaletan, sindikatuak, presio taldeak, alderdi politikoak eta gisa horretako beste erakunde legezko batzuek intentsitate apaleko indarkeria instrumentala erabil dezakete noizbehinka, kalean beren ordezkaritza maila frogatzeko eta mobilizazio gaitasuna erakusteko.

Indarkeria biguna da parte hartze politikoaren era bat –alegia, gobernuaren erabakiak norabide jakin baterantz bultzatzeko– (Braud). Indarkeria mota hori gobernuaren ekintza edo erabaki jakin batzuei erantzuteko erabiltzen da (70eko hamarraldian Vietnamgo gerraren kontra izandako agerraldietan, nekazari frantsesek Europako Batasuneko erabakien kontrako protestan, zenbait mobilizazio antinuklearretan); negoziazio prozesua ez atzera ez aurrera dagoenean agertu ohi da, eta erabiltzen duten taldeak gizartean onartutako mugimenduen hegal erradikalak izan ohi dira (Downs & Hughes). Beren eskariak aintzakotzat hartuak izan daitezen egiten dituzte arreta dei horiek, eta eraginkorrak izango badira kontrolatu egin behar da ekintza prozesua, kontrolpetik ihes egin ez dezan; eta helburuak sistema politikoaren esparruan negoziatzeko modua egon behar du. Akordio bat lortzeak indarkeria hori desagertzea ekarri ohi du berekin.

Gizarte arteko indarkeria gatazkan diren gizarte taldeen elkarrekintzan gertatu ohi da, baliabide urriez jabetzeko ahalegina dela eta. Gatazken sorburuan lehenago aipaturiko lau cleavage-ak egon ohi dira, hots, landaren eta hiriaren arteko borrokak, gizarte klaseen artekoak, talde laikoen eta erlijiosoen artekoak edo hauen beren artekoak, eta etnia, hizkuntza, kultura taldeen artekoak. Oso gatazka gutxitan gertatzen da,ordea, jokoan den ondasun urrietako bat botere politikoa ez izatea; beraz, indarkeria horietako gehienek gainditu egiten dituzte gizarte zibilaren mugak, eta era batera zein bestera estatu-nazioen eraikuntzari lotuta geratzen dira, edota estatu-nazioon kontrako erresistentziari. Etsaitasunezko etnozentrismoaren legeen poderioz, zenbat eta hobeak izan taldekideen arteko harremanak, hainbat eta itxuragabetu, negatibo eta estereotipatuagoa da kanpoko taldeaz duten ikuspegia.

Mugimendu etniko-nazionalek erabilitako indarkeria politikoak ez du izaten jatorria suminezko leherketetan, batez ere Mendebaldean. Indarkeria instrumental gisa agertu ohi da, mugimenduaren alderdi programatiko-arrazoizkoari erantsita; baina ez da partaidetza politikorako tresna bat, partaidetza hori denek onartutako esparru politikoa aldatzeko bitartekotzat hartzen bada. Kasu bakan batzuetan izan ezik (esate baterako, Hego Tirolekoa), gutxitan izaten da arazo jakin batzuk konpontzeko arreta deia; beraz, noizbehinkakoa eta intentsitate apalekoa ez baina iraunkorra izaten da indarkeria, eta gero eta maila handiagoak iristen ditu.

Nazionalismo horiek estatu-nazioaren aurrean duten mimesi edo ispilu izaera eta indarzale ez diren nazionalismoena desberdinak dira erradikaltasunean eta norainokoan: azken hauek Erkidego Nazionala besterik ez dute mimetizatzen –eta batzuetan Gizarte Nazionala–; nazionalismo indarzaleek, aldiz, estatuak indarraren erabileraz duen legezkotasunari oldartzen zaizkio, eta indarkeriaren gune monopolizatzaile den aldetik mimetizatzen dute. Bere aldi helduan, estatuaren eta nazioaren mimesi bikoitzak bitariko egitura eraikitzera eramaten ditu, hots, kontra-estatu gisa antolatutako talde armatu bat eta talde hori zilegiztatzeko erkidego zibila kontra-nazio gisa.

Nazionalismo periferikoen indarkeria politikoa bereizi egin behar da gizarte indarkeria premodernoaren forma batzuetatik, bide lapurreria kasu, bai eta egungo indarkeria politiko batzuetatik ere: soziallurraldezkoa, iraultzailea eta ideologikoa.

Nekazaritza jatorriko bide lapurreria prekapitalista, Hobsbawn-en arabera, honako hiru irudi hauetako batean agertzen da: bidegabeari mendeku hartzen dion bidelapur eskuzabala; erresistente primitiboa (irudirik ezagunena, ezbairik gabe mitikoa, Robin Hood litzateke); eta gerrillarien batasuna, hau da, beren lurretatik kanporatuak izan diren gizaki libreen taldea. Bidelapurrak ez dira iraultzaileak; haien programa gauzen ordena tradizionalari eustea edo ordena hura berrezartzea da, “gauzek izan behar duten bezala izan daitezen”, ordena tradizionalarekiko hertsadura eta errepresio “soberakina” ezabatuz. Gizartekapitalistetako lapurreria modernoak, kartzela antolamenduaren ondorio, ez die eraso egiten estatuaren oinarriei; are gehiago, botereak erabili egiten du.

Indarkeria politiko hiritarra Mendebaldeko nazionalismo periferiko guztiek erabiltzen dutena da, eta honako ezaugarri hauek ditu: talde armatua klandestinoa da erabat, ez du kontrolatzen landalde eta hirialderik, ez da biztanleria sektoreen babes aktibo instituzionalizaturik, ekinbidea helburu zibilak lortzera bideratzen da, eta efektu sinbolikoak militarren aurretik jartzen ditu.

Lurraldeko zenbait alderen eta biztanleriaren sektore jakin batzuen gaineko kontrolik ezak bereizten du indarkeria hau beste indarkeria politiko-sozial batetik, zeinetan lurraldearen okupazioa gertatzen baita, mexikar iraultzan bezala, edota 60ko hamarralditik aurrera Latinamerikako landa gerrillek kontrolatutako zenbait eskualdetan bezala (Peru, Kolonbia), bai eta lurralde jakin batzuetan kokatutako talde konfesionaletan ere (Libano). Kasu horietan izan diren indarkeriaren degradazio prozesu jakinek, hasierako helburu politiko-sozialetatik urruntzearen ondorio (zeinen faseak indarkeriaren autonomizazioa, gero pribatizazioa, eta, azkenik, komertzializazioa izan baitira), ia ez dute eraginik izan, hortaz, nazionalismo periferiko indarzaleetan.

Ekinbide iraultzailea (soziala, antikoloniala) batetik estatu mailako indarkeria politikoaren eta bestetik klase borrokaren eta gizarte taldeen –edota metropoliarenarbuioaren– ondoriozko gizarte ekintza zabal eta sakonaren konbinazioa da (Wiewiorka). Gizarte iraultza garaile ateratzen denean, balio, instituzio, gizarte egitura eta estatuko gidarien aldaketa bizkorra eta indarkeriazkoa gertatzen da (Huntington), bai eta boterean diren gizarte klaseena ere; iraultza antikoloniala garaile ateratzen denean, berriz, esandako faktoreez gainera, kolonizatuen boterea ezartzen da, zuzen edo zeharka, metropoliaren boterearen ordez.

Indarkeria ideologikoa iraultzailea da joeraz; baina masen talde mobilizazioa falta zaio, iraultzarekin baterako gizarte ekintzak sortzen duena, eta horrek ezinezko bihurtzen ditu haren helburuak, eta taldexkatan banatzen ditu militanteak. Indarkeria mota horri deitu zaio sistematikoki “terrorismo”. 60ko hamarraldian agertu zen (gerrilla latinamerikarrak baino zerbait geroxeago), gizarte mugimendu berriekin parez pare, eta Ingelhart-ek deskribatu dituen aktore politiko berrien agerpenarekin batera. Lacqueur-ek indarkeria politikoaren hiru mota bereizten ditu urte horietan: “nazionalista” (Ulsterrekoa, Ekialde Hurbilekoa, Kanadakoa, Espainiakoa); latinamerikarra, berezia, Che Guevarak Bolivian izandako porrotaren ondoren garatua; eta hiri terrorismoa, Ipar Amerika, Mendebaldeko Europa eta Japoniakoa. Mota hau da indarkeria ideologikoarena.

Targ eta beste autore batzuek ekinbide iraultzailea industria gizartearekin lotzen dute, eta “terrorismo iraultzailea” gizarte industriondokoarekin; honek langileriaren gaitasun iraultzailean itxaropena izatearen azkena adierazten du nolabait, eta nola aldatu den gaitasun hori gizarteko mugimendu berrietara, horiek erradikalago egin eta globalizatu nahi lituzkeelarik subjektu iraultzaile berri bihurrarazteko. Targ-en arabera, terrorismo iraultzailea eta gizarte mugimendu iraultzailea ez dira sinonimoak, eta terrorismo iraultzailea hainbat eta txikiagoa da zenbat eta handiagoa izan langileen gaitasun iraultzailea: ekintza terroristak sarriago gertatzen dira industriaurreko edo industriondoko gizarteetan industria gizarteetan baino; izan ere, azken hauetan mugimendu erreformista edo iraultzaileek badaukate garatzeko aukera; beste bi gizarte motetan, ordea, ez. Terrorismoa, beraz, industria gizarteari dagozkion gizarte mugimenduen gainbeherarekin batera agertzen da.

Targ-en arabera “postindustrialismoaren gizarte prozesuak inhibitu egiten du klase kontzientzia, eta desegoki bihurtzen du mugimendu erradikal edo iraultzaileek gizarte aldaketaz egiten duten formulazioa...

Horregatik, gizarte ekintza desbideratzailea terrorismo gisa agertzen da, eta ekintza terroristak gizarteko paisajearen datu iraunkor bihurtzen dira”.

 

Euskadi, auzolana