El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Alderdiak krisian?

Gazteria, Gerardo Dottoriren akuarela (1934), Italiako alderdi faxistan gazteek zuten parte hartzearen gorespena agertzen duena. Gaur egun eragin handia dute buruzagiek alderdi politikoetan, baina ideologiari gero eta garrantzi gutxiago ematen zaio.<br><br>

Behin eta berriro ari dira mendebaldeko gizarte garatuetako hedabideek eta intelektualek «alderdiak» oro har krisian daudela errepikatzen, azkenaldi honetan gertatzen ari den bezala. Haien arabera, egundainoko apalena da hiritarrek alderdiei dieten atxikimendua, eta sakon aldatu behar dute erakunde horiek azken garaiotan herrialde askotan nabarmendu diren ustelkeria, legez kanpoko finantzazioa, mezu zaharkituak eta abar atzera utzi nahi badituzte.

Honetara ekarri gaituen errealitate zehatza behatu eta aztertu beharra dago sakonean, alderdi politikoen krisi garaian bizi ote garen zehazteko eta, krisi horren arrazoiak zertan diren jakin ondoan, alderdiek aurrerantzean norantz joko duten aurreikusi ahal izateko.

Diogun beste ezertan sartu aurretik alderdi klasikoen funtzio tradizionalak gainditu dituela egunoroko errealitateak, halako moduan non alderdiak ez baitira dagoeneko hiritarrei arazoen aurrean kontzientzia harrarazten zieten higikunde haiek, ezta hiritarrak gizartean, herrigintzaren bidez eta beren ideien alde, antolatzen zituzten erakunde politiko haiek ere.Izan ere, aurreko garaietan gizartean erabateko banakuntza zekarten gaietako batzuk, erlijioa eta gizarte klase bateko kidea izatearen kontzientzia adibidez, ezabatuz joan dira azkenaldi honetan, eta ez dira egungo gizarte modernoetako funtsezko eztabaidagai nagusiak, «klase ertain» deiturikoen kezkak gailendu baitira gizarte molde horietan. Nagusitu dira, beraz, portaera indibidualistak eta pragmatikoak, «klase» ideiaren eta utopiaranzko ikusmoldeen aldeko alternatiben kaltetan.

Alderdi politikoen beste funtzio tradizionala izan da hiritarren partaidetza politikoa sustatzea eta bideratzea, eta hauteskundeetan aldizka parte hartzera murriztu da funtzio hori azkenaldi honetan. Lege orokor gisa, alderdi politikoek baizik ez dute hauteskunde hauetan esku hartzen eta, horrenbestez, praktikan monopolio gisa gordetzen dute partaidetzarako ahala, alde batera uzten dituztelarik beste aukera batzuk, hala nola zuzeneko kontsultak (erreferendumak) edo hautagai independenteen aurkezpena. Halatan, informazioaren bidea oso bizkorra denez, arazo jakinak oso azkar agertzen eta garatzen diren gizarte moldeetan, erantzunik gabe geratzen dira askotanarazo horien ondorioz hiritarrengan sortzen diren asmo eta eskabideak, erakundeek ez dutelako erreakziorako gaitasunik. Maiz askitan gertatzen den bezala, hurrengo hauteskundeetarako uzten dira arazo horiek, hau da, arazoaren larria hain larria ez denerako, eta eztabaidak ez du dagoeneko halako garrantzirik. Halako arduragabekeria politikoa sustatu eta zabaltzen da horrenbestez hiritarren artean.

Gainera, nabarmen hazi da, oro har, abstentzioa hauteskundeetan, demokrazia halako euskarririk, hau da, hauteskundeetan partaidetza maila handiak emango liokeen euskarririk behar ez duen sistema delakoan. Gero eta handiagoa da, halaber, partaidetza horrek politikarien jardunean benetako eraginik izango ez duelako sentsazioa, eragin askoz handiagoa baitute haiengan beren interesen alde diharduten presio taldeek eta ospearen gaineko estatistika irizpideek, hauteskundeek islatu nahi dutena, hiritarren iritzia, baztertzen dutelako.

Bestalde, bat egin dira ia guztiz demokrazia eta alderdi politikoen existentzia eta jarduera; halatan, egundainoko indarra eta garrantzia hartu dute alderdiek sistema horretan «alderdikrazia» deitu den horretara iritsi arteraino. Egoera horretan, alderdiek ez dituzte ordezkaturiko hiritarren interesak defendatzen: hain dira handiak Estatu erakundeetan duten eragina eta jardueran lortu duten autonomia non berezko interesen arabera jarduten baitute. Egoera honen aurrean, beste partaidetza molde batzuk sortu ditu gizarteak han eta hemen, alderdi politikoen eragin eta kontrolpetik atera nahian; horrenbestez, garrantzi handia dute hedabideek egoera politikoa aztertu eta kritikatzen duten heinean, «gobernuz kanpoko» erakundeak sortzen dira kausa jakin batzuen alde (giza laguntzaren alorrean batez ere), eta herri ekimenak bultzatzen dira, legegintzaren arloan esate baterako: prozesu legegilean partu hartu nahi dute, eztabaida bultzatzeko eta halako legea alderdi politikoek ezartzen duten iragazkitik igaro gabe onartu ahal izateko, jakinik alderdi politikoen ez beste inoren esku dagoela funtzio legegile hori, Parlamentuan edo Gobernuan dituzten ordezkarien bitartez (lege-biltzarretan onartzen dira legeak eta ordezkariak dituzten alderdi politiko guztiek haietan parte hartzen duten arren, ez da hau politikariek prozesu legegilean duten partaidetza albo batean uzten duen biderik).

Azkenik, tradizioz, ziharduten sistema zilegitzen zuten alderdi politikoek, zentzuz hornitzen baitzuten errejimen politiko gehienek erakutsi nahi zuten pluralismo eta demokrazia itxura eta, gainera, erregimen demokratiko hori onartzea eta aintzat hartzea bultzatzen zuten hiritarren artean.Bada, urritu egin da funtzio honetan ere alderdien garrantzia, sistema demokratikoak zilegitasun eta onarpen maila handia baitu mundu osoan zehar, ez baita une honetan haren aurreko alternatibarik. Beraz, ez du alderdi politikoek eman liezaioketen erantsizko zilegitasun horren beharrik. Bestalde, hainbat lurraldetan alderdi batzuetako buruzagiak ustelkeria kasuetan nahasirik zeudela agerian utzi den honetan, urritu egin da hiritarrek erakunde hauekiko zuten atxikimendua, estatistika azterketa askok erakutsi duten bezala. Neurri handi batean arbuiatzen dute hiritarrek alderdi politikoen lana eta nabarmen galdu du izen ona horrenbestez alderdi horiek sistema demokratikoaren tresna gisa betetzen duten funtzioak.

 

Alderdi politikoen funtzio berriak

Azken berrogeita hamar urteotan bizi duten bilakaeran, «koadroetan» oinarrituriko egitura batetik «dena guretzat» modu esanguratsuen adierazi izan den egitura batera igaro dira alderdi politikoak.

Hona hemen «dena guretzat» formulan oinarrituriko alderdi molde berrien ezaugarri nagusiak, hiru guztira (Alcántara): ? eduki ideologiko txikiagoa, mezua ahalik eta hautesle kopuru handienera zabal dadin.

? zuzendaritzaren pisu handiagoa, militantziaren aldean.

? interes desberdinen sarrera alderdien barnean, alderdiaren hauteskunde eremuaren zabaltzearen ondorioz.

Ezaugarri berri horiez horniturik, beren militanteak instituzio politiko demokratikoen erpinean ezartzen saiatzen dira bereziki alderdi politikoak, baita lurralde bakoitzerako gobernu alternatiba bideragarriak aurkezten ere, hiritarren eskari politikoei erantzun ahal izateko (oso tarte estua dute hauek nolanahai ere, ikusirik mende bukaera honetan globalizazio ekonomikoaren eta politikaren internazionalizazioaren alde eginiko urratsak), eta aldian behin hiritarrak mugiarazten dituzte, beren botua eman dezaten hauteskundeetan.

Halatan, bi kezka nagusi dituzte gaur egun alderdi politikoek: ? gizartea ordezkatzen duten erakunde sendoak izaten jarraitu nahi dute.

? gobernuaren jardunean esku hartu nahi dute.

Elkarri loturik datoz bi kezka hauek, ordezkaritzan oinarrituriko sistema demokratikoetan, hots, gurearen antzeko sistemapolitikoetan, hauteskundeak irabaztea baita gobernura iristeko bidea, eta garaipen hori lortzeko, edo xede horretatik hurbil gelditzeko, gizartearen gehiengoaren kezka eta nahikunde politikoak hartu behar dira aintzat, soluziobideak eskainiko dituen hauteskunde programa batez. Hitz batean, ahalik eta botu gehien lortu behar dituzte alderdi politikoek beren programen alde.

Ongi gogoan eduki beharra dago politika dela, hain zuzen ere, sistema demokratikoaren araberako ordezkaritza bide nagusia, eta aldizkako hauteskundeen bitartez zehazten da ordezkaritza hori. Halatan, erraz asko ulertuko dugu alor honetan funtsezkoa dela betiere alderdi politikoen ekina; izan ere, ia guztizkoa da alderdien partaidetza hauteskundeetan, eta bazterrean geratzen dira beste partaidetza molde batzuk (hautesle independenteen partaidetza, esate baterako).

Baina alderdi politiko orok xede duen gizarte ordezkaritzarako gaitasun hori zabaldu ahal izateko, ezinbestean jo behar dute alderdiek une honetan sisteman behar bezala ordezkaturik ez dauden sektoreengana, are sistema horretatik guztiz kanpo daudenengana ere. Erakunde politiko batzuek urratsak egin dituzte dagoeneko lehen xede horri begira (behar bezala ordezkaturik ez dauden sektoreengana hurbiltzeko, alegia) hainbat proposamen zehatzen bitartez, emakumeei lan munduan, politikan eta abarretan berdintasunean oinarrituriko ordezkaritza proposatuz adibidez.

Halarik ere, arestian aipatu dugun bezala, alderdi politikoak argi eta garbi ikusten ari dira interes berezietako talde batzuk alde batera uzten ari direla egunoroko joko politikorako bide tradizionala eta nahiago dutela, jarduera politiko hutsa «gaindi» eginez, boterearekin zuzenean negoziatu, horixe baita beren interesak asetzeko eta babesteko modu eraginkorrena.

Lehen begiratuan, balirudike praktika berri hauek alderdi politikoen boterea edo eragina murrizten dutela; hala eta guztiz ere, ezin ahantzi dugu, ordezkaritza erakundeetan (lege biltzarretan) daudenez gero, alderdi politikoek izango dutela eztabaidatuko diren gaiak eta erabakietan zehaztuko diren lehentasunak iragazki batez zehazteko ahalmena, eta gaitasun horren bidez baldintzatu ahal izango dituzte interes talde horien asmoak. Egoera honek guztiz nabarmentzen du alderdiak lehen mailan daudela oraindik ere, gizartearen ordezkari ofizialak diren aldetik.

Alderdien eta gobernu funtzioen arteko harremanei dagokienez, azkenaldi honetako bilakaerak argi eta garbi adierazten du alderdiek oso harreman estua dutela Estatuarekin: esku hartzen dute Estatuarenerakunde garrantzitsu guztietan edo ia guztietan (bai estatu-erakundeak hauteskundeetan aukeraturiko hautagaiek zuzenean osatzen dituztelako, bai zuzenean ez baina ordezkaritza erakundeen erabakien arabera egituratzen direlako), Estatuak finantzatzen dituzte askotan eta, azkenik, Estatuaren jarduna kontrolatzen dute hein handi batean. Egoera honen ondorioz, autonomia handiagoz dihardute alderdiek beren militante eta botu emaileen aurrean (murriztu egin dira horien kopuruak afiliazio maila gero eta apalagoa eta abstentzioa direla-eta) eta beren interesak defendatzen dituzte askotan, gizartearen interesen aurrean (Alcántara).

Alderdiek estatu aparatua guztiz beretu dutela kontuan hartu dugun honetan, komenigarria da orain bideraturiko gobernu politikei eta gobernuaren eta haren sostenguan diharduten alderdien arteko harremanei arreta berezia egitea.

Gobernuen jardunari dagokionez, bereziki azpimarra dezagun alderdi politikoek ideologia galdu dutela neurri handi batean eta ideologia galtze horrek zuzeneko eragina izan du bideratu diren gobernu programetan; hala, alderdiak gobernua osatzeko moduan daudenean, zaila da gaurko egunean batzuen eta besteen programen artean alde nabarmenekin topo egitea. Arduradun politikoek gisa honetako arrazoiak azaltzen dituzte homogeneizazio prozesu horri buruz mintzo direnean: globalizazio ekonomikoaren eragina, beste lurralde batzuetan antzeko politikak bideratu ondoko emaitzak, edo nazioartean harturiko konpromisoei eutsi beharra.

Gobernuaren eta eusten dioten alderdien arteko harremanei dagokienez, bi puntu hartu behar dira bereziki kontuan: ? Politikariez hornitzen ditu alderdiak Estatuko instituzioak.

? Gizartearen eskari orokorrak nahiz zehatzagoak, baita neurri batean kontrakarrean datozkeenak ere, atzemateaz arduratzen da alderdia, eta gobernu taldeak hartu beharreko neurrien «zerrenda» bat, jarduera politikorako programa bat, zehazten du.

Egiteko honen ondoan, beste hirugarren eta ez horregatik garrantzi gutxiagoko bati ekiten diote alderdi politikoek, une oro saiatuko baitira gobernuaren jarduna azaltzen, zilegitzen eta sostengatzen, aurreko hauteskundeetan lorturiko arrakasta hurrengoetan ere berritzeko.

Oposizioan dagoen alderdiaren kasuan, gobernua kontrolatuz eta, azken batean, sistema politikoa zilegituz, esku hartuko du lurraldeko bizitza politiko-parlamentarioan (oposizio leiala), edo errejimenaren aurka jardungo du, irauli nahian (oposizio ez leiala).

 

Euskadi, auzolana