El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Alderdi politikoak: kontzeptua, eginkizunak eta motak

Iturria: J. Charlot, ?Les partis politiques?, Paris, A. Colin, 1971, 205. orr. Egokitzapenak: ?Alderdi politikoei sarrera?, M. Martínez Suspedra, Ariel 1996.<br><br>

 

Kontzeptua eta bilakaera historikoa

Gaur egungo sistema politiko demokratikoetan alderdiak politikan parte hartzeko bitarteko nagusiak dira. Alderdiek, gainera, gizarte modernoen pluralismoa adierazten dute politikaren arloan.

Hori dela eta, hedabideek etengabe jakinarazten dizkigute alderdietako arduradunek edozein gairi buruz egiten dituzten adierazpenak, gehienok dakigu herrialde bakoitzeko gobernuan kargurik garrantzitsuenak dituzten pertsonak alderdi bateko edo besteko kideak direla, badakigu zein alderdik irabazi dituen azken hauteskundeak, eta, seguraski, gutariko askok inoiz edo behin botoa eman diogu alderdiek hauteskundeetara aurkezten dituzten hautagaietako bati.

Alderdi politikoek garrantzi handia hartu zuten hauteskundeetan oinarrituriko sistema politikoak mundu zabalean hedatu zirenean, baina badira egungo alderdien aurrekari historiko askoz ere antzinagokoak.

Besteak beste, alderdi nozioa Grezia klasikoko narrazioetan ageri da, multzo oso baten ?zati? edo ?alde? bat adierazteko erabilita (Tuzidides-en Peloponesoko gerraren historia dugu narrazio horietako bat), eta Erromako Errepublikaren garaian hitz horretaz baliatzen ziren politikan jarduten zutenak izendatzeko. Alderdi kontzeptuak, beraz, tradizio luze samarra du, baina, aurrerago azalduko dugunez, antzina alderdia esaten zioten hori ezin da hartu gaur egungo alderdi politikoen berdintzat edo parekotzat.

Erdi Aroan, berriz, ?guelfoak? eta ?gibelinoak? izendatzeko erabiltzen zuten alderdi terminoa (hurrenez hurren aita santuaren eta enperadorearen aldekoak XII.. endetik XV.era bitartean bi botere horiek elkarren aurka izan zituzten borroketan), eta ondorengo mendeetan hitz horri eutsi zioten Europan, errege gorte bakoitzeko joera edo talde politikoez mintzatzeko.Dena dela, aspaldiko garai haietan alderdi hitzari ematen zioten zentzua ez zen oso positiboa; aitzitik, kutsu gutxiesgarri nabaria zuen: zatiketaren sinonimoa zen, erabat legitimoak ez ziren helburuak lortzeko elkarren aurka nolabaiteko bortizkeriaz borrokatzen ziren taldeak izendatzeko erabiltzen zen.

XVIII. mendean, Estatuaren teoria lantzen hasi zenean, alderdi politiko nozioak esanahi positiboagoa hartu zuen, gaur egun ematen diogunaren antzekoagoa. Edmund Burke politikari eta idazle ingelesak honela definitu zuen alderdi politikoa mende horretan: ?Alderdi politikoa nazioaren interesen alde elkarlanean jarduteko biltzen den gizaki multzo bat da, guztiek onartzen duten printzipio partikularren batean oinarritua?.

Hala ere, alderdi politikoak arbuiatzen ez zituen joera hori ez zen berehala finkatu, eta ideien batasuna ordena politikoaren egoerarik onena zela uste zutenen aurka borrokatu behar izan zuen denbora luzez.

Azken uste horretakoak ziren Rousseau eta Frantziako iraultzaile asko, hala nola jakobinoak.

Horri dagokionez, oso adierazgarria da Robespierre-ren esaldi hau: ?Bi alderdi bakarrik ezagutzen ditut nik: herritar onena eta herritar txarrena?. Esan beharrik ez dago gaur egun ezagutzen ditugunen gisako alderdi politikoak onartezinak zirela eskema horretan.

Gaur egun alderdi politikotzat dauzkagun erakundeak ez ziren finkatu pluralismoa gizartearen bizitza politikoarentzat mesedegarria dela onartu zen arte. Izan ere, gizartea askatasunean oinarriturik antolatu nahi bada, ezinbestekoak dira ideologia politiko desberdinen arteko eztabaida eta ?borroka?, eta talde guztiek aukera berdina izan behar dute beren ideiak adierazteko eta aldezteko.

Premisa hori abiaburutzat harturik, gaurkoen tankerako alderdi politikoak Frantziako iraultzaren ondorioz sorturiko errejimen konstituzionalak sendotzearekin batera jaio ziren, nahiz eta orduan ez zeudengaur egun bezain garaturik. Orduz geroztik, agintariek gero eta herritar gehiagori utzi zieten beren ideiak adierazten eta botere politikoaren antolakuntzan parte hartzen, beren ordezkariak hautatzeko aukera emanez.

Hauteskundeek, besteak beste, erakunde espezializatu batzuen sorrera ekarri zuten.

Erakunde berezi horiek beren kideak herritarrek hautatu beharreko karguetan ?kokatzeko? lan egiten zuten, horrela gobernuan eragin handia izatea edo gobernua bera eskuratzea lortzen baitzuten.

Hauteskundeen eta alderdien arteko lotura sendo hori zela eta, zenbait pentsalariren ustez, hauteskundeetan parte hartzea zen alderdi politikoen funtsa. Hala ere, gehienek uste zuten kontua konplexuagoa dela eta hauteskundeetara aurkeztea ez dela alderdi politikoen zeregin edo ezaugarri bakarra.

Horri dagokionez, dela komunikabideei arreta jartzen diegulako, dela historia ikasi dugulako, gure eguneroko esperientziak berak erakusten digu hainbat alderdik bigarren mailako eginkizuntzat daukatela hauteskundeetan parte hartzea edo, besterik gabe, aurkezteari uko egiten diotela. Izan dira horrelako alderdiak historian, eta gaur egun ere badira, eta, hala ere, inork ez die alderdi izaera ukatzen, alderditzat dauzkate denek.

Esaterako, ?alderdi bakarreko? sistemetan ez dago behar bezalako hauteskunderik: edo hautagai zerrenda bakarra dago eta hauteskundeak formalismo hutsa dira (horixe gertatzen zen Sobiet Batasun ohian), edo, besterik gabe, ez dago hauteskunderik, gobernuak ezeztatu egin dituelako (horixe egin zuen Hitlerren errejimenak Alemanian).

Ez Sobiet Batasuneko Alderdi Komunistak ez Alemaniako alderdi nazionalsozialistak ez zeukaten helburu nagusitzat hauteskundeetara aurkeztea, eta, hala ere, inork ez du ukatzen biak ala biak alderdi politikoak zirela. Alderdiak ziren biak, eta berebiziko pisua zuten beren herrialdeetako bizitza politikoan.

Horrenbestez, hauteskundeetan parte hartzea ez da alderdien ezaugarri bakarra, ezta nagusia ere, eta ezin ditugu soil-soilik horren arabera definitu. Izan ere, beste batzuk dira alderdi politikoen benetako ezaugarriak: ? Pertsonen elkarte borondatezkoak dira.

? Haien helburua botere politikoa lortzea eta erabiltzea da.Ezaugarri horiek kontuan harturik, Raymond Aron filosofo eta soziologo frantsesak honela definitu du alderdi politikoa: ?pertsonen elkarte arautu eta iraunkor bat, botere politikoa lortu, erabili eta atxikitzea helburu duena?.

 

Alderdien eta politika ?egiteko? beste bide batzuen arteko aldeak

Alderdi politiko kontzeptua argitu eta finkatu ondoren, interes jakin batzuk aldezteko asmoz politikan esku hartzen duten beste talde batzuetatik bereizi ahal dugu orain. ?Presio taldeak? (ugazaben elkarteak, sindikatuak, elizak, etab.) eta ?ligak? dira talde horietako batzuk.? Presio taldeak Botere politikoarekin dituzten harremanek bereizten dituzte alderdi politikoak presio taldeetatik: ? Presio taldeek boteretik hurbil jardun nahi izaten dute, haren erabakiak baldintzatzeko edo bideratzeko, beren interesen mesederako izan daitezen, baina inoiz ez dira saiatzen boterea eskuratzen eta erabiltzen, eta hori nahi izanez gero, alderdi politiko bihurtzen dira. Horren adibide dira, besteak beste, Italiako Demokrazia Kristaua (Eliza Katolikoaren doktrina du gidari) edo Britainia Handiko Alderdi Laborista (Trade Unions-etatik edo sindikatuetatik sortu zen).? Alderdi politikoek, ordea, botere politikoa lortzea eta erabiltzea dute jomuga nagusi, eta gogotik ahalegintzen dira gobernua eskuratzen.

? Ligak Ligek ere bestelako harremanak dituzte boterearekin, alderdiek dituztenen desberdinak: ? Lehenago esan dugunez, alderdiek botere politikoa lortu eta erabili egin nahi dute; liga politikoek, ordea, ez dute boterea eskuratzeko asmorik eta, horrenbestez, ez dira aurkezten hauteskundeetara.

Borroka politikoa bera dute jomuga, borrokaren bidez ideal jakin batzuk aldezteko eta herritarrak haien alde matxinatzeko tresnak izan ohi dira, baina ez gobernatzeko bitartekoak, gobernatzea ez baita haien helburua.

Alderdi politikoek, aldiz, gobernatu egin nahi dute, eta gobernuari eutsi, beren ideiak gauzatzeko.Orain arte esan dugun guztia kontuan harturik, ondorio hau atera dezakegu: alderdi politikoak jarduera publikoaren funtsezko osagaiak dira gaur egungo estatu demokratiko guztietan, eta demokratikoak ez diren batzuetan ere bai. Alderdiek eraginkortasun handiz egiten dute gizartearen eta botere politikoaren arteko bitartekotza, eta, hain zuzen ere, hori da gizarte moderno guztietan duten arrakastaren giltza, hori da antolakuntza modu horren nonahikotasunaren arrazoia.

 

Alderdi politikoen eginkizunak

Dena dela, zehatz dezagun zertan datzan bitartekotasun hori.

Zein da alderdi baten eguneroko lana? Zertarako erabiltzen ditu bere indarrak, bere militante eta buruzagien ahalmenak? ?Zertarako? dira alderdi politikoak? Bakoitzak bere ideologia eta antolabide berezia badu ere, alderdi politiko guztiek antzeko eginkizunak betetzen dituzte jarduera eremutzat daukaten sistema politikoan.

Hona hemen eginkizun nagusiak: ? Iritzia sortzea eta sozializazio politikoa Alderdiak dira gizartea gobernatzeko egitasmo politiko orokorrak proposatzen dituzten erakunde bakarrak. Alderdi bakoitzak bere programa du, non herrialdeko arazoak konpontzeko gobernuak egin beharko lituzkeen urratsak eta hartu beharko lituzkeen neurriak biltzen baititu. Programarekin batera, alderdi politikoek errealitate sozial eta politikoa aztertzeko irizpide orokorrak ematen dizkiete hautesleei. Programen zein irizpideen orokortasun horrek, batetik, beste eragile politiko batzuetatik bereizten ditu alderdiak, eta, bestetik, alderdi politiko bakoitza bere helburuengatik ezagutzea ahalbidetzen du, bakoitzak antolamendu jakin bat proposatzen baitio sorburu duen gizarteari. Dena dela, ez ditugunahasi behar helburu horiek eta ideologia: ideologia kontzeptu zabalagoa da, eta, askotan, ideologia bereko alderdiek irtenbide desberdinak proposatzen dituzte (herrialde askotan, esaterako, bere burua sozialistatzat aurkezten duen alderdi bat baino gehiago dago), edo egiten dituzten proposamenak ez daude beti eta ezinbestean teoria orokor edo ideologia baten barruan.

Sozializazio politikoa oso zeregin garrantzitsua izan da historian zehar, batez ere gizarte eredua aldatu nahi zuten alderdietan, ezkerrekoetan alegia. Alderdien aldizkariak edo herri eta auzoetan dituzten biltokiak sozializazio eta mobilizazio bide alternatiboak izan dira, sistema politikoak indarrean dagoen ordena iraunarazteko erabiltzen dituenen ordezkoak. Gaur egun, salbuespenak salbuespen, alderdiek indarra galdu dute sozializazioaren eta mobilizazioaren eragile gisa, eta, haien ordez, gizarte mugimenduek, gobernuz kanpoko erakundeek, masa hedabideek eta beste erakunde batzuek betetzen dute eginkizun hori.

? Gizartearen interes politikoak antolatzea eta hierarkizatzea Alderdi politikoek herritarren eskakizun ?politikoak? jaso, aukeratu eta beren lehentasunen arabera sailkatzen dituzte, haietan oinarriturik zeinek bere programa politikoa egiteko. Alderdi politikoek eragina izan nahi dute gizartearen arlo guztietan, eta kontuan hartu behar dituzte herritar guztien eskakizunak.

Alderdiek interes partikularrak ereordezkatu ahal dituzten arren, gizarte konplexuetan gero eta garrantzi handiagoa du arlo guztien interesak harmonizatzeak, zeren eta, egonkortasuna lortuko bada, ahal beste murriztu behar baita gizarte horietan gertatzen den zatiketa. Gaur egungo gizarteak gero eta homogeneoagoak direnez, alderdiek gero eta proposamen orokorragoak eta bigunagoak egiten dituzte, diskurtsu politiko neutroagoek etekin handiagoak ematen dituzte eta.

? Boterearen eta gizartearen arteko komunikazioa Lehenago esan dugunez, alderdiek herritarren eskakizun politikoak jasotzen dituzte eta, horrela, gizarteak zer nahi duen jakinarazten diote botereari. Herritarren iritzien adierazpide direnez, boterearen jarduera kontrolatzen dute. Alderantzizko komunikazio bidea ere badira, alderdien bitartez agintari politikoek beren asmoak eta interesak helarazten baitizkiete herritarrei.

Hori dela eta, alderdiek herritarrak integratzeko zein une jakin batzuetan mobilizatzeko balio dute.

? Hauteskudeetan parte hartzea Alderdiak hautesleak erakartzen eta beren proposamenen ontasunaz ohartarazten saiatzen dira, haien botoa lortzeko eta hauteskunde lehia bakoitzean jokoan dauden karguak eskuratzeko. Gainera, parte hartzen dute hauteskundeen antolakuntzan bertan, hauteskunde kanpainak eginez, hautagaiak aurkeztuz, bozketaren egunean ordezkariak jarriz, etab.? Politikagintzarako gizon-emakumeak biltzea Alderdi politikoak sistema demokratikoetan botoen bidez hautatzen diren karguak eskuratzeko lehiatzaile nagusiak dira. Indar ekonomiko handia, antolakuntza sendoa eta jarraitzaile asko dituztenez, hautagai zerrenda independenteak edo hauteskunde jakin batzuetara soilik aurkezten diren behin-behineko taldeak baino ahaltsuagoak dira. Politikariak ?aukeratzeko eta proposatzeko bulegorik? garrantzitsuena dira gaur egun: politikagintzan jardun nahi dutenek, nahitaez, alderdiren bateko kide izan behar dute, hautatu beharreko kargu politikoetarako proposa ditzaten. Gainera, hauteskundeen emaitzen ondorioz botere publikoaren arloren batera iristea lortzen badu, alderdiak erabakiko du nork hartzen dituen ?izendapen libreko? kargu tekniko eta betearazleak. Azken buruan, alderdiek sistema politikoko eliteak trebatu eta aukeratzen dituzte, eta zeregin horrek garrantzi handia du.

? Sistema politikoa sendotzea eta egonkortzea Alderdiek, gobernuan zein oposizioan daudela, sendotu eta egonkortu egiten dute sistema politikoa. Denek egiten dute hori, Satorik antisistema deitzen dien alderdiek izan ezik, haien helburua, hain zuzen ere, sistema politikoaren egonkortasuna ahultzea baita.

Gaur egun, alderdiak dira gizarteari egitasmo politiko orokorrak proposatzen dizkioten erakunde bakarrak, edo ia bakarrak, baina gainerako eginkizunak gobernuz kanpoko erakundeekin eta administrazioaren zerbitzu batzuekin lehian betetzen dituzte. Dena dela, lehia hori gorabehera, alderdien garrantzia ez da gutxitu: eragile politiko nagusiak dira, iritzia sortzen dute, gizartearen arlo guztietara iristen dira, eta, horrenbestez, monopolio baten antzera zuzentzen dituzte gaurko gizarteetako prozesu politikoak.«Antz handiagoa dute bi diputatuk, bietako bat iraultzailea izanik, bi iraultzailek baino, bietako bat diputatu izanik.» Bertrand de Jouvenel.

«Alderdiek era guztietako baliabide erabil ditzakete aginpidea eskuratzeko. Gobernua hauteskunde (formalki) libre baten menpe dagoenean, eta legeak botoen bidez egiten direnean, hauteskundeetarako botoak biltzeko erakundeak dira nagusiki alderdiak.» Max Weber, «Wirtschaft und gesellschaft», Tubingen.

«Alderdia ez da soilik langileen klasearen batasunaren adierazpen gorena; langileek beren diktadura iristeko, sendotzeko eta hedatzeko balia dezaketen tresna bat ere bada aldi berean».

Stalin, «Leninismoari buruzko gogoetak».

 

Alderdi politiko motak

Herritar batzuek, alderdi bateko kide edo haren aldeko direnez, ondo asko dakite alderdi horren ezaugarrien eta funtzionamenduaren berri; beste herritar batzuek, berriz, hedabideen bidez soilik ezagutzen dituzte alderdi politikoak; nolanahi ere, norberaren esperientzia gorabehera, denok dakigu alderdi politiko asko daudela.

Aniztasun hori dela eta, adituek askotariko irizpideak erabiltzen dituzte alderdiak sailkatzeko. Hona hemen irizpide nagusiak:

 

Jatorria

? Parlamentua Alderdi motarik zaharrena da. Gaur egun bere herrialdean itzal handia duen alderdi bat hartuko dugu eredutzat: Britainia Handiko Alderdi Kontserbadorea (Tory).

Iritzi eta interes berberak zituzten parlamentario batzuek elkartu eta talde parlamentario bat sortu zuten. Legebiltzarreko kide haiek, berriro hautatuak izateko interes handia zutenez, ?hauteskunde batzordeak? eratu zituzten hauteskunde barruti bakoitzean, hautesleekin harreman zuzenak izateko, horrek hauteskundeak irabazten lagunduko zielakoan.

Batzorde horien eta talde parlamentarioaren arteko lotura egonkorretik sortu zen ?alderdia?, kontserbadorea kasu honetan.

Talde parlamentarioak eragin handia zuen alderdian, eta, besteak beste, berak aukeratzen zuen alderdi burua. Erresuma Batuko lehen ministro Margaret Thatcherri gertaturikoak oso argi erakusten du zenbaterainoko indarra zuen talde parlamentariok: bera buruzagi zuela Alderdi Kontserbadoreak jarraian hainbat hauteskunde irabazi zituen arren, halako batean Margaret Thatcherrek legebiltzarkide kontserbadoreen konfiantza galdu zuen, eta, horrenbestez, talde parlamentarioak alderdi buru eta lehen ministro karguak uztera behartu zuen.

? Bestelako erakundeak Alderdi batzuk berez alderdi ez diren beste erakunde edo talde batzuetatik sortzen dira. Une jakin batean, erakunde edo talde horiek beren ideologia politikaren arlora aldatzea erabakitzen dute, gobernua eskuratzeko eta, horrela, beren ideologia hori gauzatu ahal izateko. Britainia Handiko Alderdi Laborista dugu alderdi mota horren adibiderik ezagunena eta adierazgarriena: Trade Unions-etatik sortu zen, hau da, herrialde horretako sindikatuetatik. Demokrazia Kristauak ere horrela sortu ziren, Eliza Katolikoa baitute oinarri eta gidari. Haien artean, aipamen berezia merezi du Italiako Demokrazia Kristauak, Bigarren Mundu Gerraz geroztik berrogei urte baino gehiago iraun baitzuen Italiako gobernuan. Horrelakoalderdietan, batetik, talde parlamentarioa zuzendaritzaren mende egon ohi da; bestetik, sorburu duen erakundeak eragin handia izaten du alderdian, eta batzuetan berak zuzentzen du. Britainia Handiko sindikatuek, esaterako, ahalmena handia dute Alderdi Laboristaren programa egiteko (nahiz eta azken urteotan ahalmen hori ahuldu egin den); eta Eliza katolikoak berebiziko eragina du Italiako Demokrazia Kristauan.

? Bat egitea edo zatiketa ? Bat egitea. Batzuetan, bi alderdik bat egitea erabakitzen dute, beren ideologien eta programen arteko berdintasun nahikoa dagoela uste dutelako. Frantziako Alderdi Sozialistak, esaterako, sozialismoaren eremuko zenbait alderdi txiki batu zituen François Miterranden gidaritzapean. Bat egiten duten alderdietako kideek ?joera? gisa irauten dute denboraldi batez alderdi berrian.

? Zatiketa. Bat egitearen alderantzizko prozesua da: alderdi baten barruan desadostasun handiak daudenean, militante batzuek ordu arte beren alderdia izan dena utzi eta alderdi berri bat sortzen dute.

Eusko Alkartasuna (EA) dugu horren adibide, Euzko Alderdi Jeltzalean (EAJ) gertaturiko zatiketatik sortu baitzen.

 

Alderdiaren barne egitura

? Koadro alderdiak Alderdiko kide gehienak gizarte eliteetako gizon-emakumeak, goi mailako teknikariak, adituak edo handikiak dira, hau da, beren ospearekin hautesle asko erakartzeko gai diren pertsonak. Gehienetan, alderdi horiek ez dute oso ideologia mamitsurik, barne diziplina ahula da eta talde parlamentarioak autonomia handia du. Ideologia liberaletik sorturiko lehen alderdi politikoak multzo honetan sar ditzakegu.

? Masa alderdiak Koadro alderdien guztiz desberdinak dira. Herritar asko bildu nahi dituzte, horregatik deitzen zaie masa alderdiak. Oso antolakuntza sendoa dute, buruzagiei alderdia kontrolatzea eta barne diziplina ezartzea errazten dien ?aparatu? ondo egituratu bat. Aurreneko alderdi sozialistak masa alderdiak ziren, eta oso eduki ideologiko sakona zuten.

? Hauteskundeetarako masa alderdiak (catch-all: harrapa ezazu dena) Europako alderdi politiko modernoak multzo honetakoak dira. Jatorriz masa alderdien antzekoak badira ere, haiek baino eduki ideologiko txikiagoa eta malguagoa dute, gizarte talde gehiagotara iritsi nahi baitute, haien botoak lortzeko. Haien egitura ez da masa alderdiena bezain zurruna, eta ahal beste herritarren interesak jaso eta aldeztu nahi dituzte. Alderdi horien buruzagitza oso sendoa eta pertsonalizatua da.Azken buruan, ahal beste hautesle erakarri nahi dituzte (horregatik deitu zien Kirchheimer-ek ?harrapa ezazu dena?), eta, klase guztien atxikimendua lortzeko, interes desberdinak eta are kontrajarriak ere biltzen dituzten programak aurkezten dituzte. Horrek, ezinbestean, haien eduki ideologikoa mugatzea dakar, zeren, masa alderdiena bezain nabaria balitz, erakarri nahi dituzten hautesleetako batzuk galduko balituzkete.

Bestetik, ahal beste herritarren botoak bildu nahi dituztenez, garrantzi handia ematen diete hedabideen lanari eta, besteak beste, mezu ulerterraz eta bigunak zabaldu eta nortasun handiko buruzagiak jartzen dituzte.

 

Tamaina

? Gehiengoa nahi duten alderdiak Dela parlamentuan gehiengoa dutelako, dela gehiengo hori lortzeko aukera dutelako, alderdi batzuek bakarrik gobernatzeko arrazoizko itxaropena dute. Hori dela eta, zurruntasun ideologikoa baztertu eta pragmatismora eta neurritasunera jotzen dute. Britainia Handiko Alderdi Kontserbadorea dugu alderdi horietako bat.

? Alderdi handiak Boto asko jaso arren, bakarrik gobernatzeko behar den gehiengoa nekez lor dezaketen alderdiak dira. Gobernatu nahi badute, beste alderdi batzuekin elkartu beharra daukate, baina, handiak direnez, haiek agintzen dute gobernu koalizioan. Frantziako Alderdi Sozialista dugu alderdi handi horietako bat.

? Alderdi ertainak Alderdi ?handien? osagarriak dira. Beren indarrarekin soilik gobernua osatzeko inolako aukerarik ez duten alderdiak dira.

Horregatik, alderdi handiekin elkartu beharra daukate, gobernu koalizio batean. Dena dela, haien jarrera edo lortutako boto kopurua direla eta, funtsezkoak izan daitezke une politiko jakin batean, Italian bost alderdiko gobernuaren garaian gertatu zen bezala. Garai horretan Demokrazia Kristauak lau alderdi txikiagorekin elkarturik gobernatu zuen, eta Alderdi Sozialistari utzi zion gobernuaren lehendakaritza. Hain zuzen ere, Italiako Alderdi Sozialista alderdi ertainen adibide bat da.? Alderdi txikiak Azken lekua dagokie sailkapen honetan.

Hautesle gutxi batzuen botoak baino ez dituzte, eta haien garrantzia gobernu koalizio batean parte hartzeko edo gobernuaren erabakietan eragina izateko duten gaitasunaren araberakoa da. Askotan, alderdi giltzarriak izan daitezke, abagunearen arabera batzuetan alderdi bati eta beste batzuetan beste bati lagunduz. Azken urteotan, alderdi nazionalista periferikoek horixe egiten dute Espainiako politikan.

 

Alderdien zatiketak: zergatikoak

Orain arte azaldu dugu zer den alderdi politiko bat, zertarako balio duen eta nolako alderdi politikoak dauden gure ingurunean; orain, alderdi politikoen barruan sarritan gertatzen den eta hedabideetan askotan agertzen den fenomeno bat aztertuko dugu: barne zatiketak.

Alderdi motez hitz egitean esan dugunez, alderdi batzuk beste alderdi batzuen ?zatiketatik? sortzen dira: batzuetan hain dira handiak alderdi baten barruan dauden desadostasunak, ezen ezinezkoa gertatzen baita elkarren aurka dauden aldeek alderdi berean jarraitzea.

Hala ere, alderdi barruan desadostasunak egon arren, beti ez da zatiketarik gertatzen.

Batzuetan, desadostasunak onargarriak dira eta jarrera desberdinak dituzten taldeek alderdiaren barruan jarraitzen dute, zatiketarik gabe. Izan ere, L. Trotski-k esanzuenez, ?alderdia definizioz zatiturik dagoen zerbait da?. Beste batzuetan, ordea, barne zatiketa hain da handia, ezen ?alderdiaren barruan alderdiak? sorrarazten baititu.

Barne zatiketak bi motatakoak izan daitezke, haien garrantziaren arabera: ? Joera. Ideologia lausoko taldea, antolakuntza egonkorrik gabea eta soilik alderdiaren kupulan indarra duena.

? Frakzioa. Talde antolatua, joera baino askoz ere egonkorragoa. Ideologia argia eta kide ugari ditu. Alderdiaren barruan boterea lortzeko borrokatzen da.

Joerak eta frakzioak egitura sendoa duten alderdietan agertu ohi dira, gaur egungo masa alderdietan, esaterako. Koadro alderdietan, aldiz, barne antolakuntza askoz ere ahulagoa denez, ohikoagoa izaten da ?mesede trukeko morrontza? (alderdiko handiki edo buruzagien eta alderdikide edo boto emaileen arteko harremanak elkarrenganako babesean eta elkarri egiten dizkioten mesedeetan oinarritzen direnean hitz egiten da mesede trukeko morrontzaz).Bi dira zatiketak eragiten dituzten faktoreak: ? Kanpokoak ? Gizarteak eta, batez ere, alderdi bati botoa ematen dioten pertsonek normaltzat jotzea ?mesede trukea?. Japonian, esaterako, ohikoa da hori, hango kultura dela eta.

? Lokalismoa izatea alderdiek politika egiteko duten moduaren ezaugarri nagusietako bat, Estatu Batuetan gertatzen den bezala.

? Alderdiak eduki ideologiko ahula izatea.

Horrelako alderdiak batez ere boterea lortzeko eta erabiltzeko tresnatzat hartzen dira, programari garrantzi handirik eman gabe (programa litzateke alderik ideologikoena).

Horixe da Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoaren kasua, Bigarren Mundu Gerraz geroztik herrialde horretako gobernuan iraun baitu ia etenik gabe.

? Barrukoak ? Alderdiko boterearen eta finantzen antolakuntza deszentralizatua, horrek frakzioak sortzen eta iraunarazten lagutzen baitu.

Hori da Frantziako Alderdi Sozialistaren edo Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoaren kasua.

? Alderdia beste alderdi batzuek bat egitearen emaitza izatea edo beste alderdiren bat bereganatuz sortu izana. Bi kasuetan, lehengo alderdietako kideek beren harremanei eutsi ohi diete. Horixe dugu, besteak beste, Espainiako Ezker Batuaren kasua.

? Hautagaiak izendatzeko barne hauteskundeak egitea (?primarioak?). Horrek hautagaiei laguntzeko egiturak sortzea eta alderdikideek lehian aritzen diren ?bandoetako? baten edo besteren alde egitea dakar.

Horixe gertatu zen PSOEn gobernuaren lehendakaritzarako hautagaia izendatzeko antolatu zituen lehen hauteskunde primarioetan.

? Alderdiko buruzagiak aukeratzeko sistema proportzionala eta zerrenda itxiak erabiltzea.

Izan ere, talde bakoitzak kargu adina hautagai aurkezten dituenez, alderdikideek oso-osorik aukeratu behar dute zerrendetako bat, eta egorea hori hauteskunde primarioek eragiten dutenaren antzekoa da.

Bukatzeko esango dugu zenbait analista eta hedabidek gaitzesgarritzat jotzen dutela alderdi politikoetan frakzioak agertzea.

Haien ustez, horrek barne zatiketa bultzatzen du eta, horrekin batera, alderdien zein herrialdeetako sistema politikoen egonkortasunik eza, ustelkeria eta mesede trukeko morrontza. Hala ere, azken urteotan indarra hartzen ari da fenomeno hori begi onez ikusten duen joera bat: hainbaten iritziz, frakzioei esker, bertan behera geratuko dira alderdietako zuzendaritzen jokabide zurrunegi eta monolitikoak.

 

Euskadi, auzolana