El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Sozializazioa eta kultura politikoa

Haurrak 1936an Bartzelonan egin zen mitin batean.<br><br>

Sozializazio terminoa, oro har, gizarte talde bateko kide bat talde horretan nagusi diren balioak, arauak eta jokabideak hartzera daraman prozesua adierazteko erabiltzen da. Jarduera politikoaren arloan, berriz, sozializazioa gizartearen homogeneotasuna eta iraunkortasuna bermatzen dituzten balio, arau eta sinbolo politikoen transmisioa da, eta sozializazio politikoa esaten zaio. Atal honen amaieran azalduko dugunez, kultura politikoa prozesu horren emaitza edo ondorioa da.

Sozializazio politikoa, beraz, prozesu bat da, zeinean gizabanakoak bere egiten baititu gizartean hobeto integratzeko eta parte hartzeko behar dituen ezaguerak, gaitasunak eta jokaerak. Prozesu hori haurtzaroan hasten da eta nerabezaroan eta gaztaroan jarraitzen du. Bizitzaren aldi horietan du indarrik handiena, baina, ikusiko dugunez, ez da gelditzen pertsona bizi den artean, bizialdi osoa irauten du.

 

Antropologia, psikologia eta soziologia

Sozializazioak esanahi desberdina du sozializazio prozesuak aztertzen dituen jakintza bakoitzarentzat. Antropologiarentzat, sozializazioa kulturaren ikuspegi orokorretik aztertu behar da, kultura gordetzearen eta hedatzearen arazoak abiapuntutzat harturik. Ikuspegi horren arabera, sozializazioaren zeregin nagusia kultur ereduak atxikitzea, iraunaraztea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea da. Beste era batera esanda, antropologiarentzat kultura politikoa subjektu pasiboei helarazten zaien osotasun egonkor bat da. Gizarte primitiboetan gatazkak oso bakanak direnez eta desadostasunik ez dagoenez, haiek jartzen ditu eredutzat.Psikologiarentzat eta bereziki Freudentzat eta haren eskola psikoanalitikoarentzat, ordea, sozializazioa gizabanakook jaiotzetik ditugun bulkadak menderatzea eta gizarte forma baliagarrietara bideratzea da, bulkada horiek, berez, gizarte bizitza honda baitezakete. Halatan, sozializazioaren bidez gizarteak gizabanakoei galdegiten die beren sexu joera berezkoetatik eta oldarkortasun sentimenduetatik urrun daitezen bide zibilizatzailean aurrera egiteko. Nork bere sentimendu eta joera senezko horiek sublimatu, menderatu eta zapuzten baditu, gizarte taldeak eratu ahal izango dira, eta gizabanako bakoitzak bere eginkizun edo rol berezia izango du talde horietan. Horrenbestez, psikologiak gizabanakoari ematen dio garrantzia, norberaren eginkizuna edo rola ikasteari (buruzagia, burokrata, ekintzailea, funtzionarioa, etab.); soziologiarentzat, aldiz, taldea da garrantzitsuena jarduera politikoan.

Izan ere, soziologiaren ikuspegitik sozializazioaren helburua da herritarren arteko adostasuna, rol instituzionalekiko eta gizarte antolamenduarekiko atxikimendua, banakoek gizartearen egitura eta arauak onartzea. Horrek esan nahi du sozializazioa egokitze prozesu bat dela, gizarteak jokaera okerrak eragozteko eta ezarritako ordena bermatzeko erabiltzen duen bidea.

Hala ere, gizartearen egituraz edo antolamenduaz hitz egitean, ezin dira bazter utzi banakoen premiak, norberaren nahiak bete beharra, gizabanako bakoitzaren nortasunaren eta rol berezien eskakizunak; aitzitik, banakoen eta taldearen beharrizanak bateratu egin behar dira, gizarte antolamenduaren eta gizabanakoen gogobetetasunaren arteko oreka gorde behar da; bestela, liskarrak piztuko dira eta gizartean ez da egonkortasunik izango.

 

Sozializazio politikoaren faseak eta eragileak

Sozializazio prozesuak aztertzeko, batez ere haien faserik garrantzitsuenean, hau da, haurtzaroan, hiru alderdi nagusi hartu behar dira kontuan.

• Lehenik, bertikala edo, beste hitz batzuekin esanda, sozializazio primarioaren eragileak: familia, gurasoak eta irakasleak.

• Bigarrenik, horizontala edo talde adinkideak, gizarte klasea eta sexua.

• Eta, azkenik, alderdi kronologiko edo longitudinala, hau da, gaur egungo sozializazioa aplikatu ahal izango dengaraiari eta prozesu horretatik emaitza konkretuak lortuko diren egoerari dagokiena.

Alderdi kronologikoari buruz esan dugun horrek erakusten duenez, sozializazio politikoa gizabanakoaren etorkizuneko jokaera aurreratzen saiatzen da, aurretiaz irudikatzen den baina oraindik iritsi ez den etorkizun batean interpretatuko duen rol bat edo rol multzo bat betetzeko prestatu nahi du gizabanakoa. Hau da, gizabanakoa aurrena eskolatu egiten da politikan eta gero hasten da arlo horretan heldu gisa jokatzen, edo, beste era batera esanda, doktrinatzea eta jardute politiko heldua ez dira aldi berean gertatzen.

Sozializazio politikoaren eragileak gizarte bakoitzean nagusi diren balioak, arauak eta jokabide ereduak transmititzen dituzten pertsonak edo erakundeak dira. Logikoa denez, oso ugariak dira, eta bi eratara jardun dezakete: denek batera eta elkarren osagarri gisa edo, bestela, elkarren lehian, eduki desberdinak transmitituz; hori, bestetik, gizartearen balio eta iritzi aniztasunaren berezko ondorioa da. Horregatik, zaila da sozializazio prozesu bakar eta berdinik irudikatzea.

• Familia da sozializazioaren eragile nagusia, ez soilik denboran lehena delako, baizik eta, gainera, familiako doktrinatzeak nortasunean uzten duen arrastoa guztietan sendoena delako, familiak beste edozein eragilek baino itzal handiagoa duelako gizakiarengan.

Gizabanakoak, nagusiki, familian betetzen ditu bere beharrizanak, hala gorputzezkoak nola maitasunezkoak zein nortasunezkoak, batez ere familian mamitzen du bere izaera. Nolanahi ere, gizartearen eraberritzea, irakaskuntza publikoa eta ume gehienak lehen haurtzarotik bertatik eskolatzeko joera direla eta, familia eskolaren esku uzten ari da sozializazio prozesuan betetzen duen eginkizun guztiz garrantzitsua.

• Eskolak gizartearen balioak zein eta zertan diren ikasten laguntzen dio gizabanakoari; hori da erakunde gisa dagokion zeregina. Herrialde eta errejimen totalitarioetan eskolak eginkizun funtsezkoa betetzen du sozializazio politikoaren eragile gisa, beraren bidez hedatzen baita herrialde bakoitzean indarrean dagoen ideologia.

Euskal Herrian, esaterako, eskola frankistak arrasto nabaria utzi du, bai hizkuntz arazoa dela eta, bai irakasten zituen eredu eta balioak familian ikasten zirenen aurkakoak zirelako.

Baina, balioak eta edukiak transmititzeari dagokionez, eskolak berebiziko garrantzia du errejimen demokratiko eta pluralistetan ere, non beste erakunde batzuekin lehiatzen baita zeregin horretan(familia, Eliza, hedabideak...). Familia guztiek ez dute egitura edo ideologia bera, baina kontuan izan behar dugu eskola ereduen artean ere desberdintasunak eta aldeak daudela. Ikaskuntza politikoari dagokionez, familia eta eskola garrantzi gutxikoak dira, ez dute eragin handirik arlo horretan. Nortasunaren ezaugarri eta joera nagusiak, ordea, haurtzaroan eratzen dira, familian nagusiki, eta eragin handia izaten dute jokaera politikoan.

• Familia eta eskolaz gain, adinkideak edo lagunak ere sozializazioaren eragile primarioak dira. Haurtzaroan bertan funtsezko eragina dute kontzientzia moralean, justiziaren zentzuan eta adin zein gizarte maila bereko beste neska-mutil batzuekin lankidetzan aritzeko joeran. Berdinen taldean, haur guztiek parte hartzen dute erabakitze prozesuetan, beren borondatez, eta talde hori haien mundua nagusien mundutik bereizten duen muga edo hesia da.

Sozializazio politikoan badira beste eragile batzuk ere, baina ez dira hain garrantzitsuak eta sozializazioaren bigarren etapan soilik jarduten dute.

• Hedabideek gizabanakoak dagoeneko bere egin dituen eta talde jardueraren bidez kontziente egingo diren jarrerak sendotzen dituzte. Hedabideen eragina handiagoa da haurtzaroan helduen jokabide politikoan baino: izan ere, helduek balio egonkor batzuk bereganatuak dituzte jadanik, eta balio horiek aldatzen zailagoak dira.

• Elizak ere esku hartzen du sozializio politikoan, batez ere haurtzaroan eta nerabezaroan, jokabide sozial zein politikoaren ereduak eta balioak irakatsiz. Gero, fabrikak, lantokiak, alderdi politikoak, sindikatuak edo bestelako erakunde politiko, kultural edo kirolezkoek hartzen dute Elizaren lekua.

 

Kultura, subkultura eta kontrakultura politikoak

Kultura politikoa iritzi edo balio politikoek eraturiko sistema egonkor bat da.

Iritzi eta balio horiek esparru edo testuinguru politiko jakin batean gertatzen diren elkarrekiko harremanen eta elkarrekintzaren emaitza dira. Beste era batera esanda, kultura politikoa sistema politikoaren eta haren kideen historiaren emaitza da eta, horrenbestez, gizarteko gertaeretan zein norberaren esperientzietan oinarriturik dago.

Zientzia politikoan adituak diren pentsalari batzuen iritziz, kultura politiko terminoa“contradictio in terminis” da: kultura gatazkarik gabeko gizarte giro baketsuak sorturiko zerbait da, eta politikoa, aldiz, horren kontrakoa izan ohi da, alde batek gainerakoen nahiei muzin eginez ezarritako zerbait.

Nolanahi ere, kultura politikoa sistema politikoaren funtzionamendua aztertzeko saio bat da, baina ez psikologiaren interpretazio banakakotik, ezta makrosoziologiatik ere, ezpada tarteko ikuspegi batetik, non kontuan hartzen baitira faktore kognitiboak edo giza ezagumena, ebaluazio faktoreak edo konfiantza mailak, eta faktore afektiboak edo gogobetetasun mailak, Ipar Amerikako teoria behavioristei jarraiki.

Kultura politikoa aztertuz, talde politiko jakin batek duen nortasunaren indarra neurtu nahi da, haren idealak eta helburuak, haren sinesmenak eta balio komunak, hau da, talde, gizarte edo nazio bakoitzari izaera desberdina ematen dioten tasunak. Bestetik, horrek ematen die zentzua kolektibitate horren jarduera eta helburu politikoei.

Nortasun edo kultura politiko berezi hori, beraz, talde horren jarduera politikoaren emaitza da eta bere dinamismoari esker irauten du eta eraldatzen da.

Nolanahi ere, aitortu behar dugu ez dela ohikoa herrialde batean kultura politiko bat bakarra egotea. Kultura ofizial edo nazional bat egon ohi da, zeina sistema politikoadministratiboaren jokabidean islatzen baita, baina badira subkulturak ere: beren sinesmen eta balio politiko bereziak aldarrikatzen dituzten gizarte klaseenak, talde etniko eta erlijiosoenak edo gizarteko beste kategoria batzuenak (hippyak, punkak...).

 

Euskadi, auzolana