El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Ideologia politikoak: oinarrizko kontzeptuak eta ezaugarriak

Monarkiaren kontrako propaganda iraultzailea, sobietar iraultza baino lehenagokoa.<br><br>

 

Ideologia politikoaren definizioak.

Ideologia eta aldaketa

Ideologia politikoak sineste sistemen baitan sartzen dira, eta hiru bereizgarri dituzte: dinamismoa, proselitismoa eta teoria eta filosofia politiko landuei atxikitzea: ekintzara begira eta teorikoki antolatuak, ideologiak aktoreek beste guztiak beren balio politikoen unibertsaltasunaz kobentzitzeko armak dira (Schemeil). Ideologiak inoiz ez dira agertzen bakartuta gizarte dinamikan, norbanako bakoitzaren kultura politikoaren osagai baitira.

Bereizi beharra dago, beraz, ideologia politikoak eta hauekin nahastu ohi diren beste kontzeptu batzuk: Pentsamoldeak Historialari eskola baten aburuz, indibiduala denaren eta kolektiboa denaren batura dira, denbora luzearen (R. Mandrou-k jorratzen dituen «iraupen luzeko presondegiak») eta eguneroko denboraren batura, alegia: ideologien behe mailaren itzulpena dira, «xehatutako ideologiak» (Vovelle), itxuraz ezdeusa denari edo bizitza eta heriotza errealitate funtsezkoei buruzko ideiak...

Zientzia politikoaren ikuspegitik, pentsamoldeak gutxi desberdindutako ideologiak dira, ez-militanteak eta ez-artikulatuak, eta kontraesan logikoa onartzen dute beren baitan (adibidez, klase ertainen sinesteak).

Mitoa, imajinarioa Mitoak gizarteko errealitatearen irudikapen kolektiboak dira, kontraesanak modupoetikoz ebazten dituztenak; mitoak utopia sorrarazten du, eta bateratzea eragiten (kultura politikoak, ordea, banaketa mitoak dira). Mitoak erritualizatu egiten direnean, interes sozial eta politikoen zerbitzupean jarri ohi dira. Imajinario kolektiboa mitoaz eta utopiaz elikatzen da, baina ihes, amets eta irrealitatezko kultura bat sortzen du. Bi forma mental horiek honako honetan bereizten dira ideologietatik: mitoak ebatzi egin nahi ditu gizarteko kontraesanak, eta imajinarioak saihestu; ideologiek, aldiz, argi eta garbi formulatzen dituzte.

Politikaren ikuspegitik, mitoek ideologia bakoitzaren barruan funtzionatzen dute; ideia-indarrak dira (zenbait ideia-indarrak, edota batzuetan bat bakarra), ideologiek erabilitako energiak bildu eta haien kontraesanak ebazten dituztenak. Esate baterako, «anarkiaren» mitoa, ez botererik ez zapalkuntzarik duen mundua, anarkismoarentzat; «komunismoaren» mitoa –bakoitzak bere ahalmenen arabera, bakoitzari bere premien arabera–, Marxismoarentzat; norbanako autonomoaren «askatasuna» liberalismoarentzat; «legea eta ordena», gizarteen egonkortasunaren berme, kontserbadorismoarentzat...

Imajinario kolektiboak komodinak dira arlo politikoan, ideologien arteko bitartekotza egiten dute, eta beren konpromiso eta aliantzak leuntzen dituzte, eta adostasun ia unibertsala sortzen. Esate batera, Demokraziaren ideia XX. mendeko gizarteetan, edo Aurrerapenarena... Imajinarioek beti baztertu ohi dituzte beren baitatik zenbait gutxiengo, eta adostasunetik kanpora uzten dituzte; Mendebaldeko imajinario demokratikoak, II. Mundu Gerra arte, komunismoari eta anarkismoari leporatu zien sistemaren kontrako indarrak izatea; gaur egun, berriz, Hirugarren Munduko fundamentalismoei eta indarkeriazko nazionalismo periferikoei leporatzen zaie.Ezaugarri multzo bat dute ideologia politikoek:• giza talde baten tasunak dira; • alderdi kognitibo bat dute, taldeak gizarteko errealitatea haren bidez interpreta dezan; • itxura dinamikoa dute, hots, lehiarako eta borrokarako tresna dira taldeek beren helburu politikoak inposa ditzaten, eta eraldakuntza politiko eta sozialerako palankak –edota ordenari eusteko palankak, hura eraldatu nahi dutenen kontra–; • gizarte modernoetan posible den mobilizazio politikoaren emaitza dira eta, beraz, joera ideologiko nagusiak Frantziako Iraultzaz geroztik gauzatu ziren (maiz ordezkaritza sistema zaharragoen elementuak ere badituzten arren); • azkenik, auto-antolaketa logikorako barne printzipio bat izan ohi dute.Ansart-ek honela deskribatzen ditu: «Ekintzarako diskurtsuak, beste diskurtsu batzuen kontra eratuak, gizarteko aktore batzuek beste aktore batzuen kontra formulatu eta bereganatuak, gizarte talde batek beren nahien arabera eginak, beren helburuak adierazteko eta, behar izanez gero, gizarte lehian inposatzeko».

Ideologiak aldaketa politiko eta sozialerako faktore izanik, autore askok gizarte haustura handiekin eta, ondorioz, talde horiek hausturok ebazteko sortzen duten dinamikarekin lotzen dituzte. Esate batera, Geertz-en ustez, haustura horiek tentsioak leundu eta ekintza-programen oinarri izango diren ideologiak formulatzera eramaten dituzte gizakiak. Ideologiak, hortaz, aldaketa eragileak dira, hartutako ohituren inertzia eta sozializazio eta akulturazio politikoen prozesuek sorrarazitako jarrerak gainditzeko bidea ematen dutenak; eta faktore bat gehiago dira –funtsezkoa hala ere–, aldaketa nola den posible azaltzen duten faktoreen artean, kontuan izanik kultura norbereganatu egiten dela.

 

Filosofia, teoria politikoa, ideologia: makroideologiak eta mikroideologiak

Ideologien alderdi kognitiboak harremanetan jartzen ditu espekulazio politikoa eta filosofia; izan ere, erantzun behar dituztengalderek (gizakiaren izaera, egia eta egiarako irispideak, norbanakoaren eta taldearen arteko harremanak, aginte politikoa, ekonomiaren antolamendua, giza askatasuna eta berdintasuna) zorretan uzten dituzte haiekin, Macridis-en arabera. Zein da, beraz, hiru pentsabide mota horien arteko erlazioa? Ansart-en iritziz, ideologia praxisera begira egoteak sorrarazten du hark zientzia ezagupidearekin duen funtsezko desberdintasuna.

Filosofiak, Macridis-en arabera, jakinduria maitatzea esan nahi du; teoria, berriz, aldagaiak erlazionatzen dituzten fenomenoez azalpenezko proposizioak formulatzea da; biak –filosofia eta teoria– ideologiatik bereizten dituena zera da, ideologiak «jendea ekintzara bultzatzen duten sinesteak taxutzen dituela».

Pastor-ek honela eskematizatzen du pentsamenduaren hiru barruti horien arteko erlazioa: filosofia, espekulazioa; teoria, froga; ideologia, ekintza, praxia. Nahiz eta sorburua filosofian edo teorian izan, dio Macridis-ek, «ideologiak, ezinbestean, jatorrizko dotrinaren aldaera oso soilduak eta, maiz, itxuraldatuak dira». Beraz, beren logikaren arabera aztertu behar dira, ez jatorrian duten teoriaren arabera.

Baina hori ez da beti horrela izaten. A.

Vincent-en iritziz, ez da egia osoa ideologiak filosofia baino soilagoak eta ez hain autokritiko eta zorrotzak direlakoa. Maiz bai, propaganda eta hitz jario hutsa izan ohi dira; baina batzuetan pentsamendu filosofiko edo zientifiko abstraktuena bideratzen dute, eta filosofo eta zientzialariak gogotsu ematen dira beren ideien sustapen ideologikora (halaxe gertatu da historikoki, adibidez, Platon-en filosofo-erregearen gaiarekin, edota Marx-en merkantziaren fetixismoarekin).Bon-en arabera, pentsamendu mitiko edo basatiaren eraikuntzak eta ideologia politikoak elkarren antza dute. Pentsamendu basatia (Levi-Strauss) askotariko jatorria duten hainbat lanabesez baliatzen da, eta halako brikolage intelektual modukoan aritzen da beren baliagarritasunaren barne koherentzia ageri duten eraikinak egiten.

Ideologiak ere antzeko brikolagean aritzen dira; xede praktikoz, berrantolatu egiten dituzte jatorria ideologien, teoria politikoen, aurreko filosofien eta are erlijioen eraikitze-deseraikitze prozesuetan duten elementuak. Elementuon nondik norakoaren aztarnei jarrai dakieke, eta jatorriko marka analitikoki bereizi. Baina ez dio axola hasieran elementuok bateraezinak ziren pentsamendu alorretakoak izateak; garrantzia duena, azken produktuaren koherentzia da (Frantziako Iraultzak Voltaire eta Rousseau biltzen ditu; egungo liberal-kontserbadoreek, berriz, Bentham eta Burke); koherentzia hori, desberdina bada ere, ez da inola ere pentsaera zientifikoarena baino apalagoa. Hortaz, ezaugarri hauek ditu: materialen heterogeneotasuna eta eraikuntzaren sistematikotasuna (Bon).

Ideologia politikoek ezikusia egiten diote, beraz, egun politologoek aurrez aurre duten dilema bati: hots, pentsamendu politikoaren klasikoen erabilerari (Pasquino).

Ondo dakite zer egin haiekin; brikolage intelektualean aritzen den pentsalari basati bezala –edo beste arropa batzuetatik hartutako adabakiez jantziak egiten dituen jostunak bezala–, ideologiek eraikin klasiko handiak bota ondorengo hondakinak erabiltzen dituzte, eta haiekin beren mekano intelektualak eraikitzen.

Beraz, makroideologiak, hots, historikotzat jotzen diren joera handiak –liberalismoa, sozialismoa, kontserbadorismoa, anarkismoa...–, etengabe ugaritutako mikroideologien matrizak dira, eta ezaugarri hauek dituzte: eurak eraikitzeko erabilitako material «jasoen» –pentsamendu politiko edo filosofikotik datozenen– heterogeneotasuna; ekintzara begirako izaera sistematikoa;alderdi kognitiboaren eta afektiboaren etengabeko eraldakuntza; eta beren osagaien eraldagarritasuna (egitura bere osotasunean aldatzen duena), kanpoko kausen kariaz –gizartearen, ekonomiaren eta botere politikoaren egituren aldaketak– edo barne kausen kariaz –ideo-sistema berriak bereganatzea, zaharrak aldatzea edo ezabatzea–.Teoria edo filosofiaren eta ideologiaren arteko desberdintasuna zera da: lehenengo biek gogoetaren beharra, ideien antolaketa eskatzen dute, eta ahal denean, froga ere bai, eta ideologiak, aldiz, jendea ekitera eramaten duten sinesmenak sortzen ditu. Gizonemakumeak filosofia edo teoria jakin bat ezartzeko eeta filosofia edo teoria horiek gizarte jakin batean gauzatzeko antolatzen dira.

Ideologika politikoak Zaila da teoria edo filosofia jakin bat ideologia noiz bihurtzen den antzematea, hau da, ekimera bultzatzen duen higikunde noiz bihurtzen den antzematea. Teoria eta dotrina filosofiko handi asko egon dira hainbat belaunalditan zehar ezkutaturik, inork «aurkitu» dituen arte. Max Weber soziologo alemaniar ezagunak nabarmentzen du hori eta esaten du teoriak eta filosofiak hautatu egiten direla ideologia bihur daitezen, azaldu gabe, dena den, nola, noiz eta zergatik gertatzen den hori. Historia hozkailu handi bat bezala har daiteke, gerora erabiliko diren ideia eta teoriak gordetzen diren hozkailu bat hain zuzen ere. Platonen zenbait lanetatik, esaterako, higikunde ideologikoak sortu izan dira. Eta berean, Karl Marxen obra nagusiek higikunde ideologiko sendo bat sorrarazi zuten bezala, haren hasierako lanak –hau da «Marx gaztea» edo «lehen urteetako Marx»– egokitu dira higikunde edo joera garaikideen arabera. Eta gauza bera gertatzen da Bibliaren edo Koranaren atal desberdinak hautatu dituzten zenbait higikunde erlijioso eta nazionalista indartsuekin.

Macriais, «Ideologia politiko garaikideak», Alianza Editorial, 1998.

 

Ideologia kontserbadoreak, pluralistak, iraultzaileak

Marx-ek bi ideologi mota deskribatu zituen (izen hori lehenengoei eman bazien ere): nagusiak, kontserbatzeko eta ezkutatzekoak; eta kritiko eta iraultzaileak, eraldatzekoak. Hark deskribatu ez zuen hirugarren mota bat gehitu behar zaie bi horiei: ideologia erreformatzaile edo pluralistak.

 

Ideologia kontserbadoreak

Ideologia kontserbadoreek ezarritako boterearekiko eta ordenarekiko adostasuna dute xede, eta leialtasun harremanetan sartzen dira haiekin. Inklusio eta esklusio sistemak dira, eta haien kodeen barneratzeak indartu egiten du instituzioekiko adostasunezko portaera. Justifikatu egiten dute gobernatzaileen eta gobernatuen arteko distantzia, eta antolatu egiten dute hauek haiengan duten konfiantza. Aldi berean, zilegitu egiten dituzte zigorrak, errepresioa onargarri bihurraraziz: azken buruan, izu ideologikoa ahalbidetzen dute, zeinaren arabera boterearen jabe legitimoek erabaki baitezakete zer den bidezkoa eta zer bidegabea.

Ideologia horiek hiru zilegitasun mekanismoetako baten euskarri dira, hots, liderren idealizazioarena (Lagroye). Hortaz, mekanismo psikologiko primario eta haur jatorrikoetan oinarritutako identifikazio ereduak eskaintzen dituzte, identitatearen bilaketa pertsonalak sorrarazitako larriduraren lasaigarri. Talde inhibizio eta sublimazioen berrikuntza dute xede, eta halako bozkariozko batasun giroa sorrarazi nahi dute, sakrifizioak eta, balio gailen gisa (alienazio ideologikoa muturreraino eramanez), are norberaren suntsiketa eta heriotza onartarazteko.

 

Ideologien sistema pluralista

Ideologien sistema pluralista da ohikoa demokrazia liberaletan, militarizazio aldiez kanpo, bat datorrelako alderdi aniztasunarekin eta botere politikoa lortzeko lehia legezkoarekin. Sistema horretan ugariak diramezu ideologikoak, eta horrek ematu egiten die eragina; adierazpen askatasunak erraztu egiten die ideologoei gizarteko hedabideetara iristea, baina bizkor zahartzen eta baliogabetzen dizkie diskurtsuak, eta hartzaileengan haien promesetatik ironiazko urruntzea eragiten du. Boterearekiko harremanak lehia etengabea dira, leialtasun zintzoaren guztiz bestelakoak. Integrazio politiko ahulak eta muga ideologikoen arintasunak bide ematen du gizarteko klase eta taldeen artean etengabe konpromisoak eratzeko.

Mezuen gehiegizkoak auzitan jartzen du norbanako bakoitzaren atxikimendua; izan ere, kultura politikoak ez dio eskaintzen identifikazio-eredu egonkor bat, superni sozial indartsu batean oinarritua, eta kendu egiten dio segurtasun babeslea. Kritiken ugariak lagundu egiten du mundua «liluragabetzen», baina aldi berean prestatu egiten du norbanakoa aldaketetara eta gizarte harreman berrietara egokitzeko.

 

Ideologia iraultzaileak

Ideologia iraultzaileek beren eraginkortasun osoa itzultzen diote ekoizpen ideologikoaren alorrari; ideologia kontserbadoreek estali nahi dituzten zapalkuntza eta aje guztiak salatzearen bidez, ohiko legitimazio diskurtsuak desmitifikatzen dituzte.

Ideologia iraultzaileak bakarrik dira gai ezerezetik talde ideologikoak sortzeko, printzipio berriekiko atxikimenduan oinarrituak (hor du bere lekua teoria leninistak, zeinaren arabera teoria iraultzaileak mugimendu iraultzailea sortzen baitu). Erkidego militantearen sorkuntzaren lehen faseetan, atxikimendua ematen duenak, giro beroari esker, egunerokoaren kaxkarra ahaztekomodua du, helburu unibertsalak baititu amets. Liderrak sendotu egiten du bere posizioa lehia ideologikoaren eta militanteen konfiantza bereganatzeko gaitasunaren bidez; ideologiaren izaera utopikoak indartu egingo du taldearen kohesioa. Dominazioa jasan bai baina onartzen ez duten norbanakoei dagokienez, ideologia iraultzaileak, maila idealean baliogabetu egiten baititu indar zapaltzaileak, duin sentiarazten ditu beren balioen ordena mesianikoki alderantzikatuz. Ideologia iraultzailearekiko atxikimenduak, beraz, fede aldaketa baten itxura har dezake: iragana berrinterpretatu eta nork bere buruaz duen estimua berritzen du. Bestalde, legitimazio goresgarriak lagundu egiten du erru sentipena ezerezten, eta hori beharrezkoa da ekinbide iraultzaileari datxekion indarkeria onartuko bada. Horrek prozesu psikotikoak jar ditzake abian: kontserbazio ideologiek egitura neurotikoak indartzera jotzen duten bezala, ideologia iraultzaileek nortasun paranoiko edo megalomanoak bultza ditzakete lidergora.

 

Diskurtsu ideologikoa: eragileak, analisia, zirkuitua

Ideologia politikoek sinboloak eta zeinuak erabiltzen dituzte, eta beren izaera bereziari dagozkion diskurtsuak eratzen, hots, ekintzara begirako diskurtsuak. Sinboloek, Schemeil-en arabera, sineste sistemen erregistro kognitiboan eta afektiboan funtzionatzen dute; energia trinkotzaileak dira, eta beren ondorio bakuntzaile eta biderkatzaileei esker, norbanakoa gizarte globalarekin edo partaide den taldearekin lotzen dute.

Helburuak erlatiboak badituzte ere, ideologiek egia balira bezala aurkezten dituzte beren baieztapenak; haien balio nagusiek bidezkoa eta bidegabea, ongia eta gaizkia bereizteko modua ematen dute. Hori dela eta, bitariko oposizioez baliatzen dira sarri; erabiltzen dituzten formak soilak dira, masek uler ditzaten, eta malguak, egoera asko azaldu ahal izateko.

Ideologiek erabilitako forma erretorikoen xedea ez da eliteengan eragina izatea, mugiarazi beharreko masengan baizik: horregatik, soiltzera eta alderdi afektibora jotzen da. Bon-ek deskribatzen ditu erabiltzen diren tropoak: – prosopopeia, hau da, ez daudenei, hildakoei, izaki bizigabeei hitz eginaraztea; – kontzeptu abstraktuen pertsonifikazioa –aberria, langileria, demokrazia...–; – metafora (eraginkorra izateko ez du literatura fintasunik izan behar, arrunta izatera jo behar du, eta eguneroko esperientziatik ateratako adibideetan oinarritu); – eufemismoa, errealitate zuzen eta zailak abstrakzio edo ertzik gabeko kontzeptu bihurtzen baititu («enplegu eskatzaileak», kasu, «langabeak» adierazteko); – tautologia, batez ere ideologia kontserbatzaileek erabilia; – kontrasteak, iraultzaileek erabiliak...

Diskurtsu ideologikoa ez da norbaiten izenean egiten; ideologien sortzaileak alderdi baten, mugimendu baten, ezarritako boterearen eledunak izan ohi dira beti (Ansart).

Ideologoak ez dira nahitaez intelektualak izaten –hain zuzen, tentsioa izaten da haien eta hauen artean–; gehienetan ez dira lanbidez intelektualak izaten, baina intelektualak dira formulazio sintetikoak halako sistematikotasun batez adierazten dituztenean. Beste edonor baino lehen, estatuburuak dira ideologia ekoizleak, beren erabakiak justifikatu, boterea zilegitu eta behar duten adostasuna lortu behar izaten baitute; oposizioko ordezkariak ere ideologia ekoizle dira, auzitan jartzen baitituzte erabaki ofizialak, horretarako diskurtsu egokia erabiliz: ezarritako botereari eraso, aldekoei balaku, taldeko barne gatazkak gainditu...

(Hori dela eta, talde horietan diskurtsuak ugaritu egiten dira, eta horrekin batera gatazkak eta zatiketak izaten).

Militantea ideologia sortzailea da gehiago edo gutxiago, zein erakundetakoa den: alderdi pluraletan, zeregin horiek militante guztiei dagozkie; erakunde zentralizatuetan,militanteak errepikatzen eta propaganda lanetan aritzen dira.

Beste bi aldagaik azaltzen dute diskurtsu ideologikoaren bertikaltasuna edo horizontaltasuna: ideologiaren izaerak eta ideologiak erantzun beharreko arazo motak.

Sartori-ren arabera (1992), zenbat eta abstraktuagoak eta orohartzaileagoak izan sineste sistemak, hainbat mendeanago izango dira lider ideologikoek emandako azalpenen jarraitzaileak, eta hainbat errazagoa izango zaie eliteei masak erabiltzea, mesianismoa eta fanatismoa direla bide.

Lancelot-en arabera, konpondu beharreko arazoen konplexutasuna bat etortzen da eliteek gidatzen dituzten ideologia mimetiko edo ordezkaritzazkoekin; arazo soil eta ondorio ulerterrazekoek, ordea, kontrako ondorioa izaten dute.

Gizarte pluraletan, diskurtsuaren ekoizpena talde espezializatuetara baino harantzago hedatu ohi da: kazetariagana, irratiko esatariagana, are idazle, apaiz, sindikalista eta artistengana (Ansart). Bestalde, industria ondoko gizarteak intelektualen masifikazioa dakar, barruti akademikoek ezin izaten baitituzte hartu (D. Bell). Hartara, tentsio eta areriotasun harremanak sortzen dira ideologo eta intelektualen artean; nolanahi ere, hori ez da gaurko kontua (Burke-k, orain dela bi mende, Iraultzaren gaitz guztien erantzukizuna egozten zien intelektualei).

Mannheim-en ikuspegia –hots, intelektuala eta gizarte loturarik gabea– errealitatearekin guztiz bat ez badator ere, bada kontraesan bat haren ekoizpen teorikoaren –ideologikoki erabiltzen da eta, beraz, interes jakin batzuen zerbitzupean– eta gizarteklaseetan antzematen den talde ez-homogeneo batekoaren artean. Ansart-ek alderdien baitan sortzen den norgehiagoka seinalatzen du, ideologia administratzeko ardura duten buruzagien eta «loturarik» gabeko intelektualen (kritikari politikoen, kazetarien) artean, hauen diskurtsu «objektiboak» haien agintea urra baitezake.

Komunikazio ideologikoaren zirkuituak, beste zirkuituek bezala, informazio iturri bat du (mezu emailea), igorle bat (mezua seinale bihurtzen duena), kanal (edo bide) bat, hartzaile bat (seinalea deskodetzen duena), eta hartzaile bat (mezua zuzentzen zaion entzulea) (Balle). Hala, bada, zirkuitu ideologikoaren analisi osoak masa komunikazioaren bost galdera oinarrizkoei erantzun behar die (Lasswell): nork (dio) zer, nori, nola (zein bidez), Zein ondoriorekin.

Zirkuitu ideologikoa, gizarte pluraletan, ez da homogeneoa. Igorleen sare ideologikoa lehiakorra da, eta informazio iturriak kontrolatzeko norgehiagokan ari diren azpisistemetan banatua; hartzaileak ez dira pasiboak, beren ideologiak dituzte, eta beren ideologien logikaren arabera erreakzionatzen dute hartzen duten ideologiaren aurrean (Ansart). Ezin da onartu, halaber, komunikazio politikoa Estatuko aparatu ideologikoek bakarrik kontrolatzen dutelako teoria (Althusser); egunkari, aldizkari, irrati eta telebista programen ugariak alorraren askotarikoa segurtatzen du, eta gobernuaren ideologia birproduzitzearen kontrako erresistentzia (beste kontu bat da botere ekonomikoek informaziobideen gainean benetako kontrola ezartzeko dutenahalbidea). Ansartek honako arazo hauek aztertzen ditu: • Dagokion populazio edo hartzaileak: ideologoak berak hautatu nahi du hartzaileen alorra (belaunaldia, gizarte klasea, nazioa); baina ideologia guztiek askotariko sostenguak hartzen dituzte.

• Igorleen arteko rol banaketa: ideologoak, militanteak, jarraitzaileak, hartzaileak.

Rol horiek aldakorrak dira, eta talde ideologikoaren barruko eta kanpoko botere harremanen araberakoak.

• Mezuen hedapena: egitura politiko, kultural eta instituzionalen bitartez izaten da. Espazioa zentralizatua ala plurala izan, aldatu egiten da; pluralean, ideologia hainbat kultura, erlijio eta etniatan zehar hedatzen da.

• Hedapenerako bitarteko teknikoak ez dira neutroak: prentsaren eta irratiaren zabalkundeak lagundu egin zien hedatzen ideologia zentralizatzailei; aldiz, egungo bitartekoen ugaritasunak kultura askotarikoei egiten die mesede.

Aurrerago hitz egingo dugu horiez.

• Intentsitate ideologikoa: hauteskunde garaian areagotu egiten da, eta ondoren urritu. Gizarte talde hartzailearen araberakoa da: masa, komunioa ala erkidegoa (Gurvitx). Masifikazioari esker, norbanakoak kontrolatu egin daitezke ideologikoki, baina zailagoa da balioak barneratzea; komunioak mezu komunitarioaren gorespena errazten du.

 

Euskadi, auzolana