El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Estatu-nazioaren krisia

Napoleon Frantziako banderari musu ematen. Frantziako iraultzan, eta zehazkiago, Napoleonen agintaldian sortu ziren lehenengo estatu-nazioak.<br><br>

Estatu-nazioa prozesu bikoitz baten emaitza da: funtzioen kontzentrazioa, batetik, eta estatu modernoaren boterearen despertsonalizazioa, bestetik. Prozesu bikoitz hori Behe Erdi Aroaren amaieran gertatu zen. Botere feudalak, komunalak eta Elizak zeinek bere aldetik kontrolatzen zituzten eskumenak kontzentratu egin ziren XVIII. mendeko estatu absolutista ilustratu batzuetan. Aro Modernoan zehar Estatunazioaren etorrera prestatu zuten prozesuak hauek dira, besteak beste: herri hizkuntza nagusien berpizkundeak batasun politikoari eragindako bilakaera eta, ondorioz, hizkuntzok latinari gaina hartzea; merkantilismoa eta diruaren bateratzea; eta Erreforma Protestantea, zeinen arabera printze baten mendekoekerkidego uniformea osatu behar baitute (Vilar).

Estatu absolutista Estatu-nazio bihurtzean burutzen da gizarte tradizionaletik gizarte moderno nazionalerainoko bilakaera: «behetiko» arrazionalizazioaren bidez, egitura tradizionalak arrazionaltasun instrumentalaren mende geratzen dira (lanaren eta merkataritzaren antolamendua, garraio sarea, informazioa eta komunikazioak, zuzenbide pribatuko erakundeak, Estatu burokrazia); «goitiko» arrazionalizazioaren bidez, munduaren ikuspegi tradizionalek, kutsu erlijioso edo metafisikokoak, legitimazio printzipio izateari uzten diote eta barne sineste bihurtzen dira (Habermas).

Estatu-nazioak hiritar bihurtzen du mendekoa,eta erdigune berri batean (erdigune politiko, ekonomiko, kulturalean) biltzen ditu lehen sakabanatuta zeuden indarrak.

Erdigune hori eratzeko, hain zuzen, hiru betekizun mota erabili behar dira: ekonomikoak –industri iraultzak merkatua sortzea–, politikoak –integrazioa eta parte hartzea– eta kulturalak –sozializazioa eta legitimazio mekanismoak–.

Frantziako Iraultza adibide garbia da gizarte tradizionalarekiko etena ikusteko. Iraultza aldi osoa hartuz gero –fase napoleondarra (1789-1815) barne–, argi eta garbi bereizten dira bertan Estatu-Nazio berriak erdigunea sortzeko erabili zituen betekizun ekonomiko, kultural eta politikoak. Besteak beste, pribilegio fiskalak, probintziarteko aduanak, gremioen araudiak desagertzeko oinarriak jarri ziren. Eliza nazionala bihurtu zen; hezkuntzaren helburua abertzaleak egitea zen, aberriko hizkuntza irakatsiaz. Hizkuntza bakarra aberriaz harro egoteko arrazoi bihurtzen da, eta nazionalizatzeko bide (Shafer). Lehen fasean, guardia nazionalakeratzen dira, eta bertan sartzen dira hiritar guztiak. Fase horren ondotik (Perlmutter) lanbideen iraultza etorriko da bizkor, eta militar profesionalek, Napoleon eredutzat hartuta, masen gudarostea antolatzen dute.

Estatuaren lurraldeko mugek esanahi berria hartu zuten Estatu-nazioarekin, eta indarraren bidez defendatu zituzten.

Estatu liberalaren zentralizatze politikoa Ongizatearen Estatuaren zentralizatze ekonomiko eta sozial bihurtzen da XX. mendean, interbentzionista erakoa, eta eredu hori noranahi hedatzen da Mendebaldean 1950, 60 eta 70eko hamarraldietan. Ereduak aurrera egin zuenez, gobernu zentralek lurralde maila beheragoetan bermatu beharra izan zuten beren politikak ezartzeko (Meny); baina urte horietan dirijismoaren eta estatu zentralizazioaren bidez lortu nahi izan ziren helburu horiek.

Hala ere, 70eko hamarraldiaren hasieran, oparotasun zikloa bere azkenetara iritsi zen; ekonomia krisia (diruarena, energiarena) ereduaren krisi politiko bihurtu zen. Ongizatearen Estatuak kritika zaparrada handia jaso zuen hala eskuin neoliberaletik nola ezker neomarxistatik. Estatunazioek zuten gehiegizko zama arindu beharra izan zuten, eskumenak beheragoko mailetara igaroaraziz; horrek, beren izaera aldatu ez ezik, beste zentzu bat eman zien bai tokiko boterearen egiturei eta bai boterearen lurralde banaketak sorrarazitako estatuz azpiko banakoei (eskualdeak, autonomia erkidegoak, estatu federatuak).

Mendebaldeko Europan batez ere, Europaren eraikuntza zela-eta, Estatu-nazio zentralizatuaren aurreko ereduak aldaketa sakonak izan zituen. Estatu-nazio zaharraren ezaugarriak honako hauek ziren: burujabetza nazional argia, parlamentuak eta Botere Eragileak eragina; muga iragazgaiztzak eta urra ezinak; legezko indarraren aparatuaren monopolioa (armada, polizia, kartzelak...); legezkotasun sorgune bakarra izatea, zeinen arabera Estatuko hiritarrek bakarrik eman zezaketen botoa; ordezkaritza politikoaren adierazpide osoa Estatu instituzioen bitartez; eta Estatu-nazioko gobernuaren erantzukizun halaber osoa politika mota guztietan: ekonomikoetan, sozialetan...

Ekonomiaren bilakaerak (mundu osoan) eta bilakaera politiko eta militarrak (Atlantikoan eta Mendebaleko Europan) eredu hori ezin bidera daitekeela frogatu dute.

1950eko hamarralditik aurrera, enpresa transnazionalen eraginak mintz iragazkor bihurtu ditu estatuen mugak, jario ekonomikoek gainditzen baitituzte. Eragin hori ekonomikoa bakarrik ez, kulturala eta ideologikoa ere bada. Bestalde, Aliantza Atlantikoak armadak desnazionalizatu eta desegin du Estatu Nazional zaharraren oinarri hirukoitza: lurraldea, biztanleria eta burujabetza.

Nazioez gaineko makro-botereen gorakadak, batez ere Europako Batasuneko instituzioetan, estatuz azpiko mikro-botereen berrantolaketa sakona dakar: eskualdeetako botereena, alegia.

EB lurraldeen mosaiko gisa ageri da, ez lurraldeek osatutako piramide hierarkiko gisa, eta Europa premodernoa gogorarazten du (Keating). Sistema hibridoa eratu da: ez da Eskualdeen Europa, ez eta gobernu arteko Europa ere, baizik eta konfederazio bat, era askotako gobernuek agintzen duten Federazio bihurtzera jotzen duena (Loughlin).

Baina aldaketa guztiek ez dituzte estatuak ahultzen. Batasunaren eraikuntzak Estatu-nazioa aldatu badu ere, ez du desegin.

Honako arrazoi hauengatik:• Europako Ekonomia Erkidegoaren (EEE) arkitekturak garrantzi handia eman zien estatuei Ministro Kontseiluan, eta hau da Batasuneko erakunde nagusia, Batzordearen edo Parlamentuaren gainetik.

• EEEaren erabaki garrantzitsuak, hala nola Agiri Bakuna edo Maastrichteko Ituna, Estatu-nazioen betebeharren ondorio dira; izan ere, hauek haietatik atera ditzaketen onuren arabera jokatzen dute.

• Mugak iragazkor bihurtu badira ere, aduanetan gerarazi daiteke jendea, susmagarri bada. Gainera, Estatu-Nazio jakin baten kontra indarkeriazko erantzuna dagoen lekuetan (Euskal Herrian edo Ipar Irlandan, esate baterako), Estatunazio horren politika mugetan nagusitzen da Batasunekoaren gainetik, eta ondorioz mugok itxi egiten dira.

• Estatu-nazio ia guztietan gobernu zentralek dute azken hitza eskualdeen arteko harremanari buruz, bai eta eskualdeon eta Bruselaren artekoez ere.

Gainera, Europa erdialdeko Estatu- Nazioetan eliteek bakarrik dirudite europazale; langileak eta behe eta erdi mailako gizarte klaseak, aldiz, Estatu-nazio tradizionalaren aldekoak dira.Autonomia molde desberinen teoria eta praktika estatu-nazioaren antolaketa politikoarekin daude loturik. Estatu-nazioan errotiko aldaketak gertatzen badira, autonomiaren izaeran eta forman ere aldaketak gertatuko dira. Bi mailatan nabarmentzen dira aldaketak. Batetik, Bigarren mundu gerraz gero hiru aldaketa paradigmatiko gertatu dira ekonomia/estatua/gizartea arteko harremanetan.

Bestetik, baina aurreko gertaerarekin oso loturik, kontuan hartu behar dugu Komunitatea/Europako Batasunaren aldakortasuna.

Estatu-nazioak ez dira desagertzen ari, aldaketak jasaten ari dira beren tradiziozko zereginean, izaeran eta zereginetan. Bertan behera utzi dituzte ordu arte, Bigarren mundu gerra ondoko urteetan batez ere, beren gain harturiko zenbait zeregin. Eskumen horietako batzuk Europako Batasunaren esku gelditu dira, eta beste batzuk, berriz, gobernuen mailara jaitsi dira.

Sistema politiko eta politika publikoen sistema berri bat eratu dela esan genezake, multi level gobernance dei litekeen zerbait (maila desberdinetako gobernua). «Gobernazioa» eta «gobernua» ez dira gauza bera, zentzu estuan gobernu erakundeen, zentzu estuan, osagai diren eragile eta sare multzo zabalagoa hartzen baitu bere baitan gobernazioaren gobernu zuzendaritzaren sistemak.

Multi-level (maila aniztasuna) eta «lerro aniztasuna», berriz, Europar sistema berriak gobernazio maila bat baino gehiago hartzen dituela esan nahi du, eta esan nahi du, orobat, gobernazio maila bat baino gehiago ez ezik, nazioaz beheko maila eta eragile sare gero eta gehiago hartzen dituela.

John Loughlin, «Autonomia Europa Mendebaldean», in F. Letamendia, «Nazionalitateak eta eskualdeak Europako Batasunean». 1999.

 

Euskadi, auzolana