El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Estatu liberala

Liberalismo zorrotzak 1846-1850 bitarteko gosete handian irlandar herritarrei laguntzak ematea galarazi zuen.<br><br>

Estatu liberala absolutismoaren ondoren mendebaleko hainbat herrialdetan sortu zen botere antolaketarako forma bat da. Estatu eredu honen oinarria doktrina liberala da, eta doktrina hori landu duten autore garrantzitsuenen artean aipatzekoak dira, besteren artean: Locke, A. Smith, Wilhelm von Humbolt, Kant, Alexis de Tocqueville, John Stuart Mill eta Montesquieu.

Askatasun eta berdintasun eskubideak, Estatu ordezkatzailea, eta Estatuaren eta gizartearen arteko bereizketa dira Estatu liberalaren printzipio politikoak. Printzipio multzo honetatik abiatuta sortu da Estatuforma hau, eta botereen arteko bereizketa, parlamentuaren nagusitasuna, legearen nagusitasunaren printzipioaz araututako Zuzenbidezko Estatua, herri edo nazioaren subiranotasuna, gizabanakoaren botere eta askatasun batzuk aintzat hartzea, eta legezkotasunaren printzipioa ditu ezaugarri nagusiak. Horren guztiaren xedea, botere mugatuko Estatu bat sortzea da.

Alabaina, ezinezkoa da eredu bakar bat balitz bezala azaltzea, zeren eta urteak igaro ahala ezaugarri komuneko hainbat Estatu sortu baita, eta guztien artean itxuratu dute Estatu liberalaren eredua.Pentsamolde iusnaturalista izan zen lehen liberalismoaren oinarria, eta Amerikako Estatu Batuetan egindako Gizakiaren eskubideen Deklarazioan jasota geratu zen (1776), Frantzian egindako Hiritarraren Eskubideen Deklarazioan bezalaxe (1789).

Iusnaturalistek diotenez, gizaki orok, berez, hainbat oinarrizko eskubide du. Hau da, eskubide horiek gizaki izate hutsez dagozkio gizabanakoari; eskubide horien artean dira, besteak beste, bizitzeko eskubidea, aske izatekoa, eta segurtasuna izatekoa; Estatuak eskubide horiek bermatu egin behar ditu, inoiz ez ordea esparru horietan sartu. Doktrina iusnaturalistak dioenez, badira lege naturalak, inongo giza taldek sortu ez dituenak, eta arrazoiaren bidez bilatuz gero aurki daitezke lege horiek. Gero, legeotatik ondorioztatzen dira eskubide naturalak, eta eskubide hauek ezarritako mugez jardun behar dute gobernariek, botere publikoa erabiltzen dutenean.

Geroago, John Stuart Mill-ek oinarri teoriko berri bat paratu zuen, Jeremy Bentham-en filosofia utilitaristatik abiatuta; honela euskarri berri bat izan zuen liberalismoak aurrerantzean, eta botereari mugak jartzea arrazoizkotu egin zuen berriro. Benthamek formulatu zuen utilitarismoaren printzipioaren arabera, legegileak gogoan izan behar duen irizpide bakarra zerau da: legeen ondorioz ahalik eta jende kopuru handienari zoriona ekartzea. Beste modu batez esanda, eragile objektibo bat bada gobernarien botereari mugak jartzeko, gizabanakoek plazerra nahi izatea hain zuzen. Ondorioz, bere baitan kide kopuru handienari zoriontasuna eskaintzen dion gizartea izango da onena. Halaz, filosofia utilitarista izan zen Estatu liberalaren osagarri teorikorik sendoena, eta ordu arteko formula teorikoa bazterrean geratu zen.

Estatu liberalaren sorburua sistema absolutistaren ahulezian aurkitu behar da, baina kontuan hartu behar dira, orobat, lehen aipatutako pentsamolde iusnaturalistaren korronteak, eta ilustrazioa, arrazionaltasuna ekarri baitzuen, eta protestantismoa, honen ekarpenez heldu baitzen indibidualismoa.

Gainera, kapitalismoa produkzio modu nagusitzat finkatu zen une historikoan fortunatu zen liberalismoa, iraultza burgesen eskutik. Horregatik oso-oso interesgarria da liberalismo ekonomikoaren euskarri diren oinarrien deskripzioa egitea, zeren eta honek erraztu egiten baitu Estatu liberalak, esparru publikoaren eta pribatuaren arteko harremanen antolatzaile gisa, betetzen duen eginkizuna ulertzea.

Liberalismo ekonomikoaren ezaugarrietako bat indibidualismoa da; honen eraikuntza jabetza kontzeptuan datza, hau da, gizakiaren izaeran bertan, zeren eta jabetzak esan nahi baitu nor bere buruaren jabe izatea, bere gaitasunena alegia, eta bide batez gaitasun horietaz baliatuz, bere lanaz lortutako fruituena. Jabetzatik abiatuta sortzen dira giza indibidualtasunaren bestelako ezaugarri guztiak, hala nola askatasuna, berdintasuna, elkarren arteko harremanak eta gizartean parte hartzea. Askatasuna jabetzarekin lotuta dago, ezen jabe garenneurrian izaten gara aske. Berdintasunari dagokionez, hasieran gizabanako guztiak berdinak dira, denak baitira bere buruaren jabe, eta honexek ematen die berdintasuna hasierako askatasun maila horretan. Hiru elementu hauek, jabetza, askatasuna eta berdintasuna hain zuzen, elkarren arteko harreman estuan dira, zeren eta jabetza egiazkoa izateko, jabetza hori baliatu ahal izateko modua behar dugu, trukatzeko modua, eta hori horrela izan dadin, ezinbestekoak dira askatasuna eta berdintasuna. Halatan, kontratua oso garrantzitsua den gizarte bat dugu, eta gizarte honek, bere oinarrizko printzipioen artean, herritarrek elkarrekin harremanak izateko askatasuna izango du.

Gizarte berri hau esparru pribatuan sar eta molda dadin, behar-beharrezkoa da Estatuak aintzat hartzea askatasun eta berdintasun eskubideak, Estatuaren boterea mugatua izatea, eta Estatuak gizartean derrigorrezkoa denean baizik parte ez hartzea; elementu hauek guztiek osatzen dute liberalismo politikoa.

Estatu liberalaren lehen ale garbia Ingalaterran agertu zen, XVII. mendean, iraultza puritanoaren bidetik; iraultza honek askatasun ideia batzuk ekarri zituen, askatasun pertsonalaren eta, prentsa, erlijio eta iritzi askatasunarenak, esate baterako.

Estatuaren antolaketaren esparruan, ingelesek lortu zuten formulan parlamentuaren mendean zegoen monarka, eta instituzio bakoitzak bere eginkizuna zuen (legegilea, exekutiboa edo judiziala). Beraz, absolutismoaren zeharo beste muturrean dagoen estatu forma bat da, hartan monarkak berak baitzituen bere eskuan botere guztiak, gobernuan inongo mugarik gabe arituz.

Antolaketa forma berri honek eman zion oinarria Montesquieuri, botereen banaketaren doktrina lantzeko; doktrina hauxe da Estatu liberalaren ezaugarri garbienetako bat.

Instituzioen ikuspegitik, bide ingelesaren alderdirik garrantzitsuena etenik ez gertatu izana izan zen, estatu eredu batetikbestera igarotzean monarkia mantendu baitzuten, eta Estatuaren zentraltasuna. Estatu liberala abian jartzeko beharrezko eraldaketak pixkanaka-pixkanaka burutu zituzten, partaidetza politikorako ildoak jorratuz; monarkaren boterea parlamentuaren bi ganberetara eskualdatzea izan zen bilakaera historiko honen emaitza.

Frantzian, aitzitik, iraultza behar-beharrezkoa izan zen monarkaren botere absolutua eteteko, eta burgesiak bere interesak ordezkaturik ikusiko zituen gizarte berri baten oinarriak finkatzeko. Estatu liberal alemaniarren kasua ez dator aipatu beste bion bidetik, zeren eta burgesia alemaniarra ez baitzen besteak bezain indartsua; halaz, erregimen berria ezartzeko unean zailtasun handiagoak izango ziren, eta Estatu liberala, herrialde honetan, autoritarioagoa izango zen, koroaren ahalmen handiagoak izango baitzituen, parlamentuaren boterearen kalterako.

Estatu liberalaren eraketa, batzuetan, bat dator krisialdi historikoekin, esaterako XVII.. endean Ingalaterran edo XVIII.ean Frantzian gertatuekin; edonola ere, ezin da bereizi gizabanakoaren askatasun esparruaren etengabeko hazkundetik, eta gizartearen mailaz mailako emantzipaziotik. Azken krisialdia erlijioaren alorrean izan zen batetik, eta ekonomiarenean bestetik. Estatu liberala sortu zen unean, amaiera iritsi zitzaion Estatu konfesionalari, eta Estatu laiko edo neutrala agertu zen. Era berean, garai horretan bukatu ziren pribilejio feudalak, eta Erdi Aroaren ezaugarri zen gizarte estamentala desagertu zen; haren tokia merkatu gizarte burgesak, bere ezaugarri nagusiak gizarte klaseen banaketa eta produkzio modu kapitalista zituenak, hartu zuen.

Hasierako teorialari liberalek kontsensuaren teorian oinarrituz azaldu zuten Estatu liberalaren agerpena. Autore hauek gizartearen kontzepzio indibidualista zuten, eta honen arabera, gizabanakoa da guztietan lehena, bere berezko eskubideez; gizabanako honek hitzarmena egingo du beste batzuekin, eta horrela sortuko da gizartea.

Beraz, gizabanakoek propio adierazitako borondatea da gizartearen sortzailea, eta gizabanakoen interesak eta beharrak ase behar ditu gizarteak. Estatua bide beretik agertu da, gizabanakoek sortarazi baitute hura ere, elkarrekin bat hartuz; estatua sortzeko, gizabanakoak uko egin die bere eskubideetako batzuei, eta estatuari utzi dizkio, elkarbizitza aske, baketsu eta ordenatua izateko. Lockek adierazi zuen bezala, Estatu berriaren botere politikoaren legitimazioa, zilegizkotasuna, boterea egikaritzen den pertsonen arteko kontsensuak dakar, pertsona horiexengandik heldu baita boterea bera.

Gizarte liberala antolatzen duten printzipio politikoei dagokienez, askatasuna,berdintasuna, Estatuaren eta gizartearen arteko bereizketa eta, azkenik, Estatua ordezkaritza moduan itxuratzea aipatu behar dira.

Estatua herritarren ordezkari bihurtzean, gizabanakoaren askatasuna ezinbesteko elementua da, sistemak ongi funtzionatuko badu. Aldi berean, askatasunak halako berme bikoitz bat izango du, Zuzenbidezko Estatuaren tresna konstituzionalek ematen diotena batetik, eta barne zein nazioarteko ordena mantentzeko eginkizunean Estatuari ezartzen zaizkion mugek emana bestetik.

Ordezkaritzazko Estatu honen agerpenak berekin ekarri zituen alderdi politikoak.

Esparru politikoan iritzi joera desberdinak azaltzean, parlamentariek taldeak osatuko dituzte, kidetasun politikoaren arabera.

Alabaina, hasieran alderdi politikoak ez ziren gaur egungo masa alderdien antzekoak; oso bestela, talde txikiak ziren, aristokraziako edo burgesiako zenbait pertsonaz osatuak, bakoitza bere gizarte klasearen interesen aldeko borrokan.

Berdintasuna behar-beharrezko printzipio politikoa da, lotura feudalak eteteko eta gizarte berriaren oinarriak finkatzeko. Gizarte berri honetan, gizabanako guztien eskubide zibilak berberak izango dira, eta honexek bermatuko du, gainera, ekonomia sistema sortu berria. Baina kontua ez da berdintasun politikoa, ezen Estatu liberalean gizabanako guztiek ez dituzte eskubide berberak politikan parte hartzeko. Berdintasuna, doktrina liberalaren arabera, askatasunari lotutako gauza bat da: gizabanakoa askea da; beste gizabanakoen askatasunak ezarritako muga baizik ez du, hau da, besteen askatasuna hasten den tokian amaitzen da norberarena, eta maila honetan pertsona guztiak berdinak dira. Konstituzio liberaletako funtsezko bi printzipiok berdintasun kontzeptu honetan dute sorburua, legearen aurrean berdin izatearen printzipioak batetik, eta eskubide berdintasunaren printzipioak bestetik.Legearen aurreko berdin izatearen printzipioa Estatu absolutistan gertatzen zenaren kontrakotzat behar da ulertu; izan ere, lehengo Estatu hartan, gizabanakoa zein estamentutakoa zen, halaxe aldatzen zen legeen aplikazioa. Estatu liberalean erabat aldatuko zen egoera hori, eta legeak denentzat berdinak izango ziren, eta auzitegi berberak, inondik ere, guzti-guztientzat.

Eskubide berdintasunaren printzipioaren arabera, funtsezko eskubide berberak dituzte gizabanako guztiek, konstituzio testuetan jasotakoak alegia, eta modu berean gozatu behar dituzte eskubideok.

Sekularizazioak eta esparru politikoan izandako aldaketek bideratu zuten Estatuaren eta gizartearen arteko bereizketa. Azaldu dugun bezala, Estatuak ez du gizartean sartu behar, eskubideak eta askatasunak bermatzeko izan ezean. Orain artean liberalismoaren oinarri teorikoei gainbegiratua eman ondoren, hel diezaiogun, bada, Estatu liberalaren antolaketari.

Estatu honen baitan, parlamentua da alderdi juridiko-instituzionalaren gune nagusia, sistemaren gunea alegia, zeren eta botere betearazlea bera ere bere mende baitu. Legegintzako aginpideak toki nagusia duenez, legeak ere, arau abstraktu eta orokortzat harturik, toki nagusia du sisteman, zeren eta legea baita legegintzako aginpidea eta botere beterazlea elkarrekin lotzen zituena.

Era berean, Estatu liberaletan daude ordezkaritzazko lehenbiziko instituzioak; edonola ere ezin esan instituzio demokratikoak direnik, herritar guztiek ez baitute prozesu politikoetan parte hartzerik.

Estatu honen ezaugarri juridikoen artean, eskubide zibil eta politiko sorta bat onartu izana aipatu behar da; eskubide horiek esparru pribatukoak direnez, aginpide publikoak ezin izango du sartu horrelako eskubidei dagozkienetan. Eskubide zibilak ondare-eskubideak dira, edo haiei lotuak behintzat; gizabanakoei dagokie haien titularitatea, eta eskubide horien erpin-erpinean jabetza eskubidea dago. Doktrina liberalak finkatu zuen eskubide sorta hau guztia. Eskubide politikoei dagokienez, berriz, sufragio zentsitariora mugatzen ziren funtsean, horixe baitzen sistema politikoan parte hartzeko modu bakarra.

Estatu liberalaren antolaketa juridikoinstituzionalean, Zuzenbidezko Estatu gisa ageri da Estatua. Izan ere era horretako estatua bat dator liberalismoarekin, hainbat elementu liberalek ongi erakusten duten bezala, esaterako gizabanakoen arteko harreman berrien bermeak, eta burgesiari gora jotzeko aukera eman zion boterearen antolaketa berriak. Estatu absolutuan zenaz oso bestela, Zuzenbidezko Estatuan forma elementu berriak ageri dira, eta demokratikoak izan ez arren Estatu liberalak hobeto funtziona dezan laguntzen dute. Zuzenbidezko Estatuak Estatu liberalaren elementu juridiko-instituzionalak beste era batera antolatzen ditu, bost elementutan oinarri hartuz. Hauetako lehena legearen inperioa da, sistema juridiko-politikoan legeari zentraltasuna ematen diona. Hasieran Ingalaterran agertu zen elementu hau, eta geroago sartu zen Zuzenbidezko Estatuaren eraketan.

Bigarren elementua botere banaketa da, Montesquieu-k landua. Rousseau-ren eskutik heldu zen hirugarrena, herri edo nazioaren subiranotasuna alegia, bi hauek direlarik frantziar tradizioak Zuzenbidezko Estatuari eginiko ekarpenak. Laugarren tokian gizabanakoaren botere eta askatasunak aintzat hartzea dago, ekarpen anglosaxoniarra zein frantziarra, alegia, bi herriotan gertatutako iraultzen ondotik ailegatu baitziren eskubideei buruzko deklarazioetara. Azkenik, legezkotasunaren printzipioa, alemaniar tradiziotik hartua; tradizio honek, bide batez,Zuzenbidezko Estatuaren kontzeptua bera ere landu zuen.

Elementu hauek guztiek osatzen dute Zuzenbidezko Estatua, baina guztiak ez daude garrantzi maila berean. Estatu liberalak bi ideia nagusi ditu: batetik boterearen mugak, eta bestetik Zuzenbidezko Estatua, hau da, aginpide publikoak lege arauaren mendean egon behar duela. Testuinguru honetan, legezkotasunaren printzipioak aparteko garrantzia du, botere publikoen ekintza guztiak legearen barruan, eta legeak ezarritako mugez bideratu behar baitira. Halatan, Zuzenbidezko Estatuaren beste elementuek eginkizun bikoitza izango dute, politikoa batetik, sistema liberalaren euskarri eta aginpidea legitimatzeko bide gisa, eta funtzionala bestetik, legezkotasunaren printzipioa maila teknikoan egituratzen lagunduko dutelako.

Halaz, esate baterako, legearen nagusitasun edo inperioaren printzipioari eginkizun biak atxikitzen zaizkio; batetik legitimazio politikoa eskaintzen du, eta bestetik funtzionaltasuna ematen dio sistema juridiko-politikoari, zeren eta printzipio honen bidez antolatzen baita boterearen muga, eta Estatua bera zuzenbidearen mendean geratzea.

Legearen nagusitasun honen arabera, Estatuaren jarduera guzti-guztiak legearen mendean egongo dira, ikuspegi liberalaren arabera legea bera baita zuzenbidearen adierazpen gorena. Estatua legearen mendean geratzean, boterea erabiltzean arbitrariotasuna galarazten da, Estatu absolutistak jokatu zuen ildotik zeharo kanpora joz. Tradizio ingelesaren ekarpena da kontzeptu hau, hartan subiranotasuna parlamentuan baitzetzan; horrexegatik deitzen zen, deitu ere parlamentu subiranotasuna; parlamentuazen nagusia sistema juridiko-politikoan, eta ondorioz, handik ateratako lege arauak nagusiak ziren. Azken batean, legearen inperioa legearen gailentasuna adierazteko baliabide bat da.

Estatu absolutistan inolako murrizpenik eta mugarik gabe erabiltzen zuen monarkak boterea; Estatu liberalean, berriz, botere banaketa dogma bat da, boterea mugatzeko.

Hasieran, printzipio hau banaketarako irizpidetzat erabili zuten, baina burgesia aginpidera heldu zelarik, eta hartan finkatu, banaketa hutsa izateari utzi eta printzipio tekniko gisa itxuratu zen. Aginpidea banatzeko sistemak Frantziar Iraultza igaroz geroztik izan zuen indarra; edonola ere, tokian tokiko mugimendu liberalek zeinek bere erara erabili zuten.

Nazio subiranotasunaren printzipioa Frantziako Iraultzaz geroztik agertu zen.

Badu alderdi etiko bat: boterea demokratizatzea eskatzen du, boterea herriaren eskuetara igarotzea hain zuzen. Eta badu alderdi funtzional bat ere: hain zuzen ere argiro planteatzen baitu nazio subiranotasunaren ideia baliagarria dela Estatuaren antolaketa berrirako, boterea legean oinarri dadin laguntzen duelako hain justu. Errepresentazio edo ordezkaritza ganbaretan adierazten da nazio subiranotasuna, eta ganbara hauek izango dira, gainera, legea egingo dutenak. Beraz, nazioaren borondatearen produktua da legea, eta legea, bide batez, boterea da. Ikusi bezala, printzipio honek harreman juridiko-politikoak antolatzen ditu.

Beste alde batetik, kontuan izan behar da nazio subiranotasunaren printzipioa ez zela ageri Estatu liberala sortu zen herrialde guztietan; esate baterako, Alemanian bideratu zen formulan ez da horrelakorik, hartan estatuarena baita subiranotasuna, ezen ez nazioarena.

Gizabanakoaren eskubide eta betekizunek ere badute alderdi etiko eta alderdi funtzional bat. Alderdi etikoari dagokionez, gizarte liberalean gizabanakoak lehenbiziko aldiz du zenbait eskubide, eta estatuaren botereak mugatu edo murriztu ezin duen jarduera esparru bat aitrtzen zaio. Eskubide hauek esparru pribatuan dute batez ere indarra, elkartrukea gertatzen den horretan alegia, eta beste era bateko harramanak ezarrazariko ditu Estatuaren eta estatu hori osatzen duten gizabanakoen artean.

Alderdi funtzionalari dagokionez, eskubide eta askatasun indibidual berriak harreman politiko berrietara egokituko dira; produkzio sistema kapitalistak eragin zituen harreman berri horiek, Estatuaren eta ekonomiaren antolaketan ezarri zuen eredu berriaren bidez. Eskubide eta askatasun berriek jarriko dute arrastoa, monarkiaren eta parlamentuaren arteko botere banaketa egiteko, zeren eta hauetako bakoitzarizeini bere jarduera esparru berezia zehazten baitiote.

Ingalaterran, subiranotasuna parlamentuan datza. Eta halaz, legea errespetatu egin behar da, subiranotasunaren adierazpena zelako.

Frantzian, berriz, subiranotasunaren eta botere banaketaren printzipioak dira abiapuntuak.

Nazioan datza boterea, eta haren ordezkaria parlamentua da, hau da, parlamentua bihurtzen da boterearen ordezkari nagusi. Parlamentua da erakunde gorena, hark adierazten duelako borondate orokorra.

Horrenbestez, Estatuko beste organo zein erakunde guztiak haren mendean daude, eta legearen mendean geratu beharko dute betiere.

Alemanian landu zuten subiranotasunaren kontzeptua eta Frantziakoa ez zetozen bat, herrialde bakoitzean nobleziak eta burgesiak zuten indarra ezin baitzen parekatu.

Alemanian, aristokraziaren eta koroaren indar politikoa askoz handiagoa zen, Frantzian zutena baino. Gauzak horrela, printzipio monarkiko bat ezarri zuten, eta horren arabera, aurrez parlamentuari esleitu gabeko kontu guztietan jardun zezakeen monarkak; bide batez, parlamentuak monarkaren laguntza beharko zuen, zerbaitetan jardun nahi zuenean. Boterea banatzeko beste modu bat lege erreserba da. Horren arabera, hainbat kontutan legea da arauemaile bakarra, askatasun eta jabetzakontuetan, adibidez. Alemaniako kasuan, aipatu azken bi kontu hauetan du indarra legezkotasunaren printzipioak. Beraz, aurreko kasuan baino esparru murritzagoa hartzen du, inondik ere.

Printzipio hau herrialde bakoitzean nola gauzatzen den alde batean utzita, legearen eta botere legegilearen nagusitasuna da funtsezko ideia; eta nagusitasun hori parlamentuaren bidez adieraztea. Printzipio honek, azken batean, legeak aurrez finkatu gabeko ezer egitea galarazten dio botere eragile edo betearazleari. Administrazioaren jarduera legegintzara mugatuko da, eta “a posteriori” jardungo du botere eragileak, hau da, horretarako gaitasuna ematen diotenean.

Parlamentuak du ekimen boterea, eta parlamentuak azter dezake nahi duen gaia; eta parlamentuak berariaz eman behar dio baimena botere betearazleari, honek bere eginkizunak bete ditzan.

Legezkotasunaren printzipioa bete dadin hainbat baliabide eta bermez osatutako sistema bat jartzen da; izan ere, sistema horrek aukera ematen dio gizabanakoari, bere eskubideen kontrako zerbait egiten zaionean haien defentsan auzitara jotzeko.

Konstituzio liberalek berariaz jaso zituzten orain arte aipatutako printzipio juridikopolitiko guztiak, hala nola parlamentu ganberei dagozkienak, boterearen mugei eta banaketari buruzkoak, eta Zuzenbideko Estatuaren mekanismoak sartzekoak; XIX.mendeko hogeita hamarreko hamarraldi inguruan agertu ziren konstituzio horiek.

Produkzio modu kapitalista gero eta garrantzitsuagoa zelarik, estatu antolaketa berriak suspertzaile eginkizuna beteko zuen gizarte liberalean, dagoeneko abian zen industrializazio prozesuarekin batera gertatzen ari ziren eraldaketa ekonomikoen mailan inondik ere. Hala eta guztiz ere, Estatuaren eginkizunek muga bat zuten oraindik ere, zeren eta gizabanakoaren askatasuna subiranoaren boterearen gainetik baitzegoen, hots, subiranoaren betekizunak gizabanakoen eskubideen azpitik ziren.

Azkenean, edonola ere, argi pixka bat egin behar da liberalismoaren eta demokraziaren arteko harremanen inguruan, sarritan nahasten diren kontzeptuak dira eta.

Lehenbiziko liberalek ez zuten oso-oso ongi ikusten inolako herri gobernurik, eta beraz, demokraziarik. Halaz, Estatu liberalaren lehenengo saioetan partaidetza politikoak muga zehatzak zituen, klase ahaltsuak baitziren partaide bakarrak, eta emakumezkoak ere kanpoan ziren. Beraz, ezin inolaz ere pareka daitezke liberalismo eta demokrazia ideiak. Geroago, alabaina, egoera hori aldatuz joan zen, eta Estatu liberalean alderdi demokratizatzaile zenbait sartuz; prozesu honen azken fruitua, Estatu liberalaren ordez Estatu Soziala ezartzea izan zen.

 

Euskadi, auzolana