El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Munduaren urbanizatzea.

Metropoli eta hiri modernoak

Europako hiri asko eraikin monumentalez osaturiko gune historikoen inguruan egituratu dira.<br><br>

Gure inguruan jenderik gehiena hirietan bizi bada ere, ez da mundu osoan hala gertatzen eta nahiko berria den gertakaria da gainera hori. Hirien dinamikak lotura estua du kontinente bakoitzaren egoera sozioekonomikoarekin eta alde handiak daude planetako eremu batzuen eta besteen artean. Urbanizatze maila, hirietan eta inguru urbanoetan bizi diren biztanleen ehunekoa neurtuta ateratzen dena, oso desberdina da kontinente batzuetatik besteetara.

Eta hori, gizataldeen ezaugarri sozial eta ekonomikoen eta inguruaren ezaugarrien arabera gizonak lurraldea okupatzeko dituen eredu desberdinen ondorioa da. Hala ere mundu mailako aurreikuspenek erakusten dute hirietan biziko den biztanleen ehunekoa gero eta handiagoa izango dela. 1960. urtean 1.000 milioi pertsona inguru bizi ziren hiri inguruetan, 1985ean, berriz, 2.000 milioi ziren hirietan bizi zirenak, eta Nazio Batuetako biztanleriarentzako Fondoaren arabera, 2025. urtean 5.100 milioi arima biziko da hiriguneetan.

Joera honek indar berezia izango du, gainera, hirugarren munduko deituriko herrialdeetan.Neurri ertaineko hirien ordez, gero eta ugariagoak dira hiri-aglomerazioak, eta hauek neurri jakin bat iristen dutenean, lurralde mailan garrantzitsuak direnean eta oso integratuak daudenean, metropoli kategorian sartu ohi dira. Neurriz handitze honek, askotan, ez du ekartzen hiri kudeaketarako beharrezko diren bitartekoen eta azpiegituren hazkundea, eta eragozpen handiak sortzen ditu horrek antolaketa eta kudeaketa lanei dagokienez. Hori guztia dela eta, gero eta sarriago aipatu ohi da metropoli handiak luzarora eutsi ezintasuna.

 

Hirien sorrera

Historikoki, jendeztatze moduek bilakaera bat izan dute, gizataldeek ezagutu dituzten aldaketa sozial, ekonomiko eta ingurunearekikoei egokituz joan baitira.

Munduko lehen biztanleak talde txikietan bizi ziren, haitzuloetan edo harkaitzen babesean, eta nomadak ziren askotan, eta beraz, ez zuten bizitoki iraunkorrik. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapenari esker nomada izateari utziko dio gizonak eta bizileku iraunkorrak izango ditu handik aurrera.

Garrantzizko lehen hiriak boteregune izateko sortzen dira, gizakien historiako lehen inperioetako, asiriarren eta sumeriarren inperioetako, agintariak eta funtzionarioak bizi diren tokiak dira hain zuzen hiri horiek. Hiriak, gainera, salerosketa zentru bihurtzen dira, eta bertan, trukea eginez edo txanponak erabiliz, saldu eta erosi egiten da. Hala, politikari eta burokraziari dagokienez betetzen dituen funtzioez gainera, salerosketa zentru izatearena ere betetzen du, eta bertan inguruko nekazariek ekoiztutako salgaiak trukatzen dira, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizkinak batik bat. Horrela, hiriak sendotu egiten dira, zibilizazio hauen eredu sozioekonomikoan egiteko zehatzak baitituzte. Hauxe bera gertatuko da egiptoarren, greziarren eta erromatarren zibilizazioekin, eta erdiaroan, baita arabiarrenarekin ere. Hiriak hazi egingo dira administrazioari, politikari, defentsari, salerosketari eta artisautzari dagozkion funtzioak betez. Artisautzaren garapenak eragin handia izango du hirien aberastasunari eta hazkundeari dagokienez. Hain handia izango da jarduera honen eta hiriaren arteko lotura, non artisautzak dituenadar batzuk eta besteak beren interesak defendituko dituzten elkarteetan bilduko baitira, gremioetan, eta hauek, berriz, hiriko toki jakinetan kokatuko baitira. Hiri askotako toponimian dugu horren erakusgarria.

Gasteizen, esate baterako, XIV-XV.. endeetan zenbait gremio finkatu ziren gaur egun hiri zaharra bezala ezagutzen dugun gunearen erdian eta kale bakoitzak bertan kokaturiko gremioaren izena jaso zuen (Zapatería, Tintorería, Cuchillería?).

Bai bere fisonomiari dagokionez eta baita betetzen zituen funtzioei dagokienez ere, industrializatzearekin etorriko da hiriek izango duten aldaketarik handiena. Ordu arte neurri ertaina iritsia zuten: Bilbaok, adibidez, 62.000 biztanle inguru zituen 1894ean eta Iruñea ez zen 1900ean 30.000ra iristen. Biztanle gehienak gutxi edo asko barreiaturik zeuden herrietan eta nekazaritza guneetan bizi ziren, lurra landuz eta nolabaiteko artisautza lanetan arituz. Nekazaritza-gune hauetako biztanleak hirira joaten ziren trukeak egitera, beren salgaiak saltzera, eta burokrazia edo ikasketa kontuetarako, eta abarretarako. Industriaren garapenarekin batera hazi egingo dira hiriak, era bateko eta besteko arrazoiak direla eta, tokirik egokienak zirelako lantegiak aurrera ateratzeko. Lehendabiziko arrazoia da merkatu zabala eskaintzen zutela industriaren ekoizkinak saltzeko. Oraindik oso handiak ez baziren ere, hiriak ziren garai hartan biztanle gehienak biltzen zituzten guneak, eta beraz, haietan finkatuz gero, merketu egiten zen ekoiztutako salerosgaien garraio kostua. Horrez gainera, industriara bidera zitekeen langile kopuru handiagoa eskaintzen zuen hiriak nekazaritza inguruneak baino. Gainera zenbait hirik eskaintzen zituen azpiegiturak zirela eta, portuak batik bat, erakargarriago gertatzen ziren nekazaritza guneak baino. Ez da ahaztu behar, bestalde, Erdi Arotik aurrera hirietan halako kreditu jarduerak garatuak zirela (egungo bankuen eta aurrezki kutxen ernamuina) industria egitasmoei diru-laguntza ematen zietenak.

Alabaina, industriaren garapenak aurrez aurre aurkitu zituen hirien egiturak industriaurreko betebeharrei erantzuten zien.

Txikiak ziren eta harresiz inguraturik egoteaz gainera (iraganeko defentsa funtzioaren ondarea) Erdi Aroko ereduen araberakoa zen hiri-bilbea. Leku gehiago behar zen, ez bakarrik tailer eta lantegientzat, baizik eta baita lur-soroak utzi eta industria lanetan hasteko hirira zihoazen nekazariei tokia egiteko ere. Prozesu honek behartuta, behera bota ziren hirien hazkunderako askotan itogarri gertatzen ziren harresiak eta hirien zabalguneak eta langile auzoak eraiki ziren. Hiria hazi egingo da eta, horrekin batera, areagotu egingo da jadanik ezaguna zen erabileren banaketa.Hau da, hiriaren alderdi bakoitza erabilera jakin baterako bereizten da. Langile auzoak jaiotzen dira horrela, industrian lan egiten duten langileen eta beren familien bizileku.

Eta baita burgesak bizi diren bizitegi zonak, zentrutik hurbil, eta industria zonak ere, azken hauek, askotan, langile auzoekin nahaste.

Espainiako Estatuan hirien hazkundea berandu gertatu zen, industrializatzea bezala (XX. mendeko 50-60etako hamarraldietan iristen du punturik garaiena) eta oso azkar. Horren ondorioz, hazkunde nahasia eta boladakakoa izango dira hiri handi hauen ezaugarri nagusiak eta beren morfologia eratuko dutenak.

 

Hirien egitura industria aroan

Estatuko hirien egituraren ezaugarri berezienak aurkeztuko dira orain, orokorrean eta beste batzuk baztertu gabe. Gaiaren konplexutasunak xehetasun asko eskatuko lituzke, baina hemen, hirien hazkunde eta hedatzearen ondorioz sortutako guneak eta prozesu hori nola gertatu zen ulertzen laguntzen digutenak aukeratu ditugu.

 

Hiri zaharra

Harresiak jo eta pasa arte hazi ziren industriaurreko hirien oinordeko, hirien alde zaharrena osatzen dute. XX. mendearen hasieratik aurrera usuagotu egin ziren biztanle kopuruari dagokionez, izan ere etorkin askok bertako pentsioetan eta birralokaturiko etxebizitzetan aurkitzen zuten beren ahalbide ekonomikoen neurriko bizitzeko aukera. 50etako hamarraldian iritsi zen itotasun mailarik altuena, zeren eta etxebizitza eskasiaren ondorioz pisuak zatitu egin ziren jende gehiago bizi ahal izan zedin. Gasteiz hektareako 634 pertsona izatera iritsi zen. Baina azpiegiturak eta zerbitzuak ez ziren biztanleriaren hazkundearekin batera hazi, eta beraz, auzo hauetako bizi-kalitatea inoiz uste izan gabeko mailatara iritsi zen eta arazo larriak sortu ziren osasun publikoari dagokionez. Usuagotze prozesu hau gainazpikatu egingo da, hirien periferian langile auzoak garatzearekin batera. Biztanle gazteenek kanpoaldean erosiko dituzte etxebizitzak eta alde egingo dute pixkanaka, eta horren ondorioz, auzo hauetako biztanleria zahartuz joango da.

Hiri historikoen degradazio urbanistikoaren prozesuak aurrera jarraituko du 70, 80 eta 90etako hamarraldietan. Eta horren ondorioz, gizarte mailako degradazioa ere gertatuko da horrekin batera. Alde zaharrautzi eta hiriko zabalgunera eta periferiara alde egindako dirudun jendearen eta langileen ordez talde sozial marjinatuak etorriko dira, hala nola ijito-taldeak, eta Magrebeko edo Saharaz beheko etorkinak.

Beren ahalbide ekonomikoen araberako etxebizitzak aurkituko baitituzte auzo hauetan.

Marjinaltasun hori dela eta, eta auzokideen arteko egituraketarik ezaren ondorioz, guztiz legezkoak ez diren, edota legearen guztiz kontrakoak diren jarduerak garatuko dira askotan: prostituzioa eta droga trafikoa, adibidez. Horren ondorioz, kriminaltasun indizea nabarmen igotzeaz gainera, gero eta zailago gertatzen da alde zaharrera auzokide berriak eta jarduera berriak erakartzea.

Deskribaturiko degradazio urbanistiko eta soziala ez da hiri historiko guztietan berdin gertatu. Batzuetan, salerosketa eta jostaketa funtzioek gaina hartu diete gune hauetan beste erabilera marjinal batzuei.

Horrela, lurzoruaren jabeek dirua inbertitzen jarraitu dute, neurri batean behintzat, eta eraikinak egoera hobean mantendu dira.

Horrelakoetan erdiko-klaseek bertan bizitzen jarraitu dute. Halako egoera baten adibide lirateke Bilbaoko Hiri Zaharreko zona batzuk, Bilbao Zaharra, ordea, eta San Frantzisko auzoa zehazki, hau ere Bilbaoko hiriburuan, eremu degradatuen adibide lirateke.

80etako hamarraldian hasita, administrazio publikoetatik hiri historikoen birmoldaketa proiektuak bultzatu dira. Goitik behera guztia berritzea edo zati bat berritzea izan daiteke plan hauen helburua, bainainoiz ez dira berriketa urbanistiko soilak izaten; beti hartu ohi da kontuan gune horien gizarte-baldintzen hobekuntza ere. Alabaina, askotan, garbiketa operazio izatea egotzi izan zaie plan hauei, hiria berriztatzearen estrategia aitzakia bezala erabiltzea, arazo iturri diren gizataldeak edota estetika urbanoa, hiriaren irudia, «itsusten» dutenak gune historikotik botatzeko. Beste batzuetan berriz, merkatuan balio urria duten orubeetan (auzo liskartsu eta degradatuen erdian egoteagatik) erdi mailako jendearentzat etxebizitzak egiteko operazio inmobiliarioak izatea leporatzen zaie; auzo hauek, dena den, beren antzinako izaera berreskuratzen dute pixkanaka.

 

Zabalguneak eta CBDa

Industriaren garapenarekin batera hiriek izaten duten hazkundearen kontestuan sortzen dira zabalguneak eta ordu arte neurri handi batean hiri zaharrean bizi zen klase altuko eta ertaineko jendea jasotzen dute.

Hiri historikoak inguratzen zituzten harresietatik at hiriek izandako hedatze planifikatuaren ondorio dira zabalguneak. XIX. mendearen amaierakoak dira gehienak. Donostian, 1864. urtean bota ziren harresiak, eta Bilbaon XIX. mendeko azken bi hamarraldietan hasi zen zabalgunea eraikitzen.

Eraikin garai samarrak kokatzeko pentsatuta daude eta hiri-bilbeari dagokionez, diseinu geometrikoa eta ortogonala izatea da hiri zaharrarekiko duten alderik nabarmenena.

Lurzorua zatitu eta eraikuntzarako saltzeko egokiena zelako aukeratu zendiseinu hori. Euskal Herriari dagokionez, Bilbaon (Gran Vian), Donostian eta Gasteizen (Dato kalean eta inguruetan) aurkitzen ditugu zabalguneen adibideak. Zona hauen interesa da, ez direla ustekabean sortu, baizik eta administraziotik egituratu eta planifikatu dituela. Hiri historikoak ez bezala, horietan inprobisazioa baita nagusi, Zabalgunearen Plan batek zehazten dituen zuzenbideen arabera diseinatzen dira zabalguneak, betiere tokian tokiko boteredunen esanetara. Horrela gauzatzen dira historiako lehen plan urbanistiko dei genitzakeenak.

Zabalgunearen planek ezarritako aginduek, dena den, aldaketak izan zituzten askotan, jabe-elkarteetan bildu ziren lurzoruen jabeen eskutik. Gutxi edo asko, beren bazkideen kalterako ziren alderdiak aldatzea lortu zuten elkarte hauek. Madrilgo eta Bartzelonako zabalgune planetan, esate baterako, etxebizitzetarako erabiliko zen adinako hedadura lorategietarako uztea erabaki zen eta mugak ezarri zitzaizkion eraikinen garaierari ere. Bietan, hala ere, zabalgune planak onetsi ondoren, indarrik gabe utzi ziren eraikigarritasunari zegozkion zehaztapenak eta aurreikusitako parke asko eta asko ez ziren egin, eta beraz, jatorrizko proiektuak lausoturik gelditu ziren. Gauza bera gertatzen da gaur egun hiri antolakuntzarako plan askotan ere, eta horren ondorioz, hiriaren garapen bideragarria lortzeko txit garrantzizkoak diren zehaztapenak indarrik gabe geratzen dira egitasmoak gauzatzerakoan.

Zabalguneak jatorriz XIX. mendekoak izan arren, hazten jarraitu dute XX. mendean ere. Klase dirudunen bizileku dira eta horrez gain anglosaxoniarrek CBD (Central Business District) deitzen dutena, eta salerosgaieta negozio zentru bezala itzul daitekeena, kokatu ohi da bertan. Hau da, jatorriz zuen bizileku funtzioaren aldamenean, gero eta hirugarren sektoreko jarduera ekonomiko gehiago biltzen du. Lehenik dendak, eta ondoren baita bulegoak, profesionalen bulegoak, zerbitzu enpresak eta administrazio publikoak ere, lehen etxebizitza izandako eraikin osoak hartzen dituztela.

Zabalgunea hirugarren sektoreko ekonomi ekimenetara aldatuz joaten da horrela, pixkanaka, eta batzuetan, gauza bera gertatzen da degradatu gabeko hiri zaharreko gune batzuetan ere. Hirugarren sektorera bihurtze horrek garestitu egiten du orubea, eta hala bulego eta abarrek gero eta gehiago hartzen dute etxebizitzen lekua.

Jende aberatsenaren artean, berriz, gero eta nabariagoa egiten da joera, hiritik kanpo dauden urbanizazioetara eta ingurumenari dagokionez kalitate hobea duten bizitegiauzoetara aldatzeko. Bilbaori dagokionez, zabalgunea hirugarren sektorera moldatu izanaren ondorioz, Areeta-Getxo eta Sopela bezalako zona lasaiagoetara aldatzeko joera dago.

 

Periferiako auzoak

50etako hamarraldia da industrializatze prozesuak Espainian indarrik handiena duen momentua, eta ordutik aurrera gero eta jende gehiagok jotzen du urtero urtero nekazaritza guneetatik hirietara industrian lan egiteko asmoz. Prozesu hau bereziki bortitza da Euskal Herrian, eta ondorioz, Administraziotik erabakitzen da premiazkoa dela industriako langileak biziko diren auzoak egitea. Auzo hauek eraikitzeko, lurzorua merkeagoa zen periferietara jo zen.Askotan, ordu arte nekazaritza lurrak izandako guneak aukeratu ziren, eta milaka etxebizitza eraiki ziren urbanizatze lan premiazkoenak egin ondoren. Bilbaoko Errekalde eta Otxarkoaga auzoak, eta Gasteizko Zaramaga auzoa fenomeno honen adibide dira. Horrez gainera, erabat aldatzen da hiri handien inguruko udalerrien izaera, Bilbao ingurukoena esate baterako, lo-hiri bihurtzen dira, benetako langile auzo, Bilbaoren eta bere eragin-eremuaren guztiz mende daudelarik (hala gertatzen da Nerbioi ibaiaren ezkerraldean eta eskuinaldean dauden udalerri askotan). Horrela metropoli eremu bat hasten da eratzen, ekonomikoki eta sozialki dinamika berbera duten udalerri sare batek osatua, eta sare horretan hierarkiaren buruan dagoen hiriak du agintea guztien dinamikan.

Eraikitzeko baldintzak (presa, aurrekontu urriak eta eraikinen kalitatearekiko kontrolik eza, erosleekiko iruzur ugarien iturri izan ziren) eta aukeratutako kokaguneak (kutsadura eta degradazio maila handiak zituzten industria inguruko zonak) direla eta, auzo hauek, bai ikuspuntu urbanistikotik eta baita ingurumenarenetik ere oso bizigaitasun eskaseko zonak dira. 80etako hamarralditik aurrera, eta neurri handi batean, bertako auzokideen eskabideei erantzunez ?hauek 70 eta 80etako hamarraldietan iritsi zuten goieneko maila? auzo hauen birmoldatze lanak hasten dira pixkanaka, baina gehienetan urbanizazioaren hobekuntza baizik ez da egiten eta hori ere, ez erabatekoa.

XX. mendearen amaieran, auzo hauetako eraikin batzuen egituran, iraupen arazoak aurkitu dira erabilitako materialen kalitate txarraren ondorioz. Horrek eraikin hauetako batzuk bota eta birmoldatu beharra ekarri du berriro eraiki ahal izateko.

 

Industria ondoko hiria

Hiria izan da industriaren garapenerako eta bertatik ateratako mozkinak biltzeko toki pribilegiatua. Alabaina, hiriaren hazkundea dela, batetik, eta sistema ekonomikoaren joera berriak direla, bestetik, zeinen arabera hirugarren sektoreko jarduerak industriari aurrea hartzen ari baitzaie, goitik behera ari da aldatzen hirien fisonomia.

Trafiko, zarata eta kutsadura arazoek eragindako hiriaren erdialdeko konjestioa dela, eta hirugarren sektoreko erabilerek etxebizitzei egiten dieten konpetentziaren ondorioz lurzoruaren prezioaren garestitzea dela, gero eta biztanle gehiagok alde egiten dute hiriaren periferiara bizitzera. Eta ez bakarrik prezio hobeen bila, baizik eta baita bizi kalitate hobearen bila ere. Horren ondorioz bizitegi-auzoak jaiotzen diraperiferiako nekazaritza eremuetan edota hiriaren erdialdetik urruti dauden udalerrietan.

Bizitegi-auzo horietan eraikin tipologia bereziak erabiltzen dira: txaletak eta etxe elkarri atxikiak. Azpiegituren hobekuntzak, gainera, eta autobideen eraikuntzak batik bat, asko errazten du periferiatik hiriaren zentrurako joan-etorria. Aipatzekoa da, adibidez, Castro Urdiales Bizkaiako hiriburuarekin lotzen duen autobidea egin zenetik herri horrek Bilbaorekiko betetzen duen bizitegi funtzioa. Horrela bada, eremu metropolitarraren erdigunetik urrrun samar dauden udalerri batzuen dinamika ere, erdigune horrek erabakitzen du batzuetan.

Bilbaoko kongestioaren arintze prozesuek eragina izango dute Castro Urdialesen gain, metropoliaren erdigunea baita metropoli eremu osoaren dinamika urbanoa zuzentzen duena.

Industriari dagokionez, sortzen duen kongestio handia, biztanleguneekiko hurbiltasuna eta lurraren urritasuna (edo prezio garestia) eragozpen larriak dira industria modernizatu eta merkatuaren joeretara egokitu ahal izateko. Horregatik gero eta sarriago mugitzen da industria nekazaritza zonetara eta antzekoetara, lurzoruaren prezioa askoz merkeagoa delako eta hurbilean hirigunerik ez izatean, ingurumenarekiko hainbesteko mugaketarik ez dagoelako.

Industria jarduerak hutsik utzitako lurretan, berriz, saltegi handiak ari dira pixkanaka kokatzen, izan ere biztanle asko biltzen diren guneetatik hurbil egon behar dute, batetik, eta bestetik, ez da beharrezkoa zentru hauei industriari ezarri behar zaizkion ingurumenarekiko mugaketak ezartzea.

Hiri historikoak degradazioaren eta birgaitze urbanistikoaren arteko borrokan dabiltzan bitartean, egoerak era guztietakoak direlarik, periferietako auzoak haziz doaz pixkanaka-pixkanaka eta orain aurrean aipatutakoen antzeko hobekuntza proiektuak ari dira bertan garatzen.

 

Iparraldeko hiriak eta hegoaldeko hiriak

Beste gai askotan bezala, honetan ere egoera guztiz desberdina da lehen munduko deituriko herrialdeetan eta hirugarren mundukoetan. Hirugarren mundukoek kolonien garaian dute jatorria, batez ere, eta metropoliarekiko izandako harremanen bilakaeraren araberakoa izan da, askotan, haien hazkundea. XX. mendeko azken hamarraldietan ikaragarri hazi da hiri hauetako biztanleria eta fenomeno horrek, nekazaritza guneetatik hirirantz gertatu direnmigrazio mugimendu bizietan du jatorria.

Migrazio mugimendu hauen oinarrian, berriz, arrazoi ekonomikoak daude, Afrikako, Asiako eta Hegoameriketako eremu zabaletan ingurumenaren aldaketek eragindako hondamendiaren ondorioz gertatu diren uzta eta azienden galerak, batik bat.

Eremu horietako egitura ekonomiko ahulek ezin izan dituzte galera horiek gainditu.

Horrez gain, kontuan hartu behar dira arrazoi politikoak ere. Independentzia lortu ondoren batzuetan, eta bi bloke handien arteko tirabiren ondorioz besteetan, 40 eta 90etako hamarraldien bitartean gerra ugari izan dira hirugarren munduan. Askotan gertatu izan dena da talde batek aginpidea zuen taldeari aginpide hori kendu nahi izan diola, eta orduan bigarren talde horrek hasten du gerra aginpidea berreskuratzeko. Nekazaritza guneetako biztanleak gatazkaren erdi-erdian aurkitzen dira, istiluarekin inolako zerikusirik izan gabe, baina betiere kaltetuak gertatzen direlarik. Gatazka hauetan zibil gehiago hiltzen dira militarrak baino, eta bi aldeen zapalkuntza jasan ondoren, beren gauzak bildu eta hirira joaten dira ihesi, han lasaitasuna aurkituko dutelakoan.

Horrela sortzen dira Afrikako eta Hegoameriketako hiri-aglomerazioetako aldiriak gainezka jartzen dituzten errefuxiatu uholdeak.

Kolonia garaitik datozen azpiegiturak ozta-ozta mantentzen dituzten megahiri hauen periferietako auzoetan milaka eta milaka biztanle biltzen dira txaboletan, eta azpiegitura horiek ez dira inola ere gai premiarik oinarrizkoenei ere erantzuteko (hornidura, uraren saneamendua, errepideak, garraio publikoa, irakaskuntza, osasun-laguntza?).

Auzo hauek ikaragarri azkar hazten dira, ingurumenari dagokionez imajinatzea ere zail den egoeretan. Edateko urikgabe, zaborrak biltzeko edo tratatzeko zerbitzurik gabe, bizitoki duinik gabe, medikuen laguntzarik gabe eta lanik egiteko aukerarik gabe, kulturaz eta gizarte harremanez guztiz deserroturik (hiri hauetako biztanle gehienak herrisketan jaioak dira, eta bakoiza bere tribuaren ereduen pean heziak) indarkeria da nagusi, bizimoduko egoera guztietan, baita xumeenetan ere.

Zona urbano hauetako batzuetan bizi itxaropena 45 urte inguruan dabil, eta malaria, IHESa, hepatitisa eta tifusa bezalako gaixotasunek jota daude biztanlerik gehienak. Eta ez dago osasun publikorik. Ehundaka milaka biztanle bizi dira baldintza horietan, Lagosko (Nigeria), Luandako (Angola), Mexico D.F.ko, Manilako (Filipinak) edo Limako (Peru) hirietako auzoetan, beste askoren artean.

Baina ez dira hegoaldeko megahiriak arazo larriak dituzten bakarrak. Iparraldeko metropoli garrantzitsuenetako batzuetan, behartsuenen bizi baldintzak gero eta okerragoak dira. Langabezia, talde sozial batzuen bazterketa, eta politika sozial eta asistentzialak ?Estatu Batuetan esate baterako?, izaten ari diren murrizketak direla, alde batetik, eta bestetik, hiri handiek berezkoak dituzten deserrotzea eta familia loturen ahultzea direla, laugarren mundu delako bat ari da sortzen, aditu batzuen ustez. Laugarren mundu hori, hirien erdiguneetako sektore degradatuetan biltzen da, eta etxerik ez duten eta kalean, tren geltokietan edota erdi erorian dauden etxeetan bizi diren gizonemakumeek osatzen dute. Adibide modura aipa daiteke, 80etako hamarraldiaren amaieran, etxerik ez zuen (homeless) 100.000 eta 200.000 pertsona inguru zegoela New Yorken, urtean 1.600 hilketa gertatzen zirela eta biztanleen %25 zegoela behartasun mugaz azpitik.

 

Euskadi, auzolana