El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Biztanleriaren dinamika

Txinako gobernuak haur bakarraren politikaren baitan antolaturiko kanpaina bateko kartela, Pekingo kaleetan.<br><br>

Giza populazioek, beren barrutik eta kanpotik, bietara baldintzatutako bilakaera bat izan ohi dute denboran zehar. Barnetiko baldintzen artean heriotzeak eta jaiotzak aipa daitezke, eta kanpotikakoen artean, berriz, migrazioak, besteak beste. Elementu hauen balantza orokorrak erabakiko du zein den une jakin batean demografiaren dinamika. XX. mendearen amaieran 6.000 milioi biztanle inguru daude munduan, eta horri 250.000 inguru gehitu behar zaizkio eguneko. Hazkunde-abiadura honek alarma jo arazi die nazioarteko erakunde askori, joera horrek hala jarraituz gero, energia kontsumoa eta gai kutsatzaileen isurketa gaur den halako bi izan baitaiteke 20 urte barru. Hala ere, biztanle kopuruak adinako garrantzia du askorentzat, biztanle horietako bakoitzak behar dituen baliabideen kopuruak. Mendebaldeko munduan zifra hau askoz handiagoa da garapen bidean dauden herrietan baino.

Hortaz, benetan alarma eragiten duena ez da bakarrik biztanleriaren hazkundea, baizik eta baita lehen mundukoek kontsumitzen duten energia eta sortzen duten hondakin-maila planeta osora zabal dadin ere.

 

Biztanleriaren bilakaera: hazkunde aro handiak

Mendeetan zehar hazkunde demografiko xumea izan zen gizadiaren ezaugarri nagusia. Giza-taldeak txikiak ziren, eremu txikiak hartzen zituzten eta iraunkortasunik gabe, gainera. Neolitotik aurrera, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren bilakaera dela-eta, biztanleria azkarrago hazten da, taldeak handiagoak egiten dira eta toki batean finkatzen dira.

Antzinaroko zibilizazioen garaian eta erdiaroan biztanleria haziko bada ere, tarteka-tarteka heriotza ugariak eragingo dituzten gaixotasunek eta goseteek mugakezarriko dizkiote hazkunde horri. Eragin berbera izango dute gerrateek ere, ez bakarrik zuzenean borrokan hilko direnengatik, baizik eta uztari eragindako kalteen eta hedatuko diren gaixotasunen ondorioz.

Medikuntzaren eta higiene publikoaren aurrerapenak (hondakin-uren saneamendua, eta abar) apalak ziren oso eta horren ondorioz sarritan gertatuko ziren biztanleriaren baitan heriotza ugariak eragingo zituzten izurriteak. Horietan gogorrena XIV. mendearen erdialdera Europako zati handi bat astindu zuen peste-izurritea izan zen.

1750. urtetik aurrera aldaketa handiak gertatu ziren kontinente zaharrean nekazaritzari dagokionez, labore berriak sartu ziren, lanerako tresna berriak eta baita ongarri kimikoak ere, eta horren guztiaren ondorioz hazi egin ziren produktibitatea eta landutako soroen azalera. Euskadiri dagokionez, berrikuntza hauek XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera inguruan gertatu ziren. Berrikuntza hauek, oro har, badute zerikusirik industri ekoizpenaren iraultzarekin eta garraioen garapenarekin, eta horrekin batera etorriko dira, gainera, medikuntzaren eta osasun publikoaren hobekuntzak ere. Garai honetan nabarmen hazi zen bizi-iraupena eta biztanleria ere azkarrago haziko zen. Horren ondorioz, 1750etik 1900era doan epean bikoiztu egin zen biztanleria munduan. Baina hazkunde hau ez zen berdina izan kontinente guztietan.

Afrikan eta Ozeanian ez zen ia aldaketarik egon, izan ere, egile batzuek teknikaaurreko bezala izendatu duten fase batean aurkitzen ziren oraindik. Amerikak hazkunde handia izan zuen, Europatik joandako etorkinei esker, batez ere. Eta Europan ere, galdutako populazio hori gora behera, hazkundea handia izan zen. Gauza bera gertatuko zen Asiako kontinentean ere medikuntzak izandako aurrerapenei esker.

1900 eta 1950 bitartean erdiko herrialdeetan (Europako hegoaldea eta Argentina eta Hegoameriketako beste herrialde batzuk ere barne direlarik) demografoek iraultza teknikoaren bigarren aldia deitu izan dutena hasi zen. Iraultza honek argi-indarraren eta eztanda-motoreen erabileraren zabalkuntzaekarriko zuen. Alabaina, bi mundugerrateek eragindako heriotzek arindu egin zuten produkzioaren hazkundeak ekarritako hazkunde demografikoa. Gerrate hauek Europa, Errusia eta Japonia zigortu zituen bereziki. Bigarren mundu-gerraren ondoren, osasun-arloan hedatu ziren hobekuntzei esker, nabarmen jaitsiko zen heriotza-tasa.

Antibiotikoen erabilera, hospitaletako asistentzia, eta abar izan ziren hedatzen hasi ziren berrikuntza hauetako batzuk.

Aipamen berezia merezi du, bestalde, haurren heriotzeak izandako beherapenak.

Herri aurreratuenetan gertatzen den heriotza-tasaren beherapenarekin batera, jaiotza-tasa ere gutxitu egiten da nabarmen.

Beherapen hau gero eta nabariagoa gertatzen da 70, 80 eta 90etako hamarraldietan.

Joera hauek linealak ez badira ere (esaterako, bigarren mundu-gerraren ondoren jaiotza goraldi bat gertatu zen Europan), betebetean dagozkie herri aurreratu izenez ezagutzen direnei. Jaiotza-tasak gutxitzeak eta bizi-itxaropena handitzeak, lehen munduko izenez ezagutzen diren herri gehienetako biztanleriaren zahartzea ekarriko dute.

Hirugarren munduko biztanleriaren bilakaerak beste dinamika bati jarraitzen dio.

Nekazaritza-ekoizpenaren arloan berrikuntzak, atzerapenarekin bada ere, iristen badira, ez da gauza bera gertatzen medikuntzari eta asistentziari dagokienez. Ondorioz, herri hauen dinamika demografikoari dagokionez jaiotza-tasa altua eta heriotza-tasa altua dira oraindik ere ezaugarri nagusiak, haurrak direlarik, betiere, zigortuenak.

Herri hauek alde batetik jaiotza-tasa altuak eta hazkunde demografiko azkarra dutelarik, bestetik ezin dute gutxieneko bizikalitatea ziurtatu, eta ondorioz, lehen munduko gobernuek eta are nazioarteko erakundeek ere planteatu dute populazioa dela munduak duen arazo nagusietako bat.

 

Politika demografikoak

Herri bateko biztanleria, eta batez ere eragile demografikoak izan dira, eta dira, gobernuen kezka nagusietako bat. Eta horren arrazoia da, biztanleria gobernuen egitekoaren subjektu pasibo eta batzuetan subjektu aktibo direla, eta ekonomiasistemaren oinarrizko elementu, kontsumitzaile, eskulan, boto-emaile eta abar diren neurrian.

Estatu bateko egoera demografikoa nolakoa den, era batekoa edo bestekoa izango da administrazioko politikak hartuko duen bidea. Adibidez, Espainiako gerra zibilaren ondoren, eta batez ere 50etako hamarralditik aurrera, gobernuak jaiotza-tasa bultzatzeko politika bat bultzatu zuen, dirulaguntzak eta are familia ugarienentzat sariak eskainiz.

XX. mendeko 70etako hamarralditik aurrera, Europako erdialdeko eta iparreko herrialde gehienak geldialdi demografiko batean sartu ziren, eta ondoko hamarraldietan saldo begetatibo negatiboa izan zuten (heriotza gehiago jaiotzak baino, horri etorkinen etorrera erantsi beharko litzaiokeelarik).

Egoera honen aurrean estatu kaltetuenetako gobernuek neurri azkarrak hartu zituzten. Suedian zergak arindu zizkieten haur bat baino gehiago zuten familiei eta aldi berean, egoitza eta nazionalizatze kontuak erraztu zitzaizkien haur txikiak zituzten etorkin eta errefuxiatuei. XX. mendearen amaieran Frantziako gobernuak ere zerga-bidezko pizgarri hauei heldu zien jaiotzak ugalarazteko.

Hirugarren munduko herrietan XXI.. endearen atarian, gobernuek eta, batik bat, nazioarteko erakundeek bultzatutako politika demografikoak dira jaiotzen kontrolari garrantzi handiena ematen diotenak.

Beren helburua biztanleriaren hazkundea geldiaraztea da, herri hauetan biztanle gehienak bizi diren pobrezia egoerari mugak jartzeko asmoz. Planteamendu honek, Malthusek jada XIX. mendean formulatutako teorietan du jatorria. Teoria horien arabera, haur gehiegi izatea eta biztanleria eta bizitzeko bitartekoak abiadura desberdinean haztea baitziren langileen eta klase xumeen arazoen iturria. Aldeko asko izan ditu irizpide honek eta planetako herri txiroenetan ezarri izan da Banku Mundialaren gomendioz.

Biztanleriaren hazkundea zero izan dadin erabilitako kontrolerako metodoak, Asian adibidez, gobernuek indarrez inposatu dituztenean izan dira, bakarrik, eraginkorrak.

Adibiderik aipagarrienak Txina eta India dira. Txinan, han zuzen, haur bakarraren politika dela-eta, familia gehienek ezin dute ondorengo bat baizik izan.

Indian, gobernuak bultzatutako famili plangintza kanpainetan milioika pertsona esterilizatu zen bere gogoz. Aipatu bezala, politika hauek porrot egin izan dute gehienetan, eta norbanakoen borondatea estatuaren aginduari erabat makurtu zaionean baizik ez dira izan benetan eraginkorrak, Txinan gertatu zen bezala, adibidez. Gertakari hauek gobernu batzuei jakinarazi diete jaiotza-kontrolerako politikek garapen sozioekonomiko maila jakin bat duten herrialdeetan bakarrik izan ditzaketela emaitzak.

Hortaz, badirudi garbi dagoela, ez duela inolako zentzurik garapen bidean dauden herrietan jaiotza-kontrolerako politikak ezartzeak aldi berean biztanleriaren garapen sozioekonomikoa bultzatzeko programa serioak egiten ez badira.

 

Hazkunde demografikoa eta ingurumenaren zaintza

Aditu askorentzat, biztanleriaren hazkundea da, hirugarren mundukoa batik bat, ingurumenaren iraupenak duen mehatxurik larriena. Gero eta baliabide gehiago behar dira biztanleriaren beharrak asetzeko, eta ondorioz agortuz doa bioaniztasuna planetako zati handi batean, tropikoetako herrialdeetan batik bat. Gehienetan lehen mundukoek erabili ohi dituzten argudio hauetan badirudi ahaztu egiten dela, ekonomia orokor baten testuinguruan egiten dela eta baliabideen ustiaketa, adibide batzuk ematearren, Angolan ateratzen den petrolioaren hartzaileak, edo Argeliatik datorren gasarenak edota Brasilgo edo Indonesiako oihanetan botatako egur nobleenak ez direla herri horietako biztanleak, nagusiki behintzat, Japoniako, Iparrameriketako, Europako eta Australiako merkatuak baizik. Era berean, ez da ahaztu behar askoz baliabide gehiago kontsumitzen dela per capita herrialde garatuetan hirugarren mundukoetan baino, eta hortaz, lehendabizikoetan egin beharko litzatekeela eragindako kalte ekologikoaren abiaduraren neurriko biztanleriaren kontrola.

Baina argudio honi ezin zaio eutsi inola ere; ikusi den bezala iparreko herrialde gehienetako jaiotza-tasa ordezkapen-mailaren azpitik dago eta ugaltzea bultzatzeko kanpainak egiten dira.

Baina bidegabekeria handia izateaz gainera, garbi dago hasi aurretik ere, ekologia helburu duen kontrol demografikorako estrategia batek ez duela arrakastarikizango. Hirugarren munduko herrialdeetan talde handiengan agintea zorrotz erabiliz lortuko litzateke soilik ernaltze kopurua jaitsiaraztea. Eta hori hala izateko arrazoia da, premia gorriko inguru batean, etxe-ekonomia subsistentzia larriaren mailara ere iristen ez delarik, biziraupen estrategiak jaiotza-tasa altuetan oinarritzen direla. Heriotza-tasak, haurrei dagozkienak batik bat, ikaragarri altuak dira (Angolan 1991. urtean mila haurretatik 295 hiltzen ziren, Europan, berriz, milatik 25 besterik ez ziren hiltzen), eta beraz, familiek haur asko izan behar dituzte derrigor, belaunaldien ordezkatzea egin ahal izateko eta lanerako gai ez direnean gurasoek bizibidea ziurtatua izan dezaten.

Hortaz, familia ugariak izateak ez du zerikusirik heziketa maila apalarekin edota kultura edo erlijio-kontuekin, ingurura moldatzeko moduaren ondorio besterik ez dira. Pobreziari edo goseteari heziketakanpainen bidez aurre egin nahi izatea, jarrera boluntarista izateaz gainera, alferreko saioa da batik bat.

Gizakiek baliabide gehiegi kontsumitzearen arazoari konponbide bat eman behar zaio, baina konponbide horrek ez luke garapen bidean dauden herri batzuetako biztanleriaren gehiegizko hazkundearen murrizketan oinarritu beharko soilik, baizik eta lehen munduko biztanleek per capita duten kontsumoaren murrizketan batik bat. Baina herri aberats eta pobreen arteko batasun ekonomiko handiago bat aldarrikatu beharko litzateke lehen-lehenik, garapen sozioekonomikoaren alde elkarlanean arituz eta gainera, hirugarren munduko garapena bultzatzeko ematen diren laguntza ofizialek ere estaltzerik lortzen ez duten neokolonialismoari behin betiko uko egin beharko litzaioke, eta horren ordez oinarri zuzen eta bidezkoak ezarri.

 

Euskadi, auzolana