El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Nazioarteko ekonomia arauak

Nazioarteko ekonomia hainbat modutan antolatu izan da historiaren joanean. Gai honetan, hain zuzen ere, berariaz aztertuko da azken hamarraldietan nola arautu diren nazioarteko merkataritza eta nazioarteko finantza sistema.

 

Nazioarteko finantza sistemaren arauak

Nazioarteko urre patroia 1897tik 1914 arte soilik egon zen indar betean. Diru sistema horrek eragiketak koordinatzeko gune nagusi bat zuen: Londres, eta nazioarteko txanpon jakin bat: libra. Garai hartan Britainia Handia zeukaten munduko potentziarik handientzat eta hori zela bitarte, herrialde horrek oso toki esanguratsua zuen inportatzaile, esportatzaile eta epe luzeko kapital iturri gisa.

Sistemaren funtzionamenduaren oinarrian Ingalaterraren nagusitza zegoen eta den-denek joko arau hauek onartu behar zituzten: urre sartu-irtenek mugarik ez izatea, eta urrea zein txanponak trukagarri izatea koefiziente finko samar baten arabera.

Desorekak arautzeko batez ere Ingalaterrako Bankuak finkaturiko interes tasa erabiltzen zen.

Hitz bitan esanda, nazioarteko urre patroiaren sistema eraginkorra izan zen, baina aldeko baldintza berezi batzuk bildu zirelako, geroztik inoiz errepikatu ez badira ere. Sistema Lehen Mundu Gerra zela-eta amaitu zen, eta alferrikakoak izan ziren berriro indarrean jartzeko saioak. Zergatiko nagusia izan zen Britainia Handiak ekonomia nagusitasun eztabaidaezin hura galdu egin zuela, Estatu Batuak itzal egiten hasi zitzaizkiolako; baina lagungarri izan ziren, orobat, finantza ezegonkortasuna, ekonomia protekzionismoa, ekonomia atzerakada eta mesfidantza orokorra.Bigarren Mundu Gerra amaitzean, 1944an, Iparramerikako New Hampshire estatuko Bretton Woods hirian gauzatu zen azkenik aspalditik Londresek eta Washingtonek ekonomia boterea eskuratzeko erdiezkutuan zuten lehia. Bretton Woods-en iparramerikar proposamena (White Plana) eta britainiarra (Keynes Plana) aurrez aurre jarri ziren, desberdintasunak batez ere teknikoak ziren arren. Bretton Woodseko Hitzarmenak konpromiso hibrido moduko bat jaso zuen, Keynes eta White ekonomilarien proposamenen artekoa. Bi-biek bilatzen zuten truke tasa egonkorretan oinarrituriko ekonomia sistema bat, trukeak aldez aurretik finkatu behar zirelarik, urrea oinarri hartuta. Bien arteko desadostasunak ekonomia egoera oso desberdinetako herrialdeetatik zetozelako ulertzen dira: Erresuma Batuak ordainketa balantza defizitean, eta mundu kapitalistaren buruzagitza galdu berria zuen; Estatu Batuak, berriz, ekonomia osasuntsuz, “Europa salba zezaketelakoan”, munduko ekonomia antolamendu berria indarrean jartzearen eta bere interesen alde bultzaka ari zen.

Bretton Woodseko Konferentzian Nazioarteko Moneta Sistema bat ezarri zen eta batez ere honako eduki hauek zituen:

 

Nazioarteko moneta funtsa

Zehazkiago, NMFaren helburuak honako hauek ziren: 1. Nazioarteko moneta lankidetza sustatzea erakunde iraunkor bat bitarteko zela, nazioarteko diru arazoetan kontsulta eta lankidetza mekanismo gisa jarduteko.

2. Merkataritzari orekaz hedatzen eta hazten laguntzea.

3. Truke tasen egonkortasuna sustatzea, herrialde kideak truke erregimen antolatuei eusten saiatzea eta trukeen debaluazio lehiakorrak galaraztea.

4. Konfiantza sorraraztea herrialde kideen baitan, Funtsaren baliabide orokorrak aldi baterako beren esku jarrita, behar besteko bermeen pean, horrela aukera emanik ordainketa balantzaren desorekak bideratzeko.NMFeko kide izateak, 1970 ingurua arte, konpromiso sorta bat zekarren, estu-estu bete beharrekoa, jarraian laburbiltzen dena:Konpromisoen kontraprestazio gisa NMFeko kideek ondorengo onura hauek jasoko zituzten:NMF eta NMS ondo ibili ziren 25 urtez.

Gai izan ziren truke sistema egonkorrari eusteko harik eta iparramerikar defizit gero eta maizagokoak eta nazioarteko merkataritzaren hazkunde izugarria zirela-eta, iparramerikar dolarrak urre bermeari eutsi ezin izan zion arte, eta hala hasi zen krisi hirukoitza: likideziarena, parekotasun doiketarena eta konfiantzarena, eta ondorioz, Bretton Woodsen onartutako oinarri batzuk aldatu egin behar izan zituzten.

Horrela, sistemaren eragozpenengatik, 1971n Nixon lehendakari iparramerikarrak beste inori galdetu gabe erabaki zuen dolarraren urrearekiko bihurgarritasun formala indargabetzea eta, ondorioz, trukerako urre patroia desagertu egin zen. Egoera araugabea sortu zen orduan, txanpon batzuek libreki baitzebiltzan dibisa merkatuetan eta beste batzuek, aldiz, dolarrarekiko parekotasunari eusten zioten.

Horrek finantza eta diru esparru berri bat sortu zuen. Parekotasunak ez ziren gehiago finkoak izan eta flotazio sistema orokortu egin zen; Europar Batasuneko herrialdeetan ere txanponen flotazio bateratua abiarazi zen; gainera, interes tasak ere aldakor bihurtu ziren, sistema berriarekin elkar hartuta.

1974tik NMFak, Munduko Bankuarekin (MB) batera, arreta handiagoa eskaintzen die gutxi garatutako herrialdeen egitura arazoei, horrela, programa jakinak finantzatuta, NMFeko herrialde kideen errenten eta kokapen erlatiboen arteko aldeak murritz daitezen.

Munduko moneta sistema lankidetza formula berriez antolatzeko saioek erreka jo ondoren, mende honetako zazpigarren hamarraldiaren erdialdean, NMF eginkizun berezirik gabeko erakunde bilakatu zen.

Guztiarekin ere, erakunde horretako administrazio egitura ez omen zegoen desagertzeko prest eta bila hasi zen, bere iraupena edo nazioarteko agintea indartuko zuen zergatikoa topatu nahian. Urte batzuk ia jardun gabe eman ostean, 1982an sortu zen erakundearen iraunkortasuna justifikatzeko eta moneta-finantzazko eskuhartzea gehitzeko zergatikoa, alegia, kanpo zorraren krisialdiaren eztanda.Zorraren krisialdia izan zuten, beraz, arrazoi NMFari mundu zabalean beste zeregin bat izendatzeko. Moneta arau komunik zaindu beharrik ez zutela, Estatu Batuek eta beste herriek NMFari izendatu zioten gobernu zordunek ekonomien txanpon eta finantza saneamendua lortzeko abiarazi beharreko ekonomia politikak begiratzeko ardura, horrela etorkizunean zorrak ordainduko zituztela bermatzearren. Eginkizunak, begi bistan dago, ez zuen zerikusirik erakundeari eratzeko unean izendaturiko betekizunekin, aurrerantzean finantza jarduera hutsetan ariko baitzen, xede bakartzat, doikuntza programak inposatzea zuela.

NMFak aldezturiko doikuntza programak, batez ere, bost alderditan oinarritzen ziren:

 

Munduko Bankua

NMF ez ezik, Bretton Woodseko hitzarmenek Munduko Bankua sortu zuten osagarri gisa, besteak beste, ordainketa balantzaren egiturazko arazoei aurpegi emateko finantzabideak banatzeko eta, aldi berean, ekoizpen aparatua berreraikitzen eta berregituratzen laguntzeko, garapena sustaturik.

 

Nazioarteko merkatuen desarautzea

Ezin uka daiteke nazioarteko finantza eta diru merkatuak hedatuz doazenik Bretton Woodseko txanpon sistema behera etorri eta gero. Eta haren ostean, hazkunde tasa handiagoak izan dituzte, eragiketa motak dibertsifikatzeaz batera.

Oraingoan guztiz egoki dirudi global bihurtzeaz berba egiteak, jarduera guztiz arin handitu delako eta, gainera, kapitalaren nazioarteko mugimenduak gero eta urrunago daudelako gobernu eta erakundeen kontroletik.

Global bihurtuz joatearekin batera, NMFak eta MBak nazioarteko ekonomia ordenamendu berria-edo antolatzen oraindik omen duten zeregina aldatu egin da eta horrekin batera moneta eta zerga politiken jokabidea ere bai. Finantza aktiboen desarautzeak eta globaltasunak mugimenduen mugakizunak gutxitu dituzte, eta, bide batez, ekoizpen inbertsioei eusteko arazoak azalarazi, finantza burbuila handia bultzaturik. Horrela, funtsak benetako ekonomiatik ekonomia espekulatibora desbideratu dira.

1990eko hamarraldian agerian geratu da tentsio gogorrak eta egoera larriak direla bitarte hedatzen direla finantzak. Une garrantzizkoenak aipatzearren, honako ikaraldi hauek ekarri nahi ditugu gogora:Horrelako gorabeherak elkarren ostean gertatzeak argi erakusten du nola sortzen den halako kutsadura moduko bat merkatuen artean, nola nazioarteko erakundeak ez diren gauza gainez egiteko zorian dauden egoera mehatxuzkoak behar bezala ebaluatzeko eta nola inbertsiogile handi batzuk sartzen edo irteten diren merkatu batzuetatik funtsezko irizpiderik gabe, tesi ortodoxoek merkatu askeetarako esandakoen aurka.

Izan ere, merkatu horietan araurik ez izatea ekonomia ezegonkortasunaren iturri da. Eta kezkabide dira estatuetako zein NMFeko agintarientzat, azkeneko bi hamarraldietan gero eta gutxiago arautzen baitute, kapitala, ondasun urria bera, eraginkortasun handiagoz eslei dadin lortzeko.

 

Nazioarteko merkatua arautzea

Hurrengo orriotan aztertuko dira Arantzelei eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokor (GATT) horren bilkuretan ezarritako arautze mekanismoak eta horrelakoen gabeziak Erdigunea/Periferia ekonomia harremanak gobernatzeko, eta baita Munduko Merkataritza Erakundea sortutakoan nazioarteko merkataritza arautzeari irekitako itxaropen berriak ere.

 

Arantzelei eta merkataritzari buruzko akordio orokorra (GATT)

Arestian komentatu denez, Bretton Woodseko Konferentzien ostean NMF eta BSNB sortu ziren, etorkizuneko mundu merkataritza liberalizatzen laguntzeko. Bilkura horietatik munduko arantzelei eta merkataritzari buruzko akordio bat ere etorri zen.

Jomuga zen arantzelak murrizteko konpromisoak hitzartzea, lehengo protekzionismo eta isolamendu garaiak amaitu ez ezik, nazioarteko merkataritzaren hedapena ere indartzeko. Halaber, Kubako hiriburuan hainbat bilkura izan ziren, bertan antolatu zutelako Merkataritzaren eta Enpleguaren Nazioarteko Konferentzia, non azken dokumentuak (La Habanako gutuna) ez zuen lortu aurreikusiriko Merkataritzako Nazioarteko Erakundea eratzeko adinako adostasunik. Geroko elkarrizketetan kanpo merkataritzaren eta arantzelen (inportaturiko ondasunaren gaineko zergak) akordioa adostu eta izenpetu zuten 1947.ean, Arantzelei eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorra (GATT) zeritzana.

GATT ezin izan zuten onartu New Hampshire-ko konferentzietan, eta NMF eta BSNB ez bezala, ez zuten hartu Nazio Batuetako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan.

Horra hor GATTen hastapenak: 1. Nazio mesedetuenaren klausula multilateralizatzea, hau da, Akordioa izenpeturiko nazio bati arantzelak merkatuz gero, edo bestelako ezein merkataritza abantaila emanez gero, besterik gabe, gainontzeko sinatzaileei ere hedatzeko obligazioa.

2. Tratu berdintasuna, alegia, diskriminazio ezaren hastapena, jomuga ekoizkin beraren fabrikatzaile nazional eta atzerritarrak berdin erabiltzea delarik, hau da, inportaturiko produktuek eta bertakoek tratu bera jasoko dutela ziurtatzea.

3. Arantzelez bestelako oztopoak kentzea eta industria nazionala arantzelez baino ez babestea.GATTen oinarrizko funtzionamendu mekanismoa konferentziak dira eta horien hasieran ondasun eta zerbitzuen merkataritza arautuko duten klausulak negoziatzen dira. Negoziazio aldi horiei Erronda esaten zaie.

Akordioa izenpetzerakoan arantzela jotzen zuten babes tresnarik garrantzizkoentzat eta, ondorioz, herrialde kideei deitu zieten arantzel eskubideen murrizketa negoziatzen hasteko.

Negoziazioak GATTen jokabide nagusia izan diren arren, Akordioaren testuan ez da araurik jasotzen horrelako egokieretan bete beharreko jardunbideaz.Lehenengo bost Errondetan (1974, Ginebra; 1949, Annecy; 1951, Torquay; 1956, Ginebra, eta 1960-1961, Ginebra) produktu partikularren edo produktuz produktuko metodoa erabili zen eta, horrela, kontratukide bakoitzak aurkezten zien gainontzeko herriei, denei ez derrigorrez, berak esportatzen zuen lehentasunezko produkturen baten arantzelak merkatu edo finkatzeko proposamena (arantzel eskubideek halako muga jakin bat ez gainditzea), trukean eskabidea jasotako herriei antzeko arantzel abantailak eskainita.

Eskaera onartuz gero, nazio mesedetuenaren klausularen multilateralizazio hastapena zela bide, bi aldeok hitzarturiko emakidak gainontzeko herrietara ere heltzen ziren. Baina halako une batean, metodoaren ahalbideak agortu egin ziren negoziazioak ekoizpen sektore batzuk baino hartzen ez zituztelako, bestetzuk negoziaziotik landa utzita.

Hori zela eta, hurrengo negoziazio errondetan (1964-1967, Ginebra; 1973-1979, Tokio) arantzelak murrizteko mekanismo lineala erabili zuten, herri negoziatzaileek hitz ematen baitzuten arantzel eskubide guztiak halako ehuneko batean gutxitzeko, hau da, abantailak multzoka eskaintzen ziren, adibidez: industriako edo azpisektore bateko ekoizkinen arantzel eskubideak linealki %20 murriztea.

 

Periferiako herrietako merkataritzaren arazoak eta Merkataritza eta Garapenari Buruzko Nazio Batuen Konferentzia (UNCTAD)

Ekonomia periferikoek mila bederatziehun eta berrogeita hamargarrenetik aurrera gero eta gutxiago esku hartu dute nazioarteko merkataritzan. Nazioarteko salerosgai merkataritzatik baztertuz joate horrek batez ere zerikusia du herri horiek munduko ekonomiara biltzeko moduarekin.

Izan ere, nazio periferiko gehienentzat oraindik bizirik dirau nazioarteko lan banaketa klasikoak, hau da, batez ere espezializaturik daude oinarrizko ekoizkinak sortu eta erdiguneko herrietara esportatzeko ildoetan, herri hauetatik batez ere produktu manufakturatuak inportatzeko.

Nazio Batuen 1961eko abenduaren 19ko Asanblada Orokorrean UNCTAD deitzeko jardunbide formalari ekin zioten, langai erabili zutela periferiako herrien ekonomia arazoak konpontzeko beharra, ekonomia garapena jasotzeko asmoz. UNCTADen beste konferentziak, lau urtean behin biltzen dira eta, azken urteotan foro multilateral bihurtu dira Ipar-Hegoa harremanak plazaratzeko.

 

Uruguai Erronda

Tokio Erronda 1979. urtean amaitu zen eta ordura arte GATTek izandako bilkurarik garrantzitsuenak izan ziren; baina guztiarekin ere errondak ez zuen lortu aurreko urteetatik arrastaka zetozen arazoak oneratzerik. Besteak beste, ekonomia superpotentzien (EEBB, EB eta Japonia) arteko liskar etengabeak; herri garatuetako nekazaritza eta aberezaintzako sektorerako dirulaguntzak, sektorearen merkataritza distortsionatzen zutelako; periferiako herriekiko tratu diskriminatzaileak; etab.

Gainera, laurogeiko hamarraldiaren erdialdeko ekonomia atzeraldiak izugarri lagundu zuen urte horietako nazioarteko merkatua uzkurtzen eta erdiguneko zein periferiako herrien jokabide protekzionista azkartzen.

Horiek horrela, 1986. urtean GATTek Uruguai Erronda eratu zuen. Erronda 1990 urtearen amaieran bukatzekoa zen, baina hain izan ziren desberdinak herrialde kideen jarrerak eta hain ugariak partaideak, non 1993aren amaiera arte (azken akta orduan izenpetu zen) eta 1994ko apirila arte (Marrakexeko Erronda sinatu zen) atzeratu baitzuten.

 

Euskadi, auzolana