El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Geografia unibertsala»Geografia

Tropiko arteko klimak

Tropiko arteko klimek Cancer tropikoaren eta Capricornus tropikoaren arteko eremu zabala hartzen dute, tenperatura beroak eta homogeneoak izaten dituzte urte osoan zehar, beheko latitudeetan energia handia baitago. Mugak zeharo konbentziozkoak dira, ezinezkoa baita zehatz markatzea, baina klimaren ezaugarriak erdiko eta goiko latitudeetakoen aldean oso bestelakoak dira, nolanahi ere.

Lau klima mota bereizten dira: ekuatorialak, klima tropikal lehorrak eta hezeak, montzoi klimak, eta subtropikal lehorrak.

 

Klima ekuatorialak

Presio apaleko zerrendan edo ekuatoreko presio beheragunean barrena doan eremuari dagozkio, eta ekuatoretik 10° iparraldera eta 15° hegoaldera dauden latitudeen artean daude kokatuta. Tenperaturak oso uniformeak dira klima horietan, hilabeteko eta urteko tenperaturen batez bestekoa 27° izaten da, urtaro batetik bestera ez dute alde handirik izaten, ezta gorabehera handirik ere egunean zehar, hainbat arrazoi direla eta: egunak eta gauak berdintsu irauten dute, ez dute Iparburuko haize hotzen eraginik izaten, eta aireak hezetasun handia izaten du, eta beraz ez da tenperatura aldaketa handirik izaten; Singapurren, adibidez, tenperaturak 2,1° C- ko gorabehera izaten du, eta Manaosen, Amazonasko arroan, 2,3° C-koa. Nolanahi ere, askotan tenperaturak gorabehera gehiago izaten ditu egunean zehar urtean zehar baino; Parako meteorologia estazioan, adibidez, tenperaturak hilabete hotzenaren eta beroenaren artean urte osoan zehar izaten duen gorabehera gradu batekoa izaten da, baina eguerdi aldeko beroaren eta egunsentiko freskuraren arteko gorabehera, berriz, ia zazpi gradu zentigradukoa izaten da.

Eremu hodeitsuak izateak eragin handia du tenperaturak urte osoan zehar ia gorabeherarik ez izate horretan, batez beste bost eta sei okta zeru egoten baitira estalita hilabetero. Eta arrazoi horregatik ez du beroaldiak askorik irauten, ekuatorearen eremu osoan teorian izan litekeen lau mila orduko eguzkialdia baino askoz gutxiago; adibidez, Ekuatoreko Guayaquil hirian eguzkiak 1580 ordutan jotzen du; Macaon ?Txina? 1.850 ordutan; eta Donalan ?Kamerungo kostaldean? 1270 orduko eguzkialdia izaten dute.Euri asko egiten du haizeen konbergentziaren eta konbekzio esaten zaion gertaeraren eraginez: urtean bi mila milimetrotatik gorako euri kopurua, gehienbat ekaitzen bidez, batzuetan ekaitz horiek oso gogorrak izaten direla (kumuloninbo motako hodei handiek sortuak). Klima ekuatorialak hartzen duen eremu osoan eguraldia Tropiko arteko Konbergentzia Eremuaren (TKE) eta urtaroka izaten duten mugimenduaren mende egoten da; nolanahi ere, eguratseko prozesuak berez dira konplexuak. Izate konplexu hori argi eta garbi adierazten du gertaera bera izendatzeko izen asko erabiltzeak, adibidez, Tropiko arteko Konbergentzia Eremua (TKE), Tropiko arteko Elkargunea (TE), Ekuatoreko Presio Beheragunea edo Tropiko arteko Frontea (TF). Konplexutasunak konplexutasun, argi ikusten da Tropiko arteko Konbergentzia Eremua (TKE) itxura askotakoa izaten dela hainbat eragile tarteko ?alisioen egonkortasuna, haien konbergentzia, eta alisioek ekuatoreko aire masekin duten harremana, batez ere kontinenteetako eremuetan?, eta itxura askotasun horrek elkarren oso bestelako eguraldiak sorrarazten ditu. Kasu horietan guztietan hodei multzoak ikusten dira, zelula konbektibo mesoskalikoek edo banakoek eratuak, ozeanoen gainean paraleloetan barrena luzatuak egoten dira, edo bestela sistema guztiz barreiatuak eta dilatatuak eratzen dituzte kontinenteen gainean, eta oso ondo identifikatzen dira sateliteetatik hartzen diren irudietan.

Klima ekuatoriala da nagusi Amazonas eta Kongo ibaien arroetan, Gineako Golkoko eremu askotan eta Ozeano Bareko erdiko eta mendebaleko uharteetan.

Ekuatoreko eskualdeak berezkoa du aldi lehor bat edo bi izatea eta aldi euritsuez bereiztea aldi lehor horiek; aldi euritsuhoriek aldakorrak izaten dira intentsitatez.

Erritmo hori eguzkia bere zenitetik igarotzeari lotu izan zaio betidanik, baina arrazoibide hori ez da guztiz zuzena, batzuetan baizik ez baita lotura hori egiaztatu ahal izan; erritmo hori, funtsean, ekuatoreko presio beheraguneak urtaroka egiten dituen mugimenduek sortua da, baina orobat, eta batez ere, geografia sustratuak gune eragileetan eta aire masetan duen eraginak sortua, era horretara sortzen direlarik elkarren oso bestelako egoerak. Dena den, ekuatoreko presio beheragunetik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta luzeagoa izaten da urtaro lehorra, eta orduan eta hurbilago egoten da klima tropikalen eremua.

 

Klima tropikal lehorrak eta hezeak

Klima ekuatorial oso euritsuen eta klima subtropikal lehorren artean klima tropikal asko daude. Guztiek izaten dituzte urtaro euritsua eta urtaro lehorra txandaka, baina laburragoak dira batzuetan eta luzeagoak besteetan, eta beraz euri kopuruak gorabehera handiak izaten ditu batetik bestera.

Euri kopuruaren gorabehera hori haize alisioen jokoak sortua da, eta aise esplikatzen da, eurialdia udan izaten baita, hain zuzen ere ekuatoreko presio beheragunea Iparbururantz mugitzen denean eta alisioek itsasoko aire masa oso ezegonkorrak mugiarazten dituztenean; urtaro lehorra neguan izaten da, kontinenteko alisioen eraginez, eta antizikloi subtropikalak beheko latitudeetara mugitzen direnean, eguratsari egonkortasuna ematen diotela. Esplikazio horrek ez du eremu batzuetarako baizik balio, eta zerikusia du eguzkiak bere puntu gorenetik behereneraino egiten duen itxurazko mugimenduarekin, baina eskema orokor horrek aldaketak izan ditzake meridianoetako zirkulazioen eraginez, eta orduan arestian aipatu den euri errejimenaren oso bestelako errejimena izaten da nagusi. Adibidez, La Habanako behatokiak (23°ra dago iparraldeko latitudean) eta Honolulukoak (21°ra dago Iparraldeko latitudean) euri errejimen desberdinak dituzte; La Habanan euri gutxiago egiten du urtarrilean eta otsailean, eta hilabete horietan bertan egiten du euri gehien Hawaii uharteetan.

Tenperaturak beroak izaten dira hil guztietan, eta urteko zikloan bi izaten dira tenperatura gorenak eta bi beherenak; tenperatura beheren nagusia eguzki izpien intzidentzia-angelua txikiagoa denean izaten da, eta beste tenperatura beherena, berriz, eurien urtaroan, hodeien eta airearen hezetasun handiaren eraginez. Nolanahi ere, tenperaturak ez du gorabehera handirik izaten urtean zehar, ez baita hamar gradu zentigradutatik gorako aldaketarik izaten.

Kontinenteetako ekialdean eta alde horretako uharteetan aldatu egiten dira arestian aipatu diren ezaugarri horiek, ekialdeko haize ozeaniko eta ezengokorren eragin handia baitute, eta horrenbestez euri asko egiten du urte osoan, klima ekuatorialean gertatzen den bezala; baina euri jasa horiek ez dute jatorri berbera, hil batzuetan ekuatoreko presio beheragunearen mende egoten dira eta gainontzeko hiletan, berriz, alisio hezeen mende. Gertaera horiek guztiak Karibeko kostaldean, Brasilgo hego-ekialdean, Afrikako hegoaldeko ekialdeko kostaldeetan, Indiako ozeanoko uharteetan eta Australiako iparekialdean gertatzen dira. Eskualde horietan mila milimetrotatik gorakoak dira euri kopuruak, alisioek etengabe jotzen dutelako, ekialdeko uhinen perturbazioengatik eta urakanek sorrarazten dituzten ekaitz gogorren eraginez. Hala eta guztiz ere, alisioak dakartzan euriak orografikoak dira izatez eta haizaldeko isurialdeetara joaten dira (haizeak jotzen duen aldera, alegia), haizebeko isurialdeetara joan ordez (haizeak jotzen ez duen aldera, alegia), haizebean euri gutxiago egiten du izan ere, haizeen gerizpean baitago eta aire berolehorrak behera egiten baitu. Hawaii uhartea da disimetria horren adibide garbia; Hiloko behatokian 3.470 milimetro neurtu izan dira, haizeek eragin handia baitute alde horretan, baina Honolulun berriz, kontrako kostaldean alegia, 556 milimetro baizik ez dituzte neurtu.Ozeanoko alisioak eguratsera ekarri ohi duen ezegonkortasunak gero eta indar gutxiago izaten du, zenbat eta mendebaletik ekialderantzago joan, alegia, ozeanoetako ekialdeko erdialdean dauden presio subtropikal handietara zenbat eta gehiago hurbildu, klima orduan eta lehorragoa izaten da, ozeanoaren beste aldeko itsas ertzean ez bezala. Antizikloiaren eraginez airea beheratu izanak tenperaturaren azpikozgoratzea eragiten du ehundaka metroko lodieran; alisioen azpikozgoratzea esaten zaio horri; airearen mugimendu bertikalaren eragozpide gisako bat da azpikozgoratze hori, eta euria eragozten du orobat. Gogoratu beharra dago alisioaren airea ez dela bere masa guztian berdina, azalean airea freskoa baita eta latitude epeletatik etorria, gero eta gehiago berotzen da zenbat eta latitude epelagoetara joan, eta gero eta hezeagoa izaten da ozeanoan barrena zenbat eta aurrerago egin; goiko aldean aire tropikalez dago eratua masa hori, eta presio handien beheratzearen eragina duenez, beroa, lehorra eta egonkorra izaten da; beraz, bi aire mota horien artean geruza azpikozgoratu bat eratzen da, lurrean baino bost eta hamar gradu zentigradu gehiagoko tenperatura izaten duena. Azpikozgoratze maila hori 500 metrotatik behera egoten da antizikloi subtropikalen ekialdeko ertzetan, han airearen beheratze mugimendua handiagoa baita, eta ekuatorerantz joz gero igo egiten da, zenbat eta antizikloiaren eraginpetik gehiago urrundu, eta azkenik desagertu egiten da. Era horretara konbekzioaren eragina areagotu egiten da, hodei sistema gero eta indartsuagoa izaten da, eta euri jasa handiak botarazten ditu ozeanoetako mendebalean.Geruza azpikozgoratu horrek beste ondorio nabarmen bat ere sorrarazten du: tropikoko mendi batzuetan ez du euri kopuru bera egiten gailurrean eta hegalean. Izan ere, mendia alisioaren eten eremua baino garaiagoa denean, mendiaren gailurra lehorra izaten da, eta mendiaren hegalean berriz euri asko egiten du. Gertaera hori aise sumatzen da Kanarietako uhartedian: uharte garaienetan, haize alisioak gora egiten du ipar eta ipar-ekialde isurialdeetan, eta orduan hodeiak eratzen dira azpikozgoratzearen oinarriraino, 900 eta 1.500 metro bitartean; «hodei itsasoa» esaten zaio horri, eta hezetasun handia eta euri ugari eragiten ditu. Maila horretatik gora, aitzitik, eguratsa egonkorra izaten da eta airea lehorra, eta giroa guztiz elkorra izaten da orduan.Okta Eguratseko hodei kopurua oktatan adierazten da; zero oktak zerua oskarbi dagoela esan nahi du, 8 oktak, berriz, zerua hodeiez estalita dagoela.

TKE (Tropiko arteko Konbergentzia Eremua) Antizikloi subtropikalek sortzen dituzten bi hemisferioetako alisioek bat egiten duten lekua; ekuatoreko presio apalak izaten ditu, aireak indar handiz egiten du gora eta horrenbestez, euri jasa handiak izaten dira.

Tropiko arteko konbergentzia hemisferio batean ala bestean kokatzen da, urtaroen arabera, eta eguzkiak tropikoen artean itxuraz egiten duen mugimenduaren arabera orobat.

Paraleloa Latitude bera duten lur azaleko puntu guztien leku geometrikoa.

Sistema mesoskalikoa Sistema mesoskalikoak eskala sinoptikoko perturbazioak baino txikiagoak eta laburragoak dira (bigarren mailako zirkulazio ere esaten zaie, lehen mailako edo zirkulazio nagusitik bereizteko), xehetasun handikoa dute geografiazko eskala, baina haiekin batera eguraldi aldaketa handiak izaten dira. Sistema mesoskalikoa ez ezik, badira sistema meteorologiko mugikorrak, etengabe bilakaeran daudenak, eta iragankorrak, eta perturbazio handiak sortzen dituztenak eguratsean; beraz, eguraldia egunero aldarazten dute igarotzen diren eskualdeetan.Meridianoetako zirkulazioa Haize lasterra meridianoen noranzkoan: iparretik hegora edo hegotik iparrera.

Tenperaturaren azpikozgoratzea Troposferaren egoera jakin bati esaten zaio, non aire geruza jakin bat zenbat eta gorago joan, tenperaturak orduan eta gorago egiten baitu orobat, gradiente adiabatikoaren eraginez behera egin ordez. Azpikozgoratzeak egonkortasuna eragiten du eta goratze oro oztopatzen du, aire geruza «ez ohiko» horrek goranzko difusio oro mugatzen duelarik (gai kutsagarriak, adibidez). Batzuetan, gaueko irradatzeak sortzen du egoera hori ?neguan, antizikloia dagoenean eta zerua oskarbi dagoenean?, eta bestetan, aire bero masa bat aire hotz masa baten gainean zeharretara mugitzeak.

Gradiente adiabatikoa Airea zenbat eta gorago igo, orduan eta gehiago dilatatzen da, eta tenperaturak ere gora egiten du dilatatze horren eraginez: aire asegabean tenperaturak gradu bat egiten du gora ehun metroko eta aire hezean edo asean tenperaturak 0,5° C egiten du gora ehun metroko; nolanahi ere, aireak gora egiten duenekoa da batez besteko teoriko hori, ez ordea behera egiten duenekoa.

Beheratzea Aireak behera egiten du, dena bat eta geldiro, goiko geruzetatik lurraren azaleraino.

Konbekzioa Aireak gora egiten du zehar haizeak lurraren arrasean elkartzen direnean; tropiko arteko konbergentzian gertatzen da gehienbat.

 

Montzoi klimak

Montzoi klimetan euri asko egiten du urtean, baina euri horiek udako hiruzpalau hilabeteetan egiten ditu.

Montzoien eraginpean dauden eremuek izaten dute klima mota hori, eta badute ezaugarri berezi bat: haize alisioen eraginak urtaroak sasoiz aldatzen dituzte, eta euritea eta lehortea txandakatzen dira.

Montzoien nondik norakoa ez da argitzen erraza, aldi berean izaten baitu tenperaturen eragina eta haize dinamikarena, eta orobat elkarren arteko eragina izaten dute itsasoko eta lehorreko gainazalen proportzioak, orografiak, eta latitude tropikaletako eta latitude epeletako egurats zirkulazioak.

Hasteko, lurrak eta itsasoak berotzeko edo hozteko duten ahalmenak ozeanoaren eta kontinentearen arteko tenperatura eta presio gradientea sortzen du.

Horrez gainera, alde batetik, udan Tibeteko goi ordokia asko berotzen da, eta eragin handia izaten du bero iturri gisa, eta, bestetik, Tropiko arteko Konbergentzia Eremua (TKE) India gainean 25° Iparreraino mugitzen da ohi ez bezala; aldi berean, ekialdeko haizeek gogor jotzen dute goialdeko troposferan, haize laster oso indartsu eta norabide jakineko batez, eta haize laster hori Txinako hegoaldeko itsasotik Arabiako hegoalderaino hedatzen da.

Haren eragin dinamikoa erabakigarria izaten da eremu horretako eguraldirako eta klimarako.

Udazkena hasten denean eguraldia aldatu egiten da. Lehenik, ozeanoaren tenperaturaren eta lurraren tenperaturaren arteko aldea gero eta txikiagoa izaten da, eta hegoaldeko haize lasterrak ahuldu egiten dira; bigarrenik, erdiko latitudeetako mendebaleko haizeek hegoalderantz jotzen dute, eta batzuetan Himalaiaren hegoaldeko isurialdean jotzen dute, eta tropikoko zirkulazioa desegiten dute horrela. Goialdean ekialdeko aire-zurrustaren ordez mendebaleko haizeek gogor jotzen dute, eta bi haize lasterretan daude banatuak haize horiek, bata Tibet-Himalaiaren iparraldekoa eta bestea Tibet-Himalaiaren hegoaldekoa; lur azalean, berriz, Siberiako aire hotzeko antizikloiak kontinentearen barrualdea hartzen du. Aldaketa horrekin udako zirkulazio sistema hausten da, eta haizeek iparraldetik edo ipar-ekialdetik jotzen dute. Egoera horrek udaberria arte irauten du. Udan, mendebaleko haizeak iparralderago mugitu eta Himalaiaren hegoaldean jotzen duen haize lasterra gelditzen den bezain laster, berriz hasten da abian ekialdeko ekuatoreko haize-zurrusta, eta orduan hasten da udako montzoia.

Montzoia hastearekin batera, giro freskoaren eta lehortasunaren ordez berotasuna eta hezetasuna nagusitzen dira, eta etengabe egiten du euria.

Montzoien zirkulazioak eragin handiagoa izaten du Indiako ozeanoaren inguruko lurraldeetan, eta gutxiago Asia ekialdean (Txina erdialdean eta Japoniako iparraldean).

Eremu horretatik kanpo, beste eremu batzuetan ere haizeak urtaroka aldaketa handiak izaten ditu, eta horiei ere montzoi klimak esaten zaie. Eskualde bakoitzean klima horiek zeinek bere baldintza eta tankera bereziak dituen arren, oro har, udan ozeanoetako haize-zurrusten eragina izaten dute, eta horiek Saharako eta Arabiako, Indiako ipar-mendebaleko eta Asia erdialdeko presio apalak hartzen dituzte; eta neguan kontinenteetako alisioen aire tropikalezko masen eragina izaten dute, batzuetan alisio horiek tenperatura freskoak izaten dituzte, antizikloiaren erdigunean aire bero masa bat aire hotz masa baten gainean zeharretara mugitzen denean.

Mumbay da klima mota horren adibide adierazgarri bat; ia euri guztia lau hilabetetan egiten du, ekainetik irailera, eta gainontzean oso euri gutxi egiten du; euri jasekin batera izaten diren hodiek tenperatura epeltzen dute, eta, beraz, urteko hilik beroenak maiatzean eta ekainean izaten dira, eta tenperatura gorenak berrogei gradu zentigradutara iristen dira. Neguan, hezetasun gutxi izaten delarik eta haizeek kontinenteen barrualdetik jotzen dutelarik, tenperaturak jaitsi egiten dira eta izotza ere egin dezake.

 

Klima lehorrak

Klima lehorrak ekuatoreetako klima hezeen oso bestelakoak izaten dira, eta kontinenteetako eremuaren ia heren batean dute eragina, oso latitude desberdinetan.Elkortasun handia dute klima lehorrek ezaugarri nagusia, oso euri gutxi egiteaz gainera, lurruntze handia izaten baita, eta beraz, ura oso urri izaten da urte osoan.

Euri urritasun horrek baditu hainbat arrazoi: lehenik, antizikloi indartsuen eraginez airearen beheratze handia izaten delako; bigarren, airea egonkor egoten delako itsasoko ur laster hotzekin bat egiten duenean; hirugarren, kontinentalitatearen eraginez; eta azkenik, mendietan aireak izaten duen beheratzeagatik, mendiek euria dakarten haize laster eragin handikoetatik gerizatzen baitute eremu elkorra. Klima lehorrak bai latitude tropikaletan ?klima lehor negurik gabeak diren lekuetan? eta bai latitude epeletan ?sasoi hotz oso nabarmen bat izaten dutenetan? izaten dira. Bi azpimota bereizten dira beraz.

 

Klima tropikal lehorrak

Cancer eta Capricornus tropikoen inguruko antizikloi gune zabalekin dute zerikusia, eta gune horien iraunkortasunak eta jarraitasunak munduko basamorturik handienak sortzen ditu: Sahara, Arabia, Iran, Kalahari eta Australiako eremu handi bat. Presio handien baitan izaten den egonkortasunak eta beheratzeak beroaldi handiak, airearen lehortasun ikaragarria, tenperatura beroak eta euri urritasuna eragiten ditu.

Argi bizia, ia itsutzeko modukoa, du ezaugarri nagusia basamortu tropikaleko paisajeak. Alde batetik eguzkiak ordu askoz jotzearen ondorioa izaten da, teorian gehienez irits daitekeen eguzkialdiaren ehuneko laurogeita hamarrekoa izaten baita maiz, 3.500etik 4.000 bat ordutan jotzen du eguzkiak urtean, alegia; horrez gainera, airea oso-oso lehorra egoten da, haren hezetasun erlatiboa ehuneko berrogeita hamar baino txikiagoa izaten da, kostaldeetan izan ezik, eta batzuetan ehuneko hamarrekoa ere bai. Giro lehor horretan lurruntzea oso handia da ?Assuango urtegian lau mila milimetrokoa urtean?, eta lurruntze hori areagotu egiten du halako egonkortasun bat izaten duten haizeen eragin lehorgarriak, nola diren, adibidez, Sahara hegoaldeko harmattana, Magrebeko sirokoa eta Arabiako simuna. Tenperatura gorabeherak arinduko dituen lurrunik, ez hodeirik ez dagoenez, tenperaturek batbateko aldaketak izaten dituzte egunean zehar, eta hogeita hamar gradu zentigradutarainoko aldea ere egon daiteke egunetik gauera; urtaroen arteko aldea ere oso handia izaten da, tenperatura gorenak berrogeita hamar gradu zentigradukoak dira udan, eta beherenak, berriz, zero gradukoak neguan. Bestalde, oso euri gutxi egiten du, 250 milimetro baino gutxiago,eta basamortu latzenetan ez da ehun milimetrotara iristen, eta euriak oso irregularrak izaten dira gainera, bai denboraz eta bai lekuz. Bestalde, euria egiten duenean, zaparrada gogor samarrak eta laburrak izaten dira, ekuatoreko norabidean mota tropikalekoak, eremu epeleko mugetan, berriz, fronteren batek sortuak. Baldintza horiek guztiak biltzen dira Assuanen, Egiptoko Saharan, euri kopurua batez beste ezin sumatuzkoa izaten baita, milimetro batekoa, eta maiz gertatzen da urte askotan euririk ez egitea; horren ordez, eguzkialdia oso luzea da, 3.600 ordutik gora jotzen du eguzkiak urtean, eta hilabete beroenetan tenperatura gorenak berrogeita bost gradutatik gorakoak izaten dira.

 

Itsasbazterreko basamortuak

Basamortu beroen artean itsasbazterretako basamortuak oso kasu berezia dira, kontinenteetako mendebaleko kostaldeetan daude kokatuak basamortu horiek, eta hango lehortasuna ozeanoetako antizikloietako ekialdeko ertzetan izaten den beheratzeak sortua izaten da, besteak beste, bai eta ozeanoetako ur laster hotzek ere, uraren azala ukitzean egonkortasuna ematen baitiote aireari. Hori gertatzen da, adibidez, Txileko Atacama basamortuan, Humboldt ur lasterraren eraginez; Namibiako basamortuan Benguelako ur lasterraren eraginez, eta Kaliforniako eta Marokoko kostaldeko basamortuetan, Kaliforniako ur lasterraren eragina baitu lehenak eta Kanarietakoak besteak; basamortu horiek guztiak eremu tropikalaren baitan daude oro har, baina latitude oso desberdinetan, eta elkortasun maila ere oso desberdina dute. Ekialdean ez da basamorturik eratzen ozeanoetako alisioen eraginez.

Ozeanoa gertu egoteak airearen hezetasuna gehitzen du klima horietan, baina ez du euri askorik egiten, laino ugari izaten da ordea; tenperaturak gorabehera handiak izaten ditu, baina ez da izozterik eta tenperatura oso berorik izaten.

Ezaugarri horiek argi eta garbi sumatzen dira Txile eta Peruko kostaldean, 6° paralelotik 30° paralelorako bitartea oso lehorra izaten baita. Hala, Liman urte osoko hezetasun erlatiboa %86koa da, baina euri kopurua aldiz 36 milimetrokoa baizik ez da.

 

Basamortu hotzak

Basamortu hotzak latitude ertainetan egoten dira, kontinenteen barrualdeetan, mendebaleko haizeen eraginetik urrun.

Hainbat gertaerek batera izaten duten eraginezsortuak dira: eguratsaren egonkortasuna presio subtropikal handien eragina duten eremuetan; mendikateek haize hezeen aurrean ematen duten babesa, eta, batez ere, kontinentalitate efektua, gero eta gehiago ahultzen baititu perturbazioak eta hezetasuna galarazten baitie. Asian eremu zabala hartzen dute basamortu hotzek, Iranetik Mantxuriaraino, eta Ameriketan meridianoen noranzkoan luzatzen dira, Mendi Harritsuen eta Andeen haizebean, Arro Handiko edo Patagoniako basamortuak esate baterako. Euri gutxi egiten du beti eta oso era irregularrean gainera, eta tenperaturak eremu kontinentalak ohi dituen berak dira; eguratsaren lehortasun iraunkorraren eraginez, neguak oso hotzak izaten dira, eta udak oso beroak, eta guztizko aldea izaten da tenperatura gorenetik beherenetara, baita laurogeita hamar gradu zentigradotatik gorakoa ere batzuetan.Eremu elkorren artean itsas ertzeko basamortuak dira inondik ere berezienak. Prozesu multzo batek sortzen du eremu horiek berezkoa duten elkortasun handia: besteak beste, presio subtropikal handien hurbiltasunak eta babes efektuak. Hala ere, lehorte handi hori ez da gehienbat gertaera horiek sortua, itsasoko ur laster hotzek baizik.

Basamortu horien artean bereziena Guayaquileko badiaren hegoaldean hasi eta, Peru eta Txileko kostaldean barrena, 2.800 kilometro luze dena da, horregatik frantses geografoek Peruko klima esaten diote. Batik bat Humboldt ur lasterraren eraginez da lur zerrenda hori hain elkorra.

Espainiar kolonizatzaileak ohartuta zeuden basamortu horren berezitasunaz. Euri gutxi egiteak ez du esan nahi basamortu horretan zerua oskarbi dagoenik eta eguzkialdi luzeak izaten direnik. Tropikoko itsas aireak bat egiten duenean Humboldt ur lasterreko urekin ihintz puntua iristen du eta lurralde hartan ohikoak diren Garúa, Coquimbo eta Camanchaca derizten behe lainoak sortzen dira; hezetasun erlatiboa handia denez, ihintz forman kondentsatzen dira laino horiek eta euritan baino ur gehiago lurreratzen da horrela.

Txileko eta Peruko basamortuaren hegoaldean euriak neguan izaten dira, eta basamortu horren iparraldean, berriz, udan; iparraldean hain zuzen euritarako baldintza egokiak izaten dira batzuetan, Niño-ren kontrako ur lasterra beroko urak nagusitzen direnean Humboldt ur lasterraren ordez.Patagonian, mendebaleko haize lasterra «zonda» izeneko haize katabatiko bihurtzen da Ande mendiak zeharkatu ondoren, eta Föehn efektuaren eragina izaten du.

Andeetako oztopo horren eraginez, alde handia egoten da euri kopuruan Txileko lurren eta Patagoniako estepen artean.Haize katabatikoa Haize leun baten modukoa da, beheralderantz egiten du isurialde jakin batean, oso lasterra da eta gutxi irauten du; grabitateak aire masa oso trinko baten maldan eragiten duen efektuak sortua da, zeharo hozten baita, antizikloiak sortutako barealdietan.Föehn efektua Mendi baten haizebean sortzen den efektua.

Haize laster heze batek mendi horren haizaldean gora egin eta hozte adiabatikoaren eraginez kondentsatzen denean gelditasunezko hodeiak eta euriak sortzen ditu: adiabatiko hezearen gradientearen arabera hozten da (0,5 gradu zentigradu ehun metroko).

Hezetasun guztia galdu duenean, airea haizebera jaisten da, eta adiabatiko lehorraren arabera berotzen da (gradu zentigradu bat ehun metroko, alegia), haize katabatiko bero eta lehorgarri baten gisara.

 

Euskadi, auzolana