El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Geografia unibertsala»Geografia

Ilargia

Ilargi betea, Apollo XI-tik ikusita.<br><br>

Ilargia da unibertsoan Lurretik hurbilen dagoen argizagia. Oso erraz behatzen eta ikusten da, ia atmosferarik ez duelako, eta horrexegatik garbi-garbi ageri dira Ilargiaren azaleko gorabehera guztiak.

Hurbiltasun eta auzokotasun horrexegatik agian, antzinako kultura guztietan gurtu izan da Ilargia, izaki misterioz betetzat: sumeriarrek, egiptoarrek, grekoek? adoratu zuten. Gure egunotaraino Ilargiak, edo Ilargi aldiek, beren arauzkotasun finkoaz, eman dute legea hilabetea eta astea neurtzeko, eta haietan finkatu ziren gizonak asmatu zituen lehenengo egutegiak ere.Ilargiaren hurbiltasunak eta ikusterraztasunak egin dute argizagi hori milaka urtetan zeruko gauzaki astronomiko behatuena eta aztertuena. Grekoek, gure aroa baino lehenago, berariazko saioak egin zituzten Ilargiaren neurriak ezagutzeko, LurretikIlargiraino dagoen distantzia neurtzeko, eta haren itxurazko mugimenduak arautzen zituzten legeak argitzeko. Teleskopioa asmatu zenetik aurrera (XVII. mendearen hasieran), aukera handiak izan ziren Ilargiaren azala eta haren ezaugarri fisikoakaztertzeko. XVIII. mendean Newtonek Ilargiaren mugimendua, mugimendu horretan eragina duten faktoreak, eta Ilargiak Lurrean duen eragina azaldu zituen, haren eraginaren adierazpen nabarmena diren itsasaldiak batez ere. Espaziorako ontziak hasi zirenetik, gero eta zehazkiago ezagutu ahal izan da, eta Apolo 11rekin gizonak lehendabiziko aldiz Ilargia zapaldu zuenez gero, are gehiago bizkortu da ezagutza hori; gaur egun aski zehatz deskriba daiteke Ilargiaren barne egitura, eta nahiko ongi ezagutzen dira haren bilakaeraren aldi nagusiak.

Ezagutza horiek guztiak gorabehera, ordea, Ilargiaren jatorria misterio eta ezezagun da oraindik zientzialarientzat, eta galdera handi asko dago oraindik ere Ilargiari buruz argitu gabe: Lurraren zati bat da? Lurraren erakarpenak harrapatutako argizari bat ote? Lurraren inguruko materiaren akrezioz osatua ote da? Ilargia, bere 3.473 kilometroko diametroarekin, Eguzki sistemako seigarren sateliterik handiena da, baina Pluton planeta urruna baino handiagoa da, izatez. Dentsitatea (3,3 g/cm 3 ) Lurrarena (5,5 g/cm 3 ) baino askoz txikiagoa du; horrexegatik hain zuzen, Ilargiaren azalean Lurraren azalean baino sei aldiz txikiagoa da grabitatea. Eta ia atmosferarik batere ez duenez, azaleko hotz-beroak 107°C-tik (egunez) -173°C-ra (gauez) bitartekoak dira.

 

Ilargiaren jatorria

Hiru hipotesi proposatu dira Ilargiaren jatorria azaltzeko: fisioarena, atzipenarena eta akrezioarena.

Fisioa proposatzen duen teoriaren arabera, hasieran Lurrak izan zuen biratze bizkorrean hartatik askatutako puska bat izango litzateke Ilargia. Hipotesi hori ordea, ezin adostu daiteke Lurraren eta Ilargiaren osaketa kimikoak berdinak ez izatearekin, burdina eta gai hegaskor askoz ere gehiago baitu Lurrak Ilargiak baino. Hasierako biratze bizkor hori ezin adostuzkoa litzateke, gainera, momentu zinetikoaren kontserbazioaren legearekin.

Ilargiaren atzitzearen teoriaren arabera, Ilargia Lurraren hurbiletik igarotzean haren grabitazio eremuak harrapatutako argizagi bat da. Hipotesi honek aise azal dezake zergatik ez diren berdinak Lurraren eta Ilargiaren osaketa kimikoak; baina inoiz horrelako atzitzerik gertatu izateko oso txikia da probabilitatea, eta dinamikaren ikuspegitik ezin adostuzkoa da, gainera, argi eta garbi.

Ilargiaren atzitze hori gertatu ahal izateko arras gelditu beharra legoke harenlastertasuna, haren orbita, berez eliptikoa izango litzatekeena, zirkular bihur ledin. Ez dago, ordea, horrelako gertaera batek izateko beharko lukeen energia eralgitze ikaragarriaren zer eta nolakoak azalduko lituzkeen mekanismorik.

Akrezioaren edo itsaspenaren hipotesiaren arabera, Lurraren inguruan biraka zebilen hautsez osatua bide da Ilargia. Hipotesi horrek, ordea, ez du azaltzen zergatik den desberdina Lurraren eta Ilargiaren osaketa kimikoa.

Gaur egun zientzialariek dituzten datuetan oinarrituta, orain arte proposatu diren hipotesietatik batek ere ez du Ilargiaren sorreraren azalpen koherenterik eman ahal izan. Edozeinetara ere, badirudi Lurraren inguruko orbita batean espazioko gaien akrezioa gertatu izanaren aldaeraren bat izan daitekeela gauzak ongien azal litzakeen hipotesia. Lurraren eta Ilargiaren desberdintasun kimikoen arazoa hor dago ordea, eta, horrenbestez, Ilargiaren sorrerako akrezioan bildu ziren gaien jatorria argitu beharra dakar. Hori guztia ezkutuan dago oraindik planetologoentzat.

 

Ilargiaren bilakaera

Ilargia orain dela 4.600 milioi urte sortu zen, gainerako planeta guztiak bezala.

Planeta arteko nebulosa osatzen duten hautsa eta gorpuzkiak metatuz osatua da.

Gauzaki edo harri horiek elkar jotzen zutenean, lastertasun handiz egiten zuten elkarrekin talka, eta horien energia zinetikoa bero bihurtzen zen talka horietan.

Ilargia handituz zihoan ahala, beste horrenbestean handitzen zen energia hori; eta, hala, akrezioan askatzen zen berohorrek 400 km-taraino urtu du gutxienez Ilargia.

Magma geruza lodi hori hoztu ahala, kristalizazioak gertatu dira bertan. Mea gairik trinkoenak (burdina eta magnesiodunak) magma itsaso horren hondoraino erortzen ziren; mea gairik arinenak, berriz, gainean geratzen ziren, eta era horretara kontinenteen azala eratu zuten, anortositak alegia (kaltzioa eta aluminioa dute batez ere).

Geruzen bereizkuntza hori orain dela 4.600-4.400 milioi urte gertatu zen, meteorito jasa gertatzen ari zen garaian (horixe baita, hain zuzen, akrezio aldiaren amaieraren froga, eta horixe akrezio gehieneko aldia ere). Meteorito bonbardaketa hori orain dela 3.800 milioi urte bukatu zen, eta erabat moldatu zuen kontinenteen azala.

Meteorito talkaz eratutako Ilargiko arrorik handienak, hain zuzen, talka aldi horren bukaera aldekoak dira, eta horietan aurkitzen dira, aurkitu ere, KREEP noritak (K potasioarena, REE, Rare Earth Elements izenetik hartua, Lurrean gai horiek oso bakan direlako alegia, eta P fosfatoarena), lehen aipatu den geruza bereizkuntza aldiko sumendi jardueraren azken eztanda aldiari dagozkionak.

Aldi horretan zehar Ilargia berotuz joan zen geldiro-geldiro, bere gai erradioaktiboen (uranio, torio, potasio 400) desintegrazio nuklearraren ondorioz. Orain dela 3.800 milioi urte fusio partzial ahul samar bat izan zen, mila milioi urte inguruz; fusio horren ondorioz basaltoa azaleratu eta zabaldu zen, eta Ilargiko itsasoak eratu ziren.

Geroago berriro hoztu zen Ilargia, eta ez zuen bestelako jardunik izan orain dela 2.500 milioi urte ingurura arte, meteorito talkaz sortutako krater bakan batzuk eta lurrikara ahul batzuk salbu.

 

Itsasoak, kontinenteak eta kraterrak

Ilargiari begi hutsez begiratzen baldin bazaio, orban ilunak ikusten dira, inguruan leku argiagoak dituztela. Teleskopioz begiratzen bada, garbi ikusten da orban ilun horiek ordoki zabalak direla eta meteorito talkaz eratutako krater gutxiago dela horietan bestetan baino. «Itsaso» deitzen zaie orban horiei. Argiuneak, berriz, guztiz menditsuak dira, eta kraterrez josi-josita daude guztiak; «lur» edo «kontinente» deitzen zaie leku horiei.

Kontinenteek Ilargiaren azalaren ehuneko 70 hartzen dute; guztiz erliebe nahasia dute, meteoritoen talkaz eratutako krater eta arro nahaste bat balira bezala. Krater horiekdira, zalantzarik gabe, Ilargiaren ezaugarri morfologikorik behinena, arro horietako batzuek 1.000 kilometrotarainoko diametroa ere izaten baitute. Krater horien jatorria eztabaidagai handia izan zen luzaro.

Batzuen iritzian sumendiek eginak ziren, beste batzuen iritzian berriz, meteorito talkaz sortuak. Gaur egun gauza segurutzat ematen da meteorito talkaz sortuak direla krater horietako gehienak. Kontinenteak osatzen dituzten gaiak haitz arinak (anortosita deituak) dira batez ere, eta, proportzio txikiagoan, KREEP noritak (hauek ematen diete kolore argia). Haitz horien erradioaktibitatean oinarritutako metodoak erabiliz haitzen adina ezagutu ahal izan da; hala, 4.600-4.400 bitarteko adina finkatu ahal izan da, lehen esan bezala; kontinenteetako kraterren sorrera, berriz, Ilargiaren sorreratik bertatik orain dela 3.800 milioi urte ingurura arte luzatzen da; data horietatik hona ez da kontinente berriagorik aurkitu.Itsasoek Ilargiaren azalaren ehuneko 30 hartzen dute; Ilargiak Lur aldera duen aldean daude denak; orban ilun biribil antzeko gisa ikusten dira Lurretik. Morfologiaz leunak dira; oso krater gutxi dituzte meteorito talkaz eratuak. Itsaso hauek Ilargiaren lekurik beherenetan daude, eta badirudi kater eta arro sailak estaltzen dituztela (horregatik dira, hain zuzen, biribil samarrak); zenbaitetan uharte gisakoak dituzte zabaldiaren mailatik gora irtenak.

Ezaugarri horiek direla eta, hain zuzen, eta jatorri bolkanikozko egitura asko daudelako, pentsa daiteke galdaz osatuak direla itsaso horiek, eta galda hori, behereneko lekuak estalirik, gogortu zela. Badirudi Ilargitik ekarritako erakusgarrien analisiak on egin duela hipotesi hori. Ilargiko itsasoak basaltozko labaz osatuak dira, izan ere; 8 km-tarainoko loditasuna izan dezakete, eta 1.000 km-tarainoko isuriak ere badira inoiz.

Orain dela 3.700-3.000 urte bitartean koka daitekeen sumendi aldi baten ondorioa dira, itxura denez, basalto horiek.

Ondoriotzat atera daiteke, bada, kontinenteak, kraterrez josiak, zaharragoak direla, argi eta garbi, itsasoak baino, itsasoetan, hain zuzen, meteorito talken askoz ere aztarren gutxiago baitago kontinenteetan baino. Horregatik, bada, gaur egun zientziak dituen ezagutzetatik ondorioz atera daiteke zuzeneko erlazioa dagoela eremu baten adinaren eta hartan den krater kopuruaren artean: zenbat eta krater gehiago, eremua zaharrago. Erlazio hori ongi zehaztu ahal izan da Ilargirako, hara bidalitako espedizioetatik (Apolo 11, Apolo 17, etab.) ekarri diren erakusgarriei esker, eta Eguzki sistemako beste argizagi batzuetako azalaren adin erlatiboa ezagutzeko erabiltzen da, Marte, Merkurio, Artizarra edo Jupiter eta Saturnoren planeta erraldoien azalarena ezagutzeko, adibidez.

 

Barne egitura

Ilargia Lurraren inguruan dabil biraka; 27,32 egun behar ditu bira osoa egiteko.

Lurraren eta Ilargiaren arteko batez besteko distantzia 384.317,2 km-koa da zehatz.

Harrigarria da K.a. II. mendean Hiparko Nizeakoak distantzia hori neurtu eta 384.000 km-koa zela baieztatu izana. Ilargiak Lurraren inguruan duen translazio mugimendua aski konplexua da izatez, Lurraren eta Eguzkiaren grabitazio erakarmenek Ilargiaren mugimenduetan eragiten dituzten gorabeherengatik. Ilargiak errotazio zuzeneko mugimendua du gainera, bere biraketa mugimenduarekin zehazkibat datorrena. Errotazio gatibu esaten zaion gertaera horrek, hain zuzen, bi ondorio nabarmen ditu: alde batetik Ilargiak alde bera erakusten dio beti Lurrari, hemisferio bera alegia, eta bestetik Ilargiaren «egunak» eta «urteak» luzera bera dute, Lurreko 23,32 egun hain zehatz.

Ilargiaren errotazio horren eragin ikusgarriena Lurreko itsasaldiak dira. Grabitazio unibertsalaren legeak agintzen duenaren arabera, bi masa aurrez aurre jarriek, bereizten dituen distantziaren koadroaren alderantzizkoaren arabera erakartzen dute elkar. Ilargiak Lurrari eragiten dion indar horrek gorarazten du itsasoa; horretan Eguzkiak ere badu eragina, jakina.

Ilargiak Lurrean itsasaldiak eragiten dituen bezalaxe, lurrak ere eragiten ditu «itsasaldiak» Ilargian. Ilargiko itsasaldi horien eragin nagusia haren barrenean gertatzen diren ikarak dira, seismoak alegia. Ilargiaren ikaraldi horietan oinarrituta, eta haren grabitazio eremua aztertuz, Ilargiaren barne egitura ezagutu ahal izan da. Izan ere, seismo uhinen zabaltze lastertasuna uhinak igarotzen duen gaiaren ezaugarrien eta haien tenperaturaren araberakoa da. Lurraren grabitazio eremuan gertatzen diren gorabeherak aztertuz, Ilargiaren barrenean masak nola banatzen diren aztertu ahal izan da, eta era horretara bildutako datu guztietan oinarrituz argizagi haren barne egituraren eredu bat eratu eta finkatu ahal izan da orobat. Horretarako guztiz mesedegarrriak izan dira Apolo programaren garaian Ilargian utzi ziren eta hamar urte inguruz martxan egon diren sismografoek bidalitako datuak. Azalera agertzen den geruza, anortositaz osatua, kontinenteak alegia, basaltoz estalita dago han eta hemen (itsasoak). Azal-azaleko geruza (10 m inguru lodi), Ilargiko erregolito deitua, meteoriko talkaz xehetutako geruza da.

Ilargi azalaren loditasuna 50 km-tik (Lurrari begira duen aldean), 100 km-tarainokoa da (ikusten ez den aldean). Mantua Lurrekoaren antzekoa da osagaiez (peridotoz osatua), eta eten bat du 1.000 km inguruko sakontasunean. Gaineko mantua hotzago dago eta zurrunagoa da azpikoa baino. Ilargian gertatzen diren ikara gehienen fokoak geruzen arteko eten horretantxe aurkitzen dira. Ilargiak eremu magnetikorik ez duenez, uste izatekoa da, Ilargiak erdigunerik badu, oso metal gutxi izango duela gune horretan.Ilargiaren jatorriari buruzko hiru teorien azalpen grafikoa.

 

Euskadi, auzolana