El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Historia»Egungo aroa

Iparraldea XX. mendean

Aintzina egunkariaren 1937ko martxoko ale baten lehen orrialdea.<br><br>

Iparraldeak oso kontserbadorea izaten jarraitu zuen XX. mendean.

Jean Ybarnegaray ?kolaborazionista, Pétainen aldekoa?, izan zen Ipar Euskal Herriko politikari garrantzitsuenetako bat. Mendean zehar Frantziako errealitatearen bilakaera bizi izan zuen Iparraldeak, Alemaniaren aurkako bi gerrak barne zirela. Frantziaren esperientzia berberak bizitzearekin batera, frantses akulturazio prozesuak ere aurrera egin zuen, jatorrizko nortasun ezaugarrien kaltetan. Horiei eutsi nahirik, zenbait ekimen ere sortu ziren, kultura arlokoak lehenik, politika alorrekoak gero, arrakasta desberdinarekin. Ameriketarako emigrazioak ere aurrera jarraitu zuen, nahiz eta aurreko mendeko mailarik izan ez. Ekonomia, bestalde, hazi eta sektoreka dibertsifikatu zen arren, ez zen behar adina garatu. Hala, XX. mendeko azken hamarraldietan, alde handia somatzen da Hego Euskal Herri industrializatu, jendetsu eta dinamikoaren eta autonomia gabeko, jende gutxiko eta ekonomia makaleko Iparraldearen artean.

 

Lehen Mundu Gerra eta gerra arteko kontserbadurismoa

Ipar Euskal Herrian, Europako parte handi batean bezala, Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) markatu zituen XX. mendeko lehen urteak. 1914ko abuztuaren 3an Alemania inperialak gerra deklaratu zion Frantziari.

Bi egun lehenago, herria mobilizatzeko agindua eman zuen Frantziako lehendakariak, Raymond Poincarék, Frantzisko Fernando Habsburgokoa Sarajevon hil zutenean sorturiko nazioarteko krisia zela-eta, gerra ezinbestean piztuko zelakoan. Nolanahi ere, gerra ustekabean gaineratu zitzaion Frantzia osoari, eta hoztasunez hartu zuten herritarrek abuztuaren 1eko mobilizazio agindua. Mobilizazioaren kontrako agerraldiak ere izan ziren, sozialistek eta sindikalistek eraginak (36 departamendutan), baina ez garrantzitsuak, eta berehala amaitu ziren. Gudarostea arazorik gabe antolatu zen; soldadu euskaldun asko izan zen tartean, Baiona, Tarbe, Paue, Mont-de- Marsan eta Bordeleko errejimentuetakoak.

Baina ez zen horretan bakarrik sumatu Iparraldean gerra. Herritarrek ere bete-beteanjasan zituzten gerraren ondorioak: Frantzia osoan bezala Iparraldean ere jende asko ?6.000 inguru? hil zen, beste askok desertore alde egin zuten edota Ameriketara emigratu.

Emigratzaile horietako gehienak joandako herrian etxekotu ziren, ez ziren jadasorlekura itzuli; hala ere beren ohiturak eta hizkuntza gorde zituzten.

1918an, aliatuen garaipenak joera ultrakontserbadorearen nagusitasuna areagotzea ekarri zuen Iparraldean. 1919ko hauteskundeek Frantziako eskuin nazionalistari eman zioten garaipena; Iparraldean garaztar legegizon eta soldadu ohi bat ?eskuin tradizional katolikoaren defenditzaile sutsua bera? zen eskuinaren buruzagi nagusia: Jean Ybarnegaray. Orduz geroztik bera atera zen garaile bi gerren arteko bozketa guztietan, eta erabateko nagusitasuna izan zuen Iparraldeko gizarte bizimoduan eta politikan.

Hauteskundeetako emaitzetan oso argi ikusten da: 1928ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoen %88 lortu zuen, 1932koetan %82, eta 1936koetan %85,5.

Hain zuzen ere, azkeneko hauteskunde horiek Frantziako gainerako tokietan Herri Fronteko ezkerreko koalizioak ?komunistek, sozialistek eta erradikalek 1934-1935 artean osatuak? aise irabazten zituen artean, hiru diputatu eskuindar aukeratu ziren Iparraldean: Delazangles, Coral eta Ibarnegaray.

Iparraldeko kontserbadore eta katolikoen babesleku hura, nabarmen kontrajartzen zitzaion Frantziako beste tokietan ezkerrak zuen hazkunde geldiezinari; ezkerrak garaipen sonatuak izan zituen Frantzian 1932tik aurrera, batez ere langile munduan, erdi mailako behe klaseetan, eta, hegoaldean, baita nekazarien artean ere.

Ibarnegarayk euskal Iparraldean izan zuen eragin politikoa 1944 arte heldu zen; urte hartan, ministro izan zen Pétainen gobernuan.

Giro kontserbatzaile horretan, ahots desberdin bakar bat sortu zen, Pierre Broussainena (1869-1920). Hazparnetarra zen Broussain, sendagilea ogibidez, eta euskal kulturaren oso zalea, euskaltzalea batez ere; ideia politikoengatik da aipagarria, baina, batez ere, bere garaikoekin bat ez zetorrelako.

Sabino Aranaren diskurtsu politikoak erakarrita ?gutun bidezko harreman handia izan zuten?, euskal nazionalismoaren aitzindari izan zen Iparraldean. Oso gazte hil zelarik, ezin izan zituen bere asmoak bete ?alderdi eta egunkari abertzaleak sortu nahi zituen?, ezta bere herriko lehen mugimendu euskaltzalea ezagutu ere, eskualerriste higikundearen eskutik sortu zena.

 

Euskal kultura XX. mendean

Euskal kulturari dagokionez, itxaropentsua izan zen XX. mendearen hasiera.

1901eko irailaren 16an Baskologia biltzar bat egin zen Hendaian, euskal ortografiaren batasunaren inguruan. 44 biltzarkidek parte hartu zuten, haietarik 22 Hegoaldekoak.

Biltzarraren aurreneko emaitza batzorde iraunkor bat antolatzea izan zen, Gratien Adéma (Zalduby) elizgizona zela lehendakari, Arturo Campión eta Sabino AranaGoiri lehendakariorde, Guilbeau idazkari eta Hiriart diruzain. 1902an bildu zen berriz Biltzarra, baina beste egoitza batean, Hondarribian. Adostasun falta zela-eta, ez zen iritsi ortografiaren batasunaren helburua, baina, ondorio gisa, bi erakunde antolatu ziren euskararen zaintza eta zabalkunderako: Iparralderako bata, Eskualzaleen Biltzarra, eta Hegoalderako bestea, Euskal Esnalea. Lehena 1901eko irailaren 16an sortu zen, baina urte bete pasa arte ez zen antolatu. 1902ko irailean onartu ziren estatutuak, eta hautatu zen zuzendari batzorde bat: Arana Goiri lehendakariorde izendatu zuten ?handik gutxira hilko zen?, Daranatz idazkari, eta Arbelbide, Azkue, Broussain, Guerra, Legaz eta Mújica aholkulari.

Prentsak oso paper garrantzisua jokatu du Iparraldean XX. mendeko euskal kulturaren hazkundean. Lehenik, Eskualduna aipatu behar da, mendearen lehen erdiko egunkari garrantzitsuena. Baionan sortu zuten 1887an, eta zuzendari izan zituen, hurrenez hurren, II. Mundu Gerran desagertu zen arte, Hiriart Urruty elizgizona, Blaise Adema, Soubelet elizgizona eta Arozarena abadea. Eskualduna-ren ideologia hain zen kontserbadorea ?erlijioa eta euskal izaeraren defentsa egin, eta gizarte arkaismoarekin lotzen zituen?, non Francoren alde egin baitzuen 1936an, eta Vichyko errejimenaren alde 1940-1944 bitartean.

Baina garrantzitsua izan zen euskal literaturan, frantsesez eta euskaraz idatzia baitzegoen: poesia (Zalduby), kontakizunak eta folklorea (Jean Barbier), zientzia gaiak (Etxepare), politikoak (Hiriart Urruty), eta abar argitaratu ziren. Era berean, garrantzitsua izan zen Gure Herria aldizkariaren ekarria (1921); gai nagusiak literatura eta folklorea zituen, eta jende askok irakurtzen zuen. Jean Saint-Pierreren zuzendaritzapean, idazle asko bildu zituen: Moulier (Oxobi),Blazy, Elissalde (Zerbitari), Barbier, Dassance, Dufau anaiak, Apesteguy, eta abar. Almanakak ere sortu ziren, hala nola Jean Etxepareren Euskaldun laborariaren almanaka, Gazte, Echea, eta baita beste aldizkari batzuk ere. Argitalpen horiek denek bizirik jarraitzen lagundu zioten euskarari, baina jendeak gero eta gutxiago erabiltzen zuen.

Hirugarren Errepublikak erabat baztertu zuen euskara irakaskuntzatik, eta eskolatik kanpo ere eraso zion. XIX. mendearen amaieran, Wentworth Websterren ustez, 140.000 lagun inguru mintzatzen zen euskaraz Iparraldean; XX. mendean, eta biztanleria ugaldu den arren, behera egin du kopuru horrek. 1980ko hamarraldiaren hasieran ?G. Viersen arabera? biztanleria osoaren %29 ziren euskaldun: ia 67.000 lagun, 228.000 biztanleetatik. XX. mendean, frantsesezko katekesia zabaldu zenean ?erabakiorra zen katekesia tradizio katoliko sendoko herri batean?, eta, geroago, telebista etxeetara iritsi zenean, areagotu egin zen frantses kulturaren zabalkundea Iparraldean.

Deixonne legea onartu zenean 1951n, bazirudien aldatu egingo zela frantses estatuak XIX. mendeaz geroztik euskara eta beste hizkuntza gutxituei buruz zuen jarrera, euskara, bretoiera, okzitaniera eta katalanaren irakaskuntza zilegitzen baitzuen lege hark. Baina Deixonne legea ez zen inoiz aplikatu, hartan gogotik ahalegindu arren legea axola zitzaien eskualdeetako parlamentarioak. Euskal kulturaren erakunde zaharrenak, Euskalzaleen Biltzarrak, euskararen aldeko borrokan jarraitu behar izan zuen. Hartara, Ikas elkartea sortu zuen 1959an, Conseil National de Défense des Langues et Cultures Régionales erakundean txertatua ?D.P.L.F. (Défense et Promotion des Langues de France) izenaz ezagutuko zen gero?, eta kultura erakunde paretsuak biltzen zituena, bretoiak, okzitaniarrak, sardiniarrak, katalanak, alsaziarrak eta euskaldunak.

1971ko irailean, Guichard zirkularraren bitartez, eskualdeetako hizkuntzen irakaskuntza baimendu zen, astean hiru orduz, batxilergoaren aurreko azken hiru ikasturteetan.

Ikas-ek plangintza haren alde egin zuen, baina arazoak izan ziren eskolak antolatzeko, irakasle falta zela-eta.

1969an fundatu zen Baionan Iparraldeko lehen ikastola. Pixkana-pixkana beste batzuk sortu ziren gero, itsasaldeko hiriguneetan gehienak ?hau da, euskara galduen zegoen lekuetan?, ikasleen gurasoek mantendutako eskola pribatu modura, eta irakaskuntza osorik euskaraz ematen zutenak.

Aldi berean, udalerri mailako elkarte asko sortu zen, herriaren hizkuntzaren aldekoak, batzuk erlijiosoak; hala, Fededunak taldean, elizgizonak eta laikoak zeuden, eta haurrentzako erlijio liburuak eta kristau ikasbideak argitaratzen zituen.

 

?Eskualerriste? higikundea

Eskualerriste higikundearen bultzatzailea ?hura izan zen Iparraldeko lehen higikunde abertzalea? Pierre Lafitte abadea izan zen; Laffitek antolatu zituen lehen bilerak, 1932an, Eugene Goihenetxe, Pierre Amoçain eta Jean Dubosquekin, besteren artean. Bilerak Donibane Lohizunen egiten ziren, eta higikundearen hatsapenak zehaztu ziren haietan. Hurrengo urtean argitaratu zituen Laffitek, frantsesez eta euskaraz, bileren emaitzak liburuxka batean, mugimenduaren ideia guztien manifestua: Eskual-Herriaren alde. Court Commentaire du programme eskual-herriste à l?usage des militants. EAJren esapidea onartzen zuen egitarauak, ?Jaungoikoa eta lege zarrak?, eta agerian uzten zuen bere katolikotasuna.

Gizartea ?berreuskaldundu?, euskal kultura bultzatu, eta estatuaren politika eta administrazioa deszentralizatu beharra azpimarratzen zituen; euskararen ezagutza ofiziala eskatzen zuen administrazio eta lege erakundeetan, eta eskolan. Oinarri-oinarrizkotzat jotzen zuen euskal departamendu bat osatzea, ohi baino ahalmen handiagokoa gainera. Aldi berean, ondoretasunaren eta dibortzioaren lege berrien kontra, euskal familiaren eta etxearen babesaren alde egiten zuen, eta hobekuntzak eskatzen nekazari munduarentzat.

Higikundearen ideiak zabaltzeko, egunkari euskaltzale bat argitaratzea erabaki zuten, Aintzina. Lehen alea 1934ko urrian argitaratu zen. 1937 arte bakarrik iraun zuen, oso harpidedun gutxi baitzuen, eta jendea oro har kontra zuelako, urte haietan asko zabaldu baitzen nazionalismoaren kontrako kontserbadurismoa. 1942an berriro hasi zen argitaratzen, baina zuhurrago orduan, kultura gaiak zirela nagusi.

Iparraldeko joera kontserbadoreak agerian geratu ziren berriro ere, Espainiako gerra zibila zela medio. Jendea, oro har, prentsa gehiena bezala ?Courier de Bayonne, La Gazette de Bayonne, La Presse du Sud-Ouest egunkariak, Eskualduna astekaria?, Franco jeneralaren alde eta Errepublikaren kontra atera zen, eta Errepublikaren aldekoen kontra bide batez, abertzaleen kontra, beraz. Izan ziren, dena den, Errepublikaren aldeko ahots kritiko batzuk Le Sud-Ouest egunkarian, baina oso gutxi hala ere. Eskasa izan zen halaber espainiar iheslariek Iparraldean aurkitu zuten babesa, ezkerreko zenbait udalen laguntza besterik ez baitzuten izan: Baiona, Miarritze eta Hendaia. Nolanahi ere, Euskaldunen Laguntzarako Batzorde bat antolatu zen, baina oso bizitza laburra izan zuen. Gizartean izugarrizko eragina zuen apaizgo ultrakontserbazaile hark eta Eskualduna-k bultzatuzuten frankismoaren aldeko iritzia. Astekari katoliko horrek gerra hasieratik zabaldu zuen euskal nazionalistak ?gorriak? eta kristau ustelduak zirelako iritzia. Bigarren Mundu Gerraren ondoren zentsuratu eta debekatu egin zuten aldizkaria ?ordurako egunkari zen Eskualduna?, politika kolaborazionista zela-eta. Haren ordez, Herria aldizkaria hasi zen kaleratzen, Lafite abadeak sortua.

Espainiako gerra zibilean, Eusko Jaurlaritzak erbestera jo behar izan zuen, Bartzelonara lehenbizi eta Belgika aldera gero, 1939ko otsailean. 1936. urteaz gero, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak zabaldu ziren Paris, Bordele eta Baionan ?baita Ingalaterra, Belgika, AEB eta Latinameriketan ere?, merkataritzako eta diplomaziako eginkizunekin.

Eusko Jaurlaritzak egunkariak argitaratu zituen euskaldunen berri emanez ?Eusko Deya zuten gehienek izena?; Parisen inprimatu zen aurrenekoa eta garrantzitsuena.

Baionan Consulado de Euzkadi bat sortu zuen, ospitale bat Miarritzen eta haurtzaindegiak eta udalekuak Donibane Garazin. Era berean, Venezuela, Argentina edo Mexiko aldera joan nahi zuten euskal erbesteratuen ebakuazioaz ere arduratu zen.

1938ko abenduan Ligue Internationale des Amis des Basques osatu zen, Eusko Jaurlaritzari laguntzeko erbesteratuei babesa emateko lanetan, eta haren posizio politikoaren alde eginez bidenabar.

 

Bigarren Mundu Gerra

1939ko irailaren 3an, alemanak Polonian sartu ondoren, Frantziak, Ingalaterrarekin batera, gerra deklaratu zion Alemaniari.Mugimendu askorik gabeko aldi bat hasi zen orduan, frantses armada lubakietan zain geratu baitzen, bere kide britainiarrekin, Maginot lerroaren gune gotortuetan. Alemanen aurreratze geraezinak ordea, hautsi egin zuen lerroa, eta Paris hartu zuten 1940ko ekainaren 14an. Hegoaldera mugitu beste aukerarik ez zuen izan frantses gobernuak, Toursera lehenbizi eta Bordelera gero. Ekainaren 16an dimisioa aurkeztu zuen Reynaud lehendakariak bere lehen ministro-orde Pétain mariskalaren faboretan. Ekainaren 22an armistizio bat izenpetu zen Compiègnen frantsesen eta alemanen artean, eta Frantzia bi partetan banatua geratu zen: parte okupatu bat ?iparraldeko erdia eta Atlantikoko kostaldea?, alemanen administraziopean, eta parte librea, Hirugarren Errepublikak ospea galdu ondoren sortu zen Vichyko Errejimenak gobernatzen zuena Pétain mariskalaren gidaritzapean. Pétainek, ?Verdungo heroiak?, uztailaren 1ean osatu zuen gobernua. Alemanen bultzadaren aurrean, bere burua kolaborazionista gisa agertu behar izan zuen Vichyk (1940ko urria) bizirik iraun ahal izateko, gerora zuritu zuten moduan; errejimenaren hasierako arrakasta erabat hondatuko zuen azkenean jarrera horrek.

Ipar Euskal Herrian, Bigarren Mundu Gerrako borrokaldiak ez ziren sumatu ere egin ia, baina 1940tik aurrera Frantzian sortu zen egoerak oso eragin zuzena izan zuen.

Iparraldearen parte handi bat, Lapurdi eta Nafarroa Beherea, alemanen mende geratu zen, eta Zuberoa, berriz, eremu librean, Frantzia zatibitu zuen ?demarkazio lerro? famatuaren bestaldean. Lerro hori Arnegitik, Pirinioetan, eta Donibane Garazitik Orthezeraino iristen zen, eta Orthezetik Suitzako mugaraino. Lerroaren alde bat, Iparraldeko zati bat barne, aleman administrazioaren pean zegoen, eta bestea, berriz, Pétain mariskalaren gobernu kolaborazionistaren mende.

Eskuineko kazikeen indarraz ?haietako batek, Jean Ybarnegarayk, 1914 ezkero etenik gabe Mauleko diputatu izan ondoren, Familia eta Gaztediaren ministro kargua lortu zuen Pétain gobernuan?, eta Elizaren eraginez, gizarte babes zabala lortu zuen Pétainen dotrinak. Okupatu gabeko Frantziako gainerako lekuetan bezala, bazen jendearengan ?edo, hobeto esanda, bazirauen? gobernu indartsu baten desira kontserbadorea, Herri Fronteak iragartzen zuen gizarte iraultzaren mehatxua urrun zezan.

Alkate askoren jarrera kolaborazionista zela-eta, nolabaiteko bakea izan zen Iparraldean gerra garaian, eta giro horretan izan zen euskal kulturaren alde lan egiteko aukerarik.

1942an hasi zen berriz argitaratzen Aintzina aldizkari moduan, bere aurrekari zen egunkariak baino kultura gai gehiago zekartzala, lehen esan den bezala. Urte bete geroago, 1943an, Euskaldun Gazteen Batasuna (EGB) sortu zen, hamabost bat euskaltzale talde bilduta. Aintzina-ko talde errejionalista Pétainen ?Revolution Nationale?-n inplikatu zen ?haren ?Lana, Familia, Aberria? esapideak gidatzen zuen egitarau errejenerazionistan?, departamendua berregituratzea eta euskal hizkuntzaren zabalkundea bultzatuko zituelako itxaropenarekin, nonbait; baina ez zen horrelakorik lortu.

Talde barneko liskar pertsonalak gainditu ezinik,1943an desagertu zen Aintzina.

Iparraldeko talde eragile nagusien jarrera kolaborazionista gorabehera ?horretan, kasu ezagunenetako bat Eugene Goihenetxerena izan zen; liberazioaren ondoren betiko kartzelara kondenatu zuten?, kontuada euskal lurren kokaleku geoestrategikoak, Britainia Handira eta Afrika alderako ihesbide modura, interes berezia zuela Erresistentziarentzat. Hala, pertsona eta arma joan-etorri handia sortu zen mugako pasabidean: alemanek eraitsitako piloto aliatuen ebakuazioa, Ingalaterrara ihes egin zezaten ??Comète? belgikar sarearen bitartez?, dokumentuen salerosketa, eta abar.

Liberazioa baino lehentxeago, Erresistentzia indartu egin zen Iparraldean, eta ?maquis? txiki bat ere osatu zen Maule aldean, erretiratzen ari ziren oste naziekin borrokaldi batzuk izan zituena. Hegoaldetik joandako euskal abertzale askok ?EAJk berak animatuta?, alemanen etorrerak edo gerturatzeak klandestinitatera behartuta, parte hartu zuten erresistentzian. Izan ere, abertzale asko deportatu egin zituzten 1940tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren lokalak itxiarazi zituzten ?aliatuen alde azaldu baitzen?, eta Deya egunkaria debekatu zuten. Aipagarria da orobat Euskal Brigada bat sortu zela frantses armadaren barruan, eta parte hartu zuela Frantziako liberazioan.

Gerra bukatu zenean ?armada aliatuak 1944ko ekainaren eta abuztuaren artean askatu zuen Frantzia?, Iparraldeko politika joerak ez ziren aldatu, eta kontserbadore jarraitu zuten. Lehengo eskuinak, Miarritzeko legegizon bat ?Guy Petit? zuela orain buru, harreman estuak izan zituen Pirinioen bestaldeko gobernu frankistekin. Abertzaletasunak ez zuen orduan ere erantzun handirik izan, Pierre Broussin bezalako gizonak edota Aintzina-ren ingurukoak kenduta; 1960 ingurua arte ez ziren gauzak aldatu, hau da, Enbata higikundea sortu zen arte. Nolanahi ere, askapenaren ondorengo kantonamendu hauteskundeetan, Aintzina-kojendea ?Marc Légasse, Darmendrail, Ospital eta Landaburu? ?euskal abertzale? moduan aurkeztu zen, bere estatutu berezia izango zuen euskal departamendu bat osatzeko egitarauarekin. Emaitzak ordea ez ziren onak izan: Darmendrailek bakarrik lortu zituen 549 boto Baiona NEko kantonamenduan. Herria aldizkariak, Eskualdunaren ondorengoak alegia, hartu zuen orduan euskalduntasunaren defentsa; haren bitartez, Laffitek, Larzabalek, Sallaberryk eta bestek, euskal berezitasuna, euskara, kristautasuna, Europa federala eta abar defenditu zituzten. Algeriako gerra piztu zenean, Herria-k kolonialismoaren kontra egin zuen, eta Larzabal esetsi ere egin zuten, artikulu antikolonialistak idazteagatik.

1945eko martxoan Parisa aldatu zen erbesteko Eusko Jaurlaritza, Europan mamitzen ari zen mapa berriak Francoren errejimena eraitsi eta Errepublikari, eta Autonomia Estatutuari beraz, galdutako legezkotasuna emango ziolakoan. Martxoaren 17an Baionako Hitzarmena izenpetu zuten euskal alderdiek, Eusko Jaurlaritzaren legezkotasuna baiesteko; hitz eman zuten Jaurlaritzari lagunduko ziotela, eta Francoren errejimenaren aurka borrokatuko zirela. 1947tik aurrera, ordea, bestelako jarrerak hartu zituzten aliatuek Espainiako errejimenari buruz, errusiarren eta amerikarren arteko gerra hotzak Franco jeneralaren nazioarteko ezagutza ekarri baitzuen azken ondorio gisa. Era horretan, AEBek ordu arte emandako babes baliotsua galdu zuen Eusko Jaurlaritzak. Kontrako haizeak orekatu nahian, prestijiozko politika bat abiatu zuen Jaurlaritzak; bide hori 1956an bukatu zen, Parisen egin zen Munduko Lehen Euskal Biltzarrarekin. Agirreren gobernuaren eta Baionako Hitzarmenaren defentsa berretsi zuen Biltzarrak, baina ez zen lortu nazioarteko diplomaziaren jarrera aldatzerik. Lau urte geroago, 1960ko martxoaren 26an, hil zen Jose Antonio Agirre, Parisen, eta Leizaolak hartu zuen haren lekua.

 

Enbata higikundea

1960. urtetik aurrera abertzaletasunak gora egin zuen Iparraldean. 1953an, Bordelen, Embata, Association des Étudiants Basques sortu zen, hogeiren bat lagunen artean, Michel Burucoaren lehendakaritzapean.

1956an Baionako Euskal Museora eraman zuten elkartearen egoitza. Denborarekin hazi egin zen kideen kopurua, baina taldekideen hasierako jatorri herritarra galdu gabe betiere. Embata kultura higikunde euskaltzale moduan jaio zen, baina laster hartu zuen eduki politikoa. 1960ko uztailaren 23an taldearen sortzaileek (Burucoa, Abeberry, Davant, Eppherre, Haran, Labéguerie, Larzabal), Ezpeletan bilduta,jarrera abertzale agerikoa hartzea erabaki zuten. Higikundearen izeneko m-a, modu esanguratsuan, n bihurtu zen, Enbata.

Abenduan desagertu zen betiko Bordeleko elkarte apolitiko hura, eta talde nazionalista bihurtu zen, alderdi politiko bat, euskal eremuari berezitasun galduak itzultzeko xedeaz. Enbatak euskal departamendu bat eskatu zuen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa hartuko zituena, gainerako probintzia eta eskualdeetatik berezitua eta desberdindua, eta hizkuntza ofiziala euskara izango zuena. Epe luzeko proiektu politiko gisa, zazpi euskal probintziek osatutako eskualde bat sortzea proposatzen zuen, Europa federal baten baitan. Enbata izan zen, euskal herriaren izenean, frantses estatu sistema zentralista eta uniformeari uko egin zion lehen politika higikundea.

1963ko apirilaren 15ean, lehen nazio biltzarra ospatu zuen Enbatak Itsasun. Aberri eguna zelako hautatu zen egun hura. 500 lagun baino gehiago bildu ziren, haien artean taldeko aholkulari nagusiak, Jean Etcheverry-Ainchart, Ospital, Salagoity, Pochelu, eta abar. Gonbidatu zituzten, eta bertaratu ziren, beste nazioetako ordezkariak ere: bretoiak, katalanak, flandriarrak, waloiak, frantses-kanadarrak, okzitaniarrak? Bilera hartan euskararen defentsa egin zen ?galtzekotan jo zuten?, Iparraldearen atzeramendu ekonomikoa salatu zuten, eta Iparraldeko eta Hegoaldeko euskal herriaren batasuna aldarrikatu zuten, euskal legeak eta hizkuntza defendatu ahal izateko. Zuzendaritza Batzordeko 21 kide hautatuz ?S.

Haran, J.L. Davant, M. Burucoa, Cl. Noblia, J. Etcheverry-Ainchart, J.D. Aramendi eta Abéberry besteak beste? eta Itsasuko Ageria onetsiz, itxi zen Biltzarra.

Agiria hatsapen aitorpen batekin hasten zen: ?Nous Basques, sommes: Un peuple par la terre, la race, la langue, les institutions.

Une nation par notre volonté passée et présente.

Une Démocratie par notre nature et notre histoire. Comme Peuple, Nation, Démocratie, affirmons: Notre Droit à l?Unité, à la libre Disposition Individuelle et Collective??.

(Euskaraz, Itsasuko Harrian ikus daiteke agiria egun: ?Guk Euskaldunek zer giren: lurraren, arrazaren, mintzairaren, ohiduren aldetik herri bat eta bakar bat gira. Iragan denborako eta egungo nahiaz nazione bat gira. Naturaz eta historioaz demokrazia bat gira. Herri, nazione, demokrazia gisa zer diogun: batasunaren obratzeko eskubidea, gure buruaren jabetasun osoa nahi ditugu??). Adierazi ondoren ez estatuaren politika, ekonomia eta kultura antolamenduak ez osatzen ari zen Europa berriak ez zituztela kontuan hartzen Euskal Herriaren interesak, proposamen batez amaitzen zen agiria: lehen epe batean, eta Frantziako Errepublikako legeak eta Konstituzioa errespetatuz, euskal departamendubat sortzea, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bilduko zituena, eta euskal hizkuntzaren gaineko estatutu bat izango zuena. Bigarren aldi batean, eta Europa bateratu baten baitan, eskualde politiko bat osatzea proposatzen zuen, zazpi euskal probintziak hartuko zituena, autonomoa politikan, administrazioan eta kulturan, eta Europako beste eskualdeekin federazioz lotua. Aitorpen hori izenpetu ondoren, meza esan zen, eta Gernikako arbolaren kimu bat aldatu zuten Simon Haranek, Enbatako aldizkari orokorrak, eta Madariagak, ETAko buruzagiak.

ETAko buruzagi erbesteratuek ?1959ko uztailean sorturiko organizazio armatu abertzale eta iraultzailearenak?, Madariagak eta Txillardegik, oso harrera ona izan zuten Enbatan, eta gero eta eragin handiagoa izan zuten higikundearen bilakaeran. Erradikalago bihurtu zelarik, buruzagi nagusietako batzuek alde egin zuten Enbatatik: hala, Kanboko sendagile eta alkate Michel Labégueriek, joeraz demokrata-kristaua zelarik, utzi egin zuen taldea, gero eta gehiago egiten zuelakoan ETAren ideologia eta praktikaren alde. Bestalde, gazteen erradikalismoaren eta hauteskundeetan emaitza onak lortu beharraren arteko zalantzan ibili ohi zen Enbata bera. 1967ko martxoan, Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen, eta emandako botoen ia %5 lortu zuen.

Burgosko prozesuak (1970) protesta agerraldi ugari egitera bultzatu zuen Enbata.

Baina, nolanahi ere, agerikoa zen higikundearen beherakada, barne liskar ideologikoek eta pertsonalek eragina. Frantses agintariek ondo asmatu zuten une hura baliatzen: 1974ko urtarrilean, Barne ministro Raymond Marcelinek desegin egin zuen higikundea, beste higikunde bretoi eta sardiniar batzuekin batera. Nolanahi ere, organizazioaren egunkaria, izen berekoa, 1957an agertu zen berriro.

 

Politika joerak XX. mendeko azken hamarraldietan

Enbata desagertu zenean, hautsi egin zen mugimendu abertzalea. Taldekide ohi batzuk ezker muturreko talde txikietan sartu ziren, kultura organizazioetan besteak (Amaia-n, adibidez), eta beste batzuek, berriz, alderdi berri bat sortu zuten, abertzalea eta sozialista, Herriko Alderdi Sozialista (1974ko apirila). Hegoaldeko alderdi sozialista batekin elkartu ondoren, EHAS bihurtu zen (Euskal Herriko Alderdi Sozialista).

Era berean, bere adierazpidea ere sortu zuen, Euskaldunak hilabeterokoa.

Baina herrian ez zuen eraginik handirikizan: 1978ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoen %3,6 besterik ez zuen lortu, eta 1981ean desegin zen. EHASen sorreraren aurretik ere antzematen zen Iparraldean joera sozialistaren eragina: Enbataren beraren baitan, talde sozialista bat izan zen, Etorkizuna izenekoa, bere buletina ere bazuena; Bernard Laxagueren Herriko Batasuna, berriz, kibutzak eredu hartuta, gizartearen antolamendu kolektibista bat defendatzeko jaio zen.

Enbatatik sortutako kultura organizazioei dagokienez, nabarmendu beharra dago gorago aipatutako Amaia. 1968 inguruan jaio zen, Enbatak huts egin zuela ikusita, kultura elkarte euskaltzale bat fundatzea erabaki zuen Bordeleko ikasle talde baten ekimenez. Baina Amaia oso talde itxia gertatu zen, herritik eta politikagintzatik bereizia eta kultura elitismoan sartua, eta horretxek desagerrarazi zuen (1971). Amaiaren elitismoaren kontrako erreakzio modura, Mende Berri organizazioa sortu zen; euskal kultura zabaltzeko eta ezagutarazteko helburua zeukan: Ikastaldiak antolatu zituen (euskarako uda ikastaroak), ikastolak bultzatu, Euskal Herriko klubak sortu zituen lizeoetan, eta abar. Mende Berri eta Amaia taldeetatik beste talde batzuk ere sortu ziren, hala nola Euskal Gogoa (1972) eta Herriaren Alde (1972-1975).

Iparraldeko organizazio abertzaleak gero eta erradikalago egin ziren; Iparretarrak organizazio terroristaren atentatuetan parte hartu zuten haien kide batzuek.

1985ean EMA sortu zen (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea), gehienbat ezker iraultzaileko alderdia, barnealdeko gazte jendeaz osatua. Legebiltzar eta eskualde hauteskundeetara aurkeztu zen, eta botoen ia %4 lortu zituen. 1986an beste bi alderdi abertzale sortu ziren: EB (Euskal Batasuna), ezkerreko alderdia, Hegoaldeko Herri Batasunaren ideia abertzale erradikaletatik oso gertu zegoen ezkerreko alderdia, eta EA (Eusko Alkartasuna), alderdi sozial-demokrata, Hegoaldean den izen berekoaren kide.

1988 ezkeroztik koalizio abertzale baten modura aurkeztu dira EMA, EB eta EA hauteskundeetara (1992ko eskualdekoetara eta 1993ko Legebiltzarrekoetara izan ezik, haietara alde batetik EMA-EB eta EA bestetik joan baitziren). Baina boto abertzalea oso eskasa da oraindik ere Iparraldean. Gizartean duen sarrera ordea, hori bai, areagotu egin da: badira hiru irrati abertzale, pribatuak, euskaraz emititzen dutenak; hainbat aldizkari argitaratzen dute (Ager, Enbata eta Eskaintza), eta astekari bat (Herria), era guztietako elkarteak zabaldu dira euskal hizkuntzaren eta kulturaren aldekoak, halanola Seaska ?ikastolen federazioa (1969)? eta Uztaritzeko Institut Culturel Basque; plataforma politikoak osatu eta unean uneko ekimenak bultzatu dira Iparralderako administrazio barruti berezi bat lortzeko ?hala adibidez, Biltzar bakar batera bildu dira Laburdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak (1994)?; nekazaritza sindikalismoan parte hartzen dute ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuaren bitartez, eta abar.

Nolanahi dela ere, gaur egun, lehen bezala, kontserbatzailea da oro har Iparraldea, salbuespenak salbu: aipatu berri den higikunde abertzaleen eragina, eta zentroko joera politiko baten sorrera geldoa. Joera horrek, laborarien arazoez arduraturik, barnealdearen eta kostaldearen arteko oreka galdua berreskuratzea erreibindikatzen du.

Izan ere, biztanleen %80 baino gehiago itsasertzeko udalerrietan bizi da gaur egun, turismoaren hazkundea dela-eta, itsasaldeanbaitago lanpostu eskaintzarik handiena.

Hazkunde hori 1960-1970 urteetan hasi zen, gobernuaren eta MIACA (Akitaniako Kostaldeko Ministerio arteko Batzordea) bezalako erakundeen bitartez, turismoa bultzatu zenean Iparraldeko ekonomia jardun nagusi modura; eta gaur egun horixe da, turismoa, Iparraldeko ekonomia sektore dinamikoena.

 

Iparraldeko ekonomia XX.. endean

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, gora egin zuen ekonomiak Ipar Euskal Herrian, arrantza berrindartu baitzen ?batez ere Donibane Lohizunen, sardinaren arrantzarako portua izatetik atunaren arrantzarako portua izatera igaro baitzen?, eta esnetarako behi azienda bultzatu. Nekazari mundua ikaragarri aldatu zen orduan, baserrien bakardadea hautsita, ekonomia autarkia bukatu zelako. Esnearen industria 1902an hasi zen Iparraldean, lehen gaztandegia zabaldu zenean, Atharratzen, baina Lehen Mundu Gerra amaitu arte ez zuen garrantzi handirik izan. Roquefort gazta industrialaren eskaerak, eta horrekin batera esne produkzkioak Massif Centralen hegoaldean eta Lodévoisen izan zuen beherakadak, esnearen industria bultzatu zuen Iparraldean.

Gaztandegiak ugaritu ziren Atharratzen, Donazaharren, Larzabalen, Donapaleun, Lekuinen, Luhuson eta Uztaritzen. 1966an Iparraldekoa zen Roquefort gaztaren produkzio osoaren %12a.

Industria horren garrantzia zela-eta, behi aziendak hartu zuen nagusitasuna. Zerri aziendak ?askoz ere murritzagoa zen berez; hala, kanpotik ekartzen da Baionako urdaiazpikoa egiteko lehengaiaren bederatzi hamarren? eta pottokarenak garrantzia galdu zuten. Ardi aziendari dagokionez, mendearen bigarren herenean hazi bazen ere, ez da inoiz behiarena baino garrantzitsuagoa izan, eta Lapurdiko mendebalean bildua egon da beti, kostaldetik gertu, belardi onak baitaude han, eta haragi nahiz esnearen eskaerak ?hiriguneetatik etorrita? ez du gorabehera handirik.

Abeltzaintzaren hazkundeak murriztu egin zuen landutako lur sailen eremua XIX.. endearen bigarren herenaz geroztik. 1980 urte inguruan, hau zen egoera: zeuden 117.000 ha sorotik %68 (ia 89.000 ha) larre bihurtuta zeuden, %30 laboreetarako zen, eta gainerakoa laborantza mota espezializatuetarako, mahastietarako bereziki ?Donapaleuko sakonunean, eta Donibane Garazi eta Baigorriko arroen arteko eremuangehienak?. Landutako lur sailetan era askotako gaiak egiten ziren, artoa batez ere.

Artoaren produkzioaren errendimenduak gora egin du mende erditik aurrera ?laborantza sistemek hobera egin zutelako, eta mota hibridoak erabili zirelako, lekuan lekuko baldintzei egokituak?, eta baita artoa lantzeko lur sailak ere. Mauleren iparraldean, Ezpeize-Undüreiñen, arto sailen eremua 51 ha izatetik 196 ha izatera pasa zen 1951-1966 bitartean, eta zabalkunde handi horrek ia labore bakarreko paisajea sortu zuen. Maulek eta Donapaleuk Ipar Euskal Herrian saltzen den artoaren erdia baino gehiago ematen dute.

1960-1970 urteetan Lur Berri kooperatiba ahaltsuaren eraginez hasi zen berritzen euskal nekazaritza lur sail hoberenak zeuden lekuan, Donapaleuko sakonunean.

Kooperatiba 1936an sortu zuen Jean Errecartek, Coopérative agricole des Céréales de Saint-Palais, Lur Berri izenarekin; Donapaleuko kantonamenduko eta Uhaitzandiko zabaldiko laboreak biltzeko sortu zen. 1960 ezkeroztik Lur Berri izan zen Iparraldeko nekazaritzaren eragile nagusia, Frantziako eskualde nagusietako bat bihurtu baitzuen Iparraldea artogintzan.

Baina, hala ere, gauza zaharkitu asko geratu zen Iparraldeko nekazaritzan: mekanizazio kaskarra, soro landuen tamaina txikia ?barnealdeko haranetan batez ere?, lurra lantzeko teknika atzeratuak, eta abar.

Hori dena zela-eta, emigrazioa ez zen eten.

Atzerapen demografikoa areagotu egin zen 1940ko hamarraldiaren bukaeran ?Lehen Mundu Gerraren amaiera geroztik jada, negatiboa zen migrazio saldoa?; kostaldea, Paris eta Bordele oso erakargarri bihurtu ziren nekazarientzat. Nafarroa Beherea 42.000 biztanle izatetik 29.000 izatera pasa zen 1876-1968 bitartean, eta Zuberoa, epe berean, 22.000tik 17.000ra; Lapurdik berriz gora egin zuen, 102.000tik 1720.000ra. Datu horietan ageri den migrazio saldoak bere horretan jarraitzen du gaur egun. Emigratzaile horiek, prestakuntza profesional handirik gabeak izanik gehienak, oso bizimodu gogorra izan zuten. Elkarri lagundu nahian, elkarteak antolatu zituzten; horrela sortu zen Parisko Eskual Etxea eta Eskualduna, Guernika, Eskualzaleen Biltzarra eta Biga elkarteak. Bi aldizkari ere sortu zituen Parisko euskal koloniak, Elgar eta Biga.

Bordelen Eskual Etxea sortu zen eta bi elkarte, Lagun Onak eta Eskualzaleen Biltzarra, bakoitza bere buletinarekin. Pauen, Lagunt eta Maita elkarteetan zegoen bildua euskal kolonia.

Ameriketarako euskal emigrazioa garrantzitsua izan da halaber XX. mendean, amerikar herrietan sortu ziren emigratzaile elkarte berriek eta klubek adierazten dutenez, baina XIX. mendeko kopuruetara iritsigabe. Mende hasieratik zabaldu ziren abertzaletasuna eta Aranaren ideiak etorkin haien artean, eta era horretan folklorea eta euskal ikasketak berpiztu ziren. Berrindartu egin ziren halaber jatorrizko herriekiko harremanak: Buenos Airesko Euskal-Frantses Zentroak laguntza bidali zion Baionako alkateari 1913an uholdeak izan zirela-eta, eta berriz ere Lehen Mundu Gerraren ondoren; 1925ean 100.000 peso bildu zituen Uztaritzeko apaizgaitegia eraikitzeko, Iparraldeko intelektualen hezleku izandako Larresorokoaren ondorengoa. Eusko Ikaskuntzen Biltzarra ere, 1948an, eta Euskal Mundu Biltzarra, 1956an, emigratzaileen diru emaitzekin antolatu ziren.

Industriaren eta hirugarren sektoreko lanen zabalkundearekin, galdu egin da pixkana-pixkana Iparraldean nekazarien eta artzainen nagusitasuna. 1975ean, 79.300 langileetatik %32 (25.500 inguru) industrian ari zen lanean, eta %54,5 (43.000) hirugarren sektorean; lehen sektorean gainerako %13,5ak ziharduen (10.500). Industria lanetan zebilen jende gehiena, hori bai, hiru eremutara biltzen zen: Bokalen ?langileen %41ak bigarren sektorean ziharduela?, Hazparnen ?%42,7?, eta Maule-Lextarren ?%48,5?. Nafarroa Beherean ordea nekazaritzak jarraitzen zuen nagusi; 1970eko hamarraldiaren erdialdean lehen sektorean ari zen lanean langileen %50 inguru.

Meatze eta burdingintzak oso behera egin zuten XX. mendearen hasieran, itzulerarik gabe gainera. Hego-mendebaleko burdinbideak amaitzeak eta Lorrenako eta Frantziako iparraldeko burdingintzaren konkurrentziak indarra kendu zioten Bokaleko burdingintzari. Inguru horretako hainbat elkarte siderurugikok bat egin zuten 1963an Compagnie des Forges et Aciéries de la Loire sortzeko, baina hala ere ez zen sektoreak gora egiterik lortu. Industria berrindartu ahal izateko birmoldatu beharra zegoen,industria berriak sortuz: aeronautikoa, zementuak eta ongarriak. Bestalde, zapatagintza ?espartingintza batez ere? asko indartu zen mendearen hasieran, eta hirigune batzuk, Hazparne eta Maule-Lextarre batez ere, industriagune bihurtu ziren. Nolanahi ere, mendearen erdialdera arazoak sortzen hasi ziren alor horretan ?besteak beste, Espainiako konkurrentziagatik?, eta lantegi asko itxi behar izan ziren. Zapatagintza berrindartu nahi horretan, ez zuen balio izan Biarritz Shoes sortu izana (1956); 1971n kiebra jo baitzuen. Turismoaren hazkundeak, arrantzarenak ?Bigarren Mundu Gerratik aurrera?, eta behi azienda eta gaztagintzarenak, lehen esan den bezala, orekatu zituzten arazo horiek.

Gainbehera ari den Akitania batean txertatua dago gaur egun Iparraldea; hori delaeta, mugaz bi aldeetako lankidetza bilatu nahiaz, Hegoaldera begiratzen du, eta lege barruti berezi bat eskatu dio frantses estatuari, bere interesak hobeto defenditzearren.

Izan ere, oraindik ere Pirinio Atlantikoetako departamenduan dago Iparraldea, eremu berean nahasturik daudela espazio euskalduna eta biarnesa. Departamendua, bestalde, 3 barruti eta 52 kantonamendutan dago banatua: Paueko barrutia, 21 kantonamendurekin, biarnesak denak; Oloroeko barrutia, 10 kantonamendu biarnes eta 2 euskaldun dituena; eta Baionakoa, 19 kantonamendu dituena, euskaldunak denak. Bestalde, Akitaniako eskualdean dago sartua Pirinio Atlantikoetako departamendua, bost departamendu direla Akitanian: Dordogne, Lot-et-Garonne, Gironde, Landak eta Pirinio Atlantikoak. Akitaniak, beraz, ekonomia, gizarte eta kultura aldetik oso desberdinak diren herriak biltzen ditu bere baitan.

Eta, eskualde horiek indartu eta beren nortasun berezia gorde dezaten, ez dira aski frantses gobernua azken urteotan aplikatzen ari den neurri deszentralizatzaile apalak.

 

Euskadi, auzolana