El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Enciclopedia temática
  6.  
  7. Indice

Historia Unibertsala»Egungo aroa

Afrika eta kolonialismoa

Kongo Belgikarreko urre mea, 1920. urte inguruko argazki batean.<br><br>

Europako estatu nagusiek Afrika modu sistematikoan kolonizatu aurretik, bere egitura politiko, ekononomiko eta administratibo bereziaren jabe zen kontinente hori. Europarrek pentsatzen zutenaren aurka, zibilizatu gabe edo basatiak izan beharrean, garapen historiko berezi baten ondorio ziren herri haiek, nahiz eta XV. mendeaz gero bertaraturiko europarren eragina –portugesena gehienbat– jasan bazuten ere. Afrikako lehen inperioak X. mendean agertu ziren Saharatik hegoaldean. Inperio horiek, Mendebaleko Sudangoak adibidez, Afrikako barne merkataritza sustatu zuten era ohargarrian.

Kontinenteko beste zenbait eskualdetan, bestalde, merkataritza inperio handiak sortu ziren, batez ere ekialdeko Mediterraneoan eta Itsaso Gorri zein Arabiako Itsasoaren aldean. XV. mendetik XIX. mendea bitartean, kontinentearen okupazioa hasi zen –portugesen aldetik batez ere–, itsasertzeko merkataritza guneen bidez. Denbora bitarte horretan estatu aberatsak garatu ziren, hala nola Hausa eta Mandinga direlakoak, eta Shongai bezalako inperioek ere gora egin zuten; horiek guztiek merkataritzari ekiten zioten. Garai horrexetan, bestalde, islamak hedapen garrantzitsua izan zuen Afrikako Iparralde osoan eta Hego-ekialdean, Yihad edo Gerra Santuen bidea irekiz. XIX. mendean jadanik, eta batez ere mende horren hasieran, Afrikaren gainbehera hasi zen barneko gerrak zirela medio, Hausa bezain estatu indartsu bat suntsitzeraino iritsiz (1804).

Esplorazio bidezko okupazioek ere zerikusia izan zuten horretan. Izan ere, XVIII. mendearen azken hamarralditik aurrera, Afrika era sistematikoan esploratzeari ekin zioten: kostaldeaz gainera, izadi aberats horren barnealdea zuten helburua esplorazio haiek.

Handik aurrera eta Berlingo Kongresura bitartean (1884-1885), Afrikaz jabetzeko lasterketa abiatu zen; Europarentzat lehengaiak, energia baliabideak aurkitzeko tokia izan da betidanik Afrika, baita, garai honetan batez ere, Europako merkatu aseak kontsumitu ezin zituen soberakinak eramateko tokia ere.

 

Afrikako aldez aurreko estatuak

Yihad edo gerra santuak 1800etik 1880ra gertatu ziren Afrikaren eskualde gehienetan.

Gatazka horiek direla eta, musulman erlijioak gainbehera orokorra jasan zuen, eta gaur dituen mugetan geratu zen gutxi gorabehera. XVIII. mendean jadanik teokrazia batzuk ezarri ziren, gehienbat kontinenteko mendebalean: Futa, Toro eta Futa Djalon. Alabaina, XIX. mendearen lehenurteetan sortu zen ehun urteko horren estatu islamiar nagusia. 1804an Uman dan Fodio, erlijio buruzagi fulbea, fededunen buruzagi militar nagusia izendatu zuten. Jarraian, fedegabeen aurkako yihad-a aldarrikatu, etaHausen hiri-estatu guztiak konkistatu zituen. Ekialdetik Aldamaua-raino iritsi zen, eta hegomendebaletik Nupe eta yoruben lurralderaino. Haren semea Sokot-eko sultana izan zen ingelesak Nigerian indarrez sartu ziren arte, XIX. mendearen azken hamarraldian. Afrikako erdialdean, desoreka ekonomiko handia gertatzen arizen portugesak merkataritzan erabat sartuak zirelako. Horiek eskatzen zuten boli eta urre kopurua gehiegizkoa zen eskualdeko barne merkataritzarako. Herri eta estatu asko aberastu ziren iharduera horren bidez (chokwe direlakoak eta Msiri erregea erdiko Afrikan, eta Buganda Nyamwezi sortaldean).

Aurrekoari esklaboen trafikoa erantsi behar zaio, gehienbat Tanganika aintzira inguruko biztanleek jasandakoa. Ipar-ekialdean, inperioa zabaltzea zen Mohamed Ali sultan otomano eta Egiptoko erregeordearen helburua, eta hartarako Niloko Sudan konkistatzeari ekin zion, eta 1821ean Khartum eraiki zuen. Etiopian ere botere inperialak ezarri ziren –hala nola Theodoros eta Johanesenak–, otomanoen erasoaldiaren aurkako erantzun gisa. Hala, Afrika banatu aurretik bi eskualde besterik ez zituzten kolonizatu Europako estatu indartsuek: Argelia, Frantziak 1830ean beretua eta kontinentearen hegoaldea, Lur Muturra, britainiarrek beren mende hartua, Napoleonen gerren garaian.

Bitartean, eskualde horretan bertan, benetako iraultza demografiko eta politikoa gertatu zen 1818an, Chacka-k erreinu zulua sortu zenean.

 

Afrikaren banaketa

1879an kontinentearen %90 baino gehiago afrikarren beren agindupean zegoen; hogei urte geroago, Etiopia eta Liberia soilik ez zeuden europarren mende. Banaketa kolonialean islatu ziren, askotan, potentziek kontinente zaharrean elkarren artean zituzten arazoak. 1876 urtetik 1884raino –Berlingo Konferentziaren hasieraraino–, bereziki gogorrak gertatu ziren gatazka horiek Afrika aldean. Frantzia estaturik eraginkorrenetakoa izan zen Afrika beltza kolonizatzeko lehian. 1870ean Alsazia eta Lorrenako lurraldeak galtzeak, orduko baturik zegoen Alemaniaren esku, galdutako grandeur hura Afrikan bilatzera behartu zuen Frantzia.

Horrenbestez, 1870aren amaieran Senegal ibaiaren ubidean gora abiatu ziren. Horrek liskarrak ekarri zituen: ingelesen aurka Gambian eta Sierra Leonan edo Samori bezalako afrikar inperioaren aurka, baita yoruben lurretan ere –Togon eta Dahomey-n– orain, berriro ingeles gudarosteari buru eginez.

Britainia Handiak Egiptoren aurka erasoa jo eta ondoko okupazioak tentsioa nabarmenarazi zuen, baina Alemaniak Frantziaren alde esku hartu eta gero, gatazta bideratu ahal izan zuten. Leopoldo II.a Belgikako erregea kolonizazioaren beste eragile bat izan zen; berak kontratatu zuen Stanley, 1877an Kongo ibaiaren ubidean barna hark egindako bidaiaren ondoren. Urtebete geroago, eta belgikarren erregearen agindupean jadanik, behereko Kongon sartu zen Stanley berriro; geroenean, eskualde hori munduan zen jabetza pribatuko eremurikhandiena bihurtuko zen. Alemaniak bere aldetik, Afrika lehentasunezkoa ez bazuen ere, elkarren artetik oso urrun zeuden lurraldeak okupatu zituen, hala nola Togo, Kamerun, egungo Namibia eta Afrikako ekialdea, egungo Tanzania gutxi asko. Britainia Handiak, Niger-eko Konpainiaren bidez, gaurko Nigeria edo hartzen duen lurraldea beretu zuen mendebalean. Barnealdean eta hegoaldean Rodhesia, Zambia eta Malawi kolonizatu zituen. Aintzira Handien eskualdean, Uganda eta haren lurraldea Keniako kostalderaino, eta horri guztiari Sudan ingeles-egiptoarra erantsi zioten.

Azkenik, Hegoafrikaz jabetu ziren, Boerren Gerraren ondoren (1899-1902) holandarrei kenduta. Portugalek, bere aldetik, Angola eta Mozambike beretu zituen. 1911n Italiak Libia inbaditu zuen. Espainia Río Muni alderdiaz jabetu zen, eta 1912an Maroko banatu zuen Frantziarekin.

 

Berlingo Konferentzia

Kontinenteaz jabetzeko lasterketa abiatua zuten estatu indartsuen arteko borroka irekia zela eta, Portugalen proposamenari jarraituz, 1884-1885ean Konferentzia bat egin zuten Europako potentziek Berlinen.

Egoera nahasi hura zuzendu beharra zegoen, haren ondorioak iristen hasiak baitziren kontinente zaharrera ere. Alemania, Belgika, Britainia Handia eta Portugal izan ziren Konferentzia hartako estatu partaide eta sinatzaileak. Hain zuzen ere, merkataritza aske eta kolonizazioaren alde sinatu zuten potentzia horiek lurralde kolonialak ezagutzea eta arautzea zen Konferentziaren helburua. Bilkura luzeak egin-eta, erabaki sail bat hartu zuten estatuek edo haien izenean organismoek, geografia elkarteek, merkataritzakoek edo erlijio ordenek burutu beharko zituzten jarduera kolonizatzaileak gobernatzearren.

Kostaldeak okupatzen zirenean, haiei zegokien barnealdea edo hinterland ere kolonizatu behar zen, eta ondoren gainerako estatuak jakinaren gainean jarri beharra zegoen. Kongo eta Niger ibaien arroak nazioarteko itsasketa eskualdetzat hartu zituzten. Harrezkero, pax colonial izeneko garai historikoaren oinarriak ezarrita geratu ziren eta hala iraun zuten Lehen Mundu Gerra hasi bitartean. Bi ziren kolonizazio erak: zuzena eta indirect rule delakoa.

Lehenean, metropoliko ordezkariek zuzenean gobernatzen zituzten koloniak; hori zen, esaterako, Frantziaren mendeko lurraldeen kasua. Indirect rule delakoaren arabera, ordea, talde etniko edo leinu jakin batzuk metropoliaren ordezkari gisa erabiltzen ziren; tribu horiek metropoliaren babesari esker beste batzuen gainean agintzen zuten, aginpideko talde horrek gainerakoen bizkar burutzen zuen giza eta ekonomia esplotazioaren truke noski. Hori zen Leopoldo II.ak Kongon erabili zuen moldea, tutsien gutxiengoa hutuen aurretik lehenetsiz.

Ingelesek ere erabili zuten era hori beren jabetzapeko lurralde batzuetan.

 

Ozeania

1520ean gertatu ziren europarren lehen esku hartzeak antipodetan, portugesek burutuak. 1602tik aurrera, holandarrak hedatu ziren eskualde hartan. 1642-1643an Tasmania eta Zeelanda Berriko mendebaleko kostaldeak aurkitu zituen Van Diemenek; 1644an Australiako mendebaleko eta iparraldeko kostaldeak aurkitu zituen berak, baina eskualde horietan aberastasun ekonomiko nahikoak ez antzemanik, bertan behera utzi zituzten esplorazioak. Horrenbestez, britainiarrek James Cook kapitainak egindako munduko biran (1768-1771) Zeelanda Berriaren ingurua kurritu zuten, baita Australiako ekialdeko kostaldea aurkitu ere. Uharte haietatik espezie asko ekarri zuten, eta 1786an Hegoaldeko Gales Berrian kolonia iraunkorra ezartzea erabaki zuen Britainiar Inperioak; bi urte geroago (1788), Arthur Philip-ek europarren lehen herrigunea eraiki zuen, Sydney. Geroago, eta frantsesen aurkako ibilbide estrategiko gisa, beste zenbait herrigune sortu ziren, hala nola Newcastle (1801), Brisbane (1824) eta Albany (1826). Azkenik, 1829an, Britainia Handiak erabat beretu zuen Australia.

Mendearen erdian, ardiak hazteko etxalde eskerga bihurtu zen kontinentearen hego-ekialdea, Europatik zetorren artile finaren eskaria zela kausa. Hala, XIX. mendearen amaieran kontinenteko zatirik handiena arakaturik zegoen. Australiako koloniek –Hegoaldeko Gales Berria, Ekialdeko eta Hegoaldeko Australia, Tasmania etaQueensland–, autogobernua lortu zuten 1852-1890 bitartean, eta 1901ean Commonwealth-ean sartu ziren. Zeelanda Berriak, aldiz, biztanleria maoria eta polinesiarra izan zuen K.o. 750. urtetik XVIII.. endea arte. 1840an britainiarren mende geratu zen, eta ondoren konstituzio baten jabe egin zen (1852-1876), harik eta, koloniak hartzen zuen boterea ikusirik, baliogabetu zuten arte. Azkenik, 1931n, Australiak eta Zeelanda Berriak burujabetza estatusa erdietsi zuten Wensminster-eko Estatutuaren bidez, Lehen Mundu gerran eman zuten laguntzari esker, besteak beste. Harrezkero eta XX. mendearen bigarren erditik aurrera batez ere, bai Australiak eta bai Zeelanda Berriak garrantzi handiko garapen ekonomikoa izan dute, batez ere mea, petrolio eta gas aberastasunari esker.

 

Euskadi, bien común