El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Enciclopedia temática
  6.  
  7. Indice

Gizarte jakintza»Gizarte gaiak

Energia kontsumoa

Elektrizitatea ekoizteko zentral nuklearra, Palo Verden, Arizona (EEBB).<br><br>

Egungo garapen-ereduaren ezaugarrietako bat energiaren kontsumo handia da.

Eta halako eran da hori horrela, non gizarte baten garapen sozialaren eta ekonomikoaren adierazle fidagarrienetako bat gizarte horrek per capita duen energia kontsumoa baita, autore askorentzat.

Baina egoera hori nahiko berria da; industriaurreko gizarteetan pertsonen eta produktuen mugikortasuna oso mugatua zen, kontsumitzen ziren produktu gehienak, ekoizten ziren tokitik hurbil kontsumitzen ziren eta pertsonen joan-etorriak ez ziren gaur egun bezain usuak. Produktuek ez zuten, gainera, kontsumitu aurretik ia tratamendurik izaten. Gaur egun, berriz, energia kantitate handiak behar izaten dituzten prozesu ugari eragiten zaizkie, eta horrek balio handia gehitzen die ekoizleei dagokienez.

Baina, nondik dator kontsumitzen den energia? Lehenik eta behin, eguzkitik, erradiazio elektromagnetiko gisa. Horrek lurraren energia osoaren %99,9 osatzen du.

Eguzkitik jasotako energia osotik, %30 kanpoko espaziora islatzen da hodeien eta atmosferaren bidez, %18 ur lurrinak eta hautsak zurgatzen dute eta gainerako %52 iristen da lur-azalera, erradiazio zuzen edozeharkako gisa. Energia honen guztiaren zati txiki-txiki bat erabiltzen du gizonak, nekazaritzan, esaterako, baina hala ere, oinarri-oinarrizko eragina du biosferaren funtzionamenduan.

Oinarrizko energia honen aprobetxamenduaz at, eta industria iraultza egin zenetik aurrera, energia iturrien ustiaketa garatu zen. Erregai fosilena, batik bat (ikatza, lurrina sortzeko) eta uraren erabilera. XIX.. endearen amaiera eta XX. mendearen hasiera bitartean hidrokarburoen ustiaketa eta kontsumoa bultzatuko da, bai argi egiteko eta baita makinak mugitu eta beroa sortzeko ere, nahiz etxean nahiz industrian.

 

Energia xahutzen duen sistema

Lehenik eta behin esan behar da, energia kontsumoaren hazkundea bizi-kalitatearen eta erosotasun-mailaren hobetzeari dagokiola, neurri batean behintzat. Eta egoera hori oraingoz lehen munduari baizik ez badagokio ere, gainerako gizakiek ere eskubidea dute maila berbera iristeko.Zer dela eta da hau, beraz, baliabide energetikoak neurriz gain xahutzen dituen garapen-eredua? Lehenik, ez da ahaztu behar energiaren ekoizpen eta banaketa dela une honetan lehen munduko herrialde guztietako ekonomian pisu handiena duen sektore ekonomikoa. Gainera enpresa-lotura garrantzitsuak daude horren artean eta finantza-sektorearen artean, adibidez. Hortaz, energiarekin zerikusia duten politikek, beren artean lotura estuak dituzten enpresen interesei egokitzen zaizkie, elkartearen interesei baino gehiago.

Gure eredua oso eredu zentralizatua da, jarduera-adar gutxi batzuek eta enpresa gutxi batzuek kontrolatzen dute ekonomiasarearen zati handi bat, eta elkarrekiko lotura estuak dituen eredua da aldi berean.

Izan ere, hemen landutako produktuak saltzen diren merkatu gutxi edo aski urrunetan gertatzen denak baldintzatzen du gero eta gehiago tokiko eta nazio mailako ekonomia.

Baina horrez gain, gaur egun egiten den ondasun eta zerbitzuen ekoizpenak energia asko erabiltzera behartzen du. «Erabili eta bota» izenez ezagutzen den kultura da horren adibiderik garbiena. Lehengai kopuru handiak xahutzen dira eta hondakinen kudeaketaren arazo larria sortzen du.

Adibide gisa: itzultzen ziren ontzietatik erabilera bakarrekoetara igarotzeak ikaragarri handitu du edariak merkaturatzeko behar den energia. Itzul zitezkeen ontziak behin eta berriro erabiltzen ziren, azkenean desegin eta beste ontzi batzuk egin aurretik.

Besteak, ordea, behin erabili eta desegin egin behar dira (eta hori, aprobetxatzen aldn badira) ontzi berriak egiteko. Begien bistan dago prozesu honek energia kontsumo handiagoa behar duela eta, beraz, garestiagoa gertatzen zaiola kontsumitzaileari.

Erostunari, ordea, sistema berri hau erosoagoa dela sinestarazten zaio.

Beste horrenbeste gertatzen da garraioari dagokionez ere. Autoen industria ahaltsuak, erregaiak ekoizten eta banatzen dituzten enpresekin lotura estuak dituelarik, aitzindari da gaur egungo enpresa-sisteman.

Aitzindaritasun honek aukera ematen die beren interesen arabera gobernuen erabakietan esku hartzeko. Hortaz, azpiegituretarako bideratzen den inbertsio publikoaren zatirik handiena errepide eta autobideetan erabiltzen da (garraio publikoaren kaltetan), eta horrek handitu egiten ditu autoa erabiltzeko aukera eta maiztasuna. Autoa beti eta edonon erabiltzea bultzatzen da horrela, nahiz eta administrazioek aitortu erabilera horrek kutsadurari eta ingurumenaren degradazioari dagokionez duen erantzukizuna.

Zenbat eta azpiegitura gehiago, orduan eta autoaren erabilera usuagoa, eta ondorioz, energia kontsumo handiagoa. Gainera, bultzatzen ari den lurralde-ereduak geroeta joan-etorri luzeagoak eta sarriagoak eskatzen ditu. Derrigorrezko mugikortasuna deitzen zaio horri. Ekipamendu erraldoiak, hala nola salerosketa-guneak, asistenziazentruak edota ikasketa-zentruak hiriaren erditik gero eta gehiago urruntzeko joera dago. Ondorioz, joan-etorriak gero eta luzeagoak dira. Eta gero eta sarriago gertatzen da hiri handietan erosketak egiterakoan autoa hartu behar izatea hipermerkatura joateko.

 

Energia iturriak

Lurrean gehien erabiltzen diren energia iturriak, gizakiarena eta biomasarena dira.

Hirugarren munduan giza-indarrari eta etxeko animaliei esker ekoizten dira elikagaiak eta egurra erabiltzen da janaria prestatu, elikagaiak kontserbatu eta prozesatu eta milioika etxe berotzeko erregaitarako. Baina iturri hauei ez zaie, gehienetan, merezi duten arreta egiten, ez baitute enpresentzako ondoren aipatuko ditugun iturriek duten garrantzia.

 

Ikatza

Antzina-antzinatik erre izan da ikatza bero-energia sortzeko. Industria Iraultzaren garaian hasten da, ordea, kopuru handitan ustiatzen, bai lurrin-makinak ibilarazteko, bai etxeak berotzeko. Ustiaketa-tekniken hobekuntzak merketu egin zuen kostua.

Aurrerago, ikatza erretzean sortzen den energia argi-indarra ekoizteko ere erabili izan da zentral termikoetan. 1990ean, orotara kontsumitutako energiaren %27 ikatzari zegokion.

Ikatza erretzeak CO2 kopuru handiak sorrarazten ditu, eta ikatza da, hain zuzen, kutsatzaile gerta daitekeen gas horrretatik gehien sortzen duen erregaia. Horrez gain, euri azidoen eragile diren SO2 eta Nox ere ematen ditu.

 

Petrolioa

Mende hasieratik hona lur azpitik nasaiki atera den olio mineral hau da gaur egun energia iturri nagusienetarikoa. Petrolioa oinarrizkoa da garraioei (gasolina, gasolioa, nafta, eta abar?) eta argi-indarraren ekoizpenari dagokienez. Gas-oliozko zentralek, ikatzez hornitzen direnen teknika berbera erabiltzen dute, ura lurrin bihurtzen dute, eta lurrinak, argi-indarra sortzen duten turbinak mugiarazten ditu.

Erretzerakoan, ikatzak baino %25 CO2 gutxiago igortzen du, eta SO2 eta Nox gasen igorpena ere txikiagoa da. Garraiatzerakoan gertatutako istripuek, ordea, itsasoko biziarentzat ondorio txit kaltegarriak izan ohi dituzten marea beltzak eragin ditzakete.1990ean, mudu-mailan kontsumitutako energiaren %39 petrolioari zegokion.

 

Gas naturala

Erregairik garbienetakoa da, ikatzak baino %40 CO2 gutxiago sortzen du eta erretzerakoan ez du SO2rik sortzen. Arriskutsua gerta daiteke, ordea, garraiatzerakoan eta berriro gas bihurtzeko lantegietan prozesatzerakoan. Erregai honi zegokion 1990ean, orotara kontsumitutako energiaren %22.

 

Energia nuklearra

Bigarren mundu-gerratik aurrera garatu zen erabilera zibiletarako. Atomoaren fisioan oinarritzen da eta Uranio-235 da batez ere erabiltzen den elementu fisionagarria, Uranio 233 eta Plutonio 239 ere erabil daitezkeen arren. Sortzen den beroa ura lurrin bihurtzeko erabiltzen da eta horrek turbina bat mugiarazten du. Horrela ekoiztutako energia, orotara kontsumitutako energiaren %5,5 zen 1990ean. (garai horretan 423 erreaktore nuklear zeuden).

Energia iturri honek ez du CO2rik igortzen, ezagunak dira, ordea, bere funtzionamenduak sorrarazten dituen arriskuak.

Chernobylgo Zentralaren istripuak eta honek zuzenean edo zeharka eragindako milaka heriotzak eta neurtu ezin daitezkeen kalte ekonomikoak horren adibide garbia dira. Horrez gain hondakin nuklearrak oso arriskutsuak dira, milaka urteetako bizia dute eta batere ziurtasunik ez dago inoiz hondakin hauek tratatzeko modurik aurkituko ote den.

 

Energia hidroelektrikoa

1990ean orotara kontsumitutako energiaren 6,5% izan zen. Abiarazteko behar diren azpiegitura-lan erraldoiez gain eta inguruneari eta herriei eragindako kalteaz gain, ibaiek lehorraldietan izan ohi dituzten ur-etorriaren gorabeherek mugak ezartzen dituzte energia mota hau erabili ahal izateko.

 

Berritu daitezkeen energiak

Baliabide agorrezinak erabiltzen dituzten iturri guztiak hartzen ditu. Zentzu honetan energia hidroelektrikoa ere atal honetan sar zitekeen. XX. mendearen amaieran munduan orotara kontsumitzen zen %15 zegokien, gutxi gora behera.

Kontuan izan behar da, ordea, ehuneko horren zatirik handiena hirugarren munduan erabiltzen den egurrari dagokiola.

Gainerakoek, eguzki-indarrak, eolikoak, geotermikoak eta itsasoarenak zuten parte hartzea oso urria zen.

 

Ingurunerako ondorioak

XX. mendeko azken bi hamarraldietan bizi izan dira gizaldi osoko urterik beroenak.

Nazioarteko zientzialari gehienek, atmosferara igorritako gai kutsatzaileen eraginez gertaturiko klimaren dinamika orokoraren aldaketarekin lotu dute gertakari hori.

Klimaren gorabeherak fenomeno arruntak dira eta antzinatik ezagutzen dira. Errejistro geologiko eta arkeologikoek adibide ugari ematen dute. Baina XX. mendearen amaieran antzeman diren aldaketak oso handiak dira eta badirudi horrek baduela zerikusirik karbono-dioxido (CO2), metano (CH4) eta nitrogeno-dioxido (NO2) gaien kontzentrazioa hazi izanarekin. Gas hauek atmosferan normalean izan ohi duten kontzentrazioan ez dute uzten planetan sartzen den eguzki-energia osoak kanpoko espaziora alde egin dezan. Energia horren zati bat islatu eta lurrera bidaltzen dute berriro, egunaren eta gauaren artean hotzbero-alde handirik egon dadin eragozten dute eta gaur egungo bizimoduko ohitura asko eta asko horrexegatik dira diren bezala.

CO2ren eta horren antzeko ezaugarriak dituzten beste gas batzuen igorpenak beroa gal dadin eragozten duen geruza hori indartzen du. Hala, lur-azaleko tenperatura, normala den gorabehera mugaren gainetik igotzen da. Berotze orokor honek aldatu egiten du planetako klimaren dinamika, toki batzuetan lehorteak areagotzen ditu, beste batzuetan euri-jasa garaiak luzatzen ditu eta, ikerketa batzuen arabera, poloetako izotza urtzen hasteko arriskua dago, eta beraz, itsasoaren maila igotzekoa.

Horrek aldaketak ekarriko lituzke itsaso bazterrak gaur egun duen mailari dagokionez eta ondorio larriak izango lituzke itsasertzean dauden herrientzat.

 

Etorkizunari begira

Aipatutako arazoen larritasuna dela-eta eta horien kausak zehazterakoan zientzialariak bat datozelarik, nazioarteko gobernu eta agentziek esku hartzea erabaki dute.

Baina hor amaitzen dira adostasunak, gai kutsatzaile gehien igortzen dituzten herriek ez baitirudi prest daudenik beren energia kontsumoa nabarmen gutxitzeko. Hortaz, Estatu Batuek, Japoniak eta Errusiak oztopatu egiten dute nazioartean konpromisorik har dadin. Bitartean, Europar Batasunean kutsatzen ez duten eta berritu daitezkeen energiak (eolikoa, biomasakoa eta minizentral hidraulikoak batik bat) pixkanaka garatzea planteatu da, eta hirugarren mundukoak hasi dira jabetzen beren igorpenak mugatzeak, oraindik ere urriegia duten garapena oztopa dezakeela.

 

Euskadi, bien común