El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Nafarroa

edo Nafarroa Garaia. Euskal Herriko hego-ekialdeko herrialdea, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarekin batera Euskal Herria osatzen duena. 1983an, Autonomia Erkidego gisa antolatu zen Espainiako Estatuaren barnean. ik. Nafarroako Foru Komunitatea. Euskal Herriko herrialderik handiena da: 10.421 km2. Hiriburua: Iruñea. Hiri nagusiak: Tutera, Barañain, Burlata, Lizarra, Baztan, Antsoain eta Tafalla. 266 udalerri ditu; horietako bat, Petilla de Aragon, administrazioaren aldetik Nafarroakoa den arren, Zaragozako probintzian dago. Bost merindadetan banaturik dago herrialdea: Iruñekoa, Zangozakoa, Lizarrakoa, Erriberrikoa eta Tuterakoa. ik. merindade. Mugak: iparraldean, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi; mendebalean, Gipuzkoa eta Araba; ekialdean, Huesca eta Zaragoza, eta hegoaldean, Errioxa eta Zaragoza.  v Orografia. Orografiari dagokionez, hiru lurralde bereizten dira Nafarroan: iparraldeko mendialdea, erdialdea (Lizarra, Iruñerria eta Zangozako eskualdeak) eta hegoaldea edo Erribera, Ebro ibaiaren arroan. Iparraldea oso menditsua da; ipar-ekialdean, Pirinioetako mendiek alderik alde zeharkatzen dute herrialdea, Bortzirietatik hasita Erronkariko haraneraino. Pirinioetako mendiak gero eta garaiagoak dira mendebaletik ekialdera egin ahala. Nafarroako ipar-ekialdeko Pirinioetan, Erronkariko eta Belagoako haranetan, daude mendirik handienak: Hiru Errege Mahaia (2.438 m), Euskal Herriko gailurrik garaiena, Arlas (2.044 m), Ezkaurre (2.047 m), Otsogorrinaga (1.922 m), Kartxela (1.982), Txamantxoia (1.945 m) eta Lakora (1.877 m), besteak beste. Ipar-ekialdetik mendebalerantz, Orimendi (2.021 m) eta Abodiko mendiak daude. Mendebalerantz jarraituz, Iratiko basoaren bihotzean, honako mendiak gailentzen dira: Mendizar (1.324 m), Berrendi (1.354 m) eta Mendilaz (1.343 m). Sartaldera, Kintoko mendialdea dago; gailurrik aipagarrienak: Ortzainzurieta (1.567 m), Adimendi (1.458 m), Saioa (1.419 m) eta Iturrunburu (1.332 m). Kintoko mendialdean, Pirinio mendikatea bi adarretan banatzen da. Horietako batek ipar-mendebalerantz segitzen du, Lapurdirekin muga eginez, eta Bortzirietako mendiek osatzen dute; gailur aipagarriak dira: Mendaur (1.136 m), Ekaitza (1.034 m) eta Larrun (898 m). Beste adarra mendebalerantz luzatzen da, Gipuzkoako hegoaldera eta Arabako ekialderaino iritsiz. Adar hori Aralar, Andimendi, Urbasa eta Lokizko mendiek osatzen dute; mendialde horiek elkarren segidan kokaturik daude lerro paraleloak eratuz. Aralar eta Andimendi-Urbasa mendikateen artean, Sakanako eskualdea hedatzen da. Mendi horiek guztiek ur-muga eratzen dute, Atlantiko aldeko eta Mediterraneo aldeko isuriak baitituzte alde banatan. Mendi horietatik hegoaldera, Lizarratik Zangotzaraino, Nafarroako erdialdea hedatzen da, Lizarra, Iruñerria eta Pirinio aurreko eskualdeak hartzen dituena. Nafarroako erdialdea mendi txikiz eta ordokiez osatua da. Tartean hainbat mendialde daude 1.100-1.300 metro inguruko gailurrekin: mendebalean, Lizarra inguruan, Kodesko mendiak eta Jurramendi (1.045 m) daude; Iruñetik hegoaldera, Perdon mendialdea eta hortik hego-ekialdera, Izkoko mendiak. Sortaldean, Zangoza inguruan, Leireko eta Illongo mendiak daude. Mendikate horietatik hegoaldera, Ebroko arroan, Erribera hedatzen da, Nafarroako hegoaldea. Lurralde laua da, muino txikiz eta, batez ere, ordokiz betea. Mendiak urriak dira eta oso txikiak; aipagarriak dira : Loma Negra (646 m) eta Pisquerra (468 m). Nafarroako hegoaldeko muturrean Bardeak izeneko eremu lehorra hedatzen da.  v Hidrografia. Garrantzi handiko ibai sarea du Nafarroak. Gehienek Mediterraneo aldeko isuria dute; badira bi ibai, ordea, Kantauri itsasoan isurtzen dutenak beren ura: Bidasoa eta Urumea. Bidasoa ibaia (66 km) Baztango mendietan, Izpegin, sortu eta Hondarribian itsasoratzen da. Urumea ibaiak (44 km) Goizueta inguruko mendietan du iturburua eta Donostian itsasoratzen da. Nafarroako beste ibai guztiek Mediterraneo aldeko isuria dute; Pirinioetan eta ipar-mendebaleko mendietan (Aralarren, Urbasan, Andimendin…) sortzen dira eta Ebro ibaian isurtzen dute beren ura, Nafarroa iparraldetik hegoaldera zeharkatu ondoren. Hiru ibai nagusik –Ega, Arga eta Aragoi ibaiek— bideratzen dituzte iparraldeko mendietan jaiotzen diren erreka eta ibai adar ugarien ura Ebro ibaira. Ega ibaia (122 km) Kantauriko mendikatean jaiotzen da eta Urbasan sortzen diren ibai (Urederra, Irantzu…) eta erreken urak bildu ondoren, Erriberako San Adrian herrian elkartzen da Ebro ibaiarekin. Arga ibaia (161 km) Aldudeko Urkiaga lepoan jaiotzen da eta Arakil eta Ultzama ibaien ura bildu ondoren, Aragoi ibaiarekin elkartzen da Funesko herrian. Aragoi ibaia (161 km luze) Aragoiko Pirinioetan, Canfranc inguruan, jaiotzen da eta Irati ibaiaren eta Pirinioetako ibai adar ugarien ura bildu ondoren, Erga ibaiarekin bat egiten du Funesen; azkenik, pixka bat aurreraxeago, Milagrosko herri inguruan, Ebro ibaiarekin elkartzen da. Aragoi ibaiak Nafarroako Pirinioetan erreka eta ibai adar askoren urak biltzen ditu: Ezka eta Irati dira horren adar nagusiak. Irati ibaiak, aldi berean, beste adar asko ditu; aipagarriak dira besteak beste: Erro, Urrobi eta Zaraitzu ibaiak. Horiek guztiak iparretik hegora jaisten dira Pirinioetako mendietatik, ibar estuak eratuz. Oro har, Nafarroako iparraldean, ibaiak bailarari izena ematen dio. Ebro ibaia, Mediterraneo aldeko isuria duten ibai guztiak biltzen dituena, Nafarroako Erriberatik igarotzen da, Tuterako merindadearen hegoaldetik; orotara dituen 928 km-etatik 107 km egiten ditu Nafarroan. Iparraldetik dituen adarrez gainera, hegoaldetik beste bi ditu: Keiles eta Alhama ibai labur eta emari gutxikoak. Keiles ibaia Moncayo mendian jaio eta Tuteran elkartzen da Ebrorekin; Alhama ibaiak, berriz, Almunegroko mendietan du iturburua eta Alfaron biltzen da Ebrorekin.  v  Klima. Nafarroan hiru klima mota bereizi behar dira, lurraldearen arabera: iparraldeko klima heze epela, Atlantikoaren eraginpean dagoena; erdialdeko klima, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren ezaugarriak dituena, eta hegoaldeko klima lehorra. Horiez gainera, goi mendietan ingurune horietako klima berezia izaten da, hezea eta hotza. Iparraldeko klima epela eta oso hezea da; euri asko egiten du urte guztian (1.500-2.000 mm inguru urtean) eta urteko batez besteko tenperatura 13° C-koa da. Nafarroako erdialdeko klima atlantikoaren eta mediterraneoaren tartekoa da, bien eraginak baititu; hala, neguan eta udaberrian hezea da, baina udan lehorra. Orobat, zenbat eta hegoalderago are eta lehorragoa da; 800-1.100 mm inguru euri ur biltzen da urtean eta urteko tenperatura 12° C-koa da batez beste. Nafarroako hegoaldeko klima lehorra da (350-450 mm inguru euri ur biltzen da urtean) eta tenperaturak gorabehera handiak ditu; udan bero handia egiten du eta neguan hotz handia. Azkenik, Pirinioetako goi mendietako klima oso hezea (2.000-3.000 mm) da eta hotza (urteko batez besteko tenperatura 4° C-koa); udak freskoak izaten dira eta neguak oso hotzak.  v Landaredia. Nafarroako landaredia aberatsa eta anitza da. Iparraldeko mendialdean, klima hezea baita, hariztiak, pagoak eta gizonak aldatutako pinudiak dira nagusi. Horiekin batera, urritzak, gaztainondoak, lizarrak, gorostiak, elorriak eta iratzeak ere hazten dira, besteak beste. Pirinioetako goi mendietan larre sail handiak daude eta mendiko pinua hazten da tontorretan eta harri artean. Beherago, 1.500 metroz beheti, izaiak eta pago sail handiak hasten dira; hala, aipagarriak dira Zaraitzuko, Erronkariko pagadi sailak eta, batez ere, Iratiko basoa, Europako pagadi handienetako bat dena. Garrantzi handikoa da, halaber, pinu gorria, izaiarekin eta pagadiekin nahastu eta sail handiak betetzen dituena. Mendi barrenean eta Pirinio aurreko mendietan, ugari hazten dira elorria, gorostia, urritza, ezkia, astigarra, txaradia, ezpela eta beste hainbat zuhaixka. Nafarroako erdialdean nekazaritzako lursailak (olibondoak, mahatsondoak eta labore sailak) eta gizonak landutako landaredia dira nagusi (hainbat pinu mota). Ametzak, haritzak eta arteak baso txikiak osatzen dituzte han-hemenka. Horiez gainera, ugari dira txaradiak eta zuhaixkak. Nafarroako hegoaldean, Erriberan, ibai eta ubideek ureztatzen dituzten lursailak nekazaritzarako erabiltzen dira. Klima lehorra dela eta, berezko landaredia urria da oso; alepo pinua da nagusi, baina ez du basorik osatzen. Horrez gainera, ipuruak, sabinak, legeltxorrak eta karraskilak ere hazten dira.  v Hizkuntza. Euskara da Nafarroako jatorrizko hizkuntza, Tuterako merindadean izan ezik, X. mendea baino lehenago galdu baitzen eskualde hartan. Gaur egun, Iruñetik iparraldera, Olazagutiatik Otsagabiaraino, luzatzen den lerrotik iparraldera baizik ez da hitz egiten euskara. XVI. mendean euskaraz mintzatzen zen Gastiaindik Tafalla eta Kasedaraino; XIX. mendean guztiz galdua zen euskara Lizarraldean, Tafallaldean, Herriberrin, Zangozan eta Irunberrin. XX. mendearen hasieran Gares eta Iruñerrian galdu zen. Gaur egun, Nafarroan biztanleen % 10ek (50.953 euskaldun inguru) hitz egiten dute euskara. Lau euskalki nagusi bereizten dira Nafarroan: Ekialdeko behe-nafarrera (Otsagabia eta inguruko herrietan), Mendebaleko behe-nafarrera (Aribe eta inguruko herrietan), Hegoaldeko goi-nafarrera (Erroibarretik Ultzamaraino luzatzen den zerrendan) eta Iparraldeko goi-nafarrera (Sakana, Basaburua, Bortziriak, Bertizarana, Baztan). Azkenik, Altsasu inguruan gipuzkera hitz egiten dute. Iruñerrian euskarak gorakada ohargarria izan du XX. mendearen bukaeran ikastolei eta helduen euskalduntzeaz arduratzen diren erakundeei esker.  v Ekonomia. Nafarroako ekonomian garrantzi handia du nekazaritzak; hala ere, aldaketa sakonak gertatu dira XX. mendetik aurrera, industria eta zerbitzuak indartuz joan diren neurrian, gero eta jende gutxiago ari baita nekazaritzan lanean; hala, 1950ean bi langiletatik batek ziharduen nekazaritzan eta 1987an hamarretarik batek. Industriak gorakada handia izan zuen 1960-1970. urteetan; gaur egun, hamar langiletatik lau ari dira industrian lanean. Orobat, zerbitzuen alorrak egundoko hazkuntza izan zuen 1975-1984 urteetan. Nafarroako hamar langileetatik bostek dihardute zerbitzu alorrean.  v Nekazaritzari dagokionez, hiru molde nagusi bereiz daitezke, oro har, Nafarroan; mendialdeko klima hezeko nekazaritza iparraldean, erdialdekoa eta klima lehorrakoa hegoaldean. Iparraldeko mendialdean, barazkiak eta abereen bazkarako landareak (artoa, arbia, erremolatxa,…) lantzen dira bereziki. Erdialdean (Lizarra aldean, Iruñerrian eta Zangotza inguruan) barazkiak, olibondoak, mahatsa, eta, batez ere, laboreak (garia, zekalea.) egiten dira. Azkenik, Erriberan ureztaturiko lursailak dira nagusi eta barazkiak (esparragoak, piperrak, tomateak) fruitu arbolak, garagarra, erremolatxa eta mahatsa lantzen dira, besteak beste. Erdialdean eta, batez ere, Erriberan nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia. Mendialdean, larreak oso ugari baitira, abeltzaintza da ekonomia jarduera nagusia: ardiak eta behiak dira azienda ugarienak, baina zerriak eta hegaztiak ere hazten dira. Pirinioaldeko haranetan, artzantza eta baso ustiaketa dira ekonomiako alor nagusiak.  v Iruñeko hirialdean bilduta dago Nafarroako industrialde handiena. Metalgintza, kimika industria, automobilgintza, janari industria, papergintza eta makineria dira industria alor nagusiak. Iruñeaz gainera, Tutera, Tafalla, Lizarra eta Lesaka dira garrantzi handiko beste industriaguneak. Erriberan janari industriak daude.  v Iruñea da Nafarroako merkataritza, finantza eta zerbitzu hiri nagusia. Hala ere, XX. mendearen bukaeran asko indartu dira beste hiri handiak (Tutera, Tafalla, Lizarra eta Altsasu besteak beste) zerbitzu alorrean.  v Komunikabideak. Orografia dela eta, Nafarroako bide sarea oso bihurria da mendialdean, iparraldean eta ipar-ekialdean. Aldiz, hegoaldean, lurralde laua baita, komunikabideak eroso eta egokiak dira. Burdinbideak bi adar nagusi ditu; hegoalderantz luzatzen dena, Iruñetik Bartzelonaraino doa Zaragozatik barrena. Iparralderantz doana, Altsasu bidez, Madril-Irun sarearekin komunikatzen da. Autopistak ere bide bertsua egiten du hegoaldetik: Bartzelona-Zaragoza-Iruñea; iparraldetik, berriz, Altsasuraino iristen da eta hortik Bilborekin edo Madrilekin lotzen da. Bide horrek berak beste adar bat du, Irurtzunen banatu eta Donostiaraino iristen dena. Nafarroak aireportu txikia du, Noaingoa, eta barruko hegaldiak egiten ditu soilik; Madrila eta Bartzelonara, batez ere.  v Historiaurrea. Paleolitokoak dira Nafarroan aurkitu diren giza aztarna zaharrenak; aipagarriak dira , besteak beste, Koskobilon, Etxaurin, Zatoian eta Baztango Alkerdin aurkitu diren aztarnategiak. Askoz ere ugariagoak dira Nafarroan Neolitoko aztarnak, orain dela 4.000-3.000 urte ingurukoak; bereziki ugariak dira megalitoak (trikuharriak eta harrespilak), artzain kulturaren adierazpide gisa gaur arte iraun dutenak. Nafarroako iparralde guztian sakabanatuta daude: Aralarko mendietan, Urbasan eta Pirinioetako mendietan batez ere. Orain dela 1.000-500. urte inguru, Burdin Aroan, zelta herriak sartu ziren Nafarrora iparraldetik; garai hartako burdinazko tresnak eta, batez ere, ontziak aurkitu dira Iruñerrian eta Erriberan (Peña del Saco, Alto de la Cruz eta Castejonen, besteak beste). Erromatarren aurreko herri eta aztarnategi askotan, Burdin Aroarekin loturik, zeltiberoen kulturaren eraginak aurkitu dira.  v Nafarroa erromatarren garaian. K.a. I. mendekoak dira Nafarroari buruzko lehen idazki eta aipamenak, eta erromatar geografoek idatziak dira guztiak. Erromatarrak etorri aurretik euskal leinu bat bizi zen gaur Nafarroa den lurraldean: baskoiak. Haien lurraldea Pirinioetaraino hedatzen zen iparraldetik; Jaka ingururaino ipar-ekialdetik; Bidasoako haraneraino, Oiartzun eta Hondarribiaraino, mendebaletik, eta Ebro ibairaino hegoaldetik. Hispaniako beste herriekin ez bezala, erromatarrek harreman onak izan zituzten baskoiekin eta bakean bizi izan ziren beti haiekin. K.o. I. mendean baskoien gudarosteak erromatarrekin batera borrokatu ziren Britainian eta Belgika inguruan; horren lekuko erromatarren zenbait oroitarritan “cohors fida vasconum” inskripzioak aurkitu dira. Bestetik erromanizazioa guztiz errotu zen Nafarroako hegoaldean eta erdialdean, eta horrenbestez erromatarrak eta baskoiak ondo moldatu ziren elkarrekin. Gainera, erromatarrak Nafarroan izan ziren garaian, baskoiak hegoalderantz hedatu ziren. Hala sortu ziren Calagurris eta Cascantum hiriak, antzina zeltiberoena zen lurraldean. Erromatarrek bi alde nagusi bereizi zituzten Euskal Herrian: Ager Vasconum edo Nafarroako erriberetako nekazaritza lur oparoak, Ebro ibai aldera, eta Saltus Vasconum edo Nafarroako mendialdea, Uxue, Artaxoa, Allo eta Elizagorriatik iparraldera. Iparraldean erromatarrek ia ez zuten eraginik izan; hegoaldeko lurraldeetan, aldiz, erromatarren kolonizazio prozesua sakona izan zen. K.a. I. mendean, Sertorio jeneral erromatarra Silaren aurka matxinatu zelarik, Ponpeio bidali zuten Erromatik haren aurka borrokatzera. Ponpeiok K.a. 75-74. urteen arteko negua Iruñean igaro zuen bere gudarosteekin eta haren ohoretan Pompælo izena eman zioten erromatarrek Iruñeari (hortik Pamplona erdal izena). K.a. I. mendearen bukaeran egin zituzten erromatarrek Euskal Herria zeharkatzen zuten galtzadak. Bi galtzada nagusi ziren: Asturica-Burdigala galtzada zen bata, Astorgatik Bordeleraino iristen zena Nafarroan barrena –Arakil, Iruñea, Auritz-Orreaga, Donazaharre eta Garruzetik igarotzen zen–; bestea, berriz, Tarraco-Asturica galtzadaren adar bat zen eta hego-ekialdetik ipar-mendebalera zeharkatzen zuen Nafarroa. K.o. I. mendetik aurrera bake giroa nagusitu baitzen, erromanizazioa errotuz joan zen Nafarroako hegoaldean. Hala ere, ez da hiri handien aztarnarik aurkitu, Iruñea bera herrixka gotortua baitzen artean. IV. mendean gorpuztu ziren Nafarroako lehen gune kristauak, erromatar kolonizatzaileen artean. Garai haietan hasi zen, orobat, Nafarroako hegoaldearen latinizazio prozesua; horren harira, euskarak hitz eta esapide ugari jaso zituen latinetik.  v Erromatar Inperioaren amaiera eta germaniar herrien erasoak. IV. mendean, herri germaniarren erasoak areagotu ziren erromatarren aurka eta hauek egituratutako gizarte eta zibilizazio moldea ahultzen hasi zen; haren ordez, mendialdeko taldeen egitura, leinuetan antolaturik baitzeuden, joan zen hedatzen. V. mendean sueboak, bandaloak, asdingoak, silingoak eta alanoak sartu ziren Pirinio mendietatik eta erromatarren esku zegoen Hispania konkistatu zuten. Aldi berean, V. mendearen erdialdean, bisigodoek Galiaren hegoaldeko eta Akitaniako lurraldeak konkistatu zituzten eta Iberiar Penintsulan sartu ziren lehenengo taldeak Nafarroatik barrena (415. urtean). Geroago, ordea, frankoek Galiatik bota zituzten bisigodoak eta erreinu bat sortu zuten Pirinioetatik iparraldera. Bisigodoak Iberiar Penintsulan nagusitu ziren eta haien erreinua Ebroraino hedatu zen. Baskoiek hasieratik izan zituzten liskarrak eta borrokak inguruko barbaroen erreinuekin, bai iparraldeko frankoekin bai hegoaldeko bisigodoekin. Hala, bisigodoek eta frankoek hainbat aldiz bidali zituzten gudarosteak baskoiak mendean hartzeko, eta behin baino gehiagotan hartu zuten Iruñea. VIII. mendearen bukaeran agertu zen lehenengoz frankoen agirietan “nafar” hitza. Garai hartan nafarrak leinuetan antolatuta zeuden eta Iruñea edo Pompælo, erromatar hiria izan zena, nafarren gotorleku zela esaten zen frankoen agirietan. Aldi hartan egitura feudalak sortzen hasi ziren eta baskoien lurraldeen muga inguruetan jaun baten mende zeuden feudoak eratu ziren; hegoaldean feudo haiek godoen mende zeuden eta iparraldean frankoen mende. Hala, VII. mendearen hasieran, frankoek Wasconia izeneko dukerria (Vasconia edo Gascogne ere deitua) sortu zuten, baskoiei hobeto eustearren. Hortik sortu zen, geroago, Akitaniako dukerria. Bestetik, V-VI. mendeetan, kristau elizako instituzioak sendotuz joan ziren Nafarroako hirietan; Iruñeko eta Kalagorriko apezpikuen mendean geratu ziren Nafarroako lurralde gehienak, Baionako apezpikutegiak hartzen zituen ipar-mendebalekoak izan ezik. Kristautasuna, hala ere, hirietan baino ez zen hedatu hasieran, kristautze prozesua zaila izan baitzen Nafarroan eta mende asko behar izan baitzituen errotzeko.  v Iruñeko erresumaren ateetan. VIII. mendean, (711. urtean) Rodrigo errege bisigodoak Iruñea inguratua zuelarik, musulmanak Iberiar Penintsulan sartu ziren; 714an, Ebro aldera iritsi ziren, bisigodoak mendean harturik. Hegoaldeko baskoiak, Kasi konde godoa buru zutela, harremanetan sartu ziren musulmanekin; Kasi kondea haien mende jarri eta musulman egin zen. Elkartasun hartatik sortu zen kasitarren dinastia musulmana, Banu Kasi ere deitua, hurrengo mendeetan oso garrantzi handia izan zuena Nafarroako hegoaldean. Musulmanek iparralderantz jarraitu zuten eta 721. urtean, Baskonia-ko dukerrian barneratu ziren. Musulmanen eta iparraldeko baskoien arteko borroka batzuen ondoren, frankoak eta baskoiak, etsaiak izan arren, elkartu egin ziren musulmanen aurka eta Poitiers-en menderatu zituzten. Haren ondoren, ordea, frankoek zein musulmanek baskoien aurka borrokatzen jarraitu zuten. 778an, baskoiek Iruñea suntsitzetik zetorren Karlomagnoren armadari eraso zioten Orreagako mendietan eta sona handiko garaipena lortu zuten. IX. mendearen hasieran, Nafarroa bitan banatuta zegoen; iparraldea baskoi menditarren esku zegoen eta hegoaldea Banu Kasi familia musulmanaren mende. Iparraldeko baskoiek eta Banu Kasitarrek oso lotura estuak zituzten eta harreman haien berme gisa baskoi buruzagiak Banu Kasitarrekin ekontzen ziren. Hala, Eneko Aritza baskoia eta Musa ibn Musa musulmana, Iruñeko erresumaren oinarriak jarri zituzten bi buruzagiak, anaiak ziren. 824an, frankoek Iruñea suntsitu zuten berriro, baina itzulbidean zihoazenean, Eneko Aritza eta Musa ibn Musa anaiek elkar harturik, gudaroste karonlingioari Orreagan eraso eta garaitu egin zuten. Urte hartan bertan sortu zen Iruñeko erresuma.  v Iruñeko erresuma. Iruñeko erresuma, Nafarroako erreinuaren oinarria izan zena, karolingioengandik babesteko helburuarekin sortu zen. Hasieran Eneko Aritzaren eta haren leinuaren lurralde txiki bat baizik ez zen izan, Iruñea zuena gune politikotzat. Iruñeko erresumak buruzagi baskoien burujabetasun nahiari erantzun zion eta Banu Kasitarraren laguntza izan zuen hasieran. Eneko Aritza hil ondoren, ordea, baskoi buruzagien eta Banu Kasitarren arteko harremanak txarrera egin zuten. 852an Gartzea Enekoitz, Eneko Aritzaren semea, egin zen errege eta handik aurrera baskoiek etengabe izan zituzten gatazkak Kordobako omeiatarren eta Banu Kasitarren aurka. 905. urtean Antso I.a Gartzeitz (905-925) egin zen Iruñeko errege; berarekin Semenitz dinastia sortu zen eta errege hark erresumaren mugak zabaldu zituen hegoalderantz; Lizarra ingurua, Errioxa Garaia eta Aragoiko erreinua konkistatu zituen. Bi monasterio garrantzitsu sortu zituen Antso I.ak Errioxan: San Martin Albeldakoa, Viguera hartu ondoren, eta Santa Colonna Naiara hartu ondoren. Abd al Rahman III.aren indarrari aurre egitearren, Antso I.ak Asturias-Leon eta Gaztelako errege eta kondeekin harremanak sendotu zituen. Antso I.aren ondoren, haren seme Gartzea I.a Santxeitz (905-970) izan zen errege eta haren ondoren Antso II.a Gartzeitz, Antso Abarka, (970-994), gaurko Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Pirinioetako iparraldeko lurralde batzuk bere egin zituena. XI. mendearen hasieran, Antso III.a Nagusiak (1004-1035) lurralde asko bildu zituen Iruñeko erresumaren barruan: Euskal Herriko herrialde guztiak (Nafarroako Erribera izan ezik), Errioxa, Bureba, Aragoi, Sobrarbe eta Ribagorzako dukerriak. Antso Nagusiak Cluny-ko erreforma sartu zuen bere erresumako monasterioetan eta Donejakue bideari bultzada handia eman zion. Halaber, garai hartan antolatu zen Iruñeko apezpikutegia, ordura arte Leiren zena. Antso Nagusia hil ondoren, lau semeen artean banatu zituen lurralde haiek guztiak: Gartzea III.a Santxeitz Naiarakoak egungo Euskal Herria jaso zuen eta geroago garrantzi handia izango zuten bi erreinu berri sortu ziren haren alboetan: Gaztela, mendebalean, eta Aragoi, ekialdean. Garai hartan, Nafarroa Behereko zenbait herri eta bailara Gaskoinako dukerrira bihurtu ziren berriro. 1076an, Alfontso VI.a Gaztelako erregea jabetu zen erresumako mendebaleko lurraldeez (Bizkaia, Bureba, Araba, Errioxa). XII. mendean, Alfontso I.a Iruñekoak eta Alfontso VII.a Gaztelakoak hitzartu zuten bake-itunaren arabera (Tamara, 1127), ezagutu zitzaizkion errege nafarrari Iruñeko erresumak Antso Nagusiaren garaian zituen lurralde guztiak, baina agindu horiek ez ziren bete. 1135ean Errioxa eta Bureba geratu ziren Iruñeko erresumatik kanpo eta 1136an bat egin zuten Aragoiko eta Gaztelako erregeek Iruñeko erresuma banatzeko asmoz. Antso Jakitunaren garaian (1150-1194) hasi zen berriro Iruñeko erresuma hausten eta 1179an Bizkaiko jaurerria geratu zen kanpo. Antso Azkarraren garaian (1194-1234) aipatzen da lehenengo aldiz Nafarroako erresuma; Alfontso VIII.a Gaztelako erregea jabetu zen, konkistaz, Araba (Arabako Errioxak luzaroan iraun zuen, ordea, Nafarroako erresumaren barnean), Durangalde eta Gipuzkoako lurrez (1199-1201). Itsasorako bidea galdu zuen erresumak eta Nafarroa Behereko lurraldeen eskuratze prozesuan hasi zen Nafarroako koroa, Aturri ibaiaz beheiti itsasora jotzeko asmotan. 1196. urtetik aurrera hasi ziren Nafarroa Behereko aitonen semeak Nafarroako erregearen menera jartzen, basailu gisa.  v Nafarroako erresuma. Egungo bi Nafarroei loturiko lurrek osatu zuten Nafarroako erresuma XIII. mendean. 1204an inbaditu zuten Lapurdi Alfontso VIII.aren osteek eta, Gaskoinako dukerriko lurretan nagusi ibili ondoren, atzera itzuli ziren Gaztelara. Eritu zen Alfontso VIII.a eta Nafarroari kenduriko lurralde guztiak eta Bizkaiko jaurerria itzul zitezela agindu zuen testamentuan. Ordea, suspertu eta ez zuen hitza bete. 1212an Navas de Tolosa-ko guduan hartu behar izan zuen parte Antso Azkarrak, Elizak behartuta. 1214an hil zen Alfontso VIII.a eta Aragoi aldera jo zuen Antso Azkarrak, Gaztelako erresuma menderatzeko asmoz. Ahaleginak porrot egin zuen. 1234an hil zen Antso Azkarra eta, Teodebaldo Xanpainakoa, hildako erregearen iloba, egin zuten errege nafar aitonen semeek. Honen bitartez sartu zen Nafarroan lehen dinastia frantsesa: Xanpainako etxea. Teodebaldo I.ak foruei zin egin eta Gaztelako koroak hartutako lurraldeei begira jarri zen, gorteko jendeak hala eskatuta. 1238an finkatu zen Nafarroako Foru Nagusia, Foru Zaharra deitua. Baina, arrotza baitzen bere erresuman, zailtasun handiak izan zituen bere egitekoetan. Haren garaian osatu zen gerora Obanos-ko Kapareen Biltzarra deituko zen hermandadea, gaizkinen eta handikien desmasiei aurre egiteko. Nolanahi ere, Frantziari begira agindu zuten Xanpainako errege nafarrek. Aldakuntza handiak ekarri zituen, ordea, Teodebaldo I.ak: merindadeak sortu ziren bere agintaldian, alkateak ezarri ziren hirietan, indarberritu ziren noblezia eta egitura feudala, kultura frantsesa indartu zen (gorteko musika eta poesia) eta, gurutzadetarako deien bitartez, sendotu zen kristau konkistetarako nahikundea. Teodebaldo II.aren garaian (1253-1270) Donostiako eta Hondarribiko portuak itzuli zizkion Alfontso X.a Gaztelakoak Nafarroako koroari, Teodebaldo II.a bera bizi zen bitartean. Enperadore gisa omendu behar izan zuen errege nafarrak Gaztelakoa. Teodebaldo II.a ondorengorik gabe hil zen eta erabat nagusitu zen Nafarroan Frantziako koroari loturik zegoen Xanpainako etxea. 1274an hil zen Henrike I.a erregea eta alderdi askotan banatu ziren Nafarroako aitonen semeak: Frantziari begira iraun zuen errege familiak, Aragoi aldera jo zuten aitonen seme batzuek, Pero Santxeitz Montagut-ekoa buruzagi zutela, eta Gaztelarekikoa nahiago izan zuten beste batzuek, Gartzea Almorabid-ek eta Iruñeko apezpikuak tarteko. 1276an izan zen Nafarreriako gerra: frantsesen zapalkuntza izugarria izan zen. Ondoko urteetan Paristik gobernatu zuen frantses koroak, gobernari batzuen bitartez, eta 1298tik aurrera gero eta indar handiagoa hartu zuten Obanosko Kapareen Biltzarrera bilduriko hiriek. 1305-1329 urteetan, Frantzia aldean jardun zuten nafar erregeek (Frantziako etxeko erregeak izan ziren) eta Obanosko Biltzarrak ez zituen berez onartu. Bitarte horretan aipatzen dira lehen aldiz Nafarroako gorteetako hiru estatuak. 1321. urtean menderatu zituzten gipuzkoarrek nafarrak Beotibar-ko guduan. 1328an Gorteetara deitu zuen Obanosko Biltzarrak Garesko herrian eta Joana II.a aldarrikatu zuten berriro nafarrek erregina (orduan desagertu zen Obanosko Biltzarra). 1329an egin zuten erregina Joana II.a eta Filipe haren senarraren bitartez hasi zen Evreux-ko etxea Nafarroako koroan. 1330ean aldarrikatu zen Foru Nagusiaren Hobekuntza, Foru Zaharraren berriztapena. 1349an egin zuten errege Karlos II.a, atzerriko historialariek Gaiztoa deitua, Nafarroako erresuma berriro osatu nahi izan zuen erregea. Karlos II.ak lurralde handiak zituen Frantziako iparraldean eta Ehun Urteko Gerran parte hartu zuen; hala, errege hark gerra hartan zituen interesen mende geratu zen Nafarroako kanpo politika. Hura hil ondoren, Karlos III.a Noblea (1387-1425) egin zen errege, eta nazioarteko arazoak bazterturik, Nafarroako ekonomia indartzen saiatu zen, nekazaritza, batez ere. Hura hil ondoren, erreinuak krisialdi sakon bat pairatu zuen eta nafar aitonen semeen artean bi talde sortu ziren: agramondarrak eta beamondarrak; agramondarrek Gaztelarekiko harremanak indartu nahi zituzten eta beamondarrek Frantziarekikoak. Ondoren, Zuria I.a izan zen erregina eta Joan II.a Aragoiko erregearekin ezkondu zen; Zuria I.a hil zenean, senarrak hartu zuen erregetza; erregetzarako eskubideak, ordea, semeari Karlos IV.a Vianako printzeari, zegozkion. Vianako printzea kartzelan hil zen eta Crónica de los reyes de Navarra historia liburu garrantzitsua idatzi zuen preso zegoela. Egoera hartan, agramondarrek Joan II.a Aragoikoaren alde egin zuten eta beamondarrek Karlos printzearen alde. Karlos IV.a hil ondoren, Zuria II.ari zegokion erregetza, baina Frantziako Luis XI.ak eta Aragoiko errege Joan II.ak hitzarmen bat egin zuten; haren bidez dinastia berri bat (Foix-koa) sortu zen. Leonor I.a Nafarroakoa hil zenean, bere biloba Frantzisko Febori utzi zion erregetza. Alabaina, hau oso gazterik hil zen eta bere arreba Katalina izan zen erregina. Katalina Joan III.a Albretekoarekin ezkondu zen 1483an; 1494an egin zuten erregina Katalina I.a eta orduan hasi zen Albreteko etxearen aginpidea. Politika, administrazioa, justizia eta, oro har, lege-instituzio guztiak ukitzen zituen erreforma handi bati ekin zioten biek, baina Gaztelako koroaren konkistak hutsean utzi zituen asmo haiek guztiak.  v Nafarroako erreinuaren erakundeak Erdi Aroan. Erdi Aroko instituzio molde feudalak nagusitu ziren Nafarroan beste euskal herrialdeetan ez bezala. Berezitasun handiak zituzten, ordea, Nafarroako instituzioek, beste erreinu feudal askoren aldera. Erregeak edo erreginak Foruari zin egin behar zion aldez aurretik, nafarren eskubideak errespetatuko zituelako berme gisa. Erregeaz gainera, Gorteak ziren Nafarroako instituzio nagusia. Politika eta gizarte arazoez arduratzen ziren Gorteak batez ere eta bertara biltzen ziren hiru estatuak (beso dio Nafarroako terminologiak): aitonen semeak edo goi nobleak, lehen estatua; elizako hierarkiaren ordezkariak, bigarren estatua, eta burgesak eta laborari askeak, hirugarren estatua, hirietako biztanle nafarren eta frankoen ordezkariak nagusiki. Kapareen edo behe mailako aitonen semeen ordezkariak, nobleen eta, baita ere, hirugarren estatuko burgesen artean egoten ziren. Hiru estatu hauetatik kanpora zeuden laborari petxeroak, eta ordenamendu hartatik berex zeuden mairuak eta juduak. Hamabi ziren Iruñeko erreinuaren hasieran aitonen semeen ordezkariak, antzinateko hamabi klanen ordezkariak, baina IX. mendetik aurrera sarrera egin zitzaien zaldun militarrei ere. Nolanahi ere, XIV. mendera arte ez ziren erabat finkatu Nafarroako Gorteak. Hiri bakoitzak, eta zenbaitetan hiri bakar bateko auzoek (Iruñean adibidez), bere alkatea zuen eta haren mendeko zinegotzi eta almiranteak. Administrazio eta justizia alorreko aginpide maila zuten alkateek. Hirietatik kanpo, ibarrak osatzen zituzten herri txikiek eta etxeek, eta batzarretara biltzen ziren etxeko nagusi guztiak beren kargudunak aukeratzeko. Errege Kontseilua zen instituzio gorena administrazio eta justizia mailan. Errege Gortea zen justizia egiteko zuzeneko instituzioa Nafarroa osoan; alkateek, notarioek, fiskalak eta Gorteko funtzionarioek osatzen zuten. Nafarroako lurraldea merindadeetan banatu zen, sei guztira. Merinoak errege gizonak ziren eta zergen biltzeaz, administrazio mailako zereginez eta gaizkinen errepresioaz arduratzen ziren. Baileak, probestuak nahiz almiranteak, zituen agindupeko merinoak bere egitekoak egiteko. 1364. urtean sortu zen Kontuen Ganbera, Nafarroako erreinuko Ogasun instituzio nagusia. Politika fiskalaz eta zergen jasotzeaz arduratzen zen eta kontu-hartzaile bana zuen merindadeetan.  v Nafarroaren konkista. 1512ko abuztuan, Joan III.a Albretekoa eta Frantziako Luis XII.a elkar hartuta zeudelako aitzakiarekin, konkistan hartu zuen Nafarroa Fernando Katolikoak. Urte bereko urrian saiatu ziren nafarrak erreinua berreskuratzen, frantses gudarosteak lagunduta, baina huts egin zuten eta 1513an hitzartu zuten urtebeteko su-etena Gaztelako eta Frantziako koroek Urtubiako gazteluan. Bakarrik geratu ziren, beraz, nafar leialak erasoaren aurrean. Nafarroako gorteek Fernando Katolikoaren aurrean zin egin eta erregetzat onartu zuten; 1515ean Burgosko gorteek Nafarroa Gaztelari lotzea erabaki zuten. Erreinua berreskuratzeko bigarren saio nagusia egin zuten nafarrek 1516an. Amikuze, Oztibarre eta Garaziko lurrak hartu zituzten, baina huts egin zuen Joan Albretekoak Donibaneko hirian. Bitartean Petri Nafarroakoa mariskala Erronkari aldetik igaro zen gudaroste txiki bateko buru zela, baina preso hartu eta Simancas-ko kartzelan eduki zuten hil arte. Nafarroako gazteluak erausteko agindua eman zuen Cisneros kardenalak ondoren. Urte hartan berean hil zen Joan Albretekoa. 1520. urtean berriro saiatu ziren nafar leialak eta 1521ean, Gaztelako komunitatezaleen gerra piztu zela eta, gudaroste handi bat osatu zuten nafarrek Frantziako koroaren laguntzaz. Donibane garazi hartu ondoren, Iruñera jo zuten, baina bertako setioan asmatu ez eta galera handia jasan zuten Noaingo guduan. 1522an saio berri bat egin zuten nafar leialek eta Amaiurko gotorlekuari eutsi zioten hamar hilabetez. Zapalkunta latza izan zen ondoren: agramondar asko hil zuten kartzelan eta beste askok erbestera jo behar izan zuen. 1523an Henrike II.a Nafarroako erregea Nafarroa Behereaz jabetu zen, baina utzi behar izan zuen ondoko urtean. 1525. urtetik aurrera, ordea, Donapaleu aldean egokitu ziren Henrike II.a eta Nafarroako gorteak eta 1530ean Nafarroa Beherea utzi zuen Karlos V.ak.  v Nafarroa Espaniako erresuma berriaren barnean. Espainiako koroa berriak ez zituen Nafarroako politika egiturak ezabatu, Gorteek, Errege Kontseiluak, Gorte Nagusiak eta Kontuen Ganberak jardunean segitu zuten, baina berealdiko aginte maila jaso zuen handik aurrera Nafarroako erregeordeak, Espainiako erregeak zuzenean aukeraturiko agintariak, eta bertako instituzioak ahulduz joan ziren pixkana-pixkana. Gizarte mailan eragina galdu zuten Erdi Aroan zehar indartsu jardun zuten leinuek eta Espainia berriaren kolonietara begira jarri ziren Nafarroako noble asko eta asko, eginiko mesedeen truke hainbat ohore jaso zuten beamondarrak bereziki. XVI. mendean, laborantza egiturak zabaldu ziren herrialdean zehar eta garrantzia galtzen hasi ziren iparraldeko burdinolak, Nafarroan zegoen industria apurra. Biztanle kopurua ere nabarmenkiro hazi zen eta, oro har, mende horretan sendotu zen XX. mendera arte iraun duen ekonomia egitura, laborantzan eta abere hazkuntzan oinarritua. Politika alorrean, huts egin zuten Nafarroako errege-erreginek Nafarroa Garaia berreskuratzeko ahaleginetan, eta auzia bigarren maila batean geratu zen Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako errege bihurtu ondoren (1589), Frantziako koroak egoera berria 1659. urtera arte (Pirinioetako Bakea) erabat onartu ez zuen arren. XVII. mendean Frantziako eta Espainiako koroen arteko gerrek bereziki ahuldu zuten Nafarroa Garaiko ekonomia eta Espainiako koroak aginte maila indartu zuen maila guztietan, Nafarroako foruak eta instituzioak begirunez onartzen bazituen ere. 1628an eman zen agramondarrentzako barkamena eta handik aurrera Nafarroako konkistaz baino Nafarroaren eta Gaztelaren arteko batasunaz hitz egiten eta idazten hasi ziren bazter guztietan. 1637-1640 urteetan Portugal eta Katalunia matxinatu ziren Espainiako koroaren aurka, independentzia lortzeko asmoz; Nafarroa Garaiak, ordea, leial erantzun zion oro har Espainiako koroari. 1659. urtean hitzartu zen Pirinioetako Bakea Frantziako eta Espainiako koroen artean eta Nafarroa Garaia espainiar lurralde gisa ezagutu zuen Frantziako koroak horrenbestez. Aragoik eta, batez ere, Kataluniak ez bezala, gogo onez hartu zuen Nafarroak borboitarrak Espainian sartzea (1700) eta aurre egin zieten nafarrek, Diputazioak deituta, Filipe V.aren etsaiei Aragoi eta Pirinioetako mugetan. Espainiako erregetzarako gerraren ondoren, 1713tik aurrera, neurri zentralistak hartu zituen Filipe V.ak Espainiako koroaren mendeko lurraldeetan, ez ordea Nafarroan, ezta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere, saiatu arren. Filipe V.aren gortean eta XVIII. mendearen lehen erdialdean, nafar jatorriko kolonia indartsu bat, mendialdeko nafarrak gehienak, egokitu zen Madrilen, borboitarren estatuko banku, finantza eta merkataritzako buru, eta XVIII. mendearen bigarren erdialdean indartsu iraun zuen talde horrek, Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetako ilustratuekin batean. Ordea, 1766an hasi ziren Madrilgo gortean euskal herrialdeek zituzten eskubideez kexu eta neurri murriztaile bereziak hasi ziren luzatzen espainiar gobernariak, merkataritza alorrean bereziki. 1794an sartu ziren Nafarroan Frantziako Konbentzioak bidalitako osteak eta neke gabe hartu zuten Nafarroako iparraldea. 1795ean erretiratu ziren frantsesak bertatik, eta hurrengo urteetan guztiz areagotu zen Madrilen euskaldunen aurkako sentiera, frantsesei eginiko harreragatik. 1796an Karlos IV.a Espainiakoak eman zuen dekretu baten arabera, erregeren aginduek ez zuten aurrerantzean Nafarroako Diputazioaren edo, behar zelarik, Gorteen onarpenik beharko, Nafarroan bideratu ahal izateko. 1801ean Espainiako Historia Akademiak argitaraturiko Diccionario Geográfico-Histórico delakoan zalantzan jarri zen euskal foru guztien oinarri historikoa eta euskara euskaldunek besteengandik bereizteko VIII. mendean hartu zuten hizkuntza zela argudiatzen zen.  v XIX. mendea: Nafarroa foru herrialde soila. 1808an hartu zuten Nafarroa Napoleonen osteek eta harrera ona izan zuten hasieran. 1810etik aurrera, ordea, guztiz aldatu zen egoera, elizaren aurkako erasoek, Josef Bonaparteren neurriek (Ebroko aduanen deuseztea, gobernu militarrak jartzea eta foru instituzioak baztertzea) eta Espainiako erresistentziak bultzatuta. Frantsesen aurkako gerrillak antolatu ziren Nafarroa Garaian zehar, eta 1813an alde egin zuten frantsesek Nafarroatik. Bitartean, Cadiz-ko konstituzio liberalak forurik gabe utzi zuten Nafarroa. 1814an biderik gabe utzi zituen Fernando VII.ak Cadiz-ko liberalen erreformak eta euskal herrialde guztietako foruak berriro ezarri zituen. Nafarroako gizartea liberalen eta absolutisten artean banatu zen eta egoera hura larriagotu zen 1820an Mina gerrilla buruzagi ospetsuak Nafarroan konstituzio liberala aldarrikatu zuelarik. Badirudi Nafarroako forua eta Espainiako konstituzio berria bateratzea zela Minaren asmoa. 1821ean Galiziara bidali zuten Mina eta 1822an matxinatu ziren nafar erregezale absolutistak konstituziozaleen aurka. San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioak ez zuen oztoporik aurkitu ondoren Nafarroan. 1823-1833 urteetan guztiz murriztu zituen Fernando VII.ak euskal foruak. 1828an egin zuten Nafarroako Gorteek azken bilera, eta 1829an berriro ezarri zuen Fernando VII.ak Karlos IV.ak 1796an emandako dekretua. 1833an hil zen erregea eta, ondorengotza auzitan, gerra piztu zen Elisabet ondorengoaren eta Karlos erregenahiaren jarraitzaileen artean. Bitan banatu zen, halaber, Nafarroako diputazioa. Lehen gerra karlistak (1833-1839) garrantzi handia izan zuen Nafarroa Garaian; foruen iraupena eta bi gizarte moldeen arteko gatazka sakona zeuden auzitan Hego Euskal Herrian, baina erregetzarako gerra baten itxura guztiak hartu zituen, Zumalakarregi hil ondoren batez ere (1835), sakoneko arrazoiak bestelakoak izan arren. 1839an bukatu zen lehen karlistada eta, foruak errespetatuko zirela agindu ondoren, 1841ean guztiz aldatu ziren Nafarroako foruak. Batzuek Hitzarturiko Legea deitu dutenaren arabera, autonomia maila bat ezagutzen zitzaion Nafarroari (zergak kobratzeko eskubideak, besteak beste), baina guztiz galtzen ziren Nafarroari erresuma izaera eman zioten instituzio nagusiak (gorteak, errege kontseilua,…), gutxiengo batek onartu zuen “borondatezko batasunaren” izenean. Legearen ondoren, bere burua salduta sentitu zuen nafar askok eta 1864. urtetik aurrera berriro ere agertu ziren karlistak politikara eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeen batasuna hasi ziren aldarrikatzen. Beste hiru herrialdeetan bezala, Nafarroako liberal batzuek ere begi onez ikusi zituzten foruen eta euskal izaeraren aldeko asmoak, baina errezeloz jokatu zuten beti erlijio integrismoan oinarritutako karlisten aurrean. 1872ko apirilean erabat nagusitu ziren karlistak Nafarroako hauteskundeetan, eta armetara jo zuten ondoren. Huts egin zuten Orokietan eta armak itzuli behar izan zituzten talde batzuek, baina 1873an berriro osatu zuten armada. Liberalak eta errepublikarrak izan zituzten karlistek aurrean. 1873an nagusitu ziren Jurramendin eta 1874tik aurrera Nafarroa osoa izan zuten mendean, Iruñeko hiria eta hegoaldeko erribera izan ezik. 1876an, ordea, Jurramendi eta Lizarra galdu zituzten karlistek, eta erabat nagusitu ziren liberalak. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak galdu zituzten foruak (Ekonomia Kontzertua eman zitzaien 1878an) eta itxuraz bere horretan utzi zuten Nafarroan 1841eko legea, Nafarroak estatuari eman beharreko kupoa edo diru-kopurua guztiz handiagotu bazen ere (kupo maila finkoa zuen Nafarroak, gainerako euskal herrialdeek ez bezala). Madrilgo gobernuaren politika zentralista areagotu zen aldi hartan sortu zen Nafarroan Asociación Euskara deituriko elkartea (1878), eta haren bidez eman zituen euskal nazionalismo modernoak bere lehen urratsak. Foruetan oinarrituta, euskal herrialdeen arteko federakuntza aldarrikatu zuten foruzale berriek eta berek zabaldu zuten lehenengoz Zazpiak Bat lema abertzalea, Pirinioz bi aldetako euskaldunen batasuna gogoan. Elkarteak garrantzi handia izan zuen kultura eta ideologia mailan (Sabino Aranaren nazionalismoaren aitzindaria da hein batean), ez ordea politika alorrean, giro kontserbadorea nagusitu baitzen Nafarroan 1883tik aurrera. 1893an foruen aldeko mugimendua bizkortu zen Nafarroan, Gamazo Espainiako ministroak Nafarroa zerga administrazio arruntera bihurtzen zuen lege proiektu bat aurkeztu ondoren. Gamazada deiturikoaren alde bat egin zuten nafar gehienek, armetara jo zuten batzuek, eta, Nafarroatik kanpo, Sabino Arana nazionalistaren sostengua jaso zuen. Proiektua ez zen azkenean eztabaidatu ere egin Madrilgo gorteetan. XIX. mendearen bukaeran sortu ziren Nafarroan lehen langile talde sozialistak eta 1902an eratu zuten Iruñean lehen elkarte sozialista.  v Nafarroa XX. mendean. XX. mendearen hasieratik aurrera, bizkortu egin zen espainiar alderdietan Nafarroa Hego Euskal Herriko gainerako euskal herrialdeetatik erabat berex hartzeko joera, eta indartuz joan zen pixkana-pixkana Nafarroako nortasunari atxikiriko foruzaletasun espainiarzalea. Nolanahi ere, joera hura ez zen hain garbi ikusi Espainiako bigarren errepublikako urteak arte. 1910. urtean sortu zen Iruñean lehen gune nazionalista eta handik aurrera nolabaiteko garrantzia izan zuten nazionalistek Nafarroan, Irujo bezalako buruzagiei esker. 1917-1919 urteetan bizkortu zen Nafarroako foruen aldeko mugimendua, 1918an eskatu zuen bertako Diputazioak foruak berriro ezartzea eta urte berean sortu zuen instituzio berak Eusko Ikaskuntzen Elkartea, Hego Euskal Herriko gainerako diputazioekin batean. 1919an aurkeztu zen Madrilgo gorteetan Hego Euskal Herrirako estatutu baten aurreproiektua, baina hutsean geratu zen asmo hura. 1923an, murriztapen handiak ekarri zituen Primo de Rivera-ren estatu kolpeak Nafarroako autonomiara, foru instituzioak (Diputazioa) beren horretan utzi zituen arren. 1927an Madrilgo gobernuak igo egin zuen Nafarroak estatuari ordaindu beharreko kupoa edo diru-kopurua eta muga handiak ezarri zizkion Nafarroako autonomia fiskalari. Diktaduraren amaieran azaldu ziren sozialistak eta errepublikarrak, Nafarroako hiriburuan eta hegoaldeko Erriberan bereziki, eta indartsu abiatu zen era berean Hego Euskal Herriko autonomiaren aldeko mugimendua, Eusko Ikaskuntzak prestaturiko estatutuan oinarriturik. Eztabaida luzeen ondoren, Hego Euskal Herrirako estatutua onartu zuen udal nafarren gehiengoak 1932ko urtarrilean Lizarran, baina ezker eta eskuin bideratu ziren maniobra batzuk zirela medio, urte bereko ekainean ezetza eman zion udal nafarren gehiengoak Hego Euskal Herria batera hartuko zuen estatutu proiektu bati. Espainiar eskuineko eta ezkerreko alderdietako buruzagi gehienek bultzatu zuten erabaki hura, arrazoi desberdinengatik eta gorabehera handien artean. 1933tik aurrera gorpuztu zen ideologia nabarrista eskuinak jaun eta jabe jardun zuen Nafarroan. 1934tik aurrera, Nafarroako eskuin guztia (integrismoan oinarrituriko karlista foruzalea buru) Espainiako ezkerraren aurkako ekinean murgildu zen eta errepublikaren aurkako talde militarrak hasi ziren bertan prestatzen karlistak eta falangistak. 1936ko matxinada faxista abiatu zenean, prest zegoen Nafarroako eskuina borrokarako. Berrogei mila gizon nafarrek jo zuten frontera errepublikaren aurka, erdiak boluntario, eta izugarrizko sakaila egin zuten nafar ezkertiarren artean: hiru milatik gora lagun hil zituzten gerrako lehenengo hilabeteetan, ezker aldeko alderdi eta sindikatuei loturiko Nafarroako hegoaldeko laborariak gehienak. Nafarroan ez zen, bestalde, gerra gudurik izan ia. Gerra ondoren, aurrez zeukan foru autonomia maila ezagutu zioten Nafarroari frankistek. 1955. urtetik aurrera hasi zen Nafarroako industria garatzen, Iruñeko hiriaren inguruan bereziki, eta hamar urte geroago hasi ziren isilpeko mugimendu politikoak, abertzaleak eta ezkertiarrak, Nafarroa Garaian agertzen, diktaduraren babespean frankistak eta karlistak elkarrengandik bereizi zituzten ideologia ñabarduretatik urrun. 1977an Espainiako estatuan erreforma politikoa abiatu zenetik, Nafarroa Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetatik berex nahi zuten indar eskuindarrak nagusitu ziren bertan eta joera horretara eraman zuten alderdi sozialista. 1979an Euskadiko Autonomia Estatutuaren aldeko negoziazioetatik kanpo geratu zen Nafarroa eta, estatutu horren arabera Nafarroa gainerako euskal herrialdeekin bat egiteko aukera zabalik dagoen arren, berezko autonomiaren bidetik jo zuen Nafarroak. Indar abertzaleek gutxiengoa osatu dute ordudanik Nafarroan. 1981ean onartu zuen Espainiako parlamentuak Nafarroako Foruak eguneratzeko eta hobetzeko lege organikoa (Foruaren Hobekuntzarako Legea deitua) eta autonomia erkidego bereizi gisa jardun du ordudanik Nafarroak, bere gobernu eta legebiltzarrarekin. 1982an sortu zuten ordura arte Euskadiko Alderdi Sozialistari loturik zeuden sozialista nafarrek Nafarroako Alderdi Sozialista. 1983an egin ziren Nafarroako Legebiltzarrerako lehen hauteskundeak eta haien ondoren eratu zen Nafarroako lehen gobernua.

Euskadi, auzolana