El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Haiti

(Izen ofiziala, Haitiko Errepublika; Fr., Haïti; Kreoleraz, Republik Dayti). Erdialdeko Amerikako errepublika, Antilla Handietan, Ozeano Atlantikoaren eta Karibe itsasoaren artean. Hispaniola edo La Española uhartearen mendebalean dago eta lurraldearen herena hartzen du; uhartearen gainerako partea Dominikar Errepublikako estatua da, espainiar kolonia izana. Mugak: Ozeano Atlantikoa iparraldean, Dominikar Errepublika ekialdean, Karibe itsasoa hego eta ekialdean. 27.750 km2 eta 8.121.622 biztanle (2005eko estimazioa, haitiarrak): beltzak % 95; mulatoak eta zuriak, % 5. Hiriburua: Port-au-Prince (1.900.000 2003an). Hizkuntzak: frantsesa (ofiziala; biztanleen % 20k baino ez du erabiltzen), eta Haitiko kreolera, zabalduena. Erlijioa: katolikoa (% 80,3), protestantea (% 15,8); biztanle gehienek vudua ere praktikatzen dute, kristautasun eta afrikar sinesteen nahasketa. Dirua: gourdea. ■ Haitiko uhartea, edo Quisqueya, bertako biztanleek (arawak eta taino indiarrek) deitzen zuten bezala, Kolonek aurkitu zuen 1492an, eta espainiarren mendeko kolonia izan zen. Arawakak hamarraldi gutxitan erabat desagertu ziren. Domingotar fraideak uhartea ebanjelizatu zutelarik, haien patroiaren izena eman zitzaion, Santo Domingo. Azukreak erakarrita, europar gehiago heldu zen, eta 1967an Espainiak uhartearen mendebaldea Frantziari eman zion.Geografia eta klima. Hispaniola edo La Española uhartea osatzen du Haitik Dominikar errepublikarekin batera; uhartearen mendebalean dago eta lurraldearen herena hartzen du. Artibonite ibaiaren (322 km) haranak lotzen dituen bi penintsulek osatzen dute Haiti, eta penintsula horiek Gonave golkoa eratzen dute. Oro har, mendiak (La Selle mendia, 2.674 m) eta lur emankorreko haranak dira nagusi. Haitiko klima tropiko aldekoa da (26° C batez beste) baina, betiere, itsasoaren eta mendi garaien eraginpean dagoena. Abuztu-azaroa bitarteko hilabeteetan haize erauntsi gogorrak izan ohi dira. Uharte nagusiaz gainera, badira beste txikiago batzuk: Gonave, 871 km2, Gonaveko golkoan; Dortoka uhartea iparraldean, Ozeano Atlantikoan; Grande Cayemite, eta Vache. Haitiko zuhaizti gehienak (kaoba, guaiakana, etab.) ebaki eta landa bihurtu dira hazten ari den biztanle kopuru handiaren beharrak aseko dituen janaria lortu ahal izateko; hala ere, bada oraindik kaoba, zedro eta palisandro basorik. Ugariak dira tropikoko landare eta fruituak: palmondoak, aguakateak, mangoak, lima eta laranja zuhaitzak. Animaliak: karraskariak, intsektuak, kaimanak, muskerrak eta iguanak, 200 hegazti eta 270 arrain mota. ■ Biztanleak. XVIII. mendean, Argien mendean hain zuzen, frantsesek Haitin sortu zuten Ameriketako esklabo kolonia indartsuena. Bertan jaiotako guztiak hil ondoren, esklaboak ekarri ziren Afrikatik, eta haien ondorengoek eta mulatoek osatzen dute, gaur egun, etnia handiena. Izan ere, esklaboen matxinadaren garaian (1791-1804), kolonia frantsesa desagertu eta Haitiko Errepublika sortu zenean, kolono gehienek alde egin zuten. Horregatik, gaurko biztanle gehien-gehienak afrikar esklabo haien ondorengo dira. ■ Adierazle guztien arabera, gizarte egoera askoz kritikoagoa da Haitin Antilletako beste uharteetan baino. Landaldekoak dira biztanle gehienak, eta oso gazteak (% 40 hamabost urtetik beherakoak). Bizi itxaropena (54 urte) inguruko herrietakoa baino askoz apalagoa da. Hazkunde naturala (% 2,1), jaiotza tasa handiak eraginda (% 34), oso garaia da, nahiz eta haitiar asko eta asko atzerrira joaten den, Antilletako beste estatuetara eta Ipar Ameriketara. Gizartearen hondamendia are garbiagoa da haur hilkortasun izugarria kontuan hartuta: 97,64 heriotza/1.000 jaiotza biziko, 1999ko estimazioen arabera, ea orobat analfabetismoa: hamabost urtetik gorakoetan % 55etik gora dira analfabetoak. ■ Ekonomia. Biztanleko nazio produktu gordina 285 dolar delarik (1995), Haitiko Errepublika Antilletako pobreena da (Espainiako NPG biztanleko, adibidez, 14.350 dolar zen 1996an), eta Ameriketako pobreenetakoa. Ekonomiaren iturburu nagusia kafea da, eta laborantza oro har. Era berean, manufaktura industria eta meatzaritza ere badira. Haitiko miseria ekonomikoa independentziaren lehen urteetatik dator (1804). Ameriketako bigarren estatu independentearen (Estatu Batuen ondoren) garapenaren lehen oztopoa Frantziak ezagutza ofizialaren prezio gisa ezarri zion zorraren zama izugarria izan da (150 milioi franko lehenbizi, 90 gero). Baina aldi berean da oztopo izugarria esklabotasunaren garaietatik datozen nekazaritzaren egituren iraunkortasuna. Lur aberastasun gehien-gehienak jabe eta pribilegiatu kopuru txiki baten eskuetan dago. Herriaren industrializazioa negozio burgesia batek geldiarazi du, inportazio-esportazioetan irabazi izugarriak egiten baitituzte. Duvalierren diktaduraren garaian (1957-1986), ekonomia guztiz lur jota geratu zen. Miseria are lazgarriagoa etorri zen militarrek Jean-Bertrand Aristide gobernutik eraitsi zutenean 1991n, ondoren Haitik nbek inposaturiko enbargoaren ondorio gogorrak pairatu behar izan zituen. Gaur egun, sekula baino gehiago dago Haiti kanpoko laguntzaren mende (NPGren % 37,8). Kafea eta gai manufakturatuak esportatzen ditu, eta, atzera, elikagaiak eta erregaiak inportatzen. Zorra (806,8 milioi dolar) beldurgarria da, eta langabezian dago biztanle aktiboen % 60. ■ Nekazaritzak hartzen du NPGren % 44, eta biztanle aktiboen % 65,6 enplegatzen ditu. Kafea, esportazio gai nagusia, herri osoan lantzen da. Orobat ekoizten ditu azukrea, sisala eta industria kosmetikoan erabiltzen diren oiloak. Laborantzaren parte bat bertako biztanleentzat egiten da (bananak, artoa, batatak, arroza). Presio demografikoa eta lur emankor eskasak direla-eta, ustiakuntzarako guneak oso zatikatuta daude. Baso soiltzeak eta erosioaren ondorioek gainera etengabe ari dira murrizten lur horiek (6 000 hektarea urteko). ■ Industria oso eskasa da gaur egun: NPGren % 12 hartzen du, eta oso lanpostu gutxi sortzen. Elikagai industria da batez ere, eta ehungintza industria txiki bat Port-au-Prince-ren inguruan. Eskasia horren eragileetako bat energia baliabideen falta da. Meatzaritzari dagokionez, bauxita erauzten da batez ere, Haitiko hegoaldean. Kultura. Frantsesen kolonia izan delarik Haitiko kultura metropoliaren mendean egon izan da. Baina XX. mendearekin bateratsu bertako kultura indartu egin zen. Aldaketa horren eragiletako bat Georges Sylvain izan zen; idazle honek, 1901. urtean, Jean de La Fontaine-ren alegiak Haitiko hizkuntzara itzuli zituen. 1920. inguruko urteetan Jean Price-Mars idazlearen Revue Indigène eta Ainsi parla l’oncle (1928, Honela mintzatu zen osaba) saiera liburua argitaratu ziren. Haitiko herri ohituren azterlarien artean Jacques Roumain idazlearen obrek eragin handia izan zuten bertako antzerki, pintura eta literatura lanetan. Haitiko naïf pintura eskola entzute handikoa da mundu osoan (Rigaud Benoit, Wilson Bigaurd, Hector Hippolyte eta Philome Obin). Port-au-Prince hiriburuan historia eta etnologia museoak eta Nazio Liburutegia daude.Historia. Kolonek 1492. urtean aurkitu eta Hispaniola deitu zuen uhartea espainiarren lehen kolonia eta Hego Amerika aztertzeko abiaburu bihurtu zen. Espainiarrek uhartearen ekialdean hartu zuten bizileku; Kaiman uharteetako frantses piratek, berriz, mendebala hartu zuten eta 1644an Port-de-Paix sortu; 1697an (Rijswijk-eko hitzarmena) espainiarrek frantsesei utzi zieten mendebala, handik aurrera Saint-Dominique izan zena. XVII. mendean zehar, esklaboen lanari esker, frantses kolonietan aurreratuena izan zen Saint-Dominique (azukrea, kafea, kakaoa eta kotoia esportatzen zen); esklaboak, ordea, matxinatu egin ziren (Toussaint Louverture), 1804. urtean independentzia erdietsi eta uharteari jatorriko arawak indiarren izen frantsestua eman zioten: Haïti. Handik aurrera ez zen gobernu egonkorrik ezartzerik lortu (hilketak eta matxinadak), Jean Pierre Boyer-en 1814-43 urte bitarteko agintaldia kenduta. Boyer kargutik kenarazi ondoren hilketak eta militarren estatu kolpe ugari izan ziren bata bestearen ondotik. XX. mendearen hasieran Estatu Batuek zenbait lehentasun eskuratu zituzten (militarrak eta salerosketakoak), eta 1915. urtean, zuzenbidea ezartzeko aitzakiaz baliatuta mendean hartu zuten herria, 1945 arte. 1957. urtean Duvalier (“Papa Doc”) hautatu zuten lehendakari eta honek, Tontons-macoutes deituriko polizia beldurgarriak lagunduta, oposizio arrasto txikienak ere desegin zituen eta bere burua hil arteko lehendakari izendatu zuen. Duvalier hil zenean (1971) bere seme Jean-Claude (“Baby Doc”) utzi zuen, bizitza osorako hau ere, lehendakari karguan. Duvaliertarren diktadurapean Haitiko arazo ekonomikoak, zapalkuntza politikoa eta ustelkeria areagotu egin ziren. 1980. urtetik aurrera ekonomiak behea jo zuen eta herritarren haserreak eraginda Duvalier erbestera joan zen (1986). Hala ere, behin baino gehiagotan izan dira estatu kolpe saioak Haitin Duvalier diktadorearen jarraitzaile ohiek gidatuak. 1990. urtean egin ziren hauteskundeak erabakigarriak izan ziren, Haitiko aurreneko hauteskunde benetan demokratikoak izan baitziren. Jean-Bertrand Aristide irten zen garaile, herria alde baitzuen: botoen % 67 lortu zuen. Duvalierzaleek, Roger Lafontant buru, azken ahalegin odoltsu bat egin zuten arren agintea iristeko, 1991ko otsailean izendatu zuten Aristide presidente. Urte bereko otsailean, ordea, Raoul Cédras jeneralak gidaturiko kolpe militar batek eraitsi zuen kargutik; ondoren, zapalkuntza politiko ikaragarria ekarri zuten militarrek. Amerikar Estatuen Organizazioak aurrena, eta NBEk gero, enbargoa jarri zioten Haitiri, eta milaka haitiarrek alde egin zuten. Estatu Batuek esku hartuta, elkarrizketak egin ziren Aristide eta batzorde militarreko kideen artean; elkarrizketa horiek 1993an burutu ziren, Governor's Islandeko (New York) akordioetan. Haien arabera, erbestean zegoen presidenteak hartuko zuen berriz agintea. Haitiar militarrek, ordea, ez zuten beren hitza bete. Zapalkuntzak bere horretan jarraitu zuen, ehunka biktima eraginez, eta demokraziaren itzuleraren kontra berariaz antolaturiko bortizkeria areagotu zen. Irtenbide baketsu baten ideia oro galdu zen. 1994ko irailaren 19an, nazioarteko gudaroste bat, amerikar marineez osatua gehienbat, iritsi zen Haitira, eta Aristidek berriz hartu zuen kargua. 1995eko hauteskundeetan, oposizioak boikot handia egin zuen. René Préval, Aristidek sorturiko Lavalas Organizazio politikoko kidea (OPL) bihurtu zen Haitiko presidente. Baina herrialdeak geldirik jarraitu zuen, krisi politikoaren larritasuna dela-eta: 1997ko ekaineko senatu, legebiltzar eta udal hauteskundeen bigarren itzuliaren ezabatzea, iruzur salaketak zirela-eta eta alderdi politiko guztiek atzera egin ondoren, salbu Jean-Bertrand Aristide presidente ohiarenak, lehen itzulian nagusitu zenak; ekainean Lehen Ministroak dimisioa eman zuen, eta postua hutsik geratu zen 1999ko urtarrila arte (Jacques-Édouard Alexis izendatu zuten postu horretarako); bortizkeria politikoa berriz gogortu zen. Egoera horretan, geldiarazi egin zen nazioarteko laguntza, herria miserian itota zegoen artean. 1999an René Prévalek abian jarri zuen berriz ere hauteskunde prozesua, 1997ko hauteskunde eztabaidatuak ezerezten zituen dekretu-lege bat izenpetuz, eta urte amaierarako hauteskundeak iragarriz. Oposizioak boikota egin zien 2001eko hauteskundeei, baina, hala ere, hauteskundeak egin ziren eta Aristidek irabazi zituen; hirugarren aldiz izendatu zuten Aristide lehendakari. 2004an Aristide kargutik kendu zuten, herrialde barneko krisi larriaren ondorioz. Borroka latzak izan ziren, eta azkenik, NBEko Kasko Urdinek okupatu zuten herrialdea. 2006an René Préval hautatu zuten lehendakari. Hala ere, borrokek eta hilketek aurrera jarraitu zuten.
http://www.travelinghaiti.com/
http://www.haiti.org/

Euskadi, auzolana