El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Galileo

(Galileo Galilei deitua) Italiar matematikari, fisikari eta astronomoa (Pisa, 1564 - Arcetri, 1642). Vincenzo Galilei musikagilearen semea. Pisako unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Pisako eta Paduako unibertsitateetan egon zen irakasle. Dinamika fisika alorraren sortzailetzat hartu ohi da. Penduluaren legea aurkitu zuen (hemeretzi urte zituela, Pisako katedraleko argimutil baten joan-etorria ikusiz aurkitu zuela esan ohi da). Gorputzen pisu espezifikoa aurkitzeko metodo bat asmatu zuen. Gorputzek hutsean duten erortzeko moduari buruzko teoria bat eman zuen Aristotelesen teoriarekin bat ez zetorrena: gorputzek hartzen duten lastertasunaren eta beren masaren artean loturarik ez dagoela adierazi zuen teoria horretan eta azelerazio uniformearen legea eman zuen. Torricelli-rekin batera idatzi zuen Discorsi intorno a due nuove scienze liburuan (1638) bala baten ibilbidea parabola bat zela egiaztatu zuen. Kopernikoren ideien alde azaldu zen; horregatik Inkisizioko auzitegiak hil arteko kartzela zigorra eman zion eta ideia horiek ukatzera behartu zuen. 1992aren urrian ordea, Joan Paulo II.a Aita Santuak Galileoren “okerra” barkatu eta haren kontrako zigorra eta gaitzespena kendu zuen. v Galileoren teleskopioa. Urrutiko gauzak ikusteko tresna, Galileok 1609an eraiki zuena. Asmakizun horri esker Jupiterren lau satelite handienak, Eguzkiaren orbanak, Artizarraren faseak, eta Ilargiko mendiak eta haranak aurkitu zituen Galileok. Objektibo gisa lente estutzaile bat zuen eta begiaren aldean lente zabaltzaile bat. v Galileoren eraldaketa. Fisika klasikoan, aldaera gabeko lastertasunean mugitzen ari diren bi sistemen espazio eta denbora koordenatuak batenak besteenekin lotzen dituen ekuazio multzoa. Lastertasun gutxiko fenomenoak adierazteko erabiltzen da batez ere. 

Euskadi, auzolana