El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Filipe IVa Ederra

Frantziako erregea 1285-1314 bitarteko urteetan (Fontainebleau, 1268 - Fontainebleau, 1314). Filipe III.aren semea. Nafarroako Joana I.arekin ezkondu zelarik, Xanpaina eta Nafarroa eskuratu zituen (1284). Legegileen esku jarri zituen gorteko eta erresumako arazoak. Ingalaterrako Eduardo I.arekin izan zuen gerran, Guienan (1294-99), garaile atera bazen ere, bere alaba Frantziako Elisabet Ingalaterrako Eduardo II.arekin ezkontzeko hitza emanez konpondu zuen arazoa. Flandes hartzeko ahaleginak egin zituen eta Gui de Dampierre kondea preso hartu zuen (1300). Baina Flandes frantsesen kontra altxa eta hango sarraskiaren eta Courtraiko porrotaren ondoren (1302), Mons-en-Pévčle-ko garaipena eskuratu (1304) eta Lille, Douai eta Bethune bereganatu zituen Athis-Mons-eko hitzarmenean (1305). Aita Santuak Frantziako arazoetan parte hartzea ez zuen onartzen, eta Bonifazio VIII.arekin arazoak izan zituen. Herritarren iritzia Aita Santuaren kontra jarri zuen; lehen Estatu Orokorrak bildu zituen (1302), eta Anagnin hura preso hartu zuen (1303). Istilu horiek Aita Santu frantses bat (Klemente V.a) hautatzean bukatu ziren. Ekonomian zituen zailtasunei aurre egiteko, zerga iraunkorrak ipini nahi izan zituen, eta juduei eta lonbardiarrei oso zerga astunak ezarri zizkien, batzuetan haiei ondasunak kenduz eta sarri diruaren balioa gutxituz. Haien ondasunak eskuratu nahirik, Tenpluko ordenari eraso zion; buruzagi guztiak preso hartu zituen (1307) eta Klemente V.arengandik ordena desegiteko agindua lorturik (1312), buruzagiak, besteren artean Jacques de Molay, sutan erretzera kondenatu zituen (1314). Ondasun guztiak kendu ez bazizkien ere, ordenaren dirua berak hartu zuen. Lyon aldera zabaldu zuen erresuma (1312).

Euskadi, auzolana