El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Bush, George

Estatubatuar politikaria (Connecticut, 1946). Aitona Connecticut estatuko senatari errepublikarra izan zen hamar urtez, eta aita, Georges Bush, Estatu Batuetako 41. presidentea 1988tik 1992ra. George Bush, semea, Estatu Batuetako 43. presidente izendatu zuten 2000ko abenduan, Alderdi Errepublikanoaren eskutik. Lehenago Texas estatuko gobernadore izan zen. Connecticuten jaio arren, ume zelarik Odesara (Texas) aldatu zen familia osoa, aitak hango petrolio eremuetan inbertitu baitzuen. Yale eta Harvard unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Politikan hasi aurretik petrolioaren negozioetako enpresaburua izan zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan. 1975ean CEO konpainia sortu zuen Midlanden, eta Arlingtongo Texas Rangers taldearen bi fundatzaileetako bat izan zen. Talde horiekin egindako gestio lanekin arrakasta profesional handia lortu zuen. 1994an Texas estatuko gobernadore aukeratu zuten, eta Ann Richards demokrataren lekua hartu zuen. Lau urte geroagoko hauteskundeetan, botoen % 60 eskuratu zuen, eta bere karguan berretsi zuten. 1999an, 2000. urteko hauteskundeetan Estatu Batuetako presidentetzara aurkezteko asmoa agertu zuen. Alderdi Errepublikanoaren barruan zuen neutraltasun ideologikoari esker, talde kontserbadoreenak eta moderatuak bere alde izan zituen. Hauteskundetarako inoiz bildu den diru kopururik handiena lortu zuen, 73 milioi dolar. 1999ko ekainean hasitako hauteskunde kanpainan zehar kritika gogorrak jaso zituen: kontserbadoreegia izatea leporatu zioten, eta prestakuntza eta ezagutza politikorik eza. Bere aldekoek, ordea, herriarengandik hurbil zegoela eta estatubatuarren balioak berreskuratzeko gaitasuna zuela esanez defendatzen zuten. Kanpainan zehar enpresaburu txikiei zergak murriztuko zizkiela eta hezkuntzarako diru gehiago emango zuela agindu zuen. Elebitasunaren aldekoa izaki, gaztelania erabili zuen hispanoen botoak erakartzeko. Abortuaren aurka agertu zen, intzestu, bortxaketa edo amarentzako arrisku kasuetan izan ezik; homosexualitatearen gaia tabu izan zuen, eta heriotza zigorraren defendatzaile sutsua izan da beti. Hain zuzen ere Bush da heriotza zigor gehien ezarri duen Estatu Batuetako politikaria: Texasko gobernadore zela, 120 pertsona hil zituzten. Hauteskundeak 2000. urteko azaroaren 17an egin ziren, baina, botoen zenbaketan gorabehera handiak izan zirelarik, hauteskundeak egin eta bost astera izendatu zuten Bush Estatu Batuetako presidente.

Euskadi, auzolana