Euskara

euskadi.eus

ETB3-n zinema jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin ematen hasi dira

Zinemateka izeneko saio berria filmaz gain mahai-inguru batek eta film labur batek osatzen dute.

Zinemateka saio berria emango dute ostegunero ETB3-n. Saio horretan zinema jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izango da. Filma amaitzen denean, zinemarekin lotura duten gonbidatuekin mahai-ingurua egingo dute, eta Euskal Herrian egindako film labur batekin osatuko dute saioa. Amaia Kaierok gidatutako saioa urriaren 7an hasi zen.

Ikus-entzuleen parte-hartzea ere sustatu nahi dute saio berrian. Horrela, Facebook-en eta Twitter-en kontu bana ireki du saioak: facebook.com/zinemateka eta twitter.com/zinemateka.

Hauek dira datozen asteetan Zinemateka saioan jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin emango dituzten filmak: Things you can tell just by looking at her (Rodrigo García, 2000), Henry: portrait of a serial killer (John McNaughton, 1986), Casa de los babys (John Sayles, 2003), Klass (Ilmar Raag, 2007), Berlin (Julian Schnabel, 2007), Code 46 (Michael Winterbottom, 2003), Hurlyburly (Anthony Drazan, 1998), Dead man (Jim Jarmusch, 1995), Mauvais sang (Leos Carax, 1986), The Dangerous Lives of Alter Boys (Peter Care, 2002), Mona Lisa (Neil Jordan, 1986) eta Donnie Darko (Richard Kelly, 2001).

Azken eguneratzea: 2010/10/14
Euskadi, auzolana