euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

Rimbaud, Arthur

Frantses poeta (Charleville, 1854 - Marseilla, 1891). Eskolan bertan egin zituen lehen poesia lanak, V. Hugo-ren eta Parnasoko poeten eragina agertzen dutenak. Hamasei urte zituela hiru aldiz ihes egin zuen etxetik, azkenekoan Parisa La Comunne deituriko matxinadaren denboran (1871ko martxoan). Urte berean Parisen finkatu zen, poetaren gogo-xedeak erakustera ematen zituen Le bateau ivre (Itsaontzi hordia) olerkia Verlaine-ri bidali eta hark etortzera gonbidatu ondoren. Maisuaren oniritziarekin Parisko literatura giro bohemioa ezagutu zuen, jendea liluratzen zuela bere jeinu poetikoagatik eta erlijioarekiko, gizartearekiko edota familiarekiko erakusten zuen erabateko ukoagatik. Rimbaud-en arabera, sentiberatasuna zorroztea da poetaren eginbidea eta hartarako era guztietako bizikizunak erabili behar ditu, gero inolako kontrolik gabe biak adierazteko. Rimbaud-ek erakarririk, Verlaine-k emaztea eta semea abandonatu zituen eta elkarrekin bizi izan ziren biak Parisen, Belgikan eta Londresen. 1873ko uztailean, berriro Belgikan zirela, eta liskar askoren ondoren, haserrealdi batean Verlaine-k tiro egin eta Rimbaud arinki zauritu zuen. 1873an berean, Verlaine-rengandik aldendurik, Rimbaud-ek gizarte amoral berria eta poesia ez konbentzionala sortzeko ahalegin guztien porrota aitortzen zuen Une saison en enfer obran (Denboraldi bat Infernuan, Mikel Lasak euskaratua). Orobat, Illuminations (Argitzapenak) prosazko poemek osaturiko obra ondu zuen (1875ean amaitua eta 1886an Verlaine-k argitaratua). Handik aurrera, literatura alde batera utzirik, Europan zehar bidaiari ibili zen, abenturazko eta miseriazko bizitza ezagutuz. 1880tik aurrera Etiopia aldean (Aden, Harar) boli eta arma merkatari gisa lan egin zuen. Belauneko tumore batek jota, 1891ko ekainean Frantziara itzulirik, Marseillako erietxe batean hil zen. v Hil ondoren zabaldu zen Rimbaud-en omena. Haren obra laburra barne mundu misteriotsua adierazteko saiakera ausartenetakoa eta berritzaileenetakoa izan zen literaturaren historian, nahiz eta obraren esanahiaren interpretazio guztiz desberdinak egin diren. Eragin handia izan du poesia modernoan.

Euskadi, auzolana