euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

Rilke, Rainer Maria

Txekiar idazlea, alemanez idazten zuena (Praga, 1875 - Valmont, Suitza, 1926). 1886tik 1891ra eskola militar batean egin zituen ikasketak. Gero estetika eta filosofia ikasketak egin zituen Pragan eta Munich-en. Gazte-gaztetatik izan zuen olerkiak idazteko zaletasuna. Hogeita bat urte zituela Pragatik alde egin zuen betiko eta harrezkero bizimodu ibiltaria izan zuen. Munich-en Lou Andreas-Salomé ezagutu zuen, Nietzsche-ren adiskide izandakoa eta gerora Freuden laguntzaile izan zena, Rilkeren bizitzan eragin handia izan zuena. Bi bidaldi egin zituen harekin Errusiara; hango ikuspegiek eta hango nekazarien bizimoduak eragin handia izan zuten Rilke-ren olerkigintzan. 1901ean Clara Westhoff eskultorearekin ezkondu zen, baina denbora laburrean banatu ziren. 1905ean Parisen hartu zuen bizilekua eta 1906an Auguste Rodin eskultorearen idazkari izan zen; haren diziplinak eta artea ulertzeko moduak aldaketa handia eragin zuen Rilkerengan. 1910etik 1913ra, krisi psikologiko baten ondorioz, idazteari utzi zion; bidaldiak egin zituen Europan eta Afrikako iparraldean zehar. 1921. urteaz gero Muzot gazteluan bizi izan zen, eta han idatzi zituen bere bi idazlan garrantzitsuenak: Duineser Elegien eta Sonette and Orpheus. Paul Valéry-ren olerkiak itzuli zituen alemanera. Leuzemiak jota hil zen Valmonteko erietxean, Montreux-etik hurbil. v Idazlanak. Leben und Lieder (1894, Bizitza eta kantuak); Die Weise von Liebe und Tod des Cornets Christoph Rilke (1899, Christoph Rilke alferezaren maitasunezko eta heriotzazko erromantzea); Das Buch von mönchischen Leben (1899, Monasterioko bizitzaren liburua); Das Stundenbuch (1899-1903, Orduen liburua); Briefe an einen jungen Dichter (1903, Gutunak olerkari gazte bati); Das Buch der Bilder (1902, Irudien liburua); Neue Gedichte (1907-1908, Poema berriak); Duineser Elegien (1922, Duinoko elegiak); Sonette an Orpheus (1923, Sonetoak Orfeori); Florenzer Tagebuch (1942, Florentziako egunkaria).

Euskadi, auzolana