euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

Ovidio Nason, Publio

Erromatar olerkaria (Sulmona, K.a. 43 - Tomis, K.o. 17). Goi mailako familia batean jaio zen. Aitak Erromara bidali zuen erretorika ikasketak egitera. Bidaldiak egin zituen Greziara, Anatoliara, Siziliara eta Egiptora greziar kulturaz jabetzeko. Garrantzi handirik ez zuten kargu publikoetan jardun zuen Erroman, baina kargu horiek berehala utzirik olerkia idazten hasi zen, eta horretan eman zuen bizi osoa. Mesalaren literatura taldean ibili zen eta garai hartako idazle handiak ezagutu zituen: Horazio, Galo, Propertzio. K.o. 8. urtean Augusto enperadoreak erbestera bidali zuen Itsaso Beltzaren ertzean zegoen Tomis herrira (gaur egun Errumanian), eta haren liburuak liburutegi publikoetatik kentzea agindu zuen. Ez dago garbi zergatik zigortu zuten; adituen ustez tarteko gertatu omen zen enperadorearen familian eskandaluren batean; beste batzuen ustez Augustori gaitzesgarria iruditu omen zitzaion Ars Amatoria olerki erotikoa.  v Idazlanak. Amores (K.a. 20), amodiozko elegiak; Heroidas, mitologiako eta historiako emakumeek maitaleei idatzitako fikziozko gutunak; Medea, ospe handia izan zuen tragedia, gaur egun galdua; Remedia Amoris (K.o. 1, Maitasunerako erremedioa); Ars Amatoria (K.o. 1, Maitatzeko artea), erotismoari buruzkoa, hiru liburukitan argitaratua, Ovidioren lan nagusietako bat; Medicamina faciei femineæ (Emakumezkoen aurpegirako botikei buruz); Fasti (Ospakizunak), Erromako egutegiko jaiak hilabetez hilabete azaltzen dituen elegia, sei liburukitan argitaratua; Metamorphoseon libri (K.o. 2, Itxuraldaketen liburua), hexametroetan idatzitako poema epikoa, hamabost liburukitan argitaratua, greziar eta latin literaturan eta mitoetan oinarri harturik itxuraldaketari buruzko kontaerak azaltzen dituena, Ovidioren maisu lantzat joa izan dena; Tristia (K.o. 9, Tristeak), erbestean gutun moduan idatzitako olerki autobiografikoak, bost liburukitan argitaratuak; Ibis (K.o. 11), etsai ezezagun bati erasotzen dion olerkia; Epistulae ex Ponto (K.o. 13, Gutunak Pontotik), kexua adierazten duten gutunak, lau liburukitan. Ovidiok eragin handia izan zuen ez bakarrik Erromako idazleengan, baita Erdi Aroko eta Errenazimentu garaiko idazleengan ere.

Euskadi, auzolana