euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Azken eguneratzea: 2008/02/22
Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko dirulaguntza-deialdia kaleratu dute
Mugaz gaindiko hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Ipar Euskal Herriko Euskara Erakunde Publikoaren artean. Dirulaguntza deialdia gauzatzeko xedez, lankidetzarako fondoa eratu da, alde bien ekarpenez. Guztira, 1.340.000 euroko gehieneko zenbatekoa jarri da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Ipar Euskal Herriko Euskara Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko diru-laguntza deialdia kaleratu dute elkarlanean. Gaur zabaldu eta martxoaren 21ra arte luzatuk oden deialdiaren xedea, Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera sustatzeko ekimenak garatzen dituzten erakunde pribatuentzat dirulaguntzak emateko modua arautzea da.

Dirulaguntza deialdiak, 2007ko otsailaren 7an Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean sinatutako hizkuntza-politikako gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmen-markoan du oinarri.

Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian helburu duen mugaz gaindiko hitzarmenak Eusko Jaurlaritza eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa lotzen ditu; azken hau, Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikarako gaietarako erakundea, Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osatua.

Horiek horrela, gaur bertan 2008ko hitzarmenari dagokion eranskina izenpetu dute Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariak eta Miren Azkarate, Kultura sailburuak. Hortaz, hitzarmen honek berritzen eta indartzen du alde bietako erakundeen arteko lankidetza, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuta.

Deialdiari dagokionez, 2008ko deialdira aurkezten diren ekimenak 2008an hasi edota gauzatu beharko dira eta indarrean dagoen legediaren arabera eraturiko eta dagokion erroldan inskribaturiko Ipar Euskal Herriko pertsona juridiko pribatuek eskatu eta eskura ditzakete diru-laguntzak.

Dirulaguntza deialdia gauzatzeko xedez, lankidetzarako fondoa eratu da, alde bien ekarpenez. Guztira, 1.340.000 euroko gehieneko zenbatekoa jarri da, era honetan:

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 460.000€ jarri ditu eta Euskararen Erakunde Publikoak 880.000€. Euskararen Erakunde Publikoak; diru ekarpen honez gain, Euskaltzaindiari 140.000 €ko laguntza zuzena emango dio.

2007ko otsailaren 7an Baionan sinatutako hitzarmenean adostu bezala, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean osatutako Jarraipenerako Batzordeak lankidetza fondoa koordinatuko du eta lehentasunak, helburuak, aurrekontuak eta erabiltzeko arauak proposatuko ditu. Halaber, Batzordeak egitasmoen azterketa teknikoa egingo du.

Lagundutako proiektu eta jarduerek bat egin behar dute Euskararen Erakunde Publikoak onartutako Hizkuntza Politika Proiektuaren eta Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren helburuekin.

Inkesta soziolinguistikoa

Bestalde, hitzarmen markoak finkatutakoari jarraiki, 2008ko eranskinean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko ekimenak direla eta, honako hauek aurreikusi dira:

a) Lau urtez behin egiten den inkestari dagokionez, 2006ko inkestaren ustiaketa amaitu berri delarik, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren argitalpena eta zabalkundea egitea;

b) Euskararen egoera eta bilakaera ezagutzeko asmoz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza Euskal Herriko hizkuntza-adierazleen sistema (EAS) lantzen eta eguneratzen ari da. Testuinguru horretan adierazle komunak definitu eta antolatuko dira

c) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea, besteak beste, helduen euskalduntze-alfabetatzearen curriculumari eta  hizkuntza-gaitasunaren egiaztapenari dagokienez. Azkenik terminologia eta toponimia alorrean ekoizpen linguistikoen ezaugarriak eta horien onespen irizpideak lankidetzan landuko dira ere.


Deialdian parte hartzeko eskabide txostena Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan hartu behar da (Platanondoen etorbidea, 4 - 64100 Baiona /Tel. : 05 59 31 18 34 / E-maila: eep-oplb@mintzaira.fr) eta proposamenak martxoaren 21a baino lehen aurkeztu behar dira.


Gasteiz, 2008ko otsailaren 21a.

Euskadi, auzolana