euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Azken eguneratzea: 2007/01/12
40 irakasle inguru parte hartzen ari dira Argentinako udako barnetegian
HABEk eta FEVAk antolaturik, hilaren 20ra arte ikasturtean zehar on line ikastaroan ikasitakoa errepasatuko eta praktikak egingo dituzte, mintzamena bereziki. Aurtengo ikasturtean Argentinan 820 ikasle daude, alegia herrialde honetan elkartzen da Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari diren bi ikasletik bat.

Argentinako euskal etxe ezberdinetako 38 irakasle ikasle bihurtu dira egun hauetan, udako barnetegiak (hemisferio australean)  iraungo duen hamar egunetan, hain zuzen, La Platako Euzko Etxean, HABEk eta FEVAk (Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak) antolatuta.
Bosgarren barnetegia da 2003an Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarra egin zenetik. Bertako iraskaleak trebazea helburu, on line ikastaro bat eratu zen, HABEk koordinaturik eta geroztik urtean bietan barnetegia egin da, zeinean urtean zehar ikasitakoa errepasatu eta praktikak egiten dituzten, mintzamena bereziki. Emaitzek, orain arte, "aurreikuspen guztiak gainditu" dituztela dio Argentinan Euskaraz egitasmoko koordinatzaile Jose Francisco Zinkunegik. Baita gehitu ere Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarra egin ondoren, uztailean, ez dutela baztertzen egitasmoa euskal diasporako beste herrialde eta gizataldeetara "zabaltzea".
Hilaren 20ra arte egingo den La Platako barnetegian, Euskal Herriko bi iraskale dira buru, Lazkaoko Maizpide barnetegikoak biak. Bata Jon Urdangarin dugu, ikasturtean zehar on line ikastaroak zuzendu eta koordinatzen dituena. Eta bestea, Iñaki Rezola. Beraiekin batera ari dira Jose Francisco Zinkunegi Argentinan Euskaraz programako HABEko koordinatzaailea eta Gabriela Mendia, FEVAko euskara teknikaria. Irakasleak trebatzeko aukera emateaz gain, barnetegiak ere balio ahal izango du proiektuaren nondik norakoak jakin, zalantzak argitu eta proposamenak aurkezteko.

Euskara Munduan

Orain dela hamasei urte abiatu zen 'Argentinan Euskaraz' programa Argentinako Euskal Etxeetan euskararen presentzia bermatzeko asmoz. 2000. urtetik aurrera Euskara Munduan izena hartu zuen programak, eta, 2003an, Gasteizen ospatu zen Munduko Euskal Gizataldeen Biltzarrean behin betiko bultzada eman zitzaion. Euskara Munduan programak hiru lerro nagusi ditu. Lehenengoa, irakasleak trebatzea da. Lehenbizi, euskaldundu egiten dira. Horien kasuan, urtean zehar, Irakasleen Gunea plataforma birtuala erabiltzen du HABEk. Irakaslegaiak Argentinan zehar barreiaturik daude eta Maizpide barnetegitik kudeatzen dira, eta urrutitik landu ezin dituzten trebetasunak lantzeko bi barne-ikastaro antolatzen dira urtero Argentinan: bata neguko oporretan eta udakoetan, bestea. Euskara maila egokia lortzen dutenean, euskaran sakontzeari utzi gabe, oinarrizko trebakuntza pedagogikoa eskaintzen zaie. Bigarren lerroa, Euskal Etxeak gutxieneko ikas/irakas-materialez hornitzea da. Horretarako, irakasleek behar dituzten kontsulta materialak eta klaseetan erabiltzekoak helarazten zaizkie. 2003tik hona asko aurreratu da, izan ere, BOGA erabilgarri dute 40 Euskal Etxe baino gehiagotan. Azkenik, hirugarren lerroa diru laguntzena da. Urtero argitaratzen diren deialdiaren bidez, euskara ikastaro horiek antolatzeko laguntza ematen du HABEk.

820 euskara ikasle Argentinan

HABEk emandako datuen arabera, aurtengo ikasturtean Argentinan 820 ikasle daude (bertako 40 irakasle eta euskara eskolak 20 hirietan) Bestela esanda, Argentinan elkartzen da Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari diren bi ikasletik bat. Izan ere, 1.500 euskara ikasle daude Amerikan, eta 700 inguru Europako euskal etxeetan (gehienak Bartzelona eta Madrilen -200na ikasle- eta 150 Parisen). AEBetan dauden 60 Euskal Etxeen artean, aldiz, erdietan ematen dira euskara klaseak.

Euskadi, auzolana