euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

 

Euskara mintzagai bildumak gure hizkuntzaren sustrai, enbor, adar eta fruituak ondo asko aztertu nahi ditu eta euskaltzale guztiei ikerlan monografikoetan eskaini. Milaka urte dituen mintzaira honen jatorria, bilakaera, osagaiak, kanpora eta barrura izandako harremanak, euskal jendeak sortutako kultur adierazpideak... Halakoak eta beste gertutik eta modu arin batean ezagutzeko prest dagoen horrek badu zer irakurri, zer ikasi. Aldian-aldian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak argitara emango dituen liburuxka hauek gure hizkuntza, gure herria, geure burua hobeto ezagutzeko aukera emango digute ugalduz joango da.

Jardunari ekiteko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak behingoan bi erakunderen elkarlana koordinatu du: Labayru eta Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) dira egitasmo honetako partaideak.

Bildumak honako ezaugarriak ditu:

  • Dibulgazio-lanek osatuko dute. Euskarak bere baitan biltzen dituen osagaiak, izan dituen harremanak eta sortu dituen adierazpenak aztertu nahi ditu bilduma honek, eta luzera txikiko monografia-lanetan sintetizatuta eskaini. Gaietan sakondu nahi duenak erreferentzia asko eta asko izango ditu aldean, proposatutakotik abiatuta gure hizkuntzaren zokoak ezagutzeko.
  • Edizio itxuroso eta ondo zaindua: irudiz eta argazkiz osatua, bibliografiaz lagunduta …
  • Interneterako bertsio osagarria: jatorrizko testuak abiapuntu, sareak eskaintzen dituen baliabide askori lotua. Irakurtzeko, ikusizko eta entzutezko testuetara jotzeko aukera. Horretaz gain jatorrizko bertsioak PDFetan ere eskainiko dira, interesa duen edozeinek eskura izan dezan.
  • Jasotzaileak: euskaltzaleak oro har. Zabaltze eta banaketak paperezko euskarrian batik bat ikastetxeetara, euskaltegietara eta liburutegietara joko du. Irakasleek eskura izan dezaten nahi dugu, euren jardunean bildumak proposatutako gaiak txertatzeko aukera eskainiz, gure gazteak ere jasotzaile bihurtuz. www.euskara.euskadi.net atarian gelarako zenbait proposamen topatuko ditu interesa duen irakasleak.
Euskararen geografia historikoa

Izenburua: Euskararen geografia historikoa
Zenbakia: 1
Egileak: Adolfo Arejita, Ander Manterola eta Segundo Oar-Arteta (Labayru Ikastegia)
Argitalpen-urtea: 2007
Orri-kopurua: 56

Laburpena:Labayru Ikastegiaren eskutik datorren Euskararen geografia historikoa ikerlanak euskarak menderik mende bizi izandako gorabeherak azalduko dizkigu, gure hizkuntzaren mapak zeintzuk izan diren irudikatuta. Munduko hizkuntza zaharrenetakoak kanpotik etorritako eraginei zelan eutsi dien, zelan asmatu duen bizirik jarraitzen ikasi ahal izango dugu.

Euskararen geografia historikoa
Izenburua: Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun
Zenbakia: 2
Egilea: Ana Eizagirre (Udako Euskal Unibertsitatea)
Argitalpen-urtea: 2007
Orri-kopurua: 48

Udako Euskal Unibertsitateak Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun ikerlana dakarkigu. XIX eta XX. mendeetan zehar irakurtzen eta idazten ikasteko aukeren bilakaera eta euskaraz idatzitakoa irakurtzeko herritarrek izan dituzten moduak zeintzuk izan diren ulertzen lagunduko dizuten gako nagusiak eskainiko dizkizu lan honek.

Euskal          Herriko Prentsa: XVIII. mendetik 1945era
Izenburua: Euskal Herriko prentsa: XVIII. mendetik 1945era
Zenbakia: 3
Egilea: Maria González Gorosarri (Udako Euskal Unibertsitatea)
Argitalpen-urtea: 2008
Orri-kopurua: 48 eta separata (24 orr.)

Maria Gonzálezek idatzitako monografiak euskal prentsa du aztergai, hastapenetatik Bigarren Mundu Gerraren bukaera artekoa hain zuzen. Zein izan zen euskarazko prentsak emandako lehenengo berria? Zein esparru bete ditu kazetaritzak epe luze horretan? Nolakoak ziren euskal prentsaren irakurleak? … Halako itaun eta besteri emango dio erantzuna testuak. Gehigarrian aztertutako prentsaren adibideak argitaratu ziren bezala izango du irakurleak.

Euskara eta Euskalkiak
Izenburua: Euskara eta euskalkiak
Zenbakia: 4
Egileak: Adolfo Arejita eta Igone Etxeberria (Labayru Ikastegia)
Argitalpen-urtea: 2008
Orri-kopurua: 48 eta 1863ko Bonaparteren mapa

Egileek euskararen bilakaera aztertu dute, hizkuntzaren baitan dauden aldagaiak gogoan: hizkuntza eta dialektoak zertan diren, euskalkien eta azpi-euskalkien eremu geografikoa, eta horren harrira egindako ikerketak. Liburuarekin batera 1863an Bonaparte Printzeak Londresen argitaratutako euskalkien maparen erreprodukzioa eskaini da.

Herri literatura
Izenburua: Herri literatura
Zenbakia: 5
Egileak: Igone Etxeberria eta Jabier Kalzakorta (Labayru Ikastegia)
Argitalpen-urtea: 2009
Orri-kopurua: 76 eta "Herri literatura" kantu-liburua eta CD audioa

Labayru Ikastegiko Igone Etxebarriak eta Jabi Kalzakortak paratu duten "Herri literatura" liburuak euskal literaturaren eremu hori azaltzea eta argitzea du xede, eta, bide batez, behar duen tamainako inportantzia aitortzea. Orrialdeotan irakurleak gaiak biltzen dituen alderdien berri jasoko du, adibidez ederto osatuak: errefrauak eta esaerak, igarkizunak eta aho-korapiloak, koplak, baladak, bertsolaritza… Liburua aberaste aldera kanta, bertso eta ipuinez osaturiko grabazio bilduma ederrarekin egingo du topo irakurle-entzuleak. Asmoa argia da: berez ahozkotasunaren ezaugarri duen literatura mota hau bere benetako testu-inguruan gozatzea.

Euskarak erakutsi koloreak ikusten
Izenburua: Euskarak erakutsi koloreak ikusten
Zenbakia: 6
Egileak: Txema Preciado (Udako Euskal Unibertsitatea)
Argitalpen-urtea: 2009
Orri-kopurua: 52 eta Jack Londonen 'Itzala eta distira' ipuina, Xabier Olarrak itzulia

Txema Preciadok idatzi eta UEUren eskutik datorren "Euskarak erakutsi koloreak ikusten" testuak koloreen gaiaren hainbat alderdi ikusaraziko dizkigu. Aurrenik kolorearen alderdi fisikoaz arituko da, ikusmenaren nondik norakoak gizakien zein animalien artean zelan egituratzen diren. Jarraian alde kulturalek biltzen dituzten konnotazioak izango ditu hizpide: munduaren errealitatea ulertzeko hizkuntzak darabiltzan mekanismoek ageriko utziko dute zein aberats den kultur artekotasuna. Hirugarrenez, koloreak interpretatzean euskarak dituen baliabideak ikasiko ditugu, liburuaren izenburuari zuzen erantzuten diona. Azkenik, laugarren atalean, gaiaren inguruan zenbait gogoeta bildu ditu egileak, aurretik landutako ikuspegiak kontuan hartuta. Liburuarekin batera, eta separata gisa, Jack Londonek idatzitako "Itzala eta distira" ipuina jasoko du irakurleak, Xabier Olarrak itzulia. Koloreak eta ikusezintasuna dira narrazio laburraren osagai nagusia.

Gure eskola Liburuak

Izenburua: Gure eskola-liburuak
Zenbakia: 7
Egileak: Paulí Dávila eta Lore Erriondo (Udal Euskal Unibertsitatea)
Orri-kopurua: 56

Laburpena:Paulí Dávilak eta Lore Erriondok euskarazko eskola-liburuen historia azaltzen digute. Irakurleak denetatik aurkituko du liburuxka honetan: dotrinak, gramatika eta silabarioak, ipuinak eta fabulak zein testuliburuak. Eta aukera izango du ikusteko nolakoak ziren garai bateko liburuak eta nolakoak azkenaldikoak, batez ere euskararen normalizazioa onartu zenetik honakoak. Liburuarekin batera, eta separata gisa, Julene Azpeitiak idatzi eta 1961ean argitaratutako 'Umien adizkidia’ metodoa jasoko du irakurleak.

Belatzetik ihartzera

Izenburua: Belatzetik ihartzera: udaberritik eta udako jai-ohiturak
Zenbakia: 8
Egilea: Igone Etxeberria (Labayru Ikastegia)
Orri-kopurua: 48

Laburpena:Igone Etxebarriak prestatu duen liburuxkan udaberriko eta udako esaera, nekazaritza munduko ohitura eta zenbait errito jasotzen dira. Garai bateko ohitura erlijiosoak ageri dira eta, horrekin batera, euskaldunen antzinako errito eta esaerak, maiz urteko zikloei lotuak. Jaiak, nekazaritzako lanen arabera ez ezik, gure inguruan urte liturgiko katolikoaren arabera ere ordenatzen dira. Euskara bera tresna ezin hobea da historian barrena murgiltzeko. Euskara belaunaldien arteko zubi bat da, gure aurrekoak hobeto ezagutzeko bidea ematen diguna eta gure ondorengoei gu ezagutzeko bidea emango diena. Hain zuzen ere, lan honen edukiak bildumako 9.zenbakian udazken eta neguko jai-ohiturei buruz jorratutakoen osagarriak dira.

pdf Belatzetik ihartzera (pdf, 3321 kb)

Herri-egutegia: negua. Udazken eta neguko jai-ohiturak

Izenburua: Herri-egutegia: negua. Udazken eta neguko jai-ohiturak
Zenbakia: 9
Egilea: Igone Etxeberria eta Akaitze Kamiruaga (Labayru Ikastegia)
Argitalpen-urtea: 2013
Orri-kopurua: 56

Laburpena:Egileek liburuxkan udazken eta neguko jai-egunen inguruko informazioa jaso dute. Bi urtaroetako esaerak, ohiturak, eta zenbait mito, errito eta jai izan dituzte aztergai. Besteak beste, Olentzeroren eta hainbat landa-herritako inauterien tradizioaren berri zehatza dakarzkigute egileek. Hain zuzen ere, lan honen edukiak bildumako 8. zenbakian udaberri eta udako jai-ohiturei buruz jorratutakoen osagarriak dira..

Baserriaren eraikuntza. Teknika tradizionalei begirada

Izenburua: Baserriaren eraikuntza. Teknika tradizionalei begirada
Zenbakia: 10
Egilea: Garbiñe Pedroso eta Inhar Agirrezabal (Udako Euskal Unibertsitatea)
Argitalpen-urtea: 2013
Orri-kopurua: 48

Laburpena:Egileek liburuxkan baserri-giroko etxegintzaren azterketa burutu dute. Baserriak jasotzeko erabili izan diren teknika tradizionalei begira moldatutako azterlana taxutu dute. Baserriaren beraren eraikuntza izan da aztergai, ikuspegi tekniko eta etnografikotik. Azkenik, edukiaren ulermena errazte aldera, bukaeran glosarioa eskaintzen da.

Azken eguneratzea: 2014/08/22
Euskadi, auzolana