euskadi.eus

Hasiera

Elebide

Abenduaren 22ko 6/2003 Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena

Kontuan izan behar dugu abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak (2003-12-30eko EHAA; pdf, 94,76 kB), aldaketak jasan zituela otsailaren 9ko 2/2012 Legearen eraginez (2012-02-17ko EHAA).

Abenduaren 22ko 6/2003 Legeak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak zerrendatzen ditu 4. artikuluan, tartean f) idatz-zatian jasotako eskubide hau:

Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea lege honek eta ordenamendu juridikoaren gainerako legeek ezartzen dutenari jarraiki.

II. Tituluko VII. Kapituluak Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak du izenburu, 37tik 42ra bitarteko artikuluak bilduz.

37. artikuluan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak aitortzen dira, beti ere progresibotasun baldintzekin bat etorriz:

  • Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko eskubidea, legearen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.
  • Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea; enpresa edo establezimendu hauek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko diete herritarrei.

Halaber, hurrengo artikuluetan zehazten dira eskubide horiek, arlo ezberdinetan aplikatzeko.

38. artikuluan erakunde publikoak arautzen dira. Zehazten da zeintzuk diren legeak eragindako erakunde publikoak, kontsumitzaile eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak agertzen direla bermatu beharra ezartzen zaie, baita nola bermatu ere.

39. artikuluan diruz lagundutako erakundeak eta interes orokorreko sektoreak definitzen dira, eta euren hizkuntza betebeharrak zehazten dira.

40. artikuluan, jendeari produktuak saldu eta zerbitzuak egiteaz arduratzen diren establezimenduen hizkuntza betebeharrak zehazten dira.

41. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoan banatutako ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa emateko hizkuntza arautzen da, etiketa, ontzi eta erabilera-jarraibideen inprimakietakoa barne. Informazioa orokorrean euskaraz, gaztelaniaz edo euskaraz eta gaztelaniaz agertuko da, eskaintzailearen nahiaren arabera. Gobernuak sustapen-neurriak hartuko ditu euskara eta gaztelania batera erabil daitezen. Jatorri-deitura edo kalitatezko izendapena duten euskal ondasunen kasuan, bai eta artisautza-produktuen kasuan ere, euskararen erabilera sustatuko da etiketatzeko orduan, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan erregulatutako produktuak badira.

42. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak egoki diren neurriak bultzatuko ditu eta beharrezko diren erabakiak hartuko ditu, euskararen erabilera sustatze aldera kontsumitzaileei eta erabiltzaileei ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkieten erakundeen jarduketen alorrean.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legea garatzeko, Eusko Jaurlaritzak 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa (2008-07-16ko EHAA; pdf, 131,66 kB), argitaratu zuen, gerora uztailaren 20ko 204/2010 Dekretuak (2010-07-26ko EHAA) aldatua.

Azken eguneratzea: 2013/01/17

Zer da Elebide?

Euskadi, auzolana