euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

Argitalpen-data: 2014/10/14

Euskararen Agenda Estrategikoaren aurkezpena legebiltzarrean.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, eta Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu dute gaur Legebiltzarrean.

Legealdiaren hasieran, Jaurlaritzak legealdi honetarako (2013-2016) 14 Plan Estrategiko egingo zituela iragarri zuen. Hauetako bat da, hain zuzen ere, Euskararen Agenda Estrategikoa. Jaurlaritza legealdi honetan euskara biziberritzearen alde egiten ari den eta egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen ditu Agendak, hain zuzen. Agenda betetzea Jaurlaritza osoaren erantzukizuna da, Jaurlaritzaren sail guztiena, alegia.

Agendaren (pdf, 1.7 Mb) zifra nagusiei dagokienez, aipatu beharra dago, 13 lan-ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza zehaztu direla.

Cristina Uriartek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, hartu du hitza lehenbizi. “Pozgarria da guretzat dokumentu garrantzitsu hau zuen aurrean aurkeztea. Alde batetik, euskararen sustapenari bultzada berritu bat ematera datorrelako. Beste alde batetik, argi erakusten duelako Gobernu honek euskararekin duen konpromisoa”, hasi da.

Euskara biziberritzen jarraitzeko, nahitaezkoa da gu guztion lana, gu guztion ekarpena. Guztion arteko elkarlana. Eta gaur hemen aurkezten duguna horretarako beste tresna bat da: Euskararen Agenda Estrategikoa. Gobernu honen legealdirako Agenda da”, gehitu du sailburuak.

“Euskararen Agenda Estrategikoaren marko nagusia “Euskara 21. Itun berritu baterantz” dokumentua da. Dokumentu horrek XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak jaso zituen. Agendak badu ere beste oinarri bat. Euskararen Aholku Batzordeak 2012an egin eta onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP). Aurrekari horietatik dator Euskararen Agenda Estrategikoa. Ez gara hutsetik hasi, alegia ”, azaldu du Uriartek.

Bere interbentzioa bukatzeko, honakoa adierazi du Cristina Uriarte Sailburuak: “Euskara biziberritzeko lanean ere denok gara beharrezkoak. Denok gara garrantzitsuak”.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak esan duenez: “euskal gizarteak, joandako hiru hamarkada hauetan, argi eta garbi erakutsi du gizarte elebiduna izan nahi duela. Herritar asko eta asko dira, gero eta gehiago, euskaraz -edo euskaraz ere- ohikotasunez aritu eta bizi nahi dutenak, euskaraz -edo euskarazere- neurri handi batean bizi direnak. Gero eta gehiago dira aukera berdintasuna hizkuntzan ere eskatzen dutenak”.

Baztarrikak datu hauek eskaini ditu bere interbentzioan: “Asko aurreratu dugu euskararen egoeran. Ezagutzari dagokionez, euskara dakitenen kopurua etengabe ari da hazten. EAEn 5 urtetik gorako biztanleen % 36,4 elebiduna da, eta % 19,3 elebidun hartzailea. Azken 30 urteotan oso gutxi hazi da biztanle kopurua, ia batere ez: duela 30 urte baino 38.000 biztanle gehiago ditu gaur EAEk, besterik ez. Baina duela 30 urte baino 318.000 hiztun gehiago ditu euskarak gaur, eta 400.000 erdaldun elebakar gutxiago. Gaur egun 25 urtetik beherako gazteen artean lautik hiru euskaldunak dira, eta duela 30 urte bostetik bat besterik ez ziren”.

“Erabilera ere handitu egin da; EAEn gero eta gehiago dira euskara erabiltzen duten pertsonak. Biztanleen % 20k euskara gaztelania adina edo gehiago erabiltzen du, eta beste % 8,9k ere erabiltzen du euskara, nahiz eta gaztelania baino gutxiago. Gazteen artean eta eremu formaletan (zerbitzu publikoetan) igo da batez ere eta oso nabarmen erabilera. Ahulago dabil esparru ez formaletan”, gehitu du sailburuordeak.

Irakaskuntza elebakar erdaldunetik irakaskuntza elebidunera igaro gara, eta euskarazko irakaskuntza da hezkuntza ez unibertsitario osoan proportziorik altuena duena. DBHko ikasleen 10etik ia 9k, gurasoen erabakiz, euskaraz egiten dituzte ikasketak, osorik edo partzialki”, azaldu du.

Aurrerantz egin dugu 30 urteotan. Baina bidea ez da amaitu. Asko indartu da euskara, baina nahi baino ahulago dago. Orain, gure eta ondorengo belaunaldien erronka da euskararen jarraipena eta garapena bermatzea; euskararen hazkunde iraunkor bat bermatzea. Agenda Estrategikoaren leloak dioen bezala, bizikidetzarako hizkuntza bizia izatea baita euskararentzako nahi dugun etorkizuna”, adierazi du sailburuordeak.

“Izan ere, bi hizkuntzak ditugu ofizialak, berdintasun formalean bizi dira elkarren ondoan, baina ez daude inondik ere berdintasun egoeran gizartean. Horregatik, euskaren normalizazioaren aldeko sustapen lana hizkuntzen elkarbizitzaren aldeko lana da, eta baita bizikidetza sozialaren aldekoa ere. Euskal gizartearen kohesioa sendotzen du”, aipatu du Baztarrikak.

Sailburuordeak honako hau ere ekarri du gogora: “Joan den astean Europako Kontseiluaren ordezkaritza bat izan da Espainiako Estatuan Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren betetze maila aztertzera etorrita. Europako Kontseiluaren Adituen Batzordeko buruak, Gabor Kardos jaunak, astelehenean jendaurrean adierazi zuen hitzez hitz honako hauxe: “argi dago euskararen kasuan luzera begirako politika bat egin dela, eta emaitza garrantzitsuak izan dituela”.

“Bat gatoz Kardos jaunarekin, eta uste dugu politika horrek jarraipena behar duela, jarraipen eraginkorra eta eguneratua. Etorkizuna, ordea, ez dago ez erabakita, ez bermatuta. Egunero eraikitzen da etorkizuna”, gehitu du.

Hizkuntza politika iraunkorra (edo sosteniblea) eta eraginkorra garatzea da Jaurlaritzaren konpromisoa, eta Agenda Estrategikoa horretarakoxe tresna integrala da. Hizkuntza politika horrek dituen helburuak eta printzipioak dira Agendak berak dituenak ere: helburua da euskararen erabilera normalizatzen jarraitzea, hemengo bi hizkuntza ofizialen arteko aukera-berdintasuna eta herritar guztien hizkuntza askatasuna efektiboki bermatzera gerturatzeko bidea egiten jarraitzea alegia; eta printzipioak dira, Euskararen Legean eta Eremu Urriko Europako Hizkuntzen Itunaren 7. artikuluan jasotzen den hizkuntza ahulenaren aldeko ekintza positiboa, progresibitatea eta adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena”, azaldu du.

Bukatzeko, Baztarrikak honako hau esan du: “Euskararen Agenda Estrategiko honen eta, oro har, hizkuntza politikaren ildo eta esparru guztietan, administrazioaren eta gizartearen arteko elkarlana bilatu eta sustatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, euskalgintza instituzionalaren eta euskalgintza sozialaren arteko sinergiak sendotzeko eta indarrak bateratzeko. Denok gara beharrezko, denok daukagu denon beharra eraginkorrak izango bagara”.

 

Euskadi, auzolana