El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Wystan Hugh Auden (1907-1973)

W(ystan) H(ugh) Auden ingeles letra gizona 1907an York-eko hirian sortu zen, eta T..S. Eliot poetaren ondorengoa izan zen ingeles poesian, Eliot W.B.Yeatsena izan zen bezala. Lehen liburua, Poems, argitaratu orduko egin zen famatua (1928), egileak hogeita bat urte eskas zituenean. Audenek, poeta gisa ez ezik, izen handia izan zuen ezkerreko intelektual moduan ere, 1930- 1940 urteetan bereziki, Depresio Handiaren urteetan. Auden poeta erlijosoa da eta aldi berean irri-eragilea, hitzaren birtuosoa baina beti didaktikoa, satirikoa da eta guztiz lirikoa : sailkatzen zaila, beraz.

Audenen aita sendagilea zen, zientziazalea oso, eta ama erizaina ; giro horretan, literaturari baino askoz garrantzi handiagoa ematen zitzaion zientziari. Fede katoliko sendoko familia zen, eta Islandian zituen nonbait sustraiak -Auden abizena islandiar sagetan ageri da-; aita bezala, semea ere liluratua egon zen beti islandiar herriarekin . Bere klase bereko haurrek ohi zuten hezkuntza izan zuen, eta biologian espezializatu zen. Baina 1922an poeta bokazioa deskubritu zuen, eta bi urteren buruan argitaratu zuen lehen poema. 1925ean Oxfordera joan zen ikastera, eta fama handia lortu zuen han poeta eta jakintsu gisa. "Auden talde" bat aipatzen bada ere, politika iraultzailea egiten zuena, talde hori gehiago izan zen kazetarien asmakizuna benetako talde politiko eragilea baino. Nolanahi dela ere, Auden poetak baino askoz interes gutxiago du Auden marxistak ; izan ere, beti nahi izan zituen Audenek bere garaiko gaitzak ezagutu, azken finean, gizadiaren gaitzen agerpen konkretuak baino ez direnak ; modu berean esan daiteke nahi horri berorri erantzuten diola "Auden kristauak" ere.

Oxforden graduatu ondoren (1928), urte bete eman zuen Berlinen, ez, ohi zen bezala, Parisen. Han ezagutu eta maitatu zituen alemaniar hizkuntza, kabareteko kantak eta antzerki lanak, Bertolt Brecht-enak bereziki. Ondoko bost urteetan eskola maisua izan zen Eskozian eta Inglaterran.

 

Audenen heldutasuna : poesia lana

Hil aurretik -Vienan hil zen, 1973ko irailaren 28an-, bere poesia lanaren behin betiko edizioa prestatu zuen Audenek, poemez eta bertsozko eta hitz lauzko obra dramatiko txikiez osatua.

Bost urte geroago argitaratu zen, Collected Poems (1976, Poema hautatuak) izenburupean . Liburu hau da Audenen literatura testamentua.

Poema hautatuak kronologiaren arabera antolatutako liburua da, poema asko baztertuak dituena. Horietako batzuk oso famatuak ziren, " Spain" deritzana adibidez, eta arrazoi moralengatik ukatu zuen poetak . Izan ere, berrikuste horren arrazoia estetikoa baino areago, etikoa izan zen : poema batek ezin baititu, Audenen arabera, egilearenak ez diren usteak adierazi, nahiz eta erretorikaren aldetik egokia izan. Bestalde, Poema hautatuak liburua lau partetan banatu zuen, bere poesia emaitzaren aldiei dagozkienak.

Lehen aldia 1927-1932 urte bitartekoa da. Lehen aldi honetako poesian badira poema asko bakardadearen obsesioa adierazten dutenak. Lehen liburua, Poems (Poemak) edizio pribatuan argitaratu zen aurrenekoz 1928an, eta 1930ean kaleratu zenean -hogeita hiru urte zituen egileak- berehalako arrakasta izan zuen. Poemekin batera beste obra bat ere argitaratu zuen, Paid on Both Sides "txarada" (Bi aldeetan ordaindua), guztiz adierazgarria Audenen obran, material guztiz desberdinak baliatuz osatua baita, halako amalgama bitxi batean : Islandiako sagak, ingeles poesia zaharra, eskolako istorioak, Karl Marx, Sigmund Freud eta beste psikologo batzuk, eskola umeen umorea.

Poemak liburuarekin, segituan konturatu ziren irakurleak ahots berria zela hura,indar ez ohikoaz mintzatzen zena. Poemak ez dira beti maila berekoak eta sarritan ilunak dira, elkarren kontrako asmoak bateratzen baitituzte : alde batetik, fantasiarako, mitoen mundurako eta inkontzienterako bulkada subjektiboa, eta, bestetik, gizartearen gaitzaren eta gizartea osatzen dute gizabanakoen akats psikologiko eta moralen diagnosia egiteko bulkada objektiboa . Poesia haren ondorio sozial eta politikoak azpimarratu ziren gehienbat liburua kaleratu zenean, baina garrantzitsuagoa dute alderdi psikologikoa. Poema hauetan heriotza da beti garaile. Hilen mamuak betetzen dituzte liburuko orriak : gure orainaldian sartzen dira, eta ez bizitzera bultzatzen gaituzte. Azken finean terapia baten moduan dago ikusia hemen poesia, nolabait ere psikoanalisiaren antzeko betekizuna baitu. Ikusmolde hori funtsezkoa du Audenen obra guztiak.

Bigarren aldia, 1933-1938 urteei dagokiena, Auden ezkerraren heroi bihurtu zenekoa da. Gizarte kapitalistaren gaitzen analisia egiten jarraitu zuen, baina era berean arduratu zen totalitarismoaren hazkundeaz . On This Island liburuan (1937, Uharte honetan; Britainia Handian, Look, Stranger.! 1936), ulergarriagoa egin zen Audenen bertsogintza, irakurleria zabalarentzat errazagoa . Londresen antzezlan esperimentalak eta ez komertzialak eszenaratzen zituen Group Theatre taldearentzat, idatzi zituen, aurrena The Dance of Death (propagandazko komedia musikala), eta ondoren beste hiru drama, txikitatik adiskide zuen Christopher Isherwoodekin lankidetzan : The Dog Beneath the Skin (1935, Azalaren azpiko zakurra), The Ascent of F 6 (1936, F6-ren igoera), eta On the Frontier (1938). Dokumentaletarako komentarioak ere idatzi zituen, horien artean genero horretan klasikobat dena, NightMail (1936, Gaueko posta) ; saiakera eta liburu kritika ugari, eta erreportajeak : Islandiara egindako bidaia bati buruzkoa, Letters from Iceland (1937, Gutunak Islandiatik), eta Txinara Isherwoodekin egin zuen beste bidaia bati buruzkoa, Journey to a War (1939, Gerrara bidaldia) lanaren oinarri izango zena. Bidaldi labur bat egin zuen, Errepublikaren laguntzaile, gerra zibilaren Espainiara (1937), eta Spain poema izan zen haren emaitza, gorago esan bezala, urteak igarotzean ukatu egingo zuena ; izan ere, bisitaldi hartan, Audenek geroago adierazi zuenez, hasi omen zen ezkerrarekin desilusionatzen eta jarri omen zen kritautasunera itzultzeko bidean. 1936an, Thomas Mann alemaniar nobelagilearen alaba Erika Mann-ekin ezkondu zen, emazteari britainiar pasaportea ematearren. Auden eta Isherwood Txinara joan zirenean, Estatu Batuak bi bider gurutzatu zituzten, eta itzuli zirenean hantxe geratzeko asmoa hartu zuten. 1939aren urtarrilean joan ziren Ameriketara bizitzera.

Hirugarren aldiko urteetan (1939-1946), Estatu Batuetako hiritar egin zen Auden, eta asko aldatu zen, bai erlijio auzian, bai auzi intelektualetan. Another Time liburuan daude (1940, Beste batean) Audenen kanta eta poema biribilenetako batzuk. The Double Man (1941, Gizon bikoitza) lanak bere erlijioikusmoldea agertzen du, kristautasunetik hurbilekoa. 1940tik aurrerako Audenen lan guztian funtsezkoak diren sineste eta jarrerak hiru poema luzetan daude definituak : erlijiosoa, For the Time Being Eguberrietako oratorioan (Oraingoz, 1944) ; estetikoa, liburuki bereko Sea and the Mirror (Itsasoa eta ispilua) Shakespeareren The Tempest antzezlanaren komentario ia dramatikoan ; eta sozio-psikologikoa, The Age of Anxiety (1947, Larritasunaren garaia), 1948ko Pulitzer saria irabazi zuen "egloga barrokoan". Orduz gero Audenek ez zuen poema luze gehiagorik idatzi.

 

Azken urteak

Audenen poemagintzaren laugarren aldia 1948. urtean hasten da, poeta negualdia New Yorken eta udako hilabeteak Europan igarotzen hasi zenean. 1948-1957 urteetan Italiako Ischia uhartera joan zen ; azken urte horretan landetxe bat erosi zuen Kirchstetten-en, Austrian, eta orduz geroztik hantxe emango zituen udak. Garai hartako obretan -The Shield of Achilles (1955, Akilesen ezkutua), Homage to Clio (1960, Kliori omenaldia), About the House (1965, Etxearen inguruan), eta City without Walls(1969, Hormarik gabeko hiria)-, kanpoko eredu baten arabera antolaturiko poemak ageri dira (ordu kanonikoak, paisaje motak, etxe bateko gelak). Chester Kallman Estatu Batuetako poetarekin -adiskide mina zuen, eta hogei urte baino gehiagoz bizi izan ziren elkarrekin-, opera libretoaren antzea berriztatu zuen. Libreto ezagunenak dira The Rakes Progress (1951) Igor Stravinskirentzat egina, Elegy for Young Lovers (1961, Maitalegazteen elegia) eta The Bassarids (1966) Hans Werner Henzerentzat, eta Love s Labours Lost, Nicolas Nabokoventzat.

1962an kritika liburu bat argitaratu zuen, The Dyers Hand (Tindatzailearen eskua) eta gai orokorrei buruzko liburu bat 1970 ean, A Certain World (Halako mundu bat).

Azken urteotan denbora asko eman zuen Audenek besteren liburuak argitaratzen eta itzultzen ; aipagarria da The Collected Poems ofJohn Perse (1972, John Perseren poema hautatuak). 1972an neguko egoitza New Yorketik Oxfordera aldatu zuen, hango Christ Church Collegeko ohorezko irakasle baitzen. Urte haietan garrantzi handiko sariak jaso zituen : Bollingen saria (1953), National Book Award saria (1956), eta Oxfordeko poesiako katedra (1956-1961). Vienan hil zen 1973.. rtean.

 

Euskadi, auzolana