El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Izadi Jakintza»Izadi jakintza

Sexu bidezko ugalketa

1. Irudia: Giza motaren sexu bidezko ugalketaren eskema (2n = 46)

LABURPENA: Sexu edo gameto bidezko ugalketarako, sexu desberdineko bi banako behar dira, arra eta emea; horien sexu oganoetan eratzen dira, ernal zeluletatik abiatuta eta meiosi bidez, zelula espezializatuak edo gametoak. Bi gametoek bat egin eta zigotoa edo arrautza ernaldua sorrarazten dute, eta zigototik garatuko da banako berria. Lau ugalketa mota dira: kariogamia, somatogamia, gametangiogamia eta gametogamia.
Ernalketarik gabe ere iristen dira inoiz gametoak heldutasunera, partenogenesi bidez.

 

Sarrera

Lurrean bizi izan ziren lehen organismoak sexugabeak ziren. Sexua geroago agertu zen: egungo bakterio konjugazioaren antzekoa bide zen aurreneko sexu hura, geneak trukatzeko modu bat alegia. Hortaz, bizitza sortu ondorengo asmakizuna izan zen sexua; izan zen hasieran sexurik gabeko mundu bizi bat.
Sexu bidezko ugalketan sexu desberdineko bi banakok parte hartzen dute, arrak eta emeak. Bien ugal aparatuetan eratzen dira, ernal zeluletatik abiatuta, gameto deritzaten zelula espezializatuak, hau da, obuluak eta espermatozoideak.
Ernalketaren bitartez, gameto ar bat eta gameto eme bat elkartu, bat egin eta zelulaarrautza ernaldu bat eratzen dute, zigotoa.
Mitosi zatiketak gertatuko zaizkio gero zigotoari, harik eta beste banako bat sortu arte; banako horrek gurasoen ezaugarriak izango ditu, baina baita bere ezaugarri bereziak ere. Aski dugu, hori ulertzeko, geure burua ispiluan begiratzea: aitaren eta amaren ezaugarriak ikusiko ditugu seguraski, baina halere ez gara haien berdin-berdinak.
Badira ezaugarri batzuk ez batenak ez bestearenak ez direnak, hau da, ezaugarri “berriak”.
Badakigu DNA dela bere baitan informazio genetikoa daukan herentziazko materiala, eta sexu bidezko ugalketaz eratutako izaki berriak bi gurasoen ezaugarri morfologikoak dituela; horrek esan nahi du bien DNA duela. Alabaina, gizakiak 46 kromosoma baldin baditu, kromosoma homologoko bi sail berdin-berdinetan banatuak (zelula diploideak, 2n = 46, n kromosomen kopurua izanik), argi dago zerbait gertatu behar duela zigotoa osatu aurretik, aitaren eta amaren zelula bana elkartzen direlarik, ernalketa gertatzean ez daitezen kromosoma gehiegi izan. Baina gametoek ez dauzkate beren motari dagozkion kromosoma guztiak (gure kasuan, 46), erdia baizik (zelula haploideak, n = 23), eta, era horretan, ernalketan elkartzen direnean, 46 kromosomageratzen dira berriz ere. Kromosomen urritze hau eragiten duen prozesua meiosia da, gametoen eta zigotoaren eraketen arteko uneren batean gertatzen den zelulen zatiketa mota. Meiosian, gainera, berkonbinazio genetikoa ere gertatzen da, eta, hala, ondorengo gametoek informazio biologiko desberdina izango dute, bai elkarrekiko, bai zelula amarekiko.Ernalketa gorputzaren barruan gerta daiteke –hau da, barne ernalketa izan–, edo kanpoan –kanpoko ernalketa–. Uretako animalia gehienak gorputzetik kanpo ernaltzen dira. Arrek eta emeek uretan uzten dituzte gametoak, eta hantxe elkartu eta ernaltzen dira. Gameto asko, jakina, galdu egiten dira; baina oso kopuru handiak sortzen dituzte, eta, hala, handitu egiten da ernalketa probabilitatea.
Barne ernalketan, zuzenean uzten ditu arrak bere espermatozoideak emearen gorputzaren barruan; emearen ehun hartzaileak hezeak dira, eta, hala, inguru urtsu hori egokia da espermatozoideak obuluaren bila egiten dituen mugimendurako. Hauxe da animalia lurtar gehienen metodoa, eta baita arrain batzuena eta uretako beste animalia zenbaitena ere.
Deskribatu ditugun organismo mota horiek, sexu batekoak ala bestekoak direnak, sexubakarrak, dioikoak (normalean landareei aplikatzen zaie hitz hori) edo gonokorikoak dira; emeek obuluak eta arrek espermatozoideak sortzen dituzte. Hala ere, eta landareetan batez ere, badira batzuk hermafroditak edo monoikoak (landareei eman ohi zaien izena), hau da, bi sexuak dauzkatenak, eta, hortaz, ugal organo arrak eta emeak; hala ere, hori ez da landareetan bakarrik gertatzen, bai baitira animalia hermafroditak ere: barakuilua, lurreko zizarea eta izaina. Organismo hermafrodita batzuek beren burua ernaltzen dute –horixe egiten dute landare askok–, edo kide batekin gurutzatzen dira, barakuiluak egiten duen bezala.
Izaki bizi batzuetan, gameto bakar batetik (gameto edo sexu esporatik), banako heldu bat sor daiteke, ziklo haplontea duten behe mailako alga batzuetan gertatzen den bezala, edo ziklo haplo-diplonteko organismoen aldi haploidean, hala goi mailako algetan, goroldioetan (briofitoak), iratzeetan (pteridofitoak), eta onddoetan.SarreraSexu bidezko ugalketa motakSexu bidezko ugalketa motakSexu bidezko ugalketa motak

 

Sexu bidezko ugalketaren aldiak

Gametoen sorrera: esan da gametoak direla banakoaren informazio genetikoa daramaten sexu elementuak. Izaki zelulabakarretan, organismoak berak dira gametoak, gutxi asko aldatuak. Zelulanitzetan berriz, gonadetan eratzen dira gametoak, animalien kasuan, eta gametangioetan landare eta onddoetan.
Gonada arrak barrabilak dira, espermatozoideak sorrarazen dituztenak.
Obulutegiak dira gonada emeak, eta obuluak sortzen dituzte. Landareetan, arkegonioak, oosferak ekoizten dituztenak, dira gametangio emeak; arrak anteridioak dira, anterozoideak eratzen dituztenak.
Obuluak zelula handiak eta mugigaitzak dira, etorkizuneko enbrioiaren garapenerako elikagaiak izaten dituena; espermatozoideak berriz txikiak eta oso mugikorrak izaten dira, eta, isatsaren higikortasunaren bidez, igeri egiteko egokituak. Heterogamia esaten zaio honi (neurri desberdineko gametoak izateari), eta isogamia aldiz gametoak tamaina berekoak direnean gertatzen da.
Hermafroditek bi eratako izakiak eratzen dituzte. Batzuetan aldi berean sortzen dira –hermafrodita androginoak–, eta kasu horretan posible da autoernalketa. Alderantziz, gameto arrak osatzen badira aurrena, hermafrodita protandriko deitzen dira; emeak eratzen direnean lehenbizi, hermafrodita protogino esaten zaie. Protrandikoek eta protoginoek ernalketa gurutzatua behar dute.
Ernalketa: bi gametoen elkarketa da, eta horren ondoriozko zigotoaren eraketa.
Gametoak, heltzen direnean, ernalketarako gai izaten dira. Gameto arra, txikia eta mugikorra, sartu ohi da gameto emean, hori, normalean, ez baita mugitzen.Zigotoaren garapena: segmentatuz edo ernamuinduz, izaki heldu bat sorraraziko du zigotoak.

 

Sexu bidezko ugalketa motak

Beste ataletan azaldu dira birusen eta bakterioen ugal prozesuak.
Lau mota dira: kariogamia, somatogamia, gametangiogamia eta gametogamia.
Kariogamia: protozoo ziliodunak ezaugarritzen dituen prozesua da; izaki zelulabakarrak dira, bi gune dituztenak, makrogunea eta mikrogunea. Guneek betetzen dute hemen gametoek izaki zelulanitzetan duten eginkizuna. Mikrogunean hainbat eratako prozesu gertatzen dira, mitosi eta meiosi zatiketak, fusioak eta endekatzeak. Kariogamia bi eratakoa izan daiteke, konjugazioa eta autogamia. (2. irudia).
Konjugazioan birkonbinaketa genetikoa gertatzen da, guneen trukearen bitartez, aldi baterako elkartzen diren bi banakoren –konjugatzaileen– artean. Bi banakoren hurbiltzearekin hasten da prozesua. Gero, makrogunea endekatu egiten da, mikroguneari meiosia gertatzen zaio, eta era horretan lau mikrogune sortzen dira. Hurrengo aldian, hiru mikrogune endekatzen dira, eta bestetik, mitosiz zatituz, bi progune agertzen dira.Gero, trukatu egiten dira progune horiek; protozooan geratzen da bat (gune egonkorra edo gune emea), baina bestea beste banakora igarotzen da, haren gune emea ernaltzen du (gune migratzaile edo arra), eta fusioa gertatzen da. Geroago beste makrogune bat agertuko da, eta aldi berean konjugatzaileak banatu egingo dira. Gune aparatuaren laburtze eta berritzean, eta gune horren parte batzuen trukean datza konjugazioaren prozesua.
Autogamian ere bi gune elkartzen dira, baina protozoo berekoak, eta, hala, ez dago beste banako batekiko gene trukerik. Prozesuaren hasieran, mikrogunea meiosiz zatitzen da, eta makrogunea eta hiru mikrogune endekatzen dira. Gero, geratzen den mikrogune haploidea zatitu egiten da, eta, mitosiaren emaitza gisa, bi progune sortzen dira, gero elkartuko direnak. Ondoren, zelula zatiketa gertatzen da, bi izaki banatzen dira eta makrogune berri bat sortzen da.
Somatogamia: ohikoa da basidiomizete klaseko onddoetan; hifen bi zelula begetatibo arrunt elkartu, eta haien zitoplasmen fusioa gertatzen da lehenbizi –plasmogamia–, eta guneena geroago –kariogamia–.
Hifak haploideak dira (n), eta plasmogamiaren ondoren bi guneko zelulak izaten dituzte (dikariotoak). Geroago, bi gune horiek elkartu egiten dira (2n), meiosiz zatitu, eta espora haploideak sortzen dira. Plasmogamia eta kariogamiaren artean dikarioto aldi bat izaten da, gehiago edo gutxiago luza daitekeena.
Gametangiogamia: onddo talde desberdinei dagokie, eta gametangio osoen fusioa izaten da horretan; gune bat baino gehiagoko zigotoak, edo zenozigotoak, sor daitezke.
Gametangio arrak eta emeak morfologiaz berdinak badira, gametangiogamia isogamoa esaten zaio –ohikoa da zigomizeteen klasean–, anisogamotik bereizteko, hori gametangio desberdinei baitagokie, eta askomizeteetan gertatzen da.
Gametogamia: gametoetatik izaki berriak sortzean datza. Bi mota dira, anfigonia eta partenogenesia.
Anfigonia ernalketarekin gertatzen den ugalketa da; hau da, gametoen fusioa gertatzen da. Bi mota dira, hologamia eta merogamia.
Hologamian, banakoak berak jarduten du gameto gisa; prozesu hori ezaguna da Spyrogira alga harizpi formakoan, zeinean kontrako sexuen harizpiak elkartu, eta bien artean zitoplasmazko zubi bat sortzen den; zubi horretatik baten protoplasma (arra) igarotzen da, guneek bat egin dute, eta zigotoa eratzen da. Merogamian –animalien artean horixe da sexu bidezko ugalketako modurik zabalduena–, sexu organoek ekoizturiko gameto desberdinduak elkartzendira; animalia metazoo, onddo, alga eta landareetan gertatzen da (briofito, pteridofito eta espermatofitoetan).
Partenogenesian ernaketarik gabe ugaltzen dira gametoak, hau da, sexu desberdineko banakoen elkartzerik gabe; obulua, ernaldua izan gabe, beste izaki bat bihurtzen hasten da. Meiosiz sorturiko obulu batetik eratzen da izaki berria, eta sexu zelula desberdindu batetik abiatzen da banako berriaren eraketa, normalean eta baldintza naturaletan, zelula emetik; hori dela-eta, sexu bidezko ugalketatzat hartzen da gehienetan partenogenesia, nahiz eta sexu gabeko ugalketa gisa agertu testu batzuetan. Landare batzuetan polena eta estigma elkartzeak eragiten du partenogenesia, nahiz eta ez sortu estiloaren barruan hazten den polen hodia.
Dirudienez, hormona batzuk irits daitezke ernaldu gabeko arrautzeraino, eta enbrioarien eraketa estimulatu han. Bi partenogenesi mota definitu dira, gamofasikoa eta zigofasikoa. Gamofasikoan, izaki berri guztiak ar haploideak izaten dira, eta emeak berriz obuluen ernalketa normalaren bidez agertzen dira, eta diploideak izaten dira. Partenogenesi zigofasikoan, obulu diploideetatik sortzen dira banakoak, bi bide posibleetatik: bide bat sexugabea da, eta arrautza mitosiz sortzen da (meiosi gabeko forma); bestean, bi gune haploide elkartzen dira,meiosiz sortuak (meiosidun forma). Partenogenesiaren bidez, sor daitezke edo beti arrak (partenogenesi arrenotokoa, erle eta errotiferoena), edo beti emeak (telitokoa, hala errotiferoetan eta afididoetan –landare zorriak), edo biak (anfitokoa). Belaunaldi guztiak emeenak direnean, partenogenesia osoa dela esaten da. Animalia batzuetan txandakatu egiten dira partenogenesi eta anfigonia bidezko belaunaldiak; prozesu horri heterogonia esaten zaio, eta, hortaz, partenogenesi ziklikoa da. Ingurugiroko baldintzak aldekoak direnean gertatzen da partenogenesi bidezko ugalketa, eta anfigonia bidezkoa berriz baldintzak txarrak direnean, negua iristean adibidez.
Maiztasunari dagokionez, ustegabekoa, aukerazkoa edo nahitaezkoa izan daiteke partenogenesia. Ustegabekoa gertatzen da anfigoniaz ugaltzen diren motetan, salbuespenez arrautzaren bat ernaldu gabe garatzen denean; tximeletetan gertatzen da.
Erleek eta beste himenoptero batzuek, errotiferoek eta akaroek, ernaldu gabe nahiz ernalduta gara daitezkeen arrautzak erruten dituzte; lehen kasuan emeak sortzen dira, eta bigarrenean arrak. Azkenik, errotifero eta afidido batzuetan, arrautzak partenogenesiz baino ez dira garatzen, eta, horregatik, mota batzuetan ez da arrik izaten.

 

Euskadi, auzolana