El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Historia Unibertsala»Erdi aroa

Islama eta turkiarrak (XI-XV. mendeak)

Gazan Mahmud, Pertsiako errege mogola (1295-1304), XVI. mendeko pertsiar miniatura batean.<br><br>

Herri gutxi izan dira Mendebalean turkiarrena bezain begi txarrez ikusiak. Despotismoaren eta Islamaren gainbeheraren sinbolo izan ziren turkiarrak; baina horren arrazoi nagusia XX. mende hasiera arte estatu kristauei aurre egin eta Islamaren buruzagi izana da, seguruenik. Gaur egun 5 milioi musulman bizi dira Balkanetan, eta Jugoslabiako guduak argi erakutsi du eremu horretan oso kontuan hartzekoa dela eta izango dela islamak utzitako ondarea. Hala ere, garai jakin batetik aurrera bizi izan dira turkiarrak Asia Txikian eta Balkanetan, eta garai jakin horretatik aurrera izan dira islamaren abangoardia ere. Txina inguruko estepetatik zetozen talde turkiar nomadek bizitoki finkoa zuten herriekiko harremanak izan zituzten, eta mendean hartu zituzten herrien ohiturak eta sinesmenak bereganatu zituzten.

 

Islamiartzea

Herri turkiarrak X. mendearen bigarren erdialdean islamiartu ziren. Prozesu horretan eragin aipagarria izan zuten gazi deituek; gaziak muga eremuetan bizi ziren talde musulmanak ziren, jihad edo islamiarren proselitismo betierekoaren buruzagiak.

Gazi horiek ziren, esan den bezala, mugetan aurkitzen zituztenak eta haiekin izaten ziren borrokak ere. Turkiar asko hartu zituzten preso eta haietako batzuk gazi egin ziren eta beren etniako kideak ere gazi bihurtzeko ahaleginak egin zituzten. Kontuan hartu behar da «mugako» bizimodu hori bat zetorrela herri nomaden borroka molde antzinakoekin, eta molde horiek oso errotuta zeudela turkiarren artean. Horri esker bihurtu ziren islamera turkiar asko ?baita herri edo etnia osoak ere?, jarri ziren mertzenario edo «esklabo» ?ekialdean hitz horrek duen esanahia harturik, hau da «babespeko» moduan edo? edo parte hartu zuten lekuan lekuko gatazketan, alde batekoen ala bestekoen zerbitzuan. Bereziki aipagarria izan zen mamelukoen kasua. Abbastarren kalifak mamelukoen leinutik hartu zituen bere goardiarako gizonak; mamelukoak Egiptoko agintari izatera iritsi ziren XIII. mendearen erdialdera eta horretan iraun zuten 1517an otomandarrek dinastia hura eraitsi zuten artean. Talde turkiarren islamiartze prozesua, beraz, oso loturik egon zen Koranaren oinarrietan aipatzen den defentsa militar aktiboaren izpirituarekin, gazien izpirituarekin, hainbesteraino ezen Claude Cahenek zioenez, islamiartze prozesua ez zen izan turkiarren islamiartze prozesua soilik, baita gazien turkiartze prozesu bat ere bai baizik, eta orduan hasi zen turkiarren irudia Islamaren buruzagi gisa ikusten.

 

XI-XIII. mendeak: seljuktarrak eta turkiarrak Asia Txikian finkatzea

Islamera bihurturiko lehen dinastia turkiarra ghaznatar dinastia izan zen. Dinastia haren gune nagusia Afganistan zen, 962- 1151 bitartean bizi izan zen eta Ganges ibairainoko Indiako lurraldeak bereganatu zituen (horren ondorioa da gaur egungo Pakistan, herrialde islamiarra). 1040 inguruan, ordea, seljuktarrek hartu zuten ghaznatarren lekua ?Islam erlijioari dagokionez garrantzi gehien zuen turkiar herri gisa?, Tugril Beg buruzagiaren agintaldian. Seljuktarren dinasta Txinako oguzz taldeen «konfederazio» batetik sortu zen; konfederazio hartako taldeak berriki bihurtuak ziren Islam erlijiora eta Bagdadeko barne liskarrez baliatuta, ortodoxia sunniaren alde egin eta kalifaren babesa eskuratu zuten. Horri esker, sultan titulua eskuratu zuen Tugrilek, 1055ean; hura izan zen Islam erlijioko agintari batek titulu hura eskuratu zuen lehen aldia. «Seljuktarren inperioa» sortu zen horrela, gaur egun Azerbaidjan, Iran, Irak eta Siriak hartzen duten lurraldean, Ispahan zuela hiriburu.

1071n Bizantzioren kontrako garaipena lortu zuen Manzikerteko guduan eta Bizantziok Asia Txikian izandako nagusitasuna suntsitu eta Anatoliaraino iristea lortu zuten. Turkiarrek geroz eta indar handiagoa zuten eremu horretan, eta sendotu egin zen, gainera, bizitoki hartzen zituzten lurraldeen (iqta) bertako gaineko jabetza emanez hainbat klan lurralde haietara erakarriz.

Ez da ahaztu behar islamiartzearen ondorioz klanen arteko guduen ordez jihad delakoa nagusitu zela; gudu sakratua da jihada,batez ere kanpora bideratua eta izan daitekeen gudu justu bakarra. Horrela, jatorriarekin zerikusia zuten gatazkak desagertu ziren. Era berean, etorkian oinarrituriko zerbitzuen ordez Jainkoaren eta komunitate islamiarren arteko trukea nagusitu zen, jihadean garaipena lortzearen truke ematen zen sariarekin.Ortodoxia eta tolerantzia Seljuktarrek ortodoxiaren aldeko apustua egin izanak ez du esan nahi, hala ere, intolerantzia erradikalaren alde egin zutenik, izan ere erakundeen kontrako erasoak egin zituzten pertsonen kontrakoak baino, eta beren politikaren ardatzak heziketa eta sufienganako ?bizitza aszetikoa zeramaten mistikoak? eta herritarrenganako hurbilketa izan ziren. Erasorik gogorrenak ismaeliten kontra egindakoak izan ziren. Ismaelita batzuk Kaspio itsasoaren hegoaldeko mendietan finkatu ziren Hassan al-Sabbahren agintepean. Talde haren ezaugarri nagusiak indarkeria, disziplina, pertsonaia ospetsuak hiltzeko joera eta beren buruzagiarekiko leialtasun itsua ziren. Dirudienez, buruzagiak paradisua agintzen zien bere jarraitzaileei, baina ez hori bakarrik, paradisuaren kontenplazioa ere eskaintzen zien hassisaren bidez. Horregatik eman zitzaion taldeari hasisyyum deitura, eta izen hori berehala gelditu zen beren jarduera bortitzekin lotuta.

Bestalde, mendean hartzen zituzten herriak juduak edo kristauak baziren ez zuten paganoen kontra bezain gogor jokatzen islamiarrek ?nahiz eta salbuespen gogoangarri batzuk izan ziren, adibidez Asia Txikiko greziarren kasua?. «Liburuko jendeek» aukera zuten islamera bihurtzeko edo horren ordez zerga bat ordaintzeko, eta hori egin ondoren beren ohiturak, administrazioa eta sinesmenak gorde zitzaketen, izan ere, jainkoaren goiargia nolabait iritsi zitzaiela esaten zen, paganoei ez bezala. Gai honetan, musulmanen helburua zen herriek Islamaren nagusitasuna ezagutzea, eta eragile horrek berebiziko garrantzia izan zuen Asia Txikiko eta Balkanetako lurralde askotan turkiarren nagusitasuna ezagutu zedin.Seljuktarren errejimenaren gainbehera Seljuktarren errejimenak behera egin zuen XI. mendearen azken hamarraldiaz gero. Aginpidea eskuratzeko lehia sortu zen inperio barnean, herri txikiek indar hartu zuten, atabeg ?sultanaren semeen tutore eta haren ondarearen zaintzaileak, sarritan beren zereginari zegokiona baino gehiago nahiak zirenak? delakoen errejimena osatu zen, gudarosteari hainbat lur eman zitzaizkion aldekoak eskuratu ahal izako, etab.

Horrek guztiak inperioaren barne hondamena ekarri zuen, eta seljuktarren inperioa printzerri autonomoetan eta eskualdekakodinastietan banatuta gelditu zen. Islamaren gune nagusia Egipto aldea, eta batez ere, Siria izan zen aurrerantzean, Saladinoren eta ayyubiarren garaian, eta haien ondoren, Egiptoko mamelukoen garaian.

Asia Txikia izan zen islam turkiarrean gehien iraun zuen lurraldea. Eremu hari eman zioten, hain zuzen, Turkia izena gurutzatuek.

Turkiak zuzperraldia izan zuen XIII. mendearen lehenengo urteetan rumseljuktar dinastiari (bizantziar-seljuktarra, alegia) esker; izan ere dinastia hark islamaren nagusitasuna sendotu zuen eskualde hartan eta hirietako bizitza eta merkataritza zuzpertu zituen. Baina aldi berean, eta Asiako beste muturrean, Gengis Kanen gudarosteak ?turkiarrez eta mongolez osaturiko taldea, mendebalean tartariar izenaz ezagutua? etengabeko eraso sail bat hasi zuen eta Txinako itsasoaren eta Europa erdialdearen arteko eremu guztia hartu zuen bere mende; 1234an gudaroste horiek rumseljuktar dinastia suntsitu zuten; 1256an hasisyyumak deuseztu zituzten, handik bi urtera Bagdad hartu zuten eta ondoren Damasko.

Islamaren erabateko hondamena ekarriko zutela zirudien, baina Egiptoko mamelukoek mongolen inperioa menderatu zuten 1260. urtearen hamarraldiaren amaieran.

Asia Txikian, Bizantziorekiko mugan, zenbait turkomandar finkatu ziren mongolen aginpidetik ihesi, gazi izpirituari jarraituz betiere. Talde horietako bat, otomandarra, XIV. mendea hasieran sortua, zabaltze politika aurrera eramaten hasi zen berriro Utmanen gidaritzapean.

 

XIV-XV. mendeak: Inperio otomandarra, Konstantinopla menderatu arte

ANATOLIAN SORTU ETA IA EUROPA ERDIALDERAINO IRITSI ZEN INPERIO BAT OSATU ZUTEN OTOMANDARREK.Hasiera-hasieratik bai Utmanek eta bai haren ondorengoek mendebalerako erasoak jo zituzten, jihad delakoa harturik beren gudarosteen bilgune. Marmarako greziarrak islamiartzeak erraztu egin zuen Europarako sarbidea, Balkanetatik. XIV. mendearen erdialdera, eta Asia Txikiko erdialdeko eskualde batzuetan konkistak egiten ari zirela, otomandarrek Trazian hartu zuten kokalekua, eta horretan eragin handia izan zuen Bizantzioko ondoregotzarako liskarrean esku hartu izana. Murat I.a eta Baiazeto I.a agintariek aginpide otomandarra Anatolia guztira zabaldu zuten XIV. mendearen bigarren erdian ?horrela turkiarrak jarri ziren administrazio eta gudarostearen agintari? eta Balkanetako herriei aurre egin zieten etahungariar lurrak suntsitu zituzten. Garai horretan turkiarrek Konstantinopla konkistatuko zuten beldurra nagusitu zen mendebalean.

Otomandarren indar militarra areagotu egin zen jenizaroen talde sortu zenean; talde horretarako haurrak hartzen ziren Balkanetan, Asia Txikian hezten zituzten ?Islamaren legeei jarraituz? eta eliteko talde militar bat osatzeko edo zeregin administratiboak betetzeko prestatzen zituzten.

Baina XIV. mende amaieraz gero, mongolen arriskua agertu zen berriro Tamerlan buruzagiak Baiazetoren kontra garaipena lortu baitzuen 1402an. Hondamen horren ondoren mongolen nagusitasuna onartu zen berriro, baina Tamerlanen heriotza arte bakarrik izan zen hori. Ondoren Mehmet I.ak eta Murat II.ak otomandarren aginpidea eta aginpide horren erabateko nagusitasuna ezarri zuten berriro, eta Europan sartu ziren, Albania eta Belgrado erasotzera eta Konstantinoplaren kontrako lehen erasoa jotzeko ahalegina egitera. Mehmet II.aren garaian lortu zuten otomandarrek Konstantinoplamenderatzea, 1453ko maiatzean.

Agintari hark Konstantinoplan hartu zuen bizitokia, Estanbul izena jarri zion hiriari eta tenplu islamiar bihurtu zuen Santa Sofia eliza.

Greziarrek eraturiko kristau erakunde erlijiosoak errespetatu zituen, musulmanen tradizioak agintzen zuen bezala «Liburuko jendeak» errespetatuz; begirune horri esker lehen Konstantinoplan bizi izandako biztanle asko itzuli egin zen eta otomandarren nagusitasuna onartu zuten. Estanbul lehen mailako merkataritza gune bihurtu zen berehala ?musulmanen eta kristauen bilgune zen? eta Islamaren gune izpiritual eta kultural nagusia izan zen.

Baiazeto II.a, Selim I.a eta Soliman Handia agintariak izan ziren aginpidean XIV.. endea arte, eta garai hori izan zen otomandar inperioaren garai oparoena. Europako konkisten ondoren turkiarrak Vienaraino iritsi ziren, eta ekialdetik berriz Pertsia, Kurdistan, Siria eta Egipton zehar zabaldu zuten inperioa. Kalifa titulua sultan otomandarren esku gelditu zen 1924 arte.

 

Euskadi, auzolana