El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Geografia unibertsala»Geografia

Dunak: sedimentazio eolikoaren eredu

Hondar aleen kokaera ripple-etan.<br><br>Ripple eolikoak (kizkurdurak): a) Haizearen eraginez sortu eta garatu diren hondar kizkurdurak; b) Ripple baten profila; irudian ikusten denez, zatikien kokaera beren neurriaren araberakoa da.<br><br>

Hondarra metatzen den guneetan haizeak lur azaleko zatikiak zorutik gertu dauden geruzetan zehar mugitzen ditu. Hondar ekaitzak ez dira bi metrotatik gorakoak izaten oro har. Hondar zatikien higiduraren eta oztopoen ondorioz dunak sortzen dira; dunak hondarrezko muinoak dira eta egitura desberdinak izan ditzakete haizearen intentsitate eta errejimenaren arabera. Beraz, haizearen eraginez sortutako edozein hondar metatzea edo mendixka bezala defini daiteke duna. Alde batetik, duna biziak edo aktiboak izan daitezke: haizearen eraginez etengabe lekualdatzen dira landarediarik ez dagoelako. Beste alde batetik, ez aktiboak edo finkoak direla esaten da landarediak lekuz aldatzea galarazten dienean. Duna mota desberdinak daude: batzuek ilargierdi forma dute, barjan izenekoek, batetik bestera tarte handia izaten da eta muturrak mugimenduaren norabiderantz bideratuak dauzkate; beste batzuek hogeita hamabost gradu inguruko malda dute haizebean dagoen aurpegian (edo lerratze aurpegian), eta, aitzitik, txikiagoa izaten da hondarra igotzen den aurpegiko malda, hots, haizaldekoa. Hondar hedadura handietan barjan horiek multzoka eta lerrokatuta azaldu ohi dira: zeharkako duna esaten zaie horiei.

Zeharkako duna batzuen multzoari hondarrezko itsaso esaten zaio, eta hori izaten da erg-en ohizko egitura, alegia, gailurrak lerrokatuta egoten dira baina sakongune handiz elkarretatik bereiziak, eta sakongune horietan azpiko haitza agerian geratzen ere da batzuetan.

Beste duna mota bat parabolikoa da; horren adibide garbia dira kostaldeko dunak. Kasu horretan, ordea, dunaren antolamendua kontrakoa da, haizea datorren norabiderantz baitauzka muturrak.

Malda handirik gabeko dunak dira, nahiko geldiak, baina haizea zakarra bada sakongunea aurrerantz higitzen da, eta dunak luzatu egiten dira, eta sortzen dituzte urkila itxurako dunak, beso luzekoak alegia. Luzerako duna da hirugarren mota: indar handiko haizeek jotzen duten hondar gutxiko basamortuetako ordokietan eta goi ordokietan izaten dira horrelakoak. Berez, urkila itxurako dunen gehieneko garapena dira; izan ere, horrenbeste mugitzen dira, ezen hondar pilaketak sortzen baitituzte haizearen norabidean eta elkarren artean, deflazioak eraginak ?hondar zatikien eta zatiki finagoen garraioa eta lerratzea da deflazioa?.

 

Sedimentazio eolikoa

Sedimentazio eolikoa eta duna segidak izaten dira eremu lehor eta kosta inguruetan haizearen morfogenesia ondoen adierazten duten egiturak, estaltzen duten hedaduragatik, hartzen duten formagatik eta izaten duten tamaina handiagatik. Tamainaren arabera, hiru hondarrezko metatze mota bereiz daitezke: ? Ripple izenekoak: bost zentimetro eta bi metro bitarteko tarteak, eta 0,1 eta bost zentimetro bitarteko garaiera duten metatzeak dira.

? Dunak: hirurehun eta seiehun metro bitarteko tarteak, eta 0,1 eta hamabost metro bitarteko garaiera izan ditzakete.

? Megadunak: hirurehun metro eta hiru kilometro bitarteko tarteak, eta hogei metro eta laurehun metrotatik gorako bitarteko garaierak dituzten metatze handiak dira.

Hiru egitura eoliko horien arteko desberdintasunak, hain zuzen, garraioaren eta hondar metatzearen mekanismoen arteko balantzen ondorio dira.

Rippleak finkatu gabe dauden sedimentuen kizkurdurak edo uhin txikiak dira.

Kizkurdura horiek zatikien jauzi prozesuaren ondorioz sortzen dira, eta ohikoak dira eremu hondartsu guztietan. Ardatzak elkarzutak dira haizearen norabidearekiko eta ekialderantz higitzeko joera dute. Gainera,rippleen zeharkako epaiak simetrikoak eta asimetrikoak izan daitezke, eta hartzen dituzten formak haizearen baldintzen araberakoak dira. Ripplearen uhin luzeraren eta garaieraren arteko erlazioa, hau da, ripple indizea, hamabost eta hogei bitartean egoten da, baina baldin eta haizearen lastertasuna handitzen bada, rippleen uhin luzera ere handitu egiten da, eta indizeak berrogeita hamar edo hirurogei izatera ere irits daitezke.

Rippleen eratze prozesuek haize jarioak eta sedimentazio higidurak elkarren artean duten eragin dinamikoarekin dute zerikusia.

Rippleak arrazoi jakinik gabe sortzen dira, adibidez, lur azalean oztopo txikiren bat edo hondar bustiz osatutako segmentu bat dagoelako, edo tokian tokiko jalkinaren tamaina edota haizearen lastertasuna aldatzen delako; horren guztiaren ondorioz, hondar mendixka txikiak sortzen dira.

Mendixka horien haizaldean, haizearen norabidearen kontra, egiten dute talka zatiki gehienek; kontrako aldean, berriz, haizebeko aldean, zatikiak jauzika iristen dira. Mendi gailurrak osatzen dituzten maldak (haizearen norabidearen kontrako aldean) eta zatikiaren intzidentzia angeluak makurtze bera dutenean lortzen da oreka. Zatiki lodienak gailurrean metatzen dira, eta material finenak, aldiz, gailurren arteko sakonguneetan gelditzeko joera dute.

Hala ere, duna egiturak dira haizearen morfogenesia erakusten duten egitura nagusiak, hartzen dituzten eremuen hedaduragatik, forma aniztasunagatik eta izaten duten tamainagatik.

Dunak mota askotakoak izaten dira, hainbat eragileren arabera: hondar hornitzearen, haizearen lastertasunaren, haizearen norabide aldaketaren edo hondarra higitzen den gainaldearen arabera.

Hauek dira duna mota nagusiak: ? Zeharkakoak ? Barjanak ? Luzetarakoak ? Izar itxurakoak ? Parabolikoak.

Izar itxurako dunak ez beste guztiak hamabost metro inguru mugitzen dira urteko.

Basamortu handietan hondarrak lurhedadura handiak estaltzen ditu: erg edo hondarrezko itsaso izenaz ezagutzen dira.

Handienak Saharan, Saudi Arabian eta Australian daude.

Hondar ekarria eta haizearen norabidea konstanteak direnean, zeharkako dunak sortzen dira. Eremu handiak betetzen dituzte, uhin formakoak izaten dira, eta gailur bihurgunetsuak eta haizearekiko elkarzutak izaten dituzte. Uhinetik uhinera tarte erregularrak izaten dira eta batzuen eta besteen arte deflazio guneak izaten dira; horietatik mugitzen dira zatiki finak.

Barjana dunak ilargierdi baten forma duten metatzeak dira, haizearen norabidearen kontrako aldean irekitzen direnak.

Duna horien forma bi faktoreren eta faktore horien orekaren mende dago: haizearen indarra batetik, eta bestetik, hondar malda, 33 edo 34 gradu bitartekoa izaten dena. Zeharkako profila, beraz, disimetrikoa du; hau da, alde batean malda gutxiko aurpegi ganbila du eta bestean, berriz, desnibel handiko aurpegi ahurra, eta horrez gainera, gailur kurbatu eta zorrotz batek banatzen ditu bi aldeak. Duna horiek, gutxi gorabehera, bakandurik egoten dira eta norabide berean edo antzekoaren arabera mugitzen dira beti; batzuetan, gainera, kate luzeak edo koloniak osa ditzakete. Tamaina handiko barjanek laurehun metroko diametroa eta hogeita hamar metroko garaiera izan dezakete, baina izaten dira ehun metrotatik gorakoak ere.

Luzetarako dunak, bestalde, seif izenaz ere ezagutzen dira eta nagusi den haizearekiko paralelo diren gailur estu eta luzez osatzen dira. Kilometro askotan zehar heda daitezke, eta zenbaitetan ehun kilometrotatik gorakoak izaten dira; garaierari dagokionez, berrehun metro ere irits dezakete. Duna horien eraketari buruzko teorien artean ez dago adostasunik: batzuen ustez, hondarraren pilaketa hutsetik sortzen da duna, oztopo baten atzean eta haizearen norabidean, besteen ustez, berriz, barjan aldez suntsitu horien ?adarren? koaleszentzia adierazten dute duna hauek. Beste iritzi berriagoen arabera, aire jarioak helize formako mugimenduak egiten dituenean, eta mugimendu horiek hasierako hondar metatzeetako tarte edo barrutietan gertatzen direnean sortzen dira duna mota horiek. Australia erdialdean lur hedadura handiak hartzen dituzte; hala ere, hedadura ikusgarrienak Saharako basamortuko iparraldean, erg handietan, eta Arabiako Penintsulan aurki daitezke.

Izar itxurako dunak edo duna piramidalak hondar pilak dira; oinarriek zenbait puntatako izar baten itxura dute, etapunta horiek bat egiten dute gailurrean. Izar itxurako dunak oso garaiak izaten dira: inguruko ordokiaren mailatik gora ehun metro ere izan daitezke. Duna erradial mota hau Ipar Afrikako eta Saudi Arabiako eskualde askoren bereizgarri da. Barruko egituraren arabera, hiru norabide edo gehiagoko haizeek sortuak direla jakin da.

Harrigarria bada ere, duna hauek finko iraun dute mendeetan zehar, eta basamortuan bidaiatzeko benetako bide erakusle izan daitezke.

Duna parabolikoak, basamortuetan ez ezik, hondar kopuru handiko eta landaredi eskaseko hondartzak dauden kostaldeetan ere izan ohi dira. Obalo itxuraizaten dute haizearen norabide nagusian deflaziozko sakonguneak sortzen direlako, eta handituz doazen arku itxurako profilak eratzen direlako. Goitik ikusita, duna parabolikoen profilak barjanen profilen antzekoak dira.

Basamortuetako duna eremuak dira, eragin eolikoaren ikuspegitik, lur azaleko multzo nagusiak, ehunka kilometrotan zabaltzen baitira. Eremu horietako asko duna mota askoren elkarteak dira, beste batzuk, ordea, duna egitura konplexu handiz osatuak dira, Saharako edo Saudi Arabiako akleak adibidez. Hondar pila handiak dira, lerrokatze sistematikorik gabe, anarkikoki eta itxura irregularrez taxutuak.Duna motak.

Eremu bateko hondar ekarpena, haizearen abiadura eta norabide aldakortasuna nolakoak diren, halako duna mota eratukoda eremu horretan.

Zeharkako dunak: haizearen norabidea beti bera izaten den lekuetan eta hondar ekarpena handia denean sortzen dira.

Barjanak: haizearen norabidea beti bera izaten den lekuetan baina hondar ekarpena mugatua denean sortzen dira.

Luzetarako dunak: hondar ekarpena mugatua den lekuetan sortzen dira, haizeen konbegentzia gertatzen denean.

Izar itxurako dunak: haizearen norabidea aldakorra den lekuetan sortzen dira.

Duna parabolikoak: itsasertz hondartsuetan haize bortitzek jotzen dutenean sortzen dira.

 

Euskadi, auzolana