El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Geografia unibertsala»Geografia

Sumendiak

Zenbait erupzio handi.<br><br>

Definiziorik zabalduenaren arabera, lur azaleko pitzadura edo arrakalaren batetik magma materialak iraitzi, metatu eta gotortuta eratutako kono formako eraikuntza bat da sumendia.

Azken batean, gure planetaren barruan oraindik dagoen energia kopuru ikaragarriaren erakusgarri bat baizik ez dira.

Azken laurehun urte hauetan, bostehun erupzio baino gehiago zenbatu dira eta 200.000 pertsona inguru hil dira erupzio horien eraginez.

Suntsitze eta hondamendi handiak eragiteaz gainera, eraikuntza lanak ere egin dituzte sumendiek, ez dago alferrik lur azalaren parte handi bat sumendi jatorriko arrokaz eratua.

 

Bolkanismoa eta bolkanologia

Sumendien erupzioekin zerikusia duten gertakari geologikoen multzoari esaten zaio bolkanismoa, hau da, lur azalaren barrutik edo mantuaren gaineko aldetik datozen arroka urtuzko magma edo gasak iraiztea da. Magma lur gainean zabaltzea, hoztea eta finkatzea ere bolkanismoaren esparruan sartzen da.

Bolkanologia, aldiz, sumendietako gertakariak aztertzen dituen zientzia da. Berez, magma erupzioekin zerikusia duten gertakarien azterketara mugatu beharko balu ere, bolkanologiaren zientziak lur sabeleko magmen eratze eta azaleratze prozesuak ere aztertzen ditu. Hori guztia plaken tektonikaren erreferentzia esparruan ulertu behar da. Egun, dena den, beste arlo bat ere hartzen du bolkanologiak: erupzioak iragartzea eta erupzio arriskua dagoenean jendeari zer egin adierazteko gizarte jarduerak antolatzea.

Esan liteke bolkanologia zientzia gisa joan zen mendearen azkenetan sortu zela, hain zuzen ere Java eta Sumatra uharteen erdian zegoen Krakatoa uhartea suntsitu zenean. Erupzio eskerga hark eratutako olatu erraldoiek 36.000 pertsonaren heriotza eragin zuten.

Bolkanismoa suntsitze eta hondamendi iturri ukaezina bada ere, litosferaren eraketan eta dinamikan zerikusi zuzena duen geologia prozesu oinarrizkoa da. Are gehiago, ozeanoen hondoa milioka urtetan zehar itsas bizkarretatik geldiro-geldiro etengabe jariatutako laba emarien emaitza da.

Era berean, itsaspeko sumendien jardueraren eragitez gizakiarentzat erabilgarri direnmea biltegi handiak eratu dira. Gune metalanitzak deitzen zaie horiei, eta baliagarri izan litezke zenbait metalen urritasun arazoa konpontzeko.

Sumendien erupzioak sorrarazten dituzten astinaldiak orobat izan dira kontinente eremu handien eratzaile: hala nola, milioi erdi bat kilometro koadro baino gehiago dituen Dekango goi ordokia, Indiako iparmendebalean; edota Columbia ibaiaren goi ordokia, berrehun mila kilometro koadrokoa, Estatu Batuen ipar-mendebalean dagoena.

Sumendien jardueraren eragin mesedegarrien barruan oso kontuan hartzekoak dira sumendietatik iraitzitako errautsak eta gasak ere, funtsezkoak baitira lurreko bizitzarako.

Erupzioetan ateratzen diren milaka milioi tona errautsak ongarri bikainak dira lurrarentzat. Zientzialariek eta bolkanologoek uste dute izaki biziek nahitaezkoak dituzten oxigeno, hidrogeno, karbono, sufre eta nitrogenoaren ia laurden bat sumendiek azaleratua dela. Bizitzaren sorrera bera ere sumendien jarduerari estu lotua dago: atmosfera eta hidrosfera –nahitaezkoak bizitza sortuko bazen– Lurraren hasierako aldietan eratu baitziren, ur lurrunaren eta sumendietatik iraitzitako beste zenbait gasen konbinazioetatik abiatuta.

 

Bolkanismo motak

Bolkanismo moten lehen sailkapen handia harkaitz urtuen mugimendua non gertatzen den kontuan hartuta egiten da. Prozesu tektonikoek eragindako mugimendu hori lurraren barruan gertatzen bada, barne bolkanismoa deitzen zaio, eta, aldiz, lur azalera ateratzen bada, azaleko bolkanismoa.Azaleko bolkanismo motak iraizte moduaren arabera sailkatzen dira batez ere.

Zenbaitetan, laba, errautsak, eta jaurtigai edo sumendi bonbak lur azaleko pitzaduretatik edo tximinia txiki batzuetatik ateratzen dira, harkaitz urtuak, izan ere, presio izugarri handian dauden gas ugari izaten baititu. Labaren parte bat zatiki txikitan lehertzen da, eta zatiki horiek, airean gotortu ondoren, kraterraren inguruan erortzen dira errauts eta zepa gisa, edota haizeak eramaten ditu hauts moduan. Kraterraren inguruan metatzen den materialak ehundaka metrotako kono edo tximinia bat eratzen du. Kono horiek taldeka egon ohi dira askotan, laba korronteei loturik, eta bigarren mailako konoak esaten zaie. Gure planetako sumendi handiak geruzaka eratu dira, jaurtigai eta laba geruzak txandaka metaturik. Hori dela eta, sumendi elkartuak edo geruzaka eratuak direla esaten da. Kono elkartu hauek, begiratu batera, izadiak halaxe eratutako forma bitxiak dirudite, eta ez itsas mailarekin alderatuta oso garaiak direlako, baizik eta gehienak inguruan duten lurraldea baino ondotxoz garaiago direlako, eta mendi hegal leun eta ahurrak simetrikoak izaten dituzte.

Sumendi horien garaiera eta forma zertxobait kakotua jaurtigaien iraizte eztandatsuak eta laba korronte bareagoak txandakatu izanaren ondorio dira. Jaurtigai edo sumendi bonbek desnibel pikoak sorrarazten dituzte, eta laba jarioek, aldiz, sumendien hegaletan behera isurtzen direnez, konoaren maila beherenak leuntzen dituzte.

Sumendi elkartu hauetako gehienek eraztun handi bat osatzen dute Ozeano Barean; eta baita Erdiko Ameriketako mendebal kostaldean, Mexiko erdi aldean, Japonian, eta Javan ere. Mediterraneoan ere badira sumendi elkartuak, Italian eta Sizilian, batik bat. Ondorengo hauek dira sumendi ezagunenetako batzuk: Popocatepetl, Mexikon; Fujiyama, Japonian; Vesubio, Italian; eta Rainier, Hood eta Shasta Estatu Batuetan.

Batzuetan laba kraterretik isurtzen da, baina presio gutxi izaten du, eta orduan eztandak eta jaurtigai iraizteak nekez gertatzen dira. Aldiz, laba, izatez basalto ilun eta oso mehea izaten baita gehienetan, geruza mehetan zabaltzen denean ganga formako aldapa moduko batzuk eratzenditu. Mota honetako sumendiei Hawaiiko sumendiak edo labazko domoak esaten zaie. Hawaiiko uharteak, denak, labazko domoak dira, nahiz eta batzuk oso eraldaturik dauden higaduraren eraginez.

Azaleko bolkanismoaren beste era bat pitzadura edo arrakaletatik laba iraiztearen ondorio izaten da. Pitzaduretatik jariatzen da laba, isurkari likatsu gisa, eta zabaldu ahala, pixkanaka-pixkanaka, inguruko lurraldea azpian hartuz joaten da. Laba jarioak sarri errepikatzen badira, labazko goi ordoki bat osatzen da. Leku batzuetan pitzadura horiek oso zabalduak daude, eta laba isuraldiek milaka kilometro koadro estaltzen dituzte. Esate baterako, Columbiako goi ordokia, Estatu Batuetako ipar mendebalean dagoena, denbora luzean zehar errepikatutako laba isuraldien emaitza da. Mota honetako erupzioak badira Indiako goi ordokian eta Brasil hegoaldean ere.

Barne bolkanismoa izendatu duguna, bestalde, harkaitz urtua lur azalaren barruan injektaturik geratzen denean gertatzen da.

Barne bolkanismo mota asko daude, neurriz eta agertze moduz desberdinak. Ugariena batolitoa da: tamaina handiko harkaitz galdazko masa irregular bat, itxuraz oinarririk gabea. Magma edo harkaitz urtuzko masa handi batetik sortu ondoren, inguruko harkaitzak zeharkatu zituen, urtu egin zituen, eta bere masari erantsi zizkion gero, eta azkenik gora igo zen. Magmatik abiatutako presioa ahuldu ahala, harkaitz galda lur azala baino beherago geratu, eta, pixkanaka-pixkanaka, hoztu eta kristaldu egiten da. Batolito gehienak –Estatu Batuetako Idahokoak eta Kaliforniako Sierra Nevadakoak, adibidez– ez dira masa bakar batez osatuak, aldiz, aro geologiko bat baino gehiagotan eratzen joandako intrusio konplexuak izan ohi dira. Batolitoa granitozkoa izaten da eskuarki, eta gehienetan gogorragoa izaten da bere intrusioa jasaten duten gainerako harkaitzak baino.

Batolito kristalduaren masa gogorra bere gaineko harkaitzak desegin eta higaduraren eraginez desagertu direnean agertzen da lur azalera. Horregatik, higadurak jotako mendi baten muin gogor gisako bat izaten da, eta jalkin aldez irauliz egoten da inguratua.

Askotan, failen bitartez etenik egoten dira batolito masak, eta hori dela eta, inguruko lurraldea baino garaiagoa izaten da batolitoa. Munduko mendi kate nagusien barne muinak batolitoak dira, izan ere.

Esaterako, Kaliforniako Sierra Nevada gehienbat granitozko batolito masa batez osatua dago, eta zazpiehun kilometro inguru luze eta berrehun bat kilometro zabal da.

Batolitotik hurbil lakolitoak agertu ohi dira askotan: harkaitz kristalduzko masa txiki adarkatuak izaten dira eta lurpeko hodien bidez lotzen dira jatorrizko magmarekin.

Magmatik ihes egindako gas etaisurkari beroak, gainean dauzkaten harkaitzen hautsiuneez baliaturik, aldamenetara isurtzen dira jalkinezko harkaitz multzoetan barrena, eta burbuila antzeko metatzeak eratzen dituzte geruzen artean. Zeharka epai bat eginez gero, lakolitoak onddo baten antza du, lakolitoaren masak osatuko luke txapela, eta kirtena, berriz, elikadura hodia izango litzateke.

Dikeak eta sill direlakoak ere barne bolkanismoko eraketak dira, baina ez dira besteak bezain garrantzitsuak. Magma harkaitz artean gora igotzen denean, zutikako zirrikituetan ere sartzen da batzuetan, eta orduan dike esaten zaien harkaitz urtuzko paretak eratzen ditu. Harkaitz urtua jalkinezko harrien geruzetan isurtzen denean, eta gero hoztu, sill direlakoak osatzen dira.

Hortaz, barne bolkanismoaren eraginez harkaitz masa handi eta txikiak metatzen dira lur azaletik hurbil, inguruko harkaitzak baino gogorragoak izaten dira, eta meteorizazioak eta higadurak ez du haietan horrenbeste eraginik izaten. Hala, gainean dituzten harkaitzak desagertzen direnean, azalean geratzen dira intrusioak eta goi ordokiak eratzen dituzte. Lakolitoak mendilerro txiki edo eskualde mendixkatsu baten oinarri izaten dira askotan; batolitoak, berriz, Lurreko mendi kate handi gehienen oinarri.

Bolkanismo motak sailkatzeko beste modu bat plaken tektonikarekin duten zerikusia kontuan hartzea da. Horrela, hiru bolkanismo mota handi bereizten dira:ozeano bizkarrekin zerikusia duten sumendiak, plaka arteko bolkanismoa, eta plaken azpiratzearekin zerikusia dutenak.

Ozeano bizkarrekin zerikusia duen bolkanismo motek laurogei mila kilometro inguruko kateak eratzen dituzte, eta hori da Lurreko sumendi sistema garrantzizkoena, ozeano hondo guztiak –Lurraren gainazalaren bi heren, alegia– sumendi sistema honen eraginez eratuak baitira. Plakak bereiztean sortzen den sakongunean mantuaren goiko aldearen zati bat urtu egiten da, eta basaltozko magma bat eratzen da. Magma hori zutikako pitzaduretatik lur azalean txertatzen da, eta riftaren parean zabaltzen da, izen hori ematen baitzaio ozeano bizkarren erdiguneari.

Litosferako plaka bat beste baten azpian sartzen denean lur azaleko sumendiak sortzen dira eta mendi lerro handiak eratzen.

Bi azpiratze mota bereizten dira. Lehenbizikoan, kontinente plaka bat eta ozeano plaka bat batzen direnean, ozeano plaka, trinkoa eta hotza, kontinente plakaren azpian hondoratu eta mantuan sartzen da, eta horrela sortzen dira mendi kateak eta sumendiak, Andeetakoak eta Indonesiakoak, esate baterako. Bigarren motakoetan, bi ozeano plaka batzen dira, eta bata bestearen azpian sartzean, uharteak eratzen dituzten sumendi arkuak sortzen dira, adibidez, Antilla Txikiak, Marianak, Kourileak, Aleutiarrak, etab.

Plaka artekoa deitzen zaion bolkanismo motan “gune beroak” esaten zaienak bereiztendira. Gune bero hauek mantuaren sakonean erroturiko “luma” batek lur azalean sortzen duen ondorioa dira, eta luma horietatik igotzen dira material goriak mantutik litosferara. Gune bero horietan sortzen diren sumendietako magma basalto alkalino nahiko mehea izaten da, eta laba iturri edo galda moduan isurtzen da. Gune bero horietako ehun bat aurkitu eta kartografiatu dira: Hawaii, Tahiti eta Reunion dira horietako batzuk. Magmazko luma horien eraginez, edo zabaldu egin direlako bestela, kontinente plaketan pitzadurak eratzen direnean, hobi hondoratuak eratzen dira batzuetan, bolkanismo alkalinoa duten eskualdeak alegia, Afrikako rifta edo Rhineko hobia, adibidez. Urrutirago jo baino lehen, komeni da argitzea “lumaren” kontzeptua bolkanologiaz ari garenean. “Lumak”, beraz, mantuaren sakontasunetik pixkanaka lur azalera igotzen diren harkaitz berozko zutabe meheak dira, eta gora etorri ahala, lur azalari bultza egin eta sumendiak eratzen dituzte.Sumendien emariakSumendien jarduerak oso emari desberdinak sortzen ditu , materiaren hiru egoeretan : gas egoeran , sumendietako gasak ; isurkari egoeran , labak ; eta egoera gotorrean , piroklastoak. Kalkulatzen da laurogei bat kilometro kubo izango direla lehorreko sumendiek azken ehun urteotan jaurtitako materialak. Nahiz eta aintzat hartzeko kopurua den , oso txikia da itsas azpiko sumendiek jaurtitzen duten material kopuru ikaragarriarekin alderatuta.Sumendien emariakSumendietako gasak

 

Sumendien emariak

Sumendien jarduerak oso emari desberdinak sortzen ditu , materiaren hiru egoeretan : gas egoeran , sumendietako gasak ; isurkari egoeran , labak ; eta egoera gotorrean , piroklastoak. Kalkulatzen da laurogei bat kilometro kubo izango direla lehorreko sumendiek azken ehun urteotan jaurtitako materialak. Nahiz eta aintzat hartzeko kopurua den , oso txikia da itsas azpiko sumendiek jaurtitzen duten material kopuru ikaragarriarekin alderatuta.

 

Sumendietako gasak

Sumendi erupzioen aurretik, bitartean eta ondorenean, gasa ugari ateratzen da, sumendia pizten duen magmak galtzen duen gasa, hain zuzen. Horrela, gasa ateratzea sumendien jarduerako prozesu maizkoena eta arruntena izaten da. Gas ugariena ur lurruna izan ohi da, eta ur lurrun hori ateratzen da bai magmatik bertatik (ur gaztea), bai euri ur iragazitik (meteoro ura), eta bai itsasoko uretatik, itsaspeko erupzioetan.

Ur lurrunaren ondotik datoz, hurrenez hurren eta ugaritasunaren arabera, karbono dioxidoa eta monoxidoa, nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa, hidrogenoa, zenbait kloruro lurrunkor, azido klorhidrikoa eta sulfurikoa, metanoa eta amoniakoa.

Magmak gas gehiago edo gutxiago eduki, hala ariko da modu batera ala bestera.

Nola dentsitatea gutxiarazten duen, gas edukiak erraztu egiten du lur azaleko zirrikituetatik magma igotzea. Era berean, gasak mehetu egiten du magma eta bizia luozeanopekozatzen dio, gasa azkar galtzeak bizkortu egiten baitu magmaren gotortze prozesua.

Azterketa xehekatuagoa eginez, hastapeneko basalto magmetan ura, eta neurri txikiagoan, gas karbonikoa egon izana, argudiotzat erabili izan da petrologiako zenbait hipotesi justifikatzeko, hartaraino ezen teoria horiek berriro planteatu beharko baitira, frogatzen bada ura ez dela erupzio gasetako osagai lurrunkor nagusia.

Hawaiiko Kilauea sumendian mende honen lehen laurdenean bildutako emaitzek eta, geroago, 950 eta 1.200°C bitarteko gas erakuskariei egindako azterketek erakusten dutenez, zenbait kasutan gas karbonikoa ugariagoa izaten da ur lurruna baino. Bestalde, hidrogenoa, karbono monoxidoa eta hidrogeno sulfurosoa batzuetan multzo osoaren bosten bat ere izaten da.

Gas hodeiak lurraren azalera (atmosferara edo hidrosferara) iritsi eta bat-batean hozten direnean, zenbait gatz –sulfatoak, kloruroak eta sulfuroak–, oxidoak eta sufrea jalki egiten dira, eta gehienetan, urtzen direlako edo higaduragatik, desagertzen badira ere, batzuetan tokian bertan geratzen dira. Dirudienez, metal meategi asko itsaspeko sumendien eraginez eratu dira.

Gasik gabe, segur aski ez legoke erupziorik, ez eta sumendietako eztandarik ere.

Magmak inguruan dituen harkaitzek baino dentsitate handiagoa du. Lur azalera helduko bada, gora bultza egingo dion prozesuren baten premia du. Prozesu hori, kasurik gehienetan, gasen eraginez gertatzen da, eta bi modutara izaten da: presioa eta kontzentrazioa egokiak direnean, magman eratzen diren burbuilek gainean dauzkan harkaitzak baino ustez dentsitate gutxiago ematen diote magma horri berari; edo bestela magmaren azpian metatu diren gas poltsek gaineko magma zatiak iraizten dituzte presioaren eraginez.

 

Magmak

Magmak, batik bat, urtutako silikato eta aluminosilikato nahasketak dira, baina kristalak ere izaten dituzte, eta baita, urturik edo konbinaturik, zenbait gai elkartu lurrunkor ere. Erupzio mota batetik besterako alde nagusiak magmak –likatasun handiago edo gutxiago izan dezake– eta elementu lurrunkorrek elkarrengan duten eragin mekanikoak sortuak dira. Elementu lurrunkor horien parametro nagusiak kopurua, kontzentrazioa, presioa eta erreakzio kimikoak dira, eta oinarri-oinarrizko zeregina dute. Elementu lurrunkorrak, eskuarki, ia erabat bereizten dira isurkari fasetik, gotortze prozesuaren aurretik eta bitartean. Zenbaitzuk, nola diren kloroa (Cl), burdina (Fe), sulfuro dioxidoa (SO 2) eta karbono dioxidoa (CO 2), magma kristalduen barruan geratzen dira “preso” (esandako elementuen parte bat behintzat) edo mineral jakin batzuk eratzen dituzte.

Mende honen hasieratik nagusi izan den hipotesia, magma guztiak litosfera azpian fusio egoeran legokeen geruza bakar batetik datozela, alegia, zalantzan jarria edo baztertua izan da gaur egun, geofisikatik, geokimikatik eta petrologiatik berriki egindako ekarpenen argitan.

Gaurko jakinduriaren arabera, berriz, uste izatekoa da magma mota asko daudela, presio, tenperatura-eta oso desberdinetan sortuak, hainbat gai desberdin aldez edo osorik urtu izanaren ondorioz. Magmaren urtzearen erabatekotasuna tokiko baldintza termikoen eta tektonikoen mende dago, eta material urtuaren nolakotasuna, berriz, eskualde bakoitzak geologiaren aldetik dituen ezaugarrien mende.

Hiru magma mota bereizten dira: lur azal azpiko magmak, arku tektonikoetakoak, eta lur azal artekoak.

Lur azal azpiko magmak dira ugarienak.

Mantuaren goiko aldean dute jatorria, Mohorivicic etenaren azpian, ozeanopean berrogeitik hirurogei kilometrotara bitarteko sakoneran, eta are beherago kontinente azpian. Pirolita da magma mota honetako mineral nagusia; dunitaz (%75) eta basalto alkalinoz (%25) dago osatua, eta mineral hauek ditu: ortopiroxenoa, klinopiroxenoa, olibinoa, eta granatea.

Arku tektonikoetako magmetatik eratzen diren harkaitzak aluminio asko duten basaltoz, andesitaz, dazitaz eta riodazitaz osatuak egoten dira, eta batzuetan baita riolitaz ere. Magma hauek litosfera azpian eratzen dira, sakonera handian. Orogenikoak deitzen zaie mendi lerroen eraketarekin duten harreman estuagatik. Magma hauen jatorrizko materiala ez da oraindik ongi ezagutzen, eta beraz ikerkuntza betean ari dira petrologia eta geokimika arloetan.Lur azal arteko magmak kontinenteen parean eratzen dira, tokian tokiko baldintza geologikoak egokiak direnean maila geotermikoa asko igotzen baita leku jakin batean edo eskualde zabalago batean. Magma hauek, eskuarki, SIAL geruzako zenbait gune asko berotu izanaren eraginez urtzen direnean eratzen dira. Magma mota honek askoz aluminio eta potasio gehiago izaten du lur azal azpikoak baino.

 

Labak

Labak gas batzuk galdu dituzten magmak dira, eta haien tenperatura seiehunetik mila eta berrehun gradu zentigradu bitartekoa izaten da. Erupzioan duten indarra, bizitasuna eta eragina likatasunaren araberakoa izaten da gehienbat. Eta likatasuna eta tenperatura, berriz, silize edukiak mugatzen ditu. Laba jarioa hozten denean, oso mota morfologiko desberdinak eratzen dira. Bloke labak (blocks-lava ingelesez, aa hawaiieraz edo apalhraun islandieraz) sobera “hotzak” eta likatsuak dira, eta berehalaxe gotortzen dira. Azala aldez gotortuta egoten da, eta handik, bat-batean eta eztanda eginez, gasak ateratzen dira, eta bloke irregularrezko nahas-mahas batean zatikatzen dute labazko galda.

Soka itxurako labak (ropy-lava, pahoehoe edo heluhraun) laba bero eta jariakorrak dira, eta distantzia handiak egiten dituzte batzuetan gorputz gotor bihurtu aurretik. Azala, hura gotortzen baita lehenik, zimurtu egiten da barrenetik doan laba likidoaren eraginez, eta oso itxura berezia hartzen dute orduan, soka lerrokatuen itxura, alegia.

Kuxin itxurako labak (pillow-lava) itsaspeko erupzioetan eratzen dira. Ura ukitzean azkar hozten direnez, kuxinen antzeko multzo txiki batzuk agertzen zaizkie.

 

Piroklastoak

Piroklastak oso tamaina desberdinetako puska gotorrak dira, bai sumendi barruan gotorturiko labez, bai sumendi barneko paretetatik erauzitako harkaitz zatiz, eta bai aurrez izandako erupzioetatik geratzen diren hondakinez eratuak izaten dira. Lehorreko sumendiek jaurtitako piroklastoei tephra deitzen zaie, eta itsaspekoek jaurtitakoei hialoklastita. Tamainaren arabera, errauts, lapilli edo sumendi bonbatan sailkatzen dira.

 

Errautsak

Errautsak material xeheak dira, bi milimetro baino txikiagoak, eta laba hauts bihurtzetik sortuak. Lurraren gainean metatzen direnean –askotan, jaurti diren tokitik distantzia handira–, berehala desegiten dira, eta oso lur emankorrak sorrarazten dituzte. Lapilli deitzen zaie bitik berrogeita hamar milimetrotara bitarteko piroklastoei. Neurri horretatik gorako piroklastoak –oso nekez metroko diametroa baino handiagoak– sumendi bonbak dira. Airean hartzen duten errotazio mugimenduaren ondorioz esfera edo ardatz itxura izaten dute. Metatu eta trinkotzen direnean multzo edo arrakala bolkanikoak eratzen dituzte. Toba bolkanikoak, berriz, neurri desberdinetako piroklastoak metatzetik eta oinarriak ezartzetik sortzen dira.

 

Su hodeiak

Magma oso likatsua denean leherketak izan ohi dira, eta eztanda horietan tamaina guztietako piroklastoak eta oso tenperatura handian dauden gasak nahasten dira elkarrekin. Horrela eratutako nahasketei Lacroix bolkanologo frantsesak 1902an “su hodeiak” deitu zien. Lastertasun handian zabaltzen dira sumendiaren hegaletan behera, eta bidean harrapatutako guztia erraustuta uzten dute. 1902an, Martinika uharteko Saint Pierre hiria guztiz suntsituta geratu zen Mont Pele sumendiak iraitzitako su hodei baten eraginez, hogeita hamar mila pertsona hil ziren, eta hura da sumendiek eragindako hondamendi handienetako bat.

Hodeiko piroklastoak erortzen direnean benetako “suzko euria” gertatzen da eta toba bolkanikoz osatutako gordailu moduko batzuk eratzen dira, igninbrita izenekoak. Igninbrita gordailu handiak daude Zeelanda Berrian –hogeita hamar bat mila kilometro koadrokoa–, eta Sumatran –hogeita bost mila kilometro koadro ingurukoa–.

 

Sumendien jarduera: mekanismoak eta emariak

Magma erupzioak bi motatakoak izaten dira, jariozkoak ala eztandazkoak. Magmaren tenperatura eta osaketa kimikoa nolakoa, erupzio mota ere halakoa izango da, bi parametro horiek zehazten baitituzte likatasuna eta gasak galtzeko baldintzak.

Silize gutxien duten magmak –basaltozkoak, esate baterako– izaten dira jariakorrenak.

Barruko gas disolbatuek erraz egiten dute ihes, eta mota honetako magmak jariotan zabaltzen dira, zenbait aldiz orduko ehun kilometroko lastertasuna izatera heltzen direlarik jario horiek. Azaleko basaltoa azkar hozten da eta labak berehala gotortzen dira. Gas asko edo gutxi eduki, hala izango da gainaldea zimurra ala leuna.

Hawaiieraz aa deitzen zaien labak izaten dira gasetan aberatsenak, eta harkaitzez eta zepaz osatutako jario zimurrak eratzen dituzte.

Pahoehoe izenekoek, aldiz, gas gutxi izaten dute, eta gainalde leunak edo soka itxurakoak eratzen dituzte.

Magma likatsuagoa denean, eta lur azalera iristerako gasak galdu dituenean, labazko orratzdun domoak edota jario guztiz mantsoak sortzen ditu askotan.

Jariozkoetan sailkatzen diren jarduera horiez gainera, badira eztandazkoak ere; magma oso likatsua denean eta gasa bortizki hedatzen denean leherketa gertatzen da.

Eztanda horietan magma puskatu egiten da eta piroklastoak zabaltzen ditu airera (errautsak, lapilliak, zepak, apar harriak, etab.), bai orobat jario piroklastikoak ere, piroklastitaz jositako gas emariak, alegia. Eztandazko jarduera hauen artean nabarmenak dira su hodeiak –ur lurrun eta errautsezko hodei erregarriak–, eta igninbritak –tenperatura guztiz handian ateratzen diren jarialdi piroklastikoak, trinkotu eta gasak galtzean berriro gotortzen direnak–. Basaltoekin batera, jarialdi igninbritikoak dira zelaigune handiak eratzeko bezain jariakorrak eta bolumen handikoak (Mexiko mendebala eta Estatu Batuak, adibidez). Mota honetako emariak, askotan, ikaragarri handiak izaten dira, eta erupzioaren ondoren magma ganbararen sabaia hondoratu egiten da, eta galdara deitzen zaion sakongune biribil bat eratzen da.

Erupzio freatikoa presio eta tenperatura handian (ehundaka gradutara) dagoen ur lurrun kopuru handi bat bat-batean askatzen denean gertatzen da. Magmak ur freatikoa berotu duelako gertatzen da hori.

Presioak bultzatuta, lurruna ziztu bizian ateratzen da, eta paretetatik erauzitako harriaketa harkaitz hautsak jaurtitzen ditu airera.

Erupzio hauek garbi erakusten dute zenbaterainoko energia kopuruak sortzen diren. Hala, Italiako Etna sumendiak erupzio bortitz batean, hamabost minutuz, bost milatik hamar mila tonara material jaurti zituen orduko ia zazpiehun kilometroko lastertasunean.

Erupzio freatomagmatikoak magma eta azaleko urak elkartzen direnean gertatzen dira. Beroak ura lurruntzen du, presioa izugarri igotzen da, eta leherketak izaten dira beraz. Erupzio mota hauetan materialak suspentsioan dituzten ur lurrunezko hodeiak ateratzen dira.

 

Erupzioen sailkapena (Lacroixen arabera)

Hain dira anitzak eta desberdinak sumendien jarduerak, ezen oso zaila baita erupzioak aritzeko moduagatik guztiz ere zehatz sailkatzea. Alfred Lacroix izeneko bolkanologo frantsesak lau motatako erupzioak bereizten dituen sailkapena proposatu zuen mende honen hasieran.Hawaiitar motako erupzioak dira lasaienak.

Laba oso jariakorra izaten da eta astinaldi bortitzik gabe isurtzen da. Hawaii uharteetako sumendiek horrelako erupzioak izaten dituzte eta hortik datorkie izena.

Erupzioa strombolitar motakoa denean laba ez da hain jariakorra izaten, gasek nekezago ihes egiten dute, eta beraz kolpeka ateratzen dira. Ez dira oso bortitzak izaten, baina piroklasto erauntsi bat jaurtitzen dute sumendiaren hegalera. Tirreno itsasoko Lipari uhartediko Stromboli sumendiak eman die izena. Erupzio vulcanotarrak, berriz, uhartedi bereko sumendi nagusia den Vulcanogatik deitzen dira horrela. Laba lodiak botatzen dituzte, eta hori dela eta, askotan, bidean gotortzen dira, sumendiaren tximinia ixten dute, eta gasen presioa asko igotzen denean eztanda handiak gertatzen dira.

Azkenik, erupzio peletarrak dira leherketa handienak eragiten dituztenak. Su hodei handiak airera botatzen dituzte lehenik, gero laba guztiz likatsu ateratzen da, sumendiaren tximinian bertan gotortzen da, eta domoak eratzen ditu, hau da, ganga edo orratz itxurako eraikin-edo handi batzuk. Pelée mendiko erupzioak mota honetakoak dira.Egia esan, Lacroixen sailkapena bazterrera geratzen hasita dago, oso ohikoa baita sumendi berberak, denboran zehar, erupzio mota desberdinak izatea. Gaur egun, sumendien jarduera plaken tektonikarekin lotzen da, eta sumendira datorren magma motaren eta jatorriaren arabera egiten da sailkapena.

 

Bolkanismoaren eraginak

Leherketa bat izatean hauts eta aerosol kopuru handiak jaurtitzen dira atmosferaren goren aldera. Behin estratosferara iristen direnean, haizeek garraiatzen dituzte zatiki horiek eta bilduki moduko bat osatzen dute Lurraren inguruan, hala, eguzki izpiak Lurrera iristea eragozten du bilduki horrek, eta hoztea eragiten du erupzioa gertatu eta hurrengo bi urteetan. Horixe gertatu zen hain zuzen 1815ean, Indonesiako Tanbora sumendia lehertu zenean:hurrengo udan Europa guztian eta Ipar Ameriketan 0,4° C hoztu baitzuen eguraldia.

Lurraren sabelean material urtuzko intrusioak gertatzen direnean lurpean dabilen ura berotu egiten da. Ur hori azaleratzen denean (batzuetan ur bero eta lurrunezko zurrusta handiak ateratzen dira, geiser izenekoak) ur beroa, ur lurruna, hidrogeno sulfuratua eta azido sulfurosoa ematen duten iturriak eratzen dira. Askotan, mineral disolbatuak ere izaten dituzte, sodio, kaltzio, magnesio eta burdin bikarbonatoak, potasio gatzak, etab., eta ura hozten denean, kristaldu egiten dira, eta meak eratzen dituzte.

Sumendien eraginak lur azalari ematen dion beroa (tenperatura mila gradu zentigradutaraino iristen da batzuetan) erabil daiteke energia geotermikoa ekoizteko ere.

Kontinenteko iturri beroei ozeanoko pitzaduretatik sortzen direnak erantsi behar zaizkie.

Itsasoko ura ozeano bizkarraren erdi aldeko failetatik sartzen da, magma ganbaren ondotik pasatzen denean berotu egiten da, eta hango zenbait metalez aberasten da (manganesoa, hidrogeno sulfuratua eta silizea). Ur bero hori (400° Ctik 600° C bitarteko tenperaturan), esan bezala, ozeano bizkarren inguruan sortzen da. Itsasoko ur hotzarekin bat-batean nahasteak eragiten duen talka termikoaren ondorioz, sulfuro metalikoak jalki eta metatu egiten dira (burdina, kobrea, zinka, beruna, zilarra, etab.).

 

Sumendi elkartua edo geruzaka eratua

Mota honetako sumendiak denbora luzean zehar eratzen dira, aldizkako erupzioen metatzeaz. Munduko sumendi garaienetako batzuk –horien artean El Salvadorko Izalco izenekoa– horrela eratuak dira.

Kono nagusia, tximiniaren inguruan jalkitako errauts eta laba jarioz osatua egoten da. Batzuetan, tximiniaren goren aldea ixten bada, askoz krater handiagoa eratzen da, eta gerta daiteke haren barruan bigarren mailako konoak sortzea. Kono bizkarroiak aldamenetako irekiuneetan eratzen dira. Siziliako Etna sumendiak horrelako ehundaka kono ditu bere hegaletan. Mediterraneoko Stromboli sumendia ere elkartua da. (1) Tximinia, (2) magma ganbara, (3) elikatzeko dikea, (4) alboko irekiunea, (5) lakolitoa.

 

Sumendi formak

Forma desberdinak izaten dituzte sumendiek: (1) errauts konoa, hegal aldapak ahur samarrak izaten ditu (ad.: Monte Nuovo, Italia); (2) laba azidozko domoa, laba azido eta likatsuz osatutako hegal ganbilak eta krater ezkutua izan ohi du (ad.: Frantzia erdialdeko puy deituak); (3) bigarren mailako konoa, krater zaharraren barruan eratua; (4) ezkutu formakoa, oinarrizko laba oso mugikorrez eratua, ia aldaparik gabea eta oso zabala (ad.: Hawaiko sumendiak); (5) sumendi elkartua, kono bizkarroiak izaten ditu askotan bere hegal pikoetan; oso garaiak izan daitezke (ad.: Siziliako Etna); (6) zipotza, antzinako sumendiaren laba gotortuzko eraikuntza, higadurak gainerakoa jan eta agerian geratu dena (ad.: Martinikako Pelée mendia); (7, 8 eta 9) sekuentzian galdara baten bilakaera ikusten da. Batzuetan, sumendia berriro pizten bada, kono berriak eratzen dira galdara barruan.

 

Euskadi, auzolana