El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Entziklopedia tematikoa
  6.  
  7. Aurkibidea

Geografia unibertsala»Geografia

Meteorizazioa

Meteorizazio, lur eta materia organikoaren sistemen arteko harremana.<br><br>

Gradazio prozesuek topografiazko gorabeherak berdintzen eta apaltzen dituzte, goi-ordokiak higatuz eta beheko lurraldeak betez. Gradazio prozesuak ibaiek, hormaguneek eta haizeek eragiten dituzte; gainera, grabitateak zuzeneko eragina du isurialdean aske dauden materialetan.

Gradazio eta grabitate eragileak eraginkorrak izan daitezen, aldez aurretik atmosferako eragileek deskonposatu eta zatitu egin behar izan dute gainazaleko haitza. Beraz, gradazioa bi unetan gertatzen den prozesu bat da; lehenengoz materiala prestatzen du higitu ahal izateko, meteorizazioa eragiten du, alegia; eta, bigarrenez, higadura eta degradazio bidezko erreakzioa eragiten du, eta geroztikako metatzea eta agradazioa ere bai.

Meteorizazio prozesuetan bazter batetik besterako aldeak ez dira jatorrizko haitzaren konposizioan dauden aldeak bezain handiak, hau da, edozein puntu geografikotan meteorizazio lastertasuna meteorizatu beharreko haitz motaren araberakoa da, batez ere, kontuan hartuz egitura, klima, landaredia eta denbora konstanteak direla ia. Haitz batzuk beste batzuk baino errazago desegiten dira; desberdintasun horri meteorizazio diferentziala deitzen zaio. Meteorizazio diferentzialak higadura diferentzialerako prestatzen ditu haitzak, eta horrek, bere aldetik, eredu topografikoak lantzen ditu azpiko haitzaren egituraren eta motaren arabera.

 

Meteorizazioa

Meteorizazioa aurrebaldintza da gradazioak egiaz eragina izan dezan; berez, prozesu kimiko eta fisikoen bidez haitz gotor bat hondoratu eta barnetik desegitea da.

Deskonposatze horrek zati-zati egiten ditu haitzak. Prozesu fisikoen eta kimikoen eragina biena batera gertatzen bada ere, horien azterketa bakoitza bere aldetik egingo da.

Meteorizazio kimikoak mineralak eraldatu edo haitzetik banatzen ditu. Mineral haitzak kimikoki egonkorrak izan ohi dira haitza sortu zen ingurunean. Baina prozesu tektoniko batek haitz horiek jaso eta azaleratzen baditu, higadura gertatuko da eguratsa ukitzen duten aldeetan. Ingurunea aldatu egingo da, beraz, eta haitz horretako mineralek aldaketak izango dituzte oxigenoa, karbono dioxidoa eta ura ukitzean.

Aldaketa kimikoek haitzaren deskonposizioa eragiten dute.

Meteorizazio fisikoak, aldiz, haitza haustea eragiten du, aldaketa kimikorik gabe.

Meteorizazio fisikoa ere, haitza lurraren azalean dagoelako da eraginkor. Meteorizazio fisikoak haitza desegitea eta xehetzea eragiten du.

 

Meteorizazio kimikoa

Haitzaren deskonposatzea oxidazioak, hidratazioak, karbonatazioak eta disoluzioak eragiten dute. Meteorizazio prozesuetan, oxigenoa eta beste elementu edo mineral batzuk elkarrekin lotu eta oxidoak eratzeari deitzen zaio oxidazio. Oxidatutako materiak elektroiak galtzen ditu eta oxigenoak irabazi egiten ditu. Burdinazko konposatuak dauzkaten haitzetan, oxido ferrikoa errazago eratzen da urik baldin bada. Silikato ferromagnesikoak oxidatzen direnean, silikato egitura hausten da; burdina hutsean edo burdina oxidoetan aldiz, mineral bigunagoak eta bolumen handiagokoak sorrarazten ditu.

Hidratazio kontzeptuak mineralen kristalen azalean ur molekulak atxikiz gertatzen den ur xurgatzea nahi du esan. Feldespato arruntean hidratazioak buztina sorrarazten du azkenean, hidrolisi bidez (meteorizatutako gaiari uraren elementuak gehituz gertatzen den meteorizazio kimikoari deitzen zaio hidrolisia). Hidratazioak mineralarenegitura ahultzeaz gainera nabarmen handitu ohi du haren bolumena. Burdinaren oxidazioak hidratazioa ere aldi berean ekarri ohi du; horrelakoetan, burdinazko gauzakietan sortzen den herdoila burdina oxidoaren eta xurgatutako uraren konbinazioa izan ohi da. Herdoil hori jatorrizko burdina baino osagai ahulagoa da, eta bolumen handiagokoa.

Karbonatazioa, feldespatoko kaltzioa edo potasioa lur azpiko uretako karbono dioxidoarekin kaltzio edo potasio karbonatoak emanez konbinatzen direnean gertatzen da. Sustantzia karbonatodun berri horiek jatorrizko mineralek baino leku gehiago hartzen dutenez, geratzen diren jatorrizko mineral haitzetan presioa eragiten dute.

Sustantzia berri horiek ere errazago eramaten ditu lur azpiko urak disoluzioz.

Disoluzioa beste mota bateko meteorizazio kimikoa da. Mineral batzuk, sodio kloruroa edo gatz arrunta, esate baterako, disolbagarriak dira ur gezatan; kaltzio karbonatoa eta antzeko beste batzuk, aldiz, azido karbonikoaren disoluzio ahul batean.

Azido karbonikoaren disoluzio hori, eguratsetik edo materia organikotik datorrenkarbono dioxidoa urarekin nahasten denean sortzen da. Azido karbonikoak kaltzio karbonatoarekin erreakzionatzean gatz bat sorrarazten du, kaltzio bikarbonatoa; gatz hori oso disolbagarria da uretan. Disolbatutako mineralak lur azpiko urak edo ibaietako urak eraman ditzakete disoluzioan.

Prozesu horri disoluzioa edo irazkitzea deitzen zaio. Disoluzioak ahuldu egiten du haitza, mineralak galtzean; mineral disolbagarriz osatutako haitzak desagertu eta guzti egin daitezke erabat.

Normala denez, meteorizazio kimikoak hezetasun handia behar du eraginkorrago izateko. Tenperatura handiek ere eragin horixe bera dute, erreakzio kimikoak bizkorrago gertatzen baitira tenperaturak gora egiten duenean. Horrenbestez, klima aldakuntzek alde handiak eragiten dituzte higadura kimikoaren indarrean. Higadura hori bizkorragoa eta osoagoa da tropiko epel eta hezeetan. Baina tenperatura apaltzen deneanedo euri kopurua gutxitzen denean, meteorizazio kimikoa apaldu egiten da, eta meteorizazio mekanikoak eragin handiagoa izaten du hark baino.

 

Meteorizazio fisikoa

Haitzaren desegitea haitzaren beraren hedatzez gerta daiteke; hedatze hori eragiten duten arrazoiak era askotakoak izan daitezke: gainean duen karga kentzeak dakarren presio aldaketa, beroak eragindako hedatze eta uzkurtzea, kristalen hazkuntza edo jarduera organikoa. Karga kentzea, haitza jaso eta haitzaren gainean hura estaliz zegoen material geruza lodi bat higadurak jaten duenean, hark eragiten zuen presioa galtzean gertatzen da. Azalera ateratzen den haitza zertxobait hedatu eta bolumen handixeagoahartzen du, bestelako haitzekiko loturan xaflak eratzen dira eta tipula baten gisako geruza esferikotan banatzen da. Lotura horiek askoz ere nabariago ikusten dira haitz kristalino handietan; horrelakoetan azalari buruz paralelo egon ohi dira, eta zenbat eta barrenerago orduan eta bereziago egon ohi dira lotura horiek. Haitz nagusiaren azaleneko geruzen haustura eta banaketa horri exfoliazio eta orrikatzea deitzen zaio.

Hedatze eta uzkurtze termikoa Eguzkiak eragindako berotzearen eta gaueko hoztearen ondorioa dira. Zientzialarien ustez, haitz kristalinoen exfoliazio xehea eta pikor desintegrazioa eragiten ditu prozesu honek. Eguzkiak eragindako berotzea askoz eraginkorragoa izaten da basamortuetan, horrelako lekuetan hodei gutxi izaten baita, ur lurrun gutxi airean, eta landare urri, gainera, haitzak eguzki izpietatik babesteko.

Lurra normalean lehor egoten denez, Eguzkitiko irrada gutxi erabiltzen da ura lurruntzen, eta irrada gehiena kanpoan dauden haitzak berotzen eralgitzen da horrenbestez.

Haitzak beroaren eroale txarrak dira eta gainazaleko geruza fin batean kontzentratzen da Eguzkitik datorren energia; horrela oso tenperatura handietaraino berotzen da haitzen gainazala. Gauean zehar gainazaleko beroak bizkor ihes egiten du egurats lehor eta oskarbira, eta haitzaren gainazala hoztu egiten da. Oso tenperatura alde handiak izaten dira basamortuan,eta oso bizkor gertatzen dira, gainera, aldaketa horiek.

Egunez haitza berotzen eta gauaz hozten den heinean mineralaren barneko kristalen hedatze eta uzkurtzeek barne indarrak eragiten dituzte gainazaletik hurbilen dauden pikorretan. Ikerlari batzuen ustez, barne indar horiek luzaro errepikatzeak haitz pikorretan desegin eta xehetzea eragiten du.

Baliteke haitzaren gainazalaren tenperaturaren eta haitzaren barruko tenperaturaren artean alde handiak eragiten duen indarra izatea gainazala, denboraren joanean, geruza finetan zartatzearen arrazoietako bat. Mineral pikorrak eta exfoliazio geruzako zati txikiak, haitzaren oinaren inguruan biltzen dira eta han geratzen dira denbora batez, hezetasunik ez dagoenez hurrengo xehetze aldera arte denbora joan daitekeelako.

Izotzaren edo gatz kristalen gehikuntzaren eraginez haitza hedatzeak ere haitzak hautsarazten eta xehetzen ditu. Izotz kristalen hazkuntzak aise era ditzake ziriak haitzetan, arrakala edo lotura edo diaklasa asko dituzten haitzetan batez ere. Ura pitzadurahorietan barrena sartzen da, eta izoztearekin batera dilatatu egiten da. Horrela presio nabarmena egiten du haitzean eta hausturak zabaldu egiten dira. Ura berriro urtzen denean, barrurago sartzen da haitz barnean. Berriro ere izoztean, leku sakonagoan berritzen du haitzari eragiten dionpresioa eta azkenean haitza apurtu egingo da une batean. Prozesu horri gelifrakzioa deitzen zaio. Gelifrakzioa oso gertaera ohikoa da latitude ertainetan, horietan oso maiz eta bizkor gertatzen baitira izozteak eta urtzeak neguan zehar. Latitude apaletan ez da izotzik agertzen, oso leku altuetan izan ezik; latitude altuetan, berriz, izozte/urtze txandakatzea udaberriko eta udazkeneko aldi laburretan baino ez da gertatzen.

Nolanahi ere, gelifrakzioak berebiziko garrantzia du bai oso toki garaietan eta bai latitude garaietan ere, zeren meteorizazio kimikoak ez baitu ia eraginik izaten tenperaturak hotzak direnean eta ura izoztuta dagoenean.

Gatzaren kristalizazio bidez haitza xehetzea ere gauza ohikoa eta arrunta da klima idor eta erdi idorra duten lekuetan. Lehortea den garaian urak hare-harrien eta beste haitz porotsuen gainazalera jotzen du kapilaritatez.

Ur hori lurruntzen den heinean, gatzezko kristal txikiak eratzen dira, eta denboraren poderioz, kristal horiek haitzaren gainazaleko harea pikorrak ateratzen dituzte.

Jarduera organikoa da beste meteorizazio fisiko bat. Landare sustraiek eta lur azpian bizi edo diharduten animaliek ziri gisa jokatzen dute, egiten dituzten zuloen bidez.

Landare banakek arrakala eta pitzadura bakanetan ezartzen dituzte beren sustraitxoak; landarea hazten den heinean, sustraiak ere hazi egiten dira, eta presioa eragiten dute haitzaren kontra. Modu horretan aurrez meteorizazio kimikoak ahulduta daukan haitzari zati txikitxoak ken diezazkiokete.

Diastrofismo lur azala jasoz, hondoratuz, tolestuz, apurtuz eta zimurtuz lur azalean erliebe formak eratzen dituen deformazio prozesuari deitzen zaio. Lur azala jasotzen duten indarrek hausturak eta pitzadurak eragin ditzakete haitz gotorretan. Jatorrizko haitz masaren zatitze honen eraginez, diaklasa diastrofikoak meteorizazio mekanikoaren forma gordin gisa sailka daitezke.Baldintza klimatikoez gainera, badira meteorizazioak eragin dezakeen lastertasunean eragin nabarmena izan dezaketen beste faktore batzuk ere, hala nola, isurialde edo hegalen inklinazio handiagoa, ur laster laminar zabalagoak eta meteorizazio kimikorako euri ur gutxiago izatea. Usteltzen ari den landare kopuruak eta motak, eta lurraren gainazaleko animalia hondarrek ere, urarekin konbinatuko den karbono dioxidoaren kopurua asko handitu edo urritu dezakete, eta bide batez, konbinazio horretatik eratzen den eta haitzen meteorizaziorako eragile garrantzitsuena den azido karbonikoaren kopurua, eta beraz, meteorizazioa, baldintzatzen dute.

Haitzaren konposizioak ere badu eragina meteorizazio prozesu baten batez besteko lastertasunean. Kuartzita, esate baterako, era nahiko uniformean dilatatu eta uzkurtuko da hoztean edo berotzean, mineral bakar batez osatuta baitago: kuartzoz. Gainera kuar - tzoa mineral irazterraz samarra da meteorizazio kimikoen eragile guztietarako. Bestalde, granitoa mineral bat baino gehiagoz dago osatuta, feldespatoz, besteren artean. Horregatik, granitoa lehenago higatuko da kuartzita baino, bai klima hezeetan bai idorretan.

 

Erregolitoa edo haitz mantua

Meteorizazio prozesuen azken produktua haitz xehetuzko eta higakinezko geruza bat da, erregolito edo haitz mantu deitua.

Geruza horrek Lurraren gainazala estaltzen du, geruza lodiago ala meheago batez, erliebea osatu duten eragileen arteko desberdintasunen eta haitz motaren eta lurraren maldaren diferentzien arabera.

Meteorizazio fisikoaren eta kimikoaren bidez, haitza prest geratzen da mugitzeko, hots, erregolitoa aldapan behera herrestatzeko.

Gainazaleko ibaiek haranen hondoraino eramango dute.

 

Euskadi, auzolana