El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Enciclopedia temática
  6.  
  7. Indice

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Arte adierazpenak (XIX.-XX. mendeak)

Gasteizko Plaza Berria, Justo Antonio Olagibelek estilo neoklasikoan proiektatua, Euskal Herriko herri askotan imitatua izan zen.<br><br>

 

EGILEA:

Miriam Alzuri Artearen Historian lizentziatua. Gaur egungo euskal artean aditua.

 

Arkitektura

 

Neoklasizismoa

XVIII. mendearen azken aldera Europa osoan krisiak jotzen du arte barrokoaren ingurune politiko, sozial eta kulturazkoa. Haren parez pare, Argien Mendeko ideial eraberritzaileek, haren unibertsalismo asmoak eta Arrazoiak gauzak eraberritzeko dituen ahalbideetan duen konfiantzak sentiberatasun artistikoaren aldaketa dakarte eta horren guztiaren adierazmolderik egokiena neoklasizismoa izango da: arte arautzaile bat, intenporalitatea bilatzen duena eta hizkera halaber unibertsal batean mintzo uste dena. Arkitekturari dagokionez, barrokoaren gehiegikeriari, asimetriari eta apainketa gehiegizkoari orain neurri klasikoa, sotiltasuna eta oreka kontrajartzen zaizkio. Horrekin batera, arkitektura neoklasikoak errazionala eta funtzionala nahi du izan, hau da: diseinu arkitektonikoa eraikuntzak bete behar dituen eginkizunetara egoki dadila proposatzen du.Arkitekturako ideia berriak, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederretako Akademiak (1752an sortua) zabalduak, oso goiz onartu ziren Euskal Herrian. Hala, 1781ean dagoeneko Justo Antonio Olagibel arkitektoak (1752-1818) beretu zituen ideia horiek Gasteizko Plaza Berriaren diseinuan; obra hura izan zen, hiriaren hirigintzaren eraberritzea hasteaz aparte, Euskal Herri osoan kopiatua izango zen arkupedun plazaren eredua. Olagibelek lau ertzeko plaza monumental bat asmatu zuen, hiru aldetan etxebizitzak izango zituena (laugarrena udaletxeak hartuko du) eta inguruan atari lerro bat, puntu erdiko arkuzkoa; arkuak eusten, berriz, beren habeari itsatsirik ordena dorikoko zutabeak dituzten pilare karratuak ezarri zituen.

Eredu neoklasikoei jarraituz jasotzen dira orobat beste zenbait eraikin jakingarri: Gernikako Juntetxea (1833), Antonio Etxebarriarena; San Prudentzioren etxe palazioa, Armentian (Araba); Atxuriko erietxea, Bilbon (1818), Benito Orbegozok trazatua, edo Arabako Diputazioko jauregia, Martin Sarazibarrena.

Baina arkitekto neoklasiko gorena Silvestre Pérez aragoitarra izan zen, Ventura Rodríguezen jarraitzailea, Euskal Herrian asko lan egin zuena eta Donostiako udal arkitekto izendatua ere izan zena. 1802an Mutrikuko Jasokundearen eliza eraikitzen du, eta 1818an Donostiako udaletxe zaharra (gaurko Udal Liburutegia).

Pérezek egin zituen halaber Bilboko alhondiga, jadanik galdua (1829), eta XVIII. mende hondarretan hasi eta 1851 arte amaitu ez zen Plaza Berrirako proiektuak ere hark egin zituen; plaza horretarako egingo zituzten diseinuak Alejo Mirandak (1786), A. Humaran-ek (1805), S. Pérezek (1819) eta A. Etxebarriak.

Neoklasizismoaren garaian ekiten zaie euskal hiriburuen hirigintza eraberriketako lehen egitasmoei ere. 1782an hasi zen Gasteizko Zabaltzeaz aparte, Donostiakoa eta Bilboko Bakearen Portukoa dira garrantzizkoenak, biek ere lur-jabeen eraginez ustel atereak. Azken honekin Silvestre Pérezek 1789an proiektatu zuen bezala, hiria Nerbioi aldera irekitzea proposatzen zen, portua jartzen baitzuen proiektuaren protagonista.

Donostiari dagokionez, 1813ko sutearen eta hondamendiaren ondoren, Pedro Manuel Ugartemendiak hartu zuen hura berreraikitzeko agindua. 1817an hasi eta Gasteizko Plaza Berriaren diseinuaren antza daukan gaurko Konstituzioko Plaza zen proiektuaren ardatza. Hartan bezala, honetan ere Ugartemendia eta S.

Pérezen udaletxea da plazaren buru egiten duena.

 

Erromantizismoa, eklektizismoa eta mende bukaera

XIX. mendearen erdi inguruan, irizpide neoklasikoak garrantzia galtzen hasten dira erromantizismoaren oldearen aurrean. Akademiak aldezten zuen arautegi neoklasiko zurrunari aurre egiten dio, artearen adierazmolde guztietan, erromantikoek sustatzen duten askatasun formal eta estilistikoak.

Garai honetako arkitekturari dagokionez, hirigintzaren arloan egiten dira berrikuntza adierazgarrienak, Europako hiri handienetako biztanleriaren hazkunde etengabeari erantzun bat eman behar baitio. Hala, Parisen (Haussman, 1853), Vienan (1858), edo Bartzelonan (Cerdá, 1859) hiriaren ohiko itxura erabat aldatzen duten hirigintza proiektu handiak bultzatzen dira. Euskal Herrian ere, eskualdea bizitzen ari zen industria eta finantza aurrerakuntzaren azalpen garbienetakoa izan ziren hirien zabaltzeak.

Donostian, adibidez, 1864an hiria zabaltzeko eragozpen ziren gotorleku zaharrak botatzen dira eta Antonio Kortazar ingeniariak (1823-1884) prestaturiko arautegiari jarraiki bigarren zabaltze baten eraikuntzari ekiten zaio. 1863-1880 eta 1880-1914 artean hurrenez-hurren, bi alditan, egin zen “Kortazar Zabaltzeak” zerbitzu azpiegitura egokia eman zion hiriari, kaleen antolakuntza ortogonala ezarri zuen eta eraikuntzen osasun baldintzetan hobekuntza handiak sartu zituen. Arkitekturari dagokionez, oraindik kutsu neoklasikoa zuen Jose Eleuterio Eskoriazaren Diputazioko Jauregiak eta Gipuzkoako Plazak eratzen duten multzoareninguruan antolatu zen zabaltzearen lehen arotik zetorren hiria; Artzain Onaren plaza eta eliza bigarren zabaltzearen muina izan ziren.

Bilbon, bere aldetik, Pablo Alzolak, Severino Atxukarrok eta Ernesto Hoffmeyerrek egindako zabaltze proiektu bat onartzen da 1876an.

XIX. mendearen azken laurdenean zehar, industrializazioaren, inmigrazio joeren eta merkataritza eta turismoaren garapenaren ekarpen zen eraikuntza ekimen sendo bat bizi izan zen Euskal Herrian. Estiloari dagokionez, atzera egiten du laztasun klasizistak arkitektura historizistaren garapenaren aurrean; antzinako arkitektura era eruditoan berreskuratzeko ahalegina egiten da eta eklektizismoaren indar hartzearekin joera hori areagotzen da. Hartaz, nahas-mahasean onartzen dira, askotan eraikuntza berberean gainera, arkitekturako estilo desberdinak, eraikuntza beraren egiturazko arazoen irtenbidea sakontzen ez duen estalki apaingarri bezala bakarrik hartzen baitira ia beti estiloak.

Hala, Gasteizen, Jabier Lukek eta Julian Apraizek estilo neogotikoan eraikitzen dute Katedral Berria (1907). Donostian jasotzen dira Luis Aladrénen eta A.

Morales de los Ríosen Kasino Handia (1882-87); Frantzisko Urkolaren Victoria Eugenia antzokia (1909) estilo neobarrokoan; Charles Mewes-en Maria Cristina Hotela (1908-12); eta Seldom Wornum-en Miramar jauregia (1881-93). Bilbon, azkenik, azpimarratzekoa da Joaquín Rucobak 1890ean berpizkundeko estiloan eraiki eta Federiko Ugaldek 1919an eraberrituriko Arriaga antzokia; udaletxea (1892), eta diputazioko eraikuntza barroko eta monumentala (1897-1900), Luis Aladrénena.

Modernismoak, mende hondarretako arkitektura estilorik orijinalenetakoa dena, Euskal Herrian eragin gutxi izan zuen. Aisia eta solaserako arkitektura bati loturiko joera izan zen gainera, zinema, musika kiosko (Donostiako Zumardikoa, R. Kortazarrena), azoken apainketan erabilia… eta oso gutxi etxebizitzetan eta mami gehiagoko bestelako eraikuntzen diseinuan.

Obra modernistaren bat edo beste egin zuten arkitektoak dira Martínez de Ubago Iruñean, P. Guimon Bizkaian, eta R. Kortazar eta Luis Elizalde Donostian, obrarik adierazgarrienak Luis Aladrén donostiarraren taldeko dekoratzaile zen Darroguy frantsesak egin bazituen ere: Rekalde Zumardiko 34. zkia (1899-1901) eta Campos Eliseos antzokia (1902-03), azken hau Acebal arkitektoarekin batera.

Hasieran modernismoaren eraginpean egon zen M. Camiña: bere obra nagusia da Gorlizko osasunetxea (1914), hormigoi armatuz Espainian egin zen lehen eraikuntzetako bat eta Vienako modernismotik hurbil dagoen estetika duena.

 

XX. mendeko lehen hamarraldiak Me...

XX. mendeko lehen hamarraldiak Mendez aldatzearekin batera, nolabait “leku bateko”, eskualde geografiko bateko propiotzat jotzen den estilo sail bat erreibindikatu eta berreskuratzeko joera zabaldu zen Europako arkitekturan. Espainian, adibidez, eskualdetako omen liratekeen aldagarri arkitektoniko andana azaltzen da; “neoandaluziarra”, “neosantandertarra”, “neoeuskalduna”… Euskal Herrian, arkitekturako eskualdekotasun honetako nortasunik aipagarrienak izan ziren Leonardo Rucabado santandertarra eta Manuel Mª Smith Ibarra (1879-1956) haren jarraitzailea. Arkitekto malgua eta arkitektura anglosaxoniarraren bitxitasunean benetan interesatua, bere bezeria bizkaitar hautak eska zekiokeen edozein estilotara egokitzeko gauza zen Smith: modernismoa, mediebalismoa (Etxebarriko eliza, 1907), neoeuskalduna (Atxuriko geltokia, 1912; Lezama-Legizamondarren etxea)… Hala ere, estilo “neoeuskalduna” bultzatu zutenen artean P. Guimon izan zen ezagunena, bere garaiko arkitektura joera aurreratuetatik bere borondatez urrundua zegoen profesionala, batzuetan modernista, besteetan errazionalismoaren irizpideetatik hurbil, eta obra anitz eta eklektikoa egin zuena. Bere kasuan, neoeuskalduna txaletak eta famili bakarreko etxeak, adibidez Zumaiako Zuloaga etxea, egiteko erabili zuen batik bat. Berea da, halaber, Algortako trinitarioen eliza ere.Joera honetan lan egin zuen inoiz edo behin Emiliano Amannek (1882-1942), bere obrarik ezagunena Sociedad Bilbainaren egoitza (1910) baldin bada ere.

Artista bidaiaria, atzerrian harremanak zituena eta berrikuntzen jakitun zegoena, estilo aldetik, arkitekto kontraesanez betea izan zen Amann: klasizismotik hurbil zeuden eraikuntzak egin zituen alde batetik (Deustuko Unibertsitate Komertziala), eta bestetik langileen etxadiak hogeita hamargarren ondoko urteetan (Solokoetxe etxadia, Bilbon).

Modernista izan zen hasieran Rikardo Bastida, Bilboko udal teknikaria eta Bilboko Olimpia zinema (1906) eta Alhondiga (1905) egin zituena. Azken honek Kataluniar modernismoaren eta Vienako sezesionismoaren eraginak ditu, eta aitzindarietako bat izan zen hormigoi armatua erabiltzen.

Hala eta guztiz ere, 1920 ondoko hamarraldiaren erdialdera arte Teodoro Anasagasti (1880-1958) eta Secundino Zuazo (1887-1970) izan ziren arkitektorik garrantzitsuenak. Obra teoriko handi bat osatu zuen Anasagastik eta, Camiñak edo Bastidak bezala, hormigoiaren eta gisako eraikuntzako material berrien posibilitate teknikoak ikertu zituen. Lan asko Madrilen egin zituen (Real Cinema, Cine Pavón), eta estiloari dagokionez sezesionismotik hurbil ibili zen. Bermeon San Jose kolejioa (1909) eta Itsasoko eskola (1917) eraiki zituen.

Zuazo, bere aldetik, eklektizismoaren barruan lan egiten hasi bazen ere, 1910eko hamarraldiaren erdialdetik aurrera saiatu zen bere arkitektura lehenik art-deco-ra eta errazionalizismora gero sotiltasun formalera hurbilduko zuten proposamen modernoagoetara egokitzen. Bilbon Postetxea (1927) eta Madrilen, beste zenbaiten artean, Musikaren palazioa Gran Vían (1926), Loreen etxea (1932) eta galdurik dagoen Recoletos pilotalekua eraiki zituen. Azken hiri honetan Ministerio Berriak, Errepublikak agindurik, baina gerra zibilaren ondoren aldatua, egiteko proiektua prestatu zuen.

 

Joera berritzaileak: errazionalismoa

1920ko hamarraldiaren erdialdera arte ez ziren iritsi Espainiara errazionalismo arkitektonikoari eta Le Corbusier, Gropius, eta abarren obraren formulazioari buruzko lehen albisteak. Proposamen hauek (eraikuntzako material berrien erabilera handia, arkitekturako osagai propioen joeraren arabera bakarrik lortzen den edertasunaren bilaketa, laztasun dekoratiboa…) 1930ean sortu zen GATE- PAC-en bidez zabalduko ziren Espainian. Talde horretan sartuko ziren euskalartitekto asko: J. M. Aizpurua, J. Labaien, F. Lagarde, Vallet, Ponte, Olazabal (Donostia), Zarranz (Iruñea) eta Vallejo, Madariaga eta Tomas Bilbao (Bilbo).

Etxebizitza txikienaren, langileen etxebizitzaren, eta abarren arazoaz kezkaturik, lurralde honetan indarrean zegoen arkitektura ofiziala zalantzan jartzen du argi eta garbi euskal errazionalismoak eta eklektizismoa eta eraikuntzen “estiloaz” bezeroek eta arkitektoek zuten seta kritikatu zituen. Ordainetan, bere garaiko premiei erantzungo zien arkitektura egin behar zela adierazi zuten, beharrean eta material praktiko eta ekonomikoen erabileran oinarrituko zen edertasun kontzeptu berri bat eskainiz. Hala ere, euskal errazionalismoa ez zegoen lotuta bereziki ezkerrekoa zen ideologia batekin, Europa erdialdeko bere izenkidea bezala, eta ez zituen beretu hura zuzpertu zuten ideial berdinzaleak ere.

1920ko hamarraldiaren hondarretako krisialdi ekonomikoak eta handik etorri zen inbertsio inmobiliarioen eta eraikuntza ekimenen murrizketak eragina izan zuten errazionalismoari loturik zeuden euskal arkitektoen lanean, lehiaketa eta konkurtsoetan oparo sarituak ziren beren obrak oso gutxitan ikusi ahal izan baitzituzten gauzatuak.

Jose Manuel Aizpuruak eta Joakin Labaienek egin zituzten Euskal Herrian ezagutzen diren lehen obra errazionalista garrantzizkoak: Klub Nautikoa (1929) eta Sacha kafetegia, Donostian. Aipatzeko beste obra batzuk dira Bermeoko Kikunbera etxe ontzia (1930) F. Arzadun-ena, Briñas Eskola Multzoa (Bilbo, 1933), P. Ispizuarena, Ripa kaleko 6. zenbakiko etxea (Bilbo, 1932) T. Bilbaorena, Lezako Eritetxe Antituberkulosoa (1934) P. Lezarena.

M. Galíndez, azkenik, da Madrilgo Bizkaia Banketxeko egoitza (1930-32) eta Bilboko La Equitativa (1934) eta La Aurora (1934-35) bezalako eraikin jakingarrien egilea.

 

Gerraostetik gaur arte Salbuespen...

Gerraostetik gaur arte Salbuespenak salbuespen (T. Bilbao, atzerrira behartua; Aizpurua, 1936an fusilatua…), gerrak ez zuen sortu euskal arkitektoentzat erabateko etenik aurreko urteekiko, gerraosteko lehen urteetan behintzat eta, egiaz, gerra amaitu ondoren gehienek beren lanari berriro heldu ahal izan zioten.

Hala ere, 1930eko hamarraldian gainbehera zetorren eraikuntzaren egoera ekonomiko kritikoa areago laztu zuen gerrak; eta horrela, kapital pribatua ez baitzegoen prest arlo inmobiliarioan inbertitzeko, estatua bilakatu zen eraikuntzaren bultzatzaile nagusi.Estiloari dagokionez, Smith, Bastida, Ispizua, Aginaga, Unanue eta gisako arkitektoek errazionalismoaren planteamendu formalen arabera jarraitu zuten lan egiten (planteamendu horiek, arindurik inolaz, indarrean gordeko ziren 1960ko hamarraldia arte).

Gero, aginpide politikotik bertatik eskatuko zitzaien arkitektoei “estatu berriaren” arkitektura berria bateratu eta sinbolikoki irudikatuko zuen “estilo nazional” bat bila zezaten. Hartaz, historizismora eta arkitektura monumentalistara itzultzea eta “espainol” bezala jotzen ziren estiloak berreskuratzea gertatu zen 40ko hamarraldian. Guztien buruan “eskorialdarra” jarri zen eta bi euskaldun izan ziren, Pedro Muguruza Otaño eta Pedro Bidagor Lasarte alegia, zeresan handia izan zutenak haren zabalkunde eta ezarpenean.

Pinturaren eta eskulturaren kasuetan bezala, ez dira azalduko Euskal Herrian 50eko hamarraldiaren erdialdea arte modernitatera irekitzeko lehen ahaleginak.

Arkitekturaren arloan, garai honetako obra enblematikoa Arantzazuko basilika (1950-54) izan zen, L. Laorga eta J. Sáenz de Oizarena, arkitektura erlijiosoari atxiki ohi zitzaizkion historizismo mediebalistekiko haustura ahalegina, alegia; pintoreek eta eskultoreek (Chillida, Oteiza, Basterretxea, Ibarrola) ere eskuhartu zuten ahalegin horretan. Antzeko planteamendua agertzen da M. Fisac-en Koroatze elizan, Gasteizen (1958).

Geroago, berriro hartu zituen euskal arkitekturak mugimendu modernoaren eta errazionalismoaren idealetako batzuk, M. Marzideren Gurutzetako Osasun Hiriko proiektuan, F. Olabarriaren obran, e.a. ikus daitekeenez.

1960ko hamarraldian zehar, bestalde, bere lehen lanak egiten ditu L. Peña Gantxegi gipuzkoarrak: gerraosteko euskal arkitekturan arkitekto funtsezkoa da, bertako arkitekturako tradizioetako osagai jakin batzuk bereganatuko zituen hizkuntza formal autoktono bat berreskuratzea. Eraikin pribatu asko, etxebizitzak, e.a. egin ditu Zarautz, Mutriku, Oiartzunen… eta Gasteizko San Frantzisko eliza (1968), e.a. Erabilera zibikoa duten gune garrantzizko hainbaten birmoldaketan ere parte hartu du halaber Peña Gantxegik; Donostian, Trinitateko plaza (1963), eta Haize Orrazia (1976); Foruen plaza Gasteizen, E. Chillidarekin batera.

Haren ondoren, euskal arkitekto sail batek errejionalismo arkitektoniko berri honen idealen barruan lan egiteko aukera egin du, mugimendu modernoaren ondarea lekuko eraikuntza tradiziora egokituz eta eraikina bere inguru urbanoan integratzeko ahalegina eginez beti.

Une honetako lanak dira M. Oriolen EUTGen egoitza Donostian, eta Bizkaiko Bankuaren eraikina Bilbon.

1970eko hamarraldian F. Olabarria, R. Basáñez, J. Erbina, J. I. Linazasoro, M.

Garai bezalako arkitektoek lan egin zuten batik bat… Arkitekturako beren proiektuei ezer kendu gabe, J. D. Fullaondok egin zuen lan teoriko garrantzitsua ere azpimarratu behar da, euskal arkitekturaren historiaz idatzi zituen liburuak, edo hainbat argitalpenetatik hark izan zuen zerikusia euskal arkitektoen sustatzaile bezala (horien artean Nueva Forma aldizkaria bereziki aipatzekoa da).

Artearen arlo guztietan bezala, hurrengo hamarraldiek ekintza ildo desberdin eta kontraesangarriak bereganatzeko premia ekarri diote euskal arkitekturari, kasik beti atzerrian sorturiko moden eta jarreren ispilaketa bezala bestalde. Historizismoekin formalki uztarturik dauden planteamenduen ondoan, mugimendu modernoaren, organizismoaren, e.a. beste oinordekoak bizi dira, haiek era nolabait pertsonal eta orijinal batez onartuz inolaz. Gasteiz, Gobernu autonomoaren egoitza, izan da, zentzu honetan, arkitekturako azken joerek arrastorik gehien utzi duten hiria, E. Marimon, A. Amann, R. Erzilla, J. L. Katon, J. Herrero, V. Santamaria, F. Kortazar, M. Apraiz eta gisako arkitektoen eskutik.

 

Pintura

 

XIX. mendea

 

Euskal pinturaren produkzioa XIX. m...

Euskal pinturaren produkzioa XIX. mendean ez zen oso distiratsua izan artistei eta obrei dagokienez, eta Espainian une hartako artearen panoraman modan zeuden joerei jarraituz garatu zen oro har (klasizismoa, erromantizismo ezberdinak, kostunbrismoa, historiako pinturak). San Fernando Arte Ederretako Akademiaren eta Arte Ederretako Erakusketa Nazionalen bidez, bere esku zeukan Madrilek arte gustu ofizialaren papera eta erabateko eragina izan zuen une horretako euskal artisten prestakuntzan (ez ziren asko, edozein modutan) bai estiloari bai gaiei dagokienez.

XIX. mendearen erdialdera azaldu ziren lehen azalpen interesgarriak. 1860ko hamarralditik mende hondarretaraino ingurune espainiarrean indarrean zegoen jenero historikora hurbildu ziren euskal artistak ere. Hauen kasuan ere teknikaz eta egintzaz pintura txukuna zen, baina teatralizatua eta anpurutsua, Espainiako edo munduko historiako gertakari jakin batzuk irudikatzera emana printzipioz (Kaio Grakoren agurra, Barroetarena; Zerbantesen azken uneak, Zamacoisena).

1876tik aurrera eta uztailaren 21ean foruen ezeztapena gertatu zenetik, ordea, bertako pintoreek euskal historiako edo mitologiako iraganari zegozkien gertakariak adieraztea hobetsi zuten, adibidez Jaun Zuria Bizkaiko askatasuna aldeztea zin eginez, Guinearena, Arbola malatoa, M. Seguirena, edo Murumendiko dama, E. Zarraoarena, hirurak 1882koak.

Bestalde, herriko bizimodua eta tradizioa, erromantizismo kutsu nostalgiko batez sarri, irudikatzean oinarritzen zen ohiturazko pintura baten garapena bultzatu zuten nazionalismoaren lehen formulazio teorikoek.

XIX. mendeko euskal pintoreen artean aipa ditzakegu F. Bringas (1827-1855), bertako kostunbrismoaren lehen lekukoa kronologiaren arabera eta euskal baserritarren munduari buruzko lehen ikonografien sortzailea, J. Etxenagusia (1844- 1907), M. Markoartu…, edo A. Lekuona (1831-1907), hurrengo belaunaldiko artista bilbotar gehientsuenen maisua. J. Berroeta (1835-1907) izan zen garai hartako Bilboko handikien erretratugile ofiziala, nahiz eta historiako eta Bibliako gaieiburuzko koadroak eta paisajeak, Karlos Haes-en naturalismoaren eraginpean, ere egin zituen.

E. Zamacois (1841-1878), Madrazoren eta Meissonier-en ikaslea, pintore ederzalea izan zen, teknika trebe eta zehatza zuena, gai galai eta kostunbristako jeneroko koadroetan trebea. I. Díaz Olanoren (1866-1956) pintura akademizismo kontserbadoreenaren, inpresionismoaren eta errealismo kostunbristaren artean koka daiteke. Araban, orobat, F. Amáricak (1866-1956) egitura “inpresionista” zuen paisajea egin zuen bakarrik, jatorrizko iturburu frantsesetik ez baino Sorollaren bidez ikasirik.

A. Guineak (1860-1916), azkenik, gaiaren eta formaren aldetik eklektizismo bati jarraituz lan egin zuen; baina bere karrerako aldi desberdinetan, historiako pinturaz eta kostunbrismo tradizionalenaz interesatzera eraman zuen horrek, baina baita inpresionismoaren paleta garden eta teknika solteaz edo art nouveauren lerro uhintsu eta apaingarriaz ere.

 

Modernizazioa A. Guiard (1860-191...

Modernizazioa A. Guiard (1860-1916) eta D. de Regoyos (1857-1913), jaiotzez asturiarra baina Bizkaian eta Gipuzkoan maiz lan egin zuena, izan ziren euskal pintura XIX.. ende hondarretako europar arte korronte berrietara egokitu zutenak.

Guiard, pintore inpresionistekin zazpi urtez Parisen ikasten ibili ondoren, formaren eta gaiaren aldetik talde horrek zekartzan berrikuntzak, literatura sinbolista, e.a. hasi zen zabaltzen Bilbon. Historiako pinturaren erretorikaren kontra, bere garaiko gauzetan, egunorokoetan, arruntetan oinarritzen ziren gaiak eta grafismo sotil eta lineala sartu zituen, Ingres eta Degas-en eraginpean. Madril eta Erroma ospe eta ikasketa zentrotzat utzi eta arte prestakuntza osatzeko hiriburu frantsesa hobesten duen euskal pintore belaunaldi bati bidea ireki zion halaber.

Regoyos, bere aldetik, izan zen beharbada plenairismoaren ordezkaririk onena Espainian, eta argian, koloreen modulazioan oinarrituriko paisajezko pintura egin zuen. Euskal paisajeaz biziki interesatu zen, eta pintzelkada soltea, puntilismotik hurbil zegoena, eta kolorean teknika dibisionista erabiliz irudikatu zuen.

Euskal pinturaren geroko garapenean izan zuen eragina, hala ere, ez zen handia izan, bertako paisajismoak, izan ere, baserritar ingurunearen erreibindikazio epiko eta idealizatu baterantz jo baitzuen oro har, Lekuonaren irakaskuntzatik zetorren marrazkiaren aldeko tradizioa hobetsiz, gainera.

 

1900-1919 Modernitatearekin zerik...

1900-1919 Modernitatearekin zerikusirik duten bestelako hizkeren jasotzea XX. mendeko lehen bi hamarraldietan gauzatu zen. Hala eta guztiz ere, euskal artea –garai horretako Espainiako artea bezala– 14ko gerra aurreko abangoardiaren jarrera esperimentalistatik (kubismoa, futurismoa, dadaismoa…) albora geratu zen. Eta hori, garai horretarako jadanik euskal artista gehienek beren prestakuntza Parisen burutu arren. Salbuespenak salbuespen (Iturrino, Gezala), estilo eta jarrera abangoardistak aldika bakarrik onartu ziren eta, lehen urteetan, osagai sinbolista eta espresionista jakin batzuetara mugatu ziren. Tradiziozko hizkera figuratiboekiko eten erabatekorik ez zen sekula gertatu ordea.

Horrekin batera, 1910. inguruan hiru euskal hiriburuetako batean, Bilbon, hasten da eratzen arte merkatu berria. Hazkunde ikusgarria izan zuen hurrengo urteetan (1915-1920), egokia baitzen ekonomiaren eretia, baina baita artifiziala eta nahasia ere, eta horrek ekarri zuen haren ahulezia 1920ko hamarraldiko hasierako finantza eta gizarte krisiari aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, 1910eko hamarraldian sortzen dira lehenengo arte “galeriak” (haietako batzuk, aldi baterako beren erakustokiak uzten zituzten denda soilak) hiriko burgesia aberastuak inbertitzeko zeukan gogoa asetzeko; aldian-aldian erakusketak antolatzen dira; elkarteetan antolatzen dira artistak, beren interes profesionalak babesteko; hiriko arte kritikak lehen urratsak ematen ditu… Era horretan, 1930eko hamarraldiaren lehen urteetan, bere baitan hartzen zuen hiriak ia euskal artegintza guztia.

Nazionalismoaren garapen azkarrak, gainera, eta eskualdeko izaeraren nortasun ezaugarriak eta bizimodua zertzen lagunduko zuen guztia sendotzeko hark zuen premiak eskualdeko gaietara erabat iraulitako arte mota baten eskaera ekarri zuen. Pinturari gagozkiolarik, bizitza luzea eta jarraitzaile segizio oparoa izango zituen ikerketa bide bat indartu zen. Eta izan ere, hasieran izan zuen garapena, garaiari dagokionez, Europako beste zenbait lurraldetan (Ingalaterra, Frantzia) eta Espainiako beste eskualdeetan (Galizia, Asturias) antzeko ikonografiak sortu zituen estetika korronte askoz zabalago batekin bat badator ere, ezin eragotzi ahal izan zen euskal kostunbrismoa geroago estereotipora eta gai jakin batzuk (bertako paisajea, baserritarren eta mariñelen giroa) gehiegi errepikatzera mugatua gera zedin, edukin ideologiko eta erreibindikazio gogo oro alde batera utzita.

Ordurako, pintura mota honek merkatu berriak eginak ditu Latinamerikan.

Arrantzaleak, arraunlariak, herrietako festak, erromeriak: Balentin (1879-1963) eta Ramon (1882-1969) Zubiaurre, Gaztela eta Gaztelan sarri pintatu zuten bi anaien gai zerrendako zati handi bat osatzen dute horrelakoek. Baita Arrue anaiena ere (Alberto, José, Ricardo eta Ramiro); Alberto (1878-1947) erretratugile bezala ere nabarmendu zen, T. Meabe edo “Juan de la Encina” kritikoaren erretratuak bezalako obra jakingarriei esker. Itsasoak (itsasmutilak, itsasertzeko emakumeak, arrantzaleak, kaiak…) bereganatu zuen lanbidez mariñel eta inoiz edo behin arteko kritiko edo itzultzaile izan zen J. Tellaecheren (1885-1957) interesa. Bere oleoak kartoi gainean, kolorez oso neurritsuak eta egitura lehorrekoak dira, bernizatu gabeak, eta, hala eta guztiz ere, euskal gaiko pinturaren errealismo anekdotikoa hausten dute, itsasontzien soslaiek, oihalek eta habeek sortzen dituzten planoen jokoetan biltzen baita pintorea… A. Arteta (1879-1940) izan zen hiriko eta lantegietako gaiak, langileak, indarrak, lanaren duintasuna goraipatu zuen ordezkaririk onena. Kubismoko osagai jakin batzuk tartekatu zituen bere obran (sotiltzea irudietan, geometrizaio moduko bat hondoetan). Ez zen abiatu, bere garaiko espainiar artisten artean inor abiatu ez zen bezala, Picasso, Gris, eta abarren kubismo komprometatuan barna, baizik eta Vázquez Díazen “cézannismotik”, hura baitzen Espainiako 1920ko hamarraldiko lehen urteetako arte panorama zurrunean modernotasunaren sinboloa.

F. Iturrinok (1864-1924) –Guiard eta Regoyosen belaunaldikoa– Matisseren adiskidea, Gauguin, Van Gogh, Renoir eta Cézanneren pinturan aditua, postinpresionismoaren lorpenak bereganatu zituen obra eta formaren aldetik “nabis”en pinturaz bezala fauvismoaz uztar daitekeen bat egin zuen. Emakumezkoaren biluztasuna eta bertako pinturaren parean bestelako ikonografia hobetsiz (mairuak, ijitoak, odaliskak, zaldiak, jardinak…), Iturrinori ez zitzaion interesatu bitxi edo ikusgarri zena bilatzea; gai guztiak ziren beretzat kolorearen euskarri, irudikatze naturalistaren mende jarri gabe erabili baitzuen kolorea, mihisean pintzelkada erasokor, indartsu, “espresionista” baten bidez zabalduz. Fauvismoaren ildotik lan egin zuen orobat J. Etxebarriak (1875-1931), baina mundu pertsonalago eta minagoa sortuz (loreak, erretratuak, izadi hilak…). A. Gezala (1889-1945) artista kosmopolita eta fina, bere garaiko joera estetiko guztiekiko arretatsuari esker, obra berritzaileenetako bat ezagutzeko aukera izan zuen euskal arteak; pintore, marrazkigile, kartelgile… Gezalak bere pintura guztiz dekoratzaileari modernismotik, Vienako sezesionismotik, Die Brücke-ko alemaniar espresionismotik, futurismotik zetozen osagaiak gaineratu zizkion.

I. Zuloagak (1870-1945) eta M. Losadak (1864-1949) uko egin zieten abangoardismo estetikoari bezala bertako ikonografiari. Lehenak, hasieran pintura gardenera eta modernismora hurbildu bazen ere, geroago Velázquezengan, eta haren bitartez, Espainiako eskola tenebristan bilatu zuen inspirazio iturria. Marrazki indartsu eta zehatzeko pintura egin zuen eta, laurogeita hemezortziko belaunaldiaren begiradaz ikertu zuen Gaztelako giza eta geografia paisajea. Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendari izan zen Losada ere, bere ibilbideko lehen aldian, XVII. mendeko pintoreei arreta berezia eskaini zien, egunoroko euskal bizitzara aldatuz; gero, eite inpresionista bateko pintura distiratsu eta oso bernizatu batera eta antzinako Bilbo nostalgikoa islatzera jo zuen. G. Maeztuk (1887- 1947), aurrekoek bezala, pinturako espainiar tradizioa erreibindikatu zuen, baina bere kasuan pintura heroiko, irudi biribil eta ondo zehaztuz, erraldoiez beteriko baten abiapuntu izan zen; honekin batera, marrazki “eskultura gisakoa”, objektuen astuntasuna azpimarratzen duena, eta kolore oparo bat, urreen eta horien aberastasuna indartuz.

 

1920-1936

1920ko hamarraldiaren hasieran, pintore belaunaldi berri bat dator euskal arte mundura (Ucelay, Aranoa, Urrutia, Olasagasti, Cabanas Erauskin, Montes Iturrioz, Bienabe Artia, Landa, Salazar, Flores Kaperotxiki…), eta haiekin batera joera estetiko berriak.

Oraingoan eraberritze formala noucentisme-aren eskutik dator (E. d’Orsek adierazia), Cézanne-ren klasizismoa jasotzetik, eta Artetaren obratik; artista gipuzkoarrei dagokienez, Vázquez Díazen obrak izan zuen batik bat eragina, J.

Olasagasti pintorea (1907-1955) bezalako adibide jakingarriekin. Eraikuntza tinkotasun jakin bat bilatzea, formalki eraskin zen oro, anekdota eta erromantiko zen oro koadrotik ezabatzeko nahia eguneko bihurtzen da eta errejionalismoa eta gauza bitxien eta berezien hobespena albora geratzen da. J. Aranoaren (1901- 1973) edo J. Urrutiaren (1893-1965) lehen obretan, esaterako, “euskal gaia” arazketa formal erabatekora eraman zen, bi artistak alderdi plastiko eta konstruktiboetara biltzen zirelarik (bolumenen definizioen zehaztasuna, gaiaren ulerpide sintetikoa), ez “gaira”, narraziora. Jarrera hori, noski, ez zen 1920ko hamarraldiko euskal artearena bakarrik, baizik 14ko Gerra Handiaren ondoko Europako arteko abangoardiaren “ordenara itzulera” zioen jarrerarekiko erantzuna zen(Picasso bera zen haren buru): honek neurria, konposaketaren oreka, marrazkiaren gailentasuna eskatzen zituen.

Hala ere, beste joera batzuk ere interesatu zitzaizkien euskal sortzaile gazteei hamarraldi horretan zehar. J. Cabanas Erauskinek, aurreko belaunaldiko paisajegilerik bikainena zen A. Cabanas Oteizaren seme, surrealismoa landu zuen, harik eta, 1929 aldera, Italian Marinettiren futurismoa, pintura metafisikoa eta Quatrocentoko pinturaren argitasun formala eta konposatzailea aurkitu zituen arte; ordutik aurrera, 1930eko hamarraldiko ikonografia faxistaren oinarri izango zen arte hizkera baten formulaziora egokitu zuen bere ibilbide abangoardista. J. Mª Ucelay (1903-1980) euskal artea osagai etnografikotik (bodegoiak, erretratuak eta itsasoko eszenak izan zituen gai nagusiak) askatzeko gauza zen artista bezala ikusia izan zen bere garaian, “errealismo magikoaren” poetikaz eta “Alemaniako objektibotasun berriaz” uztarturik zegoen pintura eginez.

Hizkera hauen guztien formulazio osoa Errepublikaren garaietan egin zen, 30eko hamarraldian dagoeneko, eskema geometrikoen arabera antolatu eta osagai naturalistak ahalik eta gehien murrizten dituen pintura zabaltzen denean. Garai horretako aldakortasun politiko eta sozialak bere isla izan zuen artean ere, eta lehen aldiz galdetzen dio honek garbi bere buruari zein eginkizun duen gizartean eta zein den artistaren egitekoa. Europa osoan bezala, artearen gardentasunaren eta doako esperimentatzearen alde dauden teoriak zalantzan ipintzen dira; bere autonomiaren eta bere politizazioaren artean ari da borrokan artea, eta garai horretako euskal artista gehienek konpromezu sozialaren aldeko apustua egiten dute. Kabaileteko pintura, bestalde, ez da gehiago pintorearen adierazpen nagusia arte azalpen berrien oldartze geldiezinaren aurrean: kartelismoa eta publizitatea, ilustrazioa, murruko pintura… Artea, azken batean, bere alderdi agerikoenean garatzen da.

1930 ondoko hamarraldiak, gainera, Donostiaren garapena ekarri zuen, arte zentro “aurreratu” moduko arte azpiegitura txikienik gabe baitzegoen ordura arte: abangoardiako arte erakusketak antolatzen dira, arkitektura errazionalista hedatzen da GATEPACen Iparreko Taldearen sorrerarekin… Eraberritze giro honetan ematen dituzte beren lehen urratsak N. Balenziaga (1905-1935), J. Sarriegi (1911- 1967), N. Lekuona (1913-1937), J. M. Zumalabe, C. Ribera valentziarra, J. Oteiza eta gisako artistek. Guztien artean orjinalena Lekuona izan zen beharbada, abangoardista tipikoa material eta teknika desberdinez esperimentatu zuelako (pintura, argazkia, argazkimuntaia, diseinu arkitektonikoa…) eta esperientzia surrealistara, Zuricheko dadara eta are konstruktibismo errusiarrera hurbildu zelako.

Bienbitartean, Bilboko merkatua krisian bazegoen ere, eta gerra zibila hastear, belaunaldi berri bat ari da hirian bide egin nahirik: A. Acebal Idigoras, F. Maidagan, L. Revenga, M. A. Alvarez Ajuria, A. Asteinza, L. Kruzalegi, T. Martínez Arteaga… Oraindik eratzen ari bazen ere, gerrak ezinezko bihurtu zuen artearen garapen normala; beste batzuentzat, gerra zibilak erbestea, isolamentu soziala eta profesionala ekarri zuen, heriotza batzuetan, edo gerraosteko Espainiako abagune politiko eta artistiko berrira egokitu behar mingarria.

 

1940-1969

Ekonomiaren urrialdi horretan, aurreko arte azpiegitura guztia suntsiturik zegoela, gerraosteko euskal artea ezinbestean izan zen itxuratia eta komertziala.

Mende hasierako abangoardia ahazturik, joera estetiko berrietatik urrun geratu ziren artistak 1940-1950 hamarraldian zehar: atzerriarekin harremanik izateko biderik ezak eragotzi zien joera abstraktuak edo informalismo hasiberria ezagut zitzaten. Indarrean segitu zuten, aldiz, errealismoak (bere alderdi inpresionistan bezala akademikoan), hemeretzigarren mendekoaren gisako akademizismoak eta, “modernotasun” eredu bezala, Artetaren eta Vázquez Díazen obraren osagai formal jakin batzuk bere egiten dituen postinpresionismo laino batek. Gaiei dagokienez, paisajea eta erretratua izan ziren nagusi, merkatuak eskatzen zituen aukera bakarrak baitziren (halako pintura folkloriko errejionalista batekin batera), eta hori ase zuten Nieto Ulibarri, J. Uruñuela, E. Renteria, P. Muñoz Condado, Ziriako Parraga, J. Gorostiza, Eloi Erentxun, Eloi Garai eta gisako artistek.

1950eko hamarraldiaren hasieran itzuli ziren erbestean zeuden artista batzuk, hala nola Acebal Idigoras, Aranoa, Ucelay (garai horretako euskal artearen monotonia hausten duen pintore bakarra, bere “surrealismo” propioaren bidez).

Oteiza, artista gazteenen eragile izatera deitua zegoena, 1948an itzuli zen: Chillida 1951n eta Basterretxea, orduan oraindik pintore, urte bat geroago. Hirurok, A.

Ibarrola eta Sáenz de Oiza arkitektoarekin batera, osatuko dute “Arantzazuko taldea” deitua (1952), gerraosteko euskal artearen aukera irekien eta abangoardistena, frantziskotarren eliza hura eraikitzean osatua. Barne loturarik gabea taltzen da GATEPACen Iparreko Taldearen sorrerarekin… Eraberritze giro honetan ematen dituzte beren lehen urratsak N. Balenziaga (1905-1935), J. Sarriegi (1911- 1967), N. Lekuona (1913-1937), J. M. Zumalabe, C. Ribera valentziarra, J. Oteiza eta gisako artistek. Guztien artean orjinalena Lekuona izan zen beharbada, abangoardista tipikoa material eta teknika desberdinez esperimentatu zuelako (pintura, argazkia, argazkimuntaia, diseinu arkitektonikoa…) eta esperientzia surrealistara, Zuricheko dadara eta are konstruktibismo errusiarrera hurbildu zelako.

Bienbitartean, Bilboko merkatua krisian bazegoen ere, eta gerra zibila hastear, belaunaldi berri bat ari da hirian bide egin nahirik: A. Acebal Idigoras, F. Maidagan, L. Revenga, M. A. Alvarez Ajuria, A. Asteinza, L. Kruzalegi, T. Martínez Arteaga… Oraindik eratzen ari bazen ere, gerrak ezinezko bihurtu zuen artearen garapen normala; beste batzuentzat, gerra zibilak erbestea, isolamentu soziala eta profesionala ekarri zuen, heriotza batzuetan, edo gerraosteko Espainiako abagune politiko eta artistiko berrira egokitu behar mingarria.

 

1940-1969

Ekonomiaren urrialdi horretan, aurreko arte azpiegitura guztia suntsiturik zegoela, gerraosteko euskal artea ezinbestean izan zen itxuratia eta komertziala.

Mende hasierako abangoardia ahazturik, joera estetiko berrietatik urrun geratu ziren artistak 1940-1950 hamarraldian zehar: atzerriarekin harremanik izateko biderik ezak eragotzi zien joera abstraktuak edo informalismo hasiberria ezagut zitzaten. Indarrean segitu zuten, aldiz, errealismoak (bere alderdi inpresionistan bezala akademikoan), hemeretzigarren mendekoaren gisako akademizismoak eta, “modernotasun” eredu bezala, Artetaren eta Vázquez Díazen obraren osagai formal jakin batzuk bere egiten dituen postinpresionismo laino batek. Gaiei dagokienez, paisajea eta erretratua izan ziren nagusi, merkatuak eskatzen zituen aukera bakarrak baitziren (halako pintura folkloriko errejionalista batekin batera), eta hori ase zuten Nieto Ulibarri, J. Uruñuela, E. Renteria, P. Muñoz Condado, Ziriako Parraga, J. Gorostiza, Eloi Erentxun, Eloi Garai eta gisako artistek.

1950eko hamarraldiaren hasieran itzuli ziren erbestean zeuden artista batzuk, hala nola Acebal Idigoras, Aranoa, Ucelay (garai horretako euskal artearen monotonia hausten duen pintore bakarra, bere “surrealismo” propioaren bidez).

Oteiza, artista gazteenen eragile izatera deitua zegoena, 1948an itzuli zen: Chillida 1951n eta Basterretxea, orduan oraindik pintore, urte bat geroago. Hirurok, A.

Ibarrola eta Sáenz de Oiza arkitektoarekin batera, osatuko dute “Arantzazuko taldea” deitua (1952), gerraosteko euskal artearen aukera irekien eta abangoardistena, frantziskotarren eliza hura eraikitzean osatua. Barne loturarik gabea talde bezala, garaitsu berean Espainiako beste eskualdeetan eraberriketa plastikoa ekarri zuten beste artista batzurekin (Dau al Set edo El Paso) uztartu izan dira beren proiektuak.

1960ko hamarraldian gertatu zen aurreko tradizio errealista luzearekiko azken etena eta ikerketa eta abangoardiako arte bat onartzea, oraingoan nazioarteko testuinguruarekiko sinkronian. Euskal Eskola deituriko taldeen sorrerak 1965ean (Gaur Gipuzkoan, Emen Bizkaian, Orain Araban eta Danok Nafarroan) informalismoa zabaltzeko aukera eskaini zuen. Aurreko hamarraldiko ahalegin berritzaileen oinordeko, eta, bereziki, Gaur taldearen proposamenetan aurkitzen delarik (Amable Arias, Basterretxea, J. Antonio Sistiaga, R. Ruiz Balerdi, J. Luis Zumeta, Oteiza, Chillida, Mendiburu), euskal informalismoa eskultoreen lorpen plastikoetatik abiatu zen eta ikerketa bide emankor bat ireki zuen (bide horretatik joan dira Mº Paz Jiménez, Gonzalo Chillida, Bonifazio Alonso, Ramon de Vargas…) Bestalde, garai horretako egoera politiko sozial bereziek berriro jartzen dute mahai gainean lanaren munduaz, zapalkuntza politikoaz kezkaturik dagoen eta aldaketa sozial eta politikoaren aldeko borrokan parte hartzen duen artistaren konpromezu sozialaren auzia. Euskal Herrian, gisa horretako proposamenak Bizkaiko Estampa Popular delakoaren inguruan gauzatu ziren; talde hau 1962an sortu zen eta, besteen artean, A. Ibarrolak, Dionisio Blancok eta Mª Dapenak osatzen zuten. Bertako figurazioan oraindik bizirik dauden topiko kostunbristetatik askatzen da errealismo soziala, eta hirira, laneko mundura, arrabalera hurbiltzen da… Hala ere, garai honetako euskal artearen panoraman, bestelako joerentzat ere izan zen lekurik: Mentxu Gal eta Luis Garzia Otxoaren expresionismo formal kromatikoa: Karlos Bizkarrondo, Jose Luis Tolosa, eta abarren geometrismo estrukturala, e.a.

 

1960ko hamarralditik gaur arte

1960 ondoko hamarraldiaren hondarretan, Zue (1969), Indar (1970) edo Abstrazio Berri (1969-1974) bezalako taldeek zalantzan jartzen zituzten informalismoaren proposamenak, forma geometrikoaren eta abstrazio analitikoaren aldeko jarrerak hartuz. J. R. Morquillas, F. Mirantes, J. Urkijo, J. Mieg, C. Ortiz de Elguea,G. Ramos Uranga, P. Egilluz, Gallo Bidegain bezalako artistek onartu egin zituzten eta kritikak “abstrazio expresionista” deitu duen pintura egin zuten.

Hala ere, artista gazteek onarturiko ikerketa ildo bezala iraun egin zuten errealismoak eta figurazioak, dela azentu “magikoa” hartuz, kasik “surreala” Mari Puri Herrero, Bizente Ameztoi, Daniel Txopitea edo Karlos Zabalaren kasuetan, dela lekukotza hartuz, gizartearen salaketa eta kritika bezala (R. Zurriarain, A. Nagel, A. Rementeria, J. L. Goenaga, V. Roscubas, I. Bilbao, A. Kortazar…) 1970 ondoko hamarraldiak ezagutu zuen euskal artea nazioartera irekitzea, Mexikoko Erakusketa (1970), Donostiako Eskulturako Nazioarteko Biurtekoa (1971), Barakaldoko Erakusketak (1971 eta 1973), Veneziako Biurtekoa (1976) edo Iruñeko Topaketa eztabaitsuen antzerako esanguratsuetara joan zelarik. Anglosaxoniar mundutik zetozen hizkera kontzeptual berriak ezagutzeko aukera eman zuten azken hauek.

1980 ondoko hamarraldiak, azkenik, euskal plastikaren erabateko normalkuntza ekarri du, eta nazioarteko merkatutik, batez ere Ameriketakotik (pop art, hiperrealismoa, transabangoardia…) datozen berrikuntzak beldurrik gabe onartzen ditu. Gure mugez gaindi gertatzen denarekiko sintonian, belaunaldi berriek (gehienak Bilboko Arte Ederretan heziak) hetorodoxiara jotzen dute beren egintza artistikoetan, zatiketara, gisa desberdineko proposamen estetikoetatik abiatuz lana eta ikerketa egitera: hizkera artistikoen oparotasunera, hitz batean: Jesus Mari Lazkano, Dario Urzai, Daniel Tamaio, Alfonso Kortazar…

 

Eskultura

Pinturak erdietsi zituen kalitatea edo nazioarteko onarpena erdietsi ez bazuen ere, mende hasieraz geroztik euskal eskulturak ere dirdai une bat ezagutu zuen.

Alde batetik, Bilboko Arte eta Lanbidetako Eskolaren sorrerak (1880) artisten esku ipini zituen beren heziketarako ezinbesteko zituzten lekua eta baliabideak, eta hango ikasgeletatik pasatuko ziren 1936 arte bertako eskultore kasik guztiak.

Bestalde, mendeko lehen hamarraldietan euskal ekonomiak izan zuen hazkundeak mesede egin zion artisten lanari, arte obretan inbertsio gehiago ekarri baitzuen; hori Bizkaian gertatu zen (Bilbo bilakatu zen ez bakarrik euskal sortzaileen teknika eta arteko heziketa zentro nagusi, baita Euskal Herriko azoka nagusia ere), eta pinturaren arloan batik bat, baina herrietako eskultura lantegietan ere igerri zen hobekuntzarik.

1936a aurretiko euskal eskulturaren bilakaera, beraz, enkarguen sistemak baldintzatu zuen batik bat. Pintoreek beren obren salmenta erakusketen bidez eta ikusleekin aldioro harremanak izanez bideratu zuten bitartean, eskulturak enkargu partikular edo publikoaren mende segitu zuen. Obra berriak gauzatzeko aukerak garai honetan ugaldu baziren ere, sistema horrek, gaiei eta estiloei dagokienez, mendekotu egin zuen eskultoreen lana; hasteko, eskakizun gehienak obra erlijioso, erretratu, panteoi edo hilarrietarako eta, gehienik ere, oroitarrietarako izan zirelako; bigarren, teknikaren aldetik ondo egindako lana eskatzen zitzaion eskultoreari, baita kalitatea eta materialak teknikoki menderatzea eta azken mailan soilik, eta kasu oso jakinetan, berritzailea izatea ere. Esperimentazio teknikoari edo berrikuntza formalari gehiegi amore ematen ez zion eskultura kontserbadorea izan zen honen emaitza.

Bestalde, pinturari zegokionez mende hondarraz geroztik artistak Frantziatik datozen joera estetiko berriak onartzen hasi badira, eskultura denbora askoz gehiagoz geratuko da Erromari eta klasizismoari atxikia, eta orobat XIX. imajinagintzatik jasotako modu eta gaiei. Arte gustu ofizialekiko eta Arte Ederretako Erakusketa Nazional eztabaidatuen sari eta opari sistemarekiko mendekotasuna handiagoa izan zen eskulturan bestelako arte adierazpenetan baino.Hartaz, gerra ostera arte nazioarteko eztabaidatik aparte geratu zen euskal eskultura: gure mugez haraindi abangoardia historikoak material berriak ikertzera, sotiltze formalera, are abstrakziora joko duenean (Arp, Brancusi, Giacometti, Pevsner…), bertako eskultoreen artean inork ez zuen erabaki halako arazoei aurre egiterik.

 

XIX. mendearen amaierako egoera e...

XIX. mendearen amaierako egoera eta modernizazioa Klasizismo akademikoaren ohikeriak gainditu gabe lan egin zuten J. M. Agirre, P. Garamendi, V. Larrea, S. Basterra edo J. Marzial Agirre bergararra bezalako eskultoreek. Guztien artean nabarmendu beharrekoak dira S. Basterra (1850-1927), haren lantegian hezi baitzen hurrengo belaunaldiko eskultore sail bat (hauen artean, Manuel eta Hijinio bere semeak), eta F. Sáenz (1869-1941) Bilboko Arte eta Lanbide Eskolako lehen zuzendari eta N. Mogrovejoren maisua.

Hala ere, mende hasierarako dagoeneko F. Durriok (1868-1940) eta N. Mogrovejok (1875-1910) lehen urratsak eman zituzten euskal eskulturaren modernotzean.

Adierazpenaz eta jiteaz baino gehiago edertasunaz kezkaturiko artista zen Mogrovejok eskultura espainiar “ofizialaren” akademizismoarekiko haustura egiten du eta, lehen aldi batean, erro sinbolista daukan nolabaiteko modernismo baten barruan lanean hasten da. Parisen geroago Rodin, XIX. mende hondarretako Europako eskulturaren berritzaile handiaren obraz interesatu zen, eta, eragin hauei, 1909an Florentziara egin zuen bidaian ezagutu zuen Michelangelorena eta eskultura klasikoarena gaineratzen dizkio bere geroko obrak; Orfeoren heriotza, Risveglio, Eba… F. Durriorekin, beren aldetik, Parisetik pasatu ziren euskal artista gehienak erlazionatu ziren. Mende hasieran hiriburu fransesean jarri zen bizitzen eskultorea, eta Udazkeneko Saloian egin zuen erakusketa 1931n, kritika eta ikuslego frantsesaren onarpena lortuz. Gauguin, Picasso, Charles Maurice kritikoaren adiskide zen, eta Durrio zeramista eta urregile izan zen, eskultore izateaz aparte. Estiloari dagokionez, bere obra hurbil dago modernismotik eta sinbolismotik, bere lanik onentsuenetan ikus daitekeenez: San Kosme Etxebarrieta panteoian Getxoko hilerrian (1903-1923) eta Arriaga musikariari monumentua (1907-1933), Bilbon.

 

Euskal eskultura 1937 arte Ez Dur...

Euskal eskultura 1937 arte Ez Durriok ez Mogrovejok ez zuten izan jarraipenik bertako eskulturan. V.

Dueñasek (1888-?) bakarrik jaso zituen lehenaren ekarpenak: bere karreraren zati handi bat Madrilen egin zuen, eta bere obran alegoria sinbolistak pertsonaien anatomiari darion bolumetria eta modelatuarekiko interesaz nahasten dira.

Errotze handiagoa lortu zuten euskal eskultoreen artean (F. Sáenz, H. Basterra, M. Huerta, L. Barrenetxea, F. Orduña, C. Elgezua, L. Fernández de Viana…) beste jarrera batzuek, errealismoaren eta naturalismoaren ingurukoak gehientsuenak.

Gainera, osagai errejional bortitz bat duen eskultura mota baten gorakada ere izan zen, lekuko bertako idiosinkrasia ispilatzearen aldekoa, alegia, garaiko pinturaren kasuan bezala. Ia beti sinbolismo jakin bat erabiliz, baserri munduaren, folklorearen, e.a. bereizgarria bilatzen saiatzen dira eskultoreak. L. Barrenetxeak, adibidez, euskal tradizioko kirol azalpenak, baserriko lana, herriko jendea… eraman zituen eskulturara: Idiproba, Laiariak, Estropadak edo Harri-garraioa.

C. Meunier belgikarraren eragina nabarmendu zen urte hauetako euskal eskulturagintzan errealismo sozial baten bidez eta hiriko nahiz baserriko lan munduarekiko interesaren bidez (nekazaria, burdingintzako langilea, mehatzaria…): Palankaria, H. Basterrarena; Txurrukari monumentua, C. Salazarrena, eta, batez ere, Q. de Torreren (1877-1966) lan batzuk, hala nola Lemazaina, Bilboko emakume zamaria edo Itsasmutila. Garai horretako bilbotar eskultore onentsuenetakoa izan zen De Torre, lanbidea oso ondo ezagutzen zuena, Parisen zer gertatzen zen ondo zekiena, baina nahiago izan zuen Espainiako imajineria barrokoa berreskuratzen saiatzea. Erretratu ugari egin zituen eta deboziozko eskultura asko brontzean, marmolean eta zur polikromatuan.

Ezagunak izan ziren, halaber, erlijiozko imajineriaren arloan H. Basterra (1876- 1957) eta J. Beobide (1891-1969), azken hau hurrengo belaunaldiaren barruan dagoeneko, bere garaiko gusturako nahiko kontserbadore zen estilo bati leial gerraoste osoan. Basterra, bere aldetik, aitaren lantegian hezia (eta, dirudienez, Parisen A. Rodinekin), 1930eko hamarraldian nabarmentzen hasten den belaunaldi gazteeneko (E. Barros, A. Acebal Idigoras, R. Iñurria, C. Elgezua) eskultorerik onentsuenen maisua izan zen. Baina Errepublika garaiko eskultorerik ezagunena J. Luzarini da (1905-1969), bere lanik pertsonalena –Musikaren garaipena, Errepublikaren Alegoria– orduan, geometria sotil eta eraikitzaileari jarraiki, forma sinple eskematikoz egiten duelarik. Gerra zibilaren ondoan denek segitu zuten iraganeko gai eta formetan oinarrituriko XIX. mendeko eskultura mota bati atxikirik.1930 ondoko hamarraldiaren hasieran azaldu zen J. Oteiza ere, 1931 eta 1933ko Donostiako Artista Berrien Lehiaketetan eskulturako lehen saria irabazi zuelarik. Bere obraz –Adan eta Eba, Sarriegiren burua, Nekazaria, Rosario Ballesteros– euskal eskulturak esperimentaziorantz eta hizkera sortzaileen eraberritzerantz jo zuen erabat.

 

1939tik gaur arte

Eskultura erralista eta naturalistarekiko erabateko haustura gerra ostean gertatu zen, E. Chillida, J. Manuel Alberdi, R. Mendiburu, N. Basterretxea eta aipaturiko J. Oteiza bezalako aristen eskutik abangoardia historikoaren (kubismotik, Lipchitzen “hutsune eragileetara”, Archipenko, Gabo, Pevsner, e.a.), ikerketaren aldeko jarrera garbia hartu baitzuten, forma abstraktuen aldekoa eta, batzuetan, geometria hutsaren aldekoa. Gerraosteko lehen belaunaldi honek eskulturagintzako ohiko materialekiko (brontzea, harria, zura) begirune berria ekarri zion euskal eskulturari, adierazteko eta hunkitzeko dituzten ahalbideen ikerketa sustatuz, ordu arte eznobletzat jotzen ziren material berrien (burdina, hormigoi armatua…) erabilera zilegi egin zuelarik. Bestalde, formaren arloan bere proposamenak berritzaileak izan badira, ez da gutxiago izan ikuspegi berrietatik bertako artearen eta kulturaren nortasun ezaugarrien inguruko ikerketa bati ekiteko borondatea; aurreko tradizio anekdotiko eta kostunbristatik apartatuz, nahiago izan du herri tradizioen, mitologiaren, antropologiaren mundua sakontzea.

Jorge Oteiza, gerra osteko euskal artearen modernizazioaren giltza, artistaren konpromezu politiko eta sozialaren aldeko, obra teoriko eta estetiko ugaria egina da; guztien artean, azpimarratzekoa da ¡Quousque tandem! (1963), arte estilo autoktono bat, bereziki euskalduna, mendebaleko eta latin munduko kultura tradizioetatik albora sortua eta, artistaren ustez, historiaurrean oinarritua zertzeko ahalegina. Eskultore bezala, Oteizak berehala egin zuen etena bertako eskulturaren tradizio figuratiboarekin, eta lehen eskulturaz bezala (eta bere kasuan, euskal kromletx neolitikoaz: Aita Donostiri Monumentua), Europako abangoardiako esperientziez (Gabo, Pevsner, Malevitx, Mondrian…) interesatu zen; Mooreren obraz loturik dagoen tradizio espresionistaz, Arantzazuko Santutegiko apostoluetan ikusten denez, edo hutsaz, eskulturaren atal bezala, egindako esperientziez, bere obrek duten eraikuntza errazionalaren izaera azpimarratuz –Esferaren desokupazioa, Kaxa metafisikoak, Cesar Vallejori hilarria–. 1958an, Sao Pauloko Biurtekoan eskulturako nazioarteko saria erdietsi ondoren, bere borondatez uzten du eskulturagintza, uste baitu, ikerketa esperimentalari dagokionez, bere lana amaitu dela. Ordudanik, arte heziketara, kultura ajitaziora, idazketara zuzendu du bere ekimena.

N. Basterretxeak ere sakondu du euskal mitologiaren iturburuetan. Artista itzulkaria (pintore bezala hasi zen eta diseinu arkitektoniko, argazki eta zinema –Ama lur, F. Larruquertekin batera– arloetan sartu da), eskultore bezala Estelak, Hilarri Saila eta, batez ere, Euskal Kosmogonia Saila, 1972 eta 1973 artean haritzez egindako hamalau aleak, izan litezke bere lanik pertsonalenak.

E. Chillidaren obrak, XX. mendeko bigarren erdialdeko eskultura osoak bezala, espazioa eta formaren arazoa, espazioa hartuz, era errazional eta analitikoz ikertu nahi ditu. Herri artetik eta eskulangileen gisako materialen erabilera batetik abiatuz, bere lehen eskultura abstraktua (Ilarik) egiten du 1951n, marrazkigile, grabatzaile eta diseinatzaile bezala obra garrantzitsu bat ere badu. Eskultore bezala, erabili dituen tekniken eta materialen aberastasunagatik nabarmentzen da bere obra: harritik (Enborra, Flemingi monumentua) eta burdinetik abiatuz (Esferen musika, Konstelazioen musika, Ikaraundi), landu ditu altzairua (Mugen zurrumurrua IV, Rafael Elosegiri omenaldia), zura (Abesti Gogora), alabastroa (Argiaren gorespenak eta Arkitekturaren gorespenak sailak, Gurutz sorta), hormigoia (Topalekua III, Gure aitaren etxea), terrakota (Lurrak)… V. Larrea etxeko irudi lantegian hezia da eta metale urtuaz lan egin du batik bat (brontze, burdin altzairutua), eta horrekin egin du eskultura fantastiko bat, lehen aldi batean forma zurrunak dituena (Estela higikorra, Forma kontzentrikoak), eta sortu, hazi eta espazioan erritmikoki zabaltzen diren landare formak erabiltzen dituena gero (Kodizea, Broka). R. Mendibururen obrak ere izadiaren sinbologia eta morfologia hartzen ditu, berariaz zabarkeriaz ireki, bihurritu eta landutako zuraren bidez batez ere (Sustraiak). J. M. Alberdik, 1937an Ingalaterran erbesteratua eta anglosaxoniar munduan ezaguna batik bat, plastikoa, poliesterra edo zuntz optikoa bezalako material industrialen ahalbide plastikoen balioztapen positibo bat ekarri du.

Ondorengo belaunaldi batekoak dira R. Ugarte (modulu laukizuzen ezberdinen jokutik eta burdin xaflen erabileratik abiatuz taxutu eta egituratutako eskultura egin duena), J. R. Karrera, A. Goikoetxea eta Garraza, azken hauek Oteizaren eta Chillidaren obrarekiko zordun.

A. Nagelen bidez euskal plastikak eskultura ulertzeko era berri bat ezagutzen du, oraingo honetan hizkera figuratiboetatik, alde batetik, eta ironiatik eta gizarte kritikatik, bestetik, abiatzen dena. Pintore, eskultore, marrazkilari, expresionismotik bezala surrealismotik abiatu da mundu plastiko guztiz pertsonal bat irudikatzeko, ikusleari erronka boteaz eta haren emoziozko erreakzioa piztuz.

Teknikari dagokionez, berea izan da azken hamarraldietako euskal eskulturaren proposamen abangoardistenetakoa, poliesterraz, beira zuntzaz lan eginez, eta bere eskulturei era guztietako materialak erantsiz (oihal pintatuak, sokak, argizko osagaiak…). Antzeko lanak poliesterrez egin dituzte Fernando eta Bizente Roscubas anaiek.

Eskulturaren gaurko ikuspegian, azkenik, azpimarratzekoak dira T. Badiola, C. Iglesias, K. Jauregi, J. Zugasti edo P. Irazu, arte minimalista eta kontzeptual anglosaxoniarraren planteamenduak, baina baita Oteizaren belaunaldiaren arazo formal eta espazialak ere, onartuz.

 

Bestelako arte adierazpenak

Euskal Herriko zenbait eskualdetan paperaren industria hazteak eta lantegi grafiko eta moldiztegien ugaltzeak mendearen hasieran publizitate kartelaren, liburuen apainketaren, e.a. garapena ekarri zuten, garai hartako artistarik onenak lan egiten baitzuten lan horietan. Kartelismoak, adibidez, 1920 eta 1936 artean aro biziki distiratsua ezagutu zuen, sortzaile bikain batzuei esker: “Txiki” (John Zabalo), Eduardo Lagarde, Nicolas Ortiz edo Luis Lasheras Madinabeitia, eta horiei gaineratu behar zaie publizitate mundura hurbildu zen grafista eta, pintore sail luze bat: A. Guezala, David Alvarez, Antequera Azpiri, Nicolás Múgica, Carlos Landi Sorondo, J. Cabanas Erausquin, Agirretxe, Ansa… 1936a aurretik, ordea, gutxi izan ziren grabatuaren mundura hurbildu ziren euskal artistak, eta gutxiago oraindik grabatzaile bezala sarri lan egin zutenak.

Zuloaga, Juan Echevarría edo Darío de Regoyos bezalako pintoreek (La España Negra-ko ezpelezko grabatuak, bere Album vasco-ko litografiak) inoiz edo behin egin zuten grabatua, sorkuntzarako zituen ahalbideak ikertu gabe ordea.

Gustavo Maeztuk (produkzio litografiko ugaria egin zuen), Ricardo Barojak edo Francisco Iturrinok bakarrik lan egin zuten sarri grabatzaile bezala. Guztien artean orijinalena Iturrino izan zen (dirudienez, A. Vollard martxanteak animatzen zuen grabatua egitera), pintore bezala erabili ohi zituen gaiak akuafortera aldatuz (Sevillako emakumeak, Andaluziako erromeria, Feria). Gehien ikertu zuena, Ricardo Baroja akuafortegile bikainak, mende hasieratik 1931 arte (orduan begi bat galdu eta gisa honetako langintza guztiak uzten ditu) grabatuaren munduan azaldu ziren berrikuntza guztiak esperimentatu zituen. Oro har bere estanpek bere anaia Píoren nobeletatik hurbil dagoen mundua deskribatzen dute: arrabaletako eszenak eta pertsonaia zokoratuak (eskaleak, ijitoak, trapubiltzaileak…).

Hala ere, 60ko hamarralditik aurrera onartu zuten euskal artistek grabatua lan orijinal eta kreatzaile bezala. Hala, E. Chillidak 1966tik aurrera lan ugari egin du grabatzaile bezala, bai xilografiaren bidez (Txiqui, Zur sailak) eta akuaforten bidez (Inguru eta Euskadi sailak), bai litografia, serigrafia edo punta lehorrez egindako grabatuaren bidez; azken teknika honekin azpimarratzekoak dira 1972 eta 1979 artean egiten dituen Esku sail desberdinak: eskuen aldaerak (itxiak, irekiak edo luzatuak), non artistak lineala eta ebakiaren grafia hertsia balioztatu eta indartzen duen.

A. Ibarrola eta Mª Dapenaren obra grafikoa, aldiz, tradiziozko grabatuaren ordezko bat da, borroka politiko-sozialerako tresnatzat hartzen den heinean.

Estampa Popular taldeko kide izateak (Madril, 1960) aukera eman zien zabalkunde erraztasunagatik eta kostu ekonomiko urriagatik (ikusle mota guztiek eskura zeukatelako, hain zuzen) hautaturiko baliabide tekniko horrek, lekukotzarako eta salaketarako zituen posibilitateak aztertzeko. Ibarrolak linoleoa eta zura landu ditu batik bat, antolamendu formalaren aldetik konplexutasun handia duten obrak lortuz. Lan industriala, greba, manifestaldia, irudikatzen dira ikuspegi angular handietatik abiatuz, irudi erraldoiez beteriko grabatu gero eta abstraktuago eta eskematizatuagoetan.

Produkzio grafiko handia duten egileak izan dira halaber Bonifazio Alonso, G. Ramos Uranga eta Mari Puri Herrero. A. Martiarenaren ikasle den azken honek Madrilen ikasi zuen grabatua Enrique Ortízekin, eta akuafortegile bezala nabarmendu da bereziki; linoleoan egindako grabatua erabiliz, Historia de un hombre que se quería morir y no moría y se empezó a aburrir eta Historia de los que no tienen dueño liburuak, biak 1964koak, argitaratu zituen.

Erabat grabatzaile izan gabe, aldian-aldian grabatura jo dute R. Ruiz Balerdi, C. Sanz, B. Ameztoi, A. Nagel, R. Zuriarrain, M. Cárdenas… eta beste hainbat artistek.

 

Euskal artearen mende bat

1882 Bizkaiko Erakusketa probintziala. 47 artisten 139 lan.

1894 Arte Ederren Erakusketa. Bilbo. 206 artista, 266 lan.

1900 Arte Ederren I. Erakusketa. Bilbo.

Albia Eskolak. Antolatzaileak: Losada, Guinea, Guiard.

1901 Arte Ederren II. Erakusketa. Bilbo.

Albia Eskolak. Artista euskaldunak, belgiarrak eta frantsesak.

1903 Arte Ederren III. Erakusketa. Bilbo.

Albia Eskolak. 104 lan.

1905 Arte Ederren IV. Erakusketa. Bilbo.

Elkarte Filarmonikoa. 130 lan, artista euskaldunak bakarrik.

1906 Arte Ederren V. Erakusketa. Bilbo.

Elkarte Filarmonikoa.

1908 El Coitao astekariaren sorrera: José eta Alberto Arrue, A. Larroque, G. Maeztu.

1910 Arte Ederren VI. Erakusketa. Bilbo.

Elkarte Filarmonikoa.

Erakusketa-omenaldia N. Mogrovejori.

Bilbo. Elkarte Filarmonikoa.

1911 Euskal Artisten Elkartea sortu zen.

1913 D. Regoyos Bartzelonan hil zen (X-29).

Arte Ederretako Zirkuluaren sorrera.

1914 Bilboko Ateneoaren sorrera. XII-5ean Arte Ederretako Elkartearekin bat egin zuen.

Bilboko Arte Ederretako Museoaren inaugurazioa. Atxuriko Hospitala.

1915 Erakusketa-omenaldia Regoyosi. Bilbo.

Euskal Artisten Elkartea (I-11).

1916 A. Guiard hil zen (III-8). Erakusketaomenaldia Arte Ederretako Zirkuluan eta Bilboko Euskal Artisten Elkartean.

Euskal Artisten Elkartearen erakusketa Madrilen. El Retiro (X-XI).

1919 Robert eta Sonia Delaunnayren erakusketa Bilbon. Auzo Elkartea.(VIII- IX).

Pintura eta Eskultura Nazioarteko I.

Erakusketa Bilbon. Albia Esk. (VIII-IX).

La trama del arte vasco (J. de la Encina) eta La pintura vasca argitaratu ziren.

Magestic Hall galeria zabaldu zen.

1920 Arte Vasco sortu zen, Euskal Artisten Elkarteko aldizkaria (VI-1).

Donostiako Artista Gazteentzako I.

Lehiaketa (XI-10).

1924 Bilboko Arte Modernoko Museoaren inaugurazioa (X-25).

1925 Euskal Artearen Erakusketa.

Hondarribia. Euskara Jaiak (IX-13).

1926 Euskal Artisten I. Erakusketa. Bilbo.

Arte Modernoko Museoa (V-VI).

1928 Euskal Artisten Erakusketa. Donostia.

Kasinoa. Euskal Aste Nagusia (VII).

270 lan, 80 erakusle.

1930 Arkitektura eta Pintura Modernoaren Erakusketa. Donostia. Ateneo (IX);Espainiako abangoardia, arkitektura errazionalista.

W. Gropiusen hitzaldia Bilbon (XI-10).

1931 Iberiar Artisten Elkarteko Erakusketa.

Donostia. Ateneo.

1932 Euskal Artisten II. Erakusketa. Bilbo.

Arte Modernoko Museoa (XII). 118 artista, 66 lan.

1933 Unión Arte-ren sorrera. Bilbo (V).

Durrioren J.C. Arriagari egindako oroitarriaren inaugurazioa.

1934 Euskal Artisten III. Erakusketa. Bilbo.

Arte Modernoko Museoa (XII). 68 artista, 125 lan.

Balenziaga, Lekuona eta Oteizaren erakusketa.Donostia. Kursaal.

Gu elkarte kulturalaren sorrera.

Donostia: Aizpurua, Olasagasti, C.

Ribera, Tellaeche, Cabanas Erauskin.

1936 ALEA talde kulturalaren sorrera. Bilbo.

1937 Miliziarraren Umezurtzaren Etxearen dekorazioa. Bilbo: M. Huerta, Tellaeche, Landeta, Lucarini… Euskal pabilioia Parisko Erakusketa Unibertsalean.

1939 Euskal Artearen erakusketa. Paris.

Ligue Internationale des Amis Basques.

26 artista, 48 lan (V-VI).

Pintura, Eskultura eta Arte Dekoratiboen Erakusketa. Bilbo.

Carlton Hotela. Antolatzailea: Bizkaiko Propaganda Buruzagitza Probintziala.

37 artista, 140 lan.

1940 F. Durrio hil zen. Erretrospektiba Parisko Udazkeneko Saloian.

1941 Grupo del Suizo taldearen sorrera.

Bilbo.

1942 Gasteizko Arte Ederretako Museo Probintzialaren sorrera (VI-17).

1943 Bizkaitar Arte Elkartearen fundazioa.

Bilbo.

Boletín Informativo del Arte Grupo del Suizo taldearen aldizkaria sortu zen. 1948 arte.

1944 Euskal Akaurelagileen Elkartearen fundazioa.

1945 Bilboko Arte Ederretako Museoaren inaugurazioa (VI-17). Aurreko bi museoak (Atxuri eta Arte Modernokoa) bateratzen dira.

Arte Vasco. Pintura. Escultura. Dibujo.

Grabado. argitaratu zen (M. Flores Kaperotxipi).

1949 Gipuzkoar Arte Elkartearen fundazioa.

Donostia.

1950 Los Cinco Plásticos Taldea. Bilbo.

1951 Joven Pintura Bilbaina Taldea.

Arantzazuko Santutegiaren zaharberritze lanak. Proiektuak: L.

Laorga eta Sáenz de Oiza (arkitektura), Basterretxea (murala), Oteiza (eskultura) eta Chillida (ateak). Lanak1954an eten ziren.

Hispanoamerikar Arteko I. Biurtekoa.

Madril. Parte hartzaileak: Ucelay, Martiarena, Olasagasti, Condado, Nieto, Ulibarri, Parraga… 1957 Oteizak Nazioarteko Sari Handia Sao Pauloko IV. Biurtekoan (Brasil).

1958 Chillidak Veneziako XXX. Biurtekoan Eskulturako Sari Nagusia irabazi zuen.

1962 Estampa Popular Vizcaina sortu zen.

Oteizaren Interpretación Estética de la Estatuaria Megalítica Americana argitaratu zen.

1963 Oteizaren Quosque tandem…! argitaratu zen.

1964 Arte Actual sortu zen. Bilbo.

1965 Ur taldearen sorrera. Donostia.

Pintura vasca argitaratu zen, Llano Gorostizarena.

1966 Bilbao taldearen sorrera.

Euskal Eskolaren Higikundea. Taldeak: Gaur (Gipuzkoa), Emen (Bizkaia), Orain (Araba) eta Danok (Nafarroa).

1969 Arte Ederretako Goi Eskolaren sorrera (gaur egun, fakultatea). Bilbo.

Debako Eskolaren sorrera. 1972an desagertu zen. Oteiza, Ibarrola… Nueva Abstracción sortu zen. Bilbo.

Zue taldeak sortu ziren. Bilbo.

1970 Egungo Euskal Pintura eta Eskulturaren Erakusketa. Mexiko. Arte Ederretako Jauregia (XI-10).

Indar taldea sortu zen. Bilbo.

1971 L. Madariagaren Pintores vascos argitaratu zen.

Arte Plastikoen I. Erakusketa.

Barakaldo.

1971 Euskal Artearen I. Erakusketa.

Barakaldo.

400 lan: Oteiza, Ibarrola, Bonifacio, Barceló, Basterretxea, Mirantes, Mieg… 1972 Gaur Egungo Euskal Artearen II.

Erakusketa. Iruñeko Topaketak (VII-5).

1973 Arte Plastikoen II. Erakusketa.

Barakaldo.

1974 Ikutze taldea sortu zen. Bilbo.

1975 Gorutz taldea sortu zen. Eibar.

1978 Faustino Orbegozo Fundazioa sortu zen. Bilbo. Común aldizkaria argitaratu zuen. 1980an eten zituen bere iharduerak.

Erakusketa 78 (Euskal Artea/Arte Vasco) antolatu zen. Erakusketa ibiltaria.

1979 Erakusketa 79. Madrilen eta Bartzelonan aurkeztu zen.

1981 Arteder 81. Egungo Artearen Feria.

Bilbo.

1982 Arteder 82. Lan Grafikoaren Nazioaretako Erakusketa. Bilbo (III-IV).

1983 Arteder 83.

 

Euskadi, bien común