El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Enciclopedia temática
  6.  
  7. Articulo

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Mark Twain (1835-1910)

Samuel Langhorne Clemens, Mark Twain izenez sinatzen zuenak, umore eta bizitasun handiz deskribatu zituen bere garaiko Estatu Batuetako jendea eta gizartea.<br><br>

Mark Twain 1835eko azaroaren 30ean jaio zen, Floridan, Missouri. Haurra zela, familia herri txiki batera joan zen bizitzera, Mississippi ibaiaren ertzean, eta han igaro zuen Clemensek bere haurtzaroa, ibai inguruko bizitzak liluratuta eta gogorkeriak asaldatuta : lurrunontziak eta almadia handiak ibaian zehar igarotzen ikusten, eta baita ontziotako jendakia ere : jokalari profesionalak, zamaketariak eta almadiari txiroak, trebeak ukabila, edo labana, edo pistola erabiltzen . Mississippik arrasto nabarmena utzi zuen Twainen bizitzan, eta haren bitartez, baita amerikarren irudimenean ere, inguru hartan kokatu baitzituen Twainek bere eleberri entzutetsuenak.

1847an, hamaika urte zituela, aita hil zitzaion, eta lanean hasi zen. Era askotako ogibidetan aritu zen harrezkero : mandatuak egiten, dendari, errementariko laguntzaile, inprimategian aprendiz, eta ofizial gero, umorezko lantxo laburrak idazten anaia Orionen egunkarirako, tipografo gisa egunkariz egunkari, Saint Louisen, New Yorken eta Philadelphian (1853), eta Keoku-n (Iowa) (1854-1856), Mississippin ontzi pilotu ikasten, eta ikasi ondoren bere kabuz, zenbait urtez, harik eta 1861ean gerra zibilak ibaiko trafikoa eten zuen arte.

186leko udaberrian konfenderatuen milizian zenbait aste igaro ondoren, Nevadara joan zen anaia Orionekin, eta mearen eta zuraren espekulazioan lehenbizi, eta urre eta zilar bilatzaile gero, arrakasta handirik gabe aritu ondoren, Virginiako egunkari baterako idazten hasi zen. Han hartu zuen Mark Twain izena (ibaiko marinelen hizkeran urak bi besabeteko sakonera zuela adierazteko erabiltzen zen «mark twairn» hitza), eta izengoiti horren azpian argitaratu zuen, New Yorken, 1865ean, bere lehenengo kontakizun liburua, arrakasta handiarekin, bai erabiltzen zuen hizkuntza arruntarengatik bai herri kontakizun batean oinarrituta egoteagatik : The celebrated jumping frog of Calaveras County (1865, Calaveras konterriko igel saltokari ospetsua).

 

Bidaiak eta literaturako lehen urratsak

1866an, Pacific Steamboat Company-k San Francisco eta Honoluluren arteko bidaiari zerbitzua inauguratu zuenean, Twain The Sacramento Union egunkariko berriemaile gisa ontziratu zen. Bidaiari buruz idatzi zituen artikuluak eta eman zituen hitzaldiak berehalako eta berealdiko arrakasta izan zutenez, Californiako Alta California egunkariko berriemaile gisa bidali zuten hurrena, "munduari bira emanez gutunak idazteko", egunkariak iragartzen zuen bezala, New Yorkera Panamako kanalean zehar, eta Europara eta Lurralde Santura gero.

Eta hala, Alta California eta New York Tribua egunkarietara bidalitako gutun haiek berehala irakurleen arreta bereganatu zuten, eta, Twain egunkari irakurleen idazle gogokoena bihurtu zenez gero, liburuan argitaratu ziren, ThelnnocentsAbroad (1869, Inozoak atzerrian) titulupean. Umore handiz eta behatzaile finaren zorroztasunez, ikusi eta sentitu behar duten guztia gida liburuetan ikasten duten turistak satirizatzen zituen liburu horretan, eta karikaturagile onen trebetasunez, agerian utzi zituen, marra azkar gutxi batzuekin, bere garaiko amerikartasunaren ezaugarriak : uste osoa etorkizunean, baikortasun adoretsua, aberastasuna bizitzaren oinarri gisa, eta tolesgabetasun guztiz puritanoa.

1870ean berriz hasi zen hitzaldiak ematen eta gertaera irrigarri sinesgaitzen kontakizunarekin entzuleak liluratzen. 1871ko irailean, Olivia Langdon-ekin ezkondu berritan, Hartfordera (Connecticut) joan zen bizitzera, etxe bat eginarazi zuen han, eta hantxe hasi zuen, hitzaldiz hitzaldi ibiltzetik geratzen zitzaizkion tarteetan, bere bizitzako aldi zoriontsuena eta emankorrena, hogei urtean zehar.

 

Mark Twainen bi maisulanak: Tom Sawyer eta Huckleberry Finnen abenturak

Garai hartan Twainek Bret Harte (1836- 1902) eta William Howells (1837-1920) bezalako idazleak eta intelektualak ezagutu zituen, bere bokazioa sendotzen eta garbitzen lagundu ziotenak. Bien bitartean, bere bizilagun Charles Dudley Warner-ekin batera, finantzako eta politikako azpijokoari eta ustelkeriari buruzko satira bat idatzi zuen, Tbe gilded age (1873, Urrezko aroa).

Twainek, arrakasta handiz, hitzaldiak ematen jarraitu zuen Estatu Batuetan eta, 1872 eta 1873 urteetan, Ingalaterran, entzuleak liluratuz bere satira komikoekin eta gehiegikeria bitxiekin. Handik gutxira haurtzaroko lagunei idatzi zien Hannibalen bizitako garaiko oroitzapenak bidal ziezaizkioten, eta bere eleberri famatuenak eta hoberenak idatzi zituen : TheAdventures of Tom Sauyer (1876, Tom Sauyer-en balentriak, G. Etxeberriak euskaratua) eta The Adventures of HuckleberryFinn (1884, HuckleberryFinnen abenturak, Aintzane Ibarzabalek euskaratua) . Tituluek adierazten duten bezala, hainbat arazori -dramatikoak batzuk, dibertigarriak beste batzuk- aurre egin behar dioten bi mutilen abenturak kontatzen dira liburuotan ; aldi berean garai hartako arazoak agertzen dira atze oihal gisa : arrazakeria, gerra zibila, klase gatazkak.

Tom Sawyer liburuak Mississippi ibaiaren ertzeko herri bateko eta herriko biztanleen gerra zibilaren aurreko bizimodua gogorarazten eta berregiten du oroiminez, protagonista nagusi Tom Sawyerren umore biziaz gozatuz min hori. Tom ez zen garai hartako igandetako katekesiko kontakizunetan azaltzen ziren moral eredugarriko mutil horietako bat, mutil "normalago" bat baizik, bihurria eta arduragabea, haina bihotz onekoa. Mutil bihurriaren eta haren lagunen irudi egiantzeko horrexek liluratu eta erakarri zituen garai hartako irakurleak, hala gazteak nola helduak.

Baina Huckleberry Finn da, gehienen arabera, Twainen libururik hoberena, eta Estatu Batuetako literaturaren historiako eleberri aipagarrienetako bat ere. Liburuko narratzailea Huck izeneko gazte bat da, herriko mozkorraren semea, hezigabea, sineskeriatsua eta sinesbera, baina berezko argitasuna duena, alaitasun kutsakorra eta gogo zabaltasuna, eta garrantziko kontuetan erabaki zuzenak hartzeko sen berezia.

Bere etxeko hitz egiteko modu axolakabe eta zaharra ezin hobeto egokitua dago liburuko gertaldietako deskripzio zehatzetara eta poetikoetara, pertsonaien irudikatze bizietara, eta azalpen narratiboetara, umore handiz eta ironia sotilez, gainera.

Aita mozkorrarengandik eta bera "zibilizatu" nahian dabilen Douglas alargunarengandik ihesi, Huckek, lagun batekin batera, ihes egindako esklabo Jimekin batera, Mississippi ibaian behera abiatzen da baltsa batean. Bidaian zehar Huckek era askotako taldetako kideak topatzen ditu, halako moduan non liburua ibaian edo ibai ertzean bizi diren klase guztien ispilu garbia baita.

Kontakizuna ibaiaren eta ibai inguruen deskripzio idilikoez hornitua dago eta Hucken poz kutsakorrak eta umore bizi zorrotzak gozatua etengabe. Nolanahi ere, baltsan eta ibaian bizi den idilio natural moduko hori gorabehera, Huck eta bere laguna gizartearen bortxakeriari aurre egin beharrean dira etengabe, ibaian behera doazela topatzen dituzten hiri txikietan girotuta dauden pasarteetan . Izan ere, Mark Twainen azkeneko urteetako beste lan askotan bezala, gizakiaren gizakiarenganako ankerkeria da eleberriaren hari nagusia. Huckleberryren hizkera, eta gainerako pertsonaiek erabiltzen duten dialektu sorta liluragarria (hasi Jimengandik eta baltsara igotzen diren bi iruzurtienganaino) hizkuntza literario amerikar herri bat bezala itxuratu ziren, artean idatzita jaso gabe zegoen Amerika horren sentiberatasun, adin eta egoera sozial desberdinen ispilu gisa.

 

Azkeneko urteak : finantza arazoak eta gizatasunari buruzko ezkortasuna

Bi maisulan handi horien bitarteko aldian beste hiru liburu moldatu zituen, A Tramp Abroad (1880, Arlote bat atzerrian), 1878 urtean familiarekin Europara egin zuen bidaiari buruzkoa, The Prince and the Pauper eleberria (1881, Printzea eta eskalea, J.

Zabaletak euskaratua), eta Life on the Mississippi (1883, Bizitza Mississippin), Mississippin ontzi pilotu ibilitako garaia gogoraraziz ostera. Gero, generoz erabat aldatuz, historia fikziozko eleberri bat idatzi zuen, Erdi Arora itzuli bat eginez : A Connecticut yanquee in King Arthur's court (1889, Yanki bat Arturo erregearen gortean) ; abenturaz abentura dabilen estatu batuar baten bidez, Twainek amerikarren tolesgabetasuna monarkia sineskeriatsu eta ezgauza baten aurrez aurre jarri zuen. Ordurako Twain oso pertsona ezaguna zen, munduan leku askotan izanak eta bere hitzaldietan eta liburuetan jende arruntaren hizkera xarma handiz eta gizatasunez erabiltzeak eman zioten ospeagatik . Hala ere, bera gero eta ezkorrago agertzen zen gizatasunaren aurrean, eta erdeinuz hitz egiten zuen gizakiaz : eboluzioak porrot egin zuen, esaten zuen, gizakia agertu zenean, hura zelako deabru bihotza zuen bakarra animalien erreinu osoan.

1890 aldera espekulaziozko merkataritza eragiketetan jardun zuen berriro, arrakastarik gabe, eta Hartfordeko etxea itxita, Europara aldegin zuen familiarekin. Berenegozioen ardura lagun baten eskuetan utzita, idazteari ekin zion ostera, bizibidea ateratzeko, eta besteak beste, gizarte kritika zorrotz bat, The Tragedy of Pudd'nhead Wilson (1894, Wilson astakirtenaren tragedia), eta munduan zehar egindako hitzaldien kontakizun liburu bat, Following the equator (1897, Ekuatoreari jarraituz), argitaratu zituen. 1900ean The man that corrupted Hadleyburg (Hadleyburg usteldu zuen gizona) atera zuen eta urtearen amaieran Estatu Batuetara itzuli zen, alabetako bat galduta ordurako, eta emaztea gaixorik.

Estatu Batuetan oso harrera beroa egin zioten, porrota ekonomikoari aurre egin eta zor guztiak ordaintzeko gauza izan zen gizon baten gisa. New Yorken bizi izan zen, ohore handitan eta handikien itzalpean, baina hala ere zintzotasunez eta garraztasunez hitz egiten jarraitu zuen, inperialismoaren eta giza zuriaren gehiegikeriak salatuz.

1903an Florentziara (Italia) joan zen bizitzera . Emaztea handik sei hilabetera hil zitzaion eta Twainek are gordinago azaldu zituen bere oinazea, bakardadea eta gizatasunari buruzko ezkortasuna hurrengo eta azken lanetan : What is Mana (1906, Zer da gizona?), The Mysterious Stranger (1916, Arrotz misteriotsua). 1906an bere autobiografia idazten hasi zen, baina bukatu baino lehen hil zen, 1910eko azaroaren 2lean, Redding-en, Connecticut.

 

Euskadi, bien común