El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Xabierko Frantzisko

edo Frantses, santua. Nafar misiolaria (Xabierko gaztelua, 1506 - Sanciango uhartea, Txina, 1552). Azken mendeotako eliza katolikoko misiolari handiena da, misio guztien patroia (1927). Parisen eliz ikasketak egiten ari zela, Inazio Loiolakoa ezagutu zuen, eta harekin eta beste bost lagunekin, Jesusen Lagundia sortu zuten (1534). Bizitzako azken hamaika urteak misioetan eman zituen, Indian, Asiako hego-ekialdean eta Japonian. Txinara joan nahi izan zuen, konturatu baitzen japoniarrek Txinan bilatzen zutela jakintzaren sorburua; hartarako ahaleginetan ari zela ordea, sukar batez hil zen.  v  Esan izan da Xabierko Frantziskok 1.000.000 lagun kristautu zituela, baina gaur egun 30.000 besterik ez zirela uste da. Hizkuntza arazo larriak izan zituen beti; haren ustez misiolariek ebanjelio lurretako hizkuntzak eta ohiturak beretu behar zituzten, eta betiere saiatu zen lekuan lekuko elizgizonak prestatzen. Askoren iritzien kontra, bataiatu ondoren ez zuen jendea baztertua uzten; aitzitik, lan handia egin zuen besteek presaka bataiatuak hezitzen. Indian kristautu zituen eremuek gaur egun ere kristau diraute, baina Moluketan eta Japonian XVII. mendean izan ziren eraso eta esespen gogorrek suntsitu zituzten hark sorturiko misioak, ez ordea milaka martiri hil gabe. Hil aurretik ere santutzat hartua zen Frantzisko, eta elizak berehala, 1622an, onartu zuen halakotzat ofizialki. v J. P. Narbaitzek haren biografia idatzi zuen euskaraz: San Frantses Jatsukoa (1966). F. Laphitzek ere haren bizitzaren berri eman zuen: Bi saindu hescualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Franzizco Zabierecoarena (1867).  v  Jaieguna, abenduaren 3a.

Euskadi, auzolana