El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Hiztegia
  6.  
  7. Hitza

Bach, Johann Sebastian

Musikagile alemaniarra (Eisenach, 1685 - Leipzig, 1750). Johann Ambrosius Bach (1645-1695) musikariaren semea. Hamar urte zituela umezurtz gelditu zen, eta Johann Christoph (1671-1721) anaia zaharrena izan zuen musika maisu. Ohrdruf-eko lizeoan eskolatua zen bitartean anaiarekin klabea eta organoa jotzen ikasi zuen. Koruko kantaria izan zen Ohrdruf-en; Lüneburg-era aldatu zen (1700), eta han G. Boehm organo-jotzailearekin konposizio ikasketak egin zituen. Celle-ko gortean zenbait musikari frantsesen lana ezagutu zuen (Marchand, Couperin, Corrette). Arnstadt-en San Bonifazioko organo-jotzaile izendatu zutenean, bertan konposatu zuen bere lehen kantata (1704), eta berehala hartu zuen organo-jotzaile onaren ospea. 1705eko urrian, Buxtehude organo-jotzaile daniar handia entzuteko Lübeck-era joanda, kargua galdu zuen bidaia hura baimenik gabe egiteagatik. 1707an Mühlhausend-en organo-jotzaile zelarik, kantata gehiago idatzi zituen (Actus tragicus eta Gott ist mein König besteren artean) eta zazpi seme-alaba emango zizkion Maria Barbara (1684-1720) lehengusinarekin ezkondu zen urte berean. Gero, Wilhelm Ernst printzeak deiturik, Weimar-a aldatu zen, eta han organo eta biolin-jotzaile aritu zen bederatzi urtez (1708-1717). Bach-i zoriona ekarri zion garai hartakoak dira organorako idatzi zituen lan ugari, kantatak eta klaberako piezak eta kontzertuak. Weimar-en Italiako musika ezagutu zuen: Albinoni, Legrenzi, Corelli, Bonporti, Vivaldi, Frescobaldi.  v  1717an Leopoldo Anhalt printzeak deiturik, Köthen-a aldatu zen. Printze kalbinista eta musikari fin horren gortean Bach-en lana heldutasunera iritsi zen. Garai hartakoak dira: Klaberako fantasia kromatikoa eta fuga; Suite ingelesak, Suite frantsesak; Clavierübung lan didaktikoa; bi biolin kontzertu (la minor eta mi maiorrean); bi biolinetarako kontzertua (re minorrean); Brandeburgoko sei kontzertuak (1721), Brandeburgoko Christian Ludwig printzeari eskainiak. 1720an emaztea hil zitzaion eta handik hilabete batzuetara Anna Magdalena Wülken (1701-1760) sopranoarekin ezkondu zen; hamahiru seme-alaba izan zituzten.  v  Leipzig-eko San Tomaseko cantor postua lorturik (1723), musika irakasteaz gainera, lau elizetan astero interpretatzen zen musika sortu behar izan zuen bost urtean zehar, aldi berean kantu ikasle bihurriz osaturiko korua eta orkestra txar bat zuzentzen zituelarik. Hirurehun kantata inguru ondu zituen urte haietan; horietatik 200en bat iritsi dira gaur egunera arte. 1729tik 1740ra bitartean Telemann-ek 1704an sorturiko Collegium musicum zuzendu zuen, astero kontzertu bat emanez. 1728ra arte Köthen etxeari lotua, 1723-1736 urte bitartean Weissenfels etxeko kapera-maisua izan zen. K. Ph. Emanuel semearen eskariz Frederiko II.a Potsdam-en bisitatzera abiatu zen 1747an, eta harrezkero bere Musika eskaintza errege hari eskaini zion. Lanarekiko mendekotasuna, familiako nahigabe larriak eta egin zituen bidaiak gorabehera, bere lanik bikainenetako zenbait garai hartan idatzi zituen: Magnificat (1723); Nekaldia San Joanen arabera (1723); Nekaldia San Mateoren arabera (1729); Nekaldia San Markoren arabera (1731); Meza si minorren (1732-1737); Eguberriko Oratorioa (1734); 21 koral (1739); Clavierübung, lau liburu (1726-1742). Fugaren artea (1749) lantzen ari zela osasun gainbehera larria jasan zuen, eta ikusmena galdu zuen. 1750eko uztailaren 28an hil zen.  v  J. S. Bach-ek bere denboran musika-jotzaile handia zelako ospea bildu bazuen ere, musikagile gisa eztabaidatua izan zen. Bach hil ondoan haren lana ahazturik gelditu zen, harik eta XIX. mendean Mendelssohn, Hegel eta Schumann-ek berriro haren musika entzun eta argitara eman zuten arte. Tradizioarekiko leiala izanik ere, haren lanak etorkizuneko musika hizkuntzaren lehen elementuak asmatu zituen. Kontrapuntuaren eta harmoniaren maisu izan zen, irudimen melodiko emankorraren jabe, maisu aleman, frantses eta italiarren lanen gainetik askotan; haren musika Iparraldearen eta Hegoaldearen sintesia da. Luterotar fededun honen musikak, denbora iragan ahala, adierazpen molde aratz eta abstraktuagoetara jo zuen. Bach-ekin musika tonalaren adierazpen ahalmenak goia jo zuen, eta mendebaleko musikaren garapenerako abiapuntua den aldaketa prestatu zen. Polifonia eta monodia aldizkatuz edo biak aldi berean erabiliz, zorroztasun biluziena eta dotoretasunez beteriko asmamena dira Bach-en artearen ezaugarriak.

Euskadi, auzolana