El enlace se abrirá en la misma ventana

euskadi.eus

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Lur
  4.  
  5. Diccionario
  6.  
  7. Término

egutegi

iz. Urteko egun guztien berriak eta argibideak dakartzan taula, orria edo orri multzoa. ◊ Denbora urte, hilabete eta egunetan banatzeko zeinahi sistema.. || Urteko egun bakoitzean egiteko eginkizunak zehazten dituen zernahi sistema. Eskola egutegia. Lan egutegia. v Metrol. Egunaz goitiko denbora banakoak neurtzeko, Eguzkiaren beraren eta bestelako izar, planeta edo fenomeno naturalen zikloak hartu izan dira oinarritzat.  v  Hainbat egutegi mota eta egutegiak eratzeko sistema desberdinak (ilargialdiak kontuan hartuta eratutakoak, urte sasoiak oinarri dituztenak, etab.) izan dira. Gaur egun egutegi gregoriotarra (eguzki-egutegia) da zabalduen dagoena.  v  Ilargi egutegiak. Denboraren neurketarako oinarria ilargialdien iraupen neurria hartzen dute. Ilargialdiaren iraupena 29 egun, 12 ordu, 44 minutu eta 2,8 segundokoa da batez beste. Antzinaroko egutegi guztiak, Egiptokoa izan ezik, horrela sortu ziren.  v  Mesopotamiako egutegia. Hamabi hilabeteko urtea zen, hilabete bakoitzak 29 edo 30 egun zituela, era horretara hilabeteak eta ilargialdiak ia bat zetozela.  v  Egutegi grekoa. 30 eguneko 12 hilabete zituen hasieran, baina gerora 29 eta 30 eguneko hilabeteak eratu ziren. Hilabetea dekada izeneko 10 eguneko hiru zatitan banatu zuten hasieran, eta gerora 10 eguneko bitan eta 9ko batean.  v  Julio Zesarren egutegia. Erromatarren artean Julio Zesarren garaira arte denbora neurtzeko erabili zen egutegi sistemak aldaera asko eta zehaztasun gutxi zuenez, K.a. 45 urtean bere aginduz berria prestatu zen, gaur egun erabiltzen denaren aitzindaria. Gaur egun Europako hizkuntza gehienetan hilabeteek dituzten izenak egutegi honetatik hartuak dira.  v  Egutegi txinoa. Txinoek neurturik zuten 365,25 eguneko urte tropikoa, baina beren egutegi zibila ilargi-egutegia zuten, 29-30 eguneko 12 hilabetez osatua.  v  Musulmanen egutegia. Mahomaren hejiraren lehenengo urtean, kristau aroaren 622an hasten den egutegia. 12 hilabetek osatzen dute. Hilabete bakoitza ilargi berriarekin hasten da eta 29 egun ditu hilabete batek, eta 30 hurrengoak. Ilargialdiaren iraupena hilabeteak baino 44 minutu gehiagokoa zenez, 30 urtean 11 egunen gorabehera sortzen zen. Hori gerta ez zedin, egun bat eransten zuten aldika, musulmanen egutegiaren helburua ilargialdiak beraiek jarritako egunekin bat etortzea baitzen. v Eguzki egutegiak. Denboraren neurketarako oinarria Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen itzuliaren iraupen neurria hartzen dutenak dira.  v  Egiptoko egutegia. 30 eguneko 12 hilabeteko urtea zuten, hiru urtarotan banatuta («uholdea», «negua» eta «idortea» edo «uda»). 12 hilabete horien ondoren bost egun eransten ziren urtero. Egipton banatu zen orobat lehendabiziko aldiz eguna 24 ordutan, 12 ordu argiz eta 12 gauez. v  Bestelako egutegiak.  v  Maien egutegia. Bi egutegi modu bateraturik erabiltzen zituzten maiek. Bata egutegi zibila, baab, 20 eguneko 18 hilabetetan banatua, 5 egun osagarri erantsiz. Eta bestea urte sakratua, txolkin, 260 egunekoa. Kristau Aroaren 330. urtean hasi zen.  v  Frantziako Iraultzaren egutegia. Kristau Aroaren 1793. urtean Konbentzioak ezarritako egutegia. 1792ko irailean, Frantziako Errepublika aldarrikatu zutenean ezarri zuten eta 1805. urtera arte iraun zuen indarrean. 12 hilabete zituen lau urte aroetan bilduta. Hilabeteak 30 egun zituen hiru hamarrekotan banatuta. Urteari bost egun gehitzen zitzaizkion amaieran (sei bisurtea zenari). Lau urteko aroetan banatuta zegoen Iraultzaren egutegia eta hilabeteen izenak bereziak ziren oso: hilabete bakoitzeko eguraldiaren eta nekazaritza lanen edo gertakarien arabera jarri zizkieten izenak (thermidor, mesidor, fructidor, etab.). v Egutegi gregoriotarra. Julio Zesarren egutegiaren arabera, 365 egun, 5 ordu eta 55 minutu zituen urteak. 120 urteren buruan hilabete osoa aldatzen zen, eta hala hilabeteak urtaroz aldatuz joaten ziren. Hori saihesteko, lau urtez behin otsailean egun bat gehiago eranstea erabaki zen. Hala ere, Sosigeneren kalkuluaren arabera, 0,0078 egun luzeagoa da urte tropikoa baino, eta horrenbestez, lau mendetan 3 eguneko atzeramendua dago urtaroekiko. Horren ondorioz, Gregorio XIII.a Aita Santuaren garaian, akats horren zuzenketa egin zen. Horretarako azkeneko bi zifrak zero dituzten urteetan ez zen bisurte egunik izango, lehenengo bi zifrak ezin badira lauz zatitu. Hala Julio Zesarren egutegiaren arabera 1600, 1700, 1800, 1900. eta 2000. urteak bisurteak ziren, eta gregoriotarraren arabera 1600. eta 2000. urteak bakarrik ziren bisurte. Era horretara lau mendetan hiru egun aurreratzen dira Julio Zesarren egutegiarekiko. Kristau Aroarekin bat dator, Jesu Kristo jaio zen urtea du egutegi honek abiapuntua. v Antzinako euskaldunen egutegia. Julio Zesarren egutegia finkatu zen pixkanaka euskaldunen artean, erromanizatzeak eta batez ere kristautzeak aurrera jo ahala. Zenbaiten ustez, hiru egun zituen euskaldunen antzinako asteak (astelehena, asteartea eta asteazkena) eta bi aro urteak (uda eta negua), baina ez da horren frogarik. Aspalditik du Euskal Herriak sartaldeko egutegia. Hauek dira urtaroen izenak: negua, udaberria, uda eta udazkena; eta hauek dira hilabeteen izenak: urtarrila, otsaila eta martxoa neguan; apirila, maiatza eta ekaina udaberrian; uztaila, abuztua eta iraila, udan; urria, azaroa eta abendua, udazkenean.

Euskadi, bien común