Euskara

euskadi.eus

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Soziolinguistika eta hizkuntzaniztasuna ekologia konplexutik abiatutako hurbilketa


Albert Bastardas Boada

Inprimatzeko bertsioa (pdf, 177 kb)

1. Sarrera

Soziolinguistikak, hizkuntza, gizarte eta kulturekin loturiko fenomeno ezberdinen hurbilketa berezi gisa, errealitatea kontzeptu-iruditeria zehatz baten bidez ulertu eta irudikatzeko aukera besterik ez du. Oraindik gazte den diziplina arteko eremua, bere irudikatze-eskemak ahal izan duen eta jakin izan dituen tokietatik atera behar izan ditu. Orokorrean ekologia gisa ezagutzen diren biologia-fenomenoen kontzeptualizazio sistemikoa fenomenoen eredu eta irudien azterketa horretan lagun izan dugu, azken urteotan batez ere. Egiazki, objektu soziolinguistikoak ez dira, funtsean, biologikoak (soilik); beste fenomeno-ordena gainerakor baten osagaiak dira baina eraiki genitzakeen analogiak, egoki genitzakeen kontzeptuak, plantea zitezkeen gaiak eta, finean, hizkuntzak ekosistemikoki antolaturiko giro zehatz batean bizi diren "kultura-espezieak" metaforikoki ulertzetik abiatuta saia daitezkeen paradigmak oso argigarri eta erakargarriak suerta zaizkigu.

Halere, erne asko egon beharra dago transferentzia analogikoko ariketa honetan modelizazio honen metafora-izaera ez ahaztearren eta, honela, komunikazio linguistikoko sistemen objektualizatzean erortzeko arriskua saihestearren. Azken honek, aipatu sistemak ohikoak baino zabalagoak diren testuinguru soziokulturalak kokatzen baditu ere, gizabanakoa ereduaren baitan baztertzera eta "kultura-espezie" horiek, finean, gizakion jarduera kognitibo-komunikatiboaren ondorio eta funtzio direla ahaztera eramango gaitu.

2. Funtsezko zer eskaintzen digu ikuspegi ekologikoak?

Ekologiaren analogiak soziolinguistikarentzat a rlo teorikoan duen bertuterik handiena, apika, normalean "testuingurua" deitzen dugun hori modu eraginkorragoan irudikatzeko kontzeptu-instrumentuak ematea da. Ekologia biologikoaren hurbilketa sistemikoak (ikus Margalef 1991) hizkuntza-forma eta -kodigoak beren "habitat" soziokulturalari erabat atxikitako osagaiak gisa hausnartzeko aukera ematen digu. Hizkuntza-forma eta kodigoak bestelako objektuei ekosistemikoki lotuta bizi dira: gizabanakoek errealitateari buruz dituzten ideiak, forma eta kodeei ematen dizkieten gizarte-esanahiak, gizabanakoen sailkatze sozio-ekonomikoa, talde-errepresentazioak, egoera politikoak, etab. Morinek  esango lukeen bezalaxe, hizkuntza-formak gizarte eta kulturan daude; hauek, halaber, hizkuntza-formetan daude.


Edgar Morin

Ikuspegi honetatik abiatuta, askoz hobeto ulertuko ditugu hala aldaketa nola ordezkatze eta normalizazio linguistikoak. Hizkuntza-barietateen erabilera edo erabilera eza ekosistema soziokultural osoaren baitako beste osagai soziopolitiko nagusien egonkortasunaren edo aldaketaren ondorio ulertu izan ohi da. Ideologia- edo balore-aldaketak, ekonomia- edo politika-antolakuntzan ematen direnak, migrazio-uholdeak, teknologia-berrikuntzak, etab., aurreko ekosistema-egonkortasunarekin bukatzen dutenak, gizakion hizkuntza-komunikazioaren kode eta formen aldaketak ekarriko dituzte ziurrenik. Hizkuntzak, hortaz, biologia-espezien antzera, ez dira hutsean bizi; haatik, ekosistema kulturaleko beste osagaiekin erabat integratu eta egokituta bizi dira (ikus Bastardas 1996).

Ekologia biologikoaren kontzeptualizazio zehatzak balio heuristiko handikoak dira guretzat, bilakaera-fenomenoak ulertzeko batez ere. Adibidez, talde linguistiko ezberdinen arteko harremanaren ulermena biziki aberasten da gure aurretiko bioekologoek esandakoari erreparatzen badiogu. Hauek zera diote: bi espezien arteko harremana ez dela bitar hutsa, hirutarra dela beti ere. Bi taldeak ez dira inoiz bakarrik egongo, beti dago hirugarren osagai baten presentzia: harremana hartzen duen ingurua. Ikuspegi horren translazioa soziolinguistikaren eremura emankor da oso. Bi talde linguistikoren arteko harremanean, horrenbestez, ez ditugu kontaktuan dauden bi gizataldeak aztertuko soilik; aldi berean, eta bereziki, topaketa hartzen duen goi-ingurua aztertu beharko dugu. Biologia-espeziekin gertatzen den bezalaxe, testuinguruak mesedegarriago izan daiteke batentzat bestearentzat baino. Hortaz, hirugarren osagaia erabakigarria izan daiteke egoeraren bilakaerari dagokionean (ikus Bastardas 1993).

Metafora ekologikoak, teoria-errepresentazioen eremuan izan ditzaken eragin ongarriez aparte, nabarmentzekoa den beste alderdi bat ere badu. Arlo etikoaz ari naiz eta, ondorioz, gizakiok hizkuntza-sistemei dagokienean dugun arduraren arloaz. Kontzientzia kolektiboak biologia-aniztasunaren mantentze eta/edo iraupenaren arazoaren inguruan duen ardura dezente handitu da azken urteotan. Egunez egun, eboluzioak planetan sortu duen animalia- eta landare-espezien desagerpenaz geroz eta jende gehiago damu da eta, ondorioz, bioaniztasunaren krisia gaurkotasun handiko berritzat jotzen da egunkari eta bestelako hedabideetan. Zenbait arduradun politikoren mahaiaren gainean dagoen gaia da eta zaintzaren aldeko jarduerak sustatzen dituzten gizataldeak ugarituz doaz. Hizkuntza-aniztasunaren krisiaren kontzientzia, ordea, bigarren maila batean dirudi. Honela, egia da ere munduko hizkuntza-talde askok beren antzinako hizkuntza erabiltzeari utzi diotela eta, horrenbestez, desagerpen itzulezinera kondenatu dituztela. Horren zioa nazio-estatuen agerpenak eta/edo industrializazioak lehenik, eta globalizazioak ondoren, talde gutxituen iraupeneko eta ugalketarako ekosistema historikoengan sortu dituzten ekonomia- eta politika-aldaketa handiak dira (ikus Junyent 1998 eta Mühlhäusler 1996).

Ikuspegi ekologikoa -"ekologista" berez, nahiago baduzue- erabilgarria izan daiteke, linguistentzat, egun bizi ditugun hizkuntza-ordezkatze eta -desagertze prozesuen hazkundearen kontrako neurrien beharra defendatzeko. Bioaniztasuna baloratzen badugu eta bere iraupenaren alde borrokatzen badugu, zer dela eta hizkuntza-aniztasunaren iraupena eta garapenaren aldeko ardura morala ez da hain garrantzitsua? Gizaki guztiarentzat sorkuntza- eta berrikuntza-haziak izan ditzaketen ehunka hizkuntza eta kultura zertarako desagertzera kondenatu? Beren kode propioak erabiltzeari utzi behar izan dioten talde gutxituen pairamenak ez al gaitu arduratu behar?

Oraingo honetan, bada, lan itzela da, abiapuntua hasiberriagoa da eta ekonomia- eta politika-botereek ager ditzaketen erresistentziak gogor eta sendoak. Baliteke beren ahotsa unibertsalki entzungo duten nazioarteko erakundeak sortzea izatea aukera bakarra hizkuntza-talde gutxituentzat. Horien laguntzarekin ekonomia- eta kultura-garapena beren hizkuntza eta kulturen iraupen eguneratuarekin lotuko duten testuinguru-aldaketak egingo dituzte, eta ez dira hizkuntza eta kultura nagusien asimilazioa lehenesten duen mundu garaikide honen jokoan sartuko.

3. Nola eraman arlo politikora?

Garapen ekonomikoa, nazioarteko komunikazioa eta hizkuntzen iraupen eta berpizkundea lotzea, hain zuzen ere, arlo politikoak aurrean dituen erronka teoriko eta praktiko handienetakoa da. Ekologia-ikuspegitik egingo bagenu, norantz zuzendu beharko genituzke gure jokabideak? Ekologia biologikoak honen inguruan dioenari erreparatuz gero, gauza interesgarriak aurkituko ditugu. Askotan ezinezkoa da espezie zehatz baten iraupena eta ugalketa modu "naturalean" ahalbidetu zuen ohiko habitata berreraikitzea. Izandako aldaketak itzulezinak dira askotan -gizakiaren jokaerengatik- eta erabat ezinezkoa izan daiteke aurreko ingurua berrezartzea. Orduan, zer egin dezakegu? Ekologia biologikoaren kudeaketa zaharberritzailearen ideia nagusia honakoa da: "Kudeaketa iraunkorrena hau da: testuingurua nola falta den jakitea, testuinguruak eskainiko lituzkeen zerbitzuak identifikatzea eta mantendu eta/edo berreskuratu nahi den unitatea diruz laguntzea aurreko testuinguru naturalera ahalik eta gehien gerturatzeko" (ikus Allen eta Hoekstra 1992). Esku-hartze berreskuratzaileak, hortaz, garapen normala lortu beharko du, testuinguru naturalik ez dagoenean.

Ekologo aplikatuek badakite planifikaturiko edo "prestaturiko" testuinguru hori ez dela sistema jatorrizko egoerara bueltatzeko saiakera; bai, ordea, sistema egoera "jasangarrian" kokatzea. Eta esku-hartzeak sistemaren lurrazpiko prozesuez profitatuz, eta ez beraien aurka, lan egiten badu gerta liteke soilik aipatu jasangarritasuna. Egokiena unitatetik kanpoko esku-hartzea da eta ez sistema aurreikusitako modu zorrotzean jokatzera behartzen duena. Berez sortzen diren prozesuak erabili beharra dago: beren garapena, oztopatua eta saihestua baino, ahalbidetua izan dadin (ikus Allen eta Hoekstra 1992).

Aipatu ideiak hizkuntza-arlora eramanez gero, segituan ohartuko gara beren balioaz nahiz eta, apika, hizkuntza-gizatalde askok bizi dituzten egoera gutxitu eta menperatuetan gauzatuak izateko agertzen dituzten zailtasunez ere ohartu. Esan bezala, bistakoa da ere hizkuntza-aniztasunaren krisia mendetan zehar gizakiaren hizkuntza-aniztasunaren ekoizpen, iraupen eta garapena ahalbidetu duten ekosistema-testuinguruen suntsipenaren ondorio dela.

Hizkuntza-arlora -ekosistemen kasuen biologia-arloarekin gertatzen den bezalaxe- zuzenean zuzenduriko neurri eta ekintzen abiaraztean baino, hobe litzateke esku-hartzeek testuinguru berrien sorkuntzan -lagundurikoa- zentratuko balira. Testuinguru berriek, sortutako egoera berrietara egokituta, zio eta funtzio nahikoak eskainiko lizkiekete, hiztunei, beren barietate propioen erabilera zaintzeko.

Zein modutan dago testuinguru historikoa faltan, politika- eta/edo ekonomia-menpetasuneko arrazoiengatik hizkuntza-ordezkatze eta -gutxieste faseak bizi izan dituzten hizkuntza-taldetan? Lehen arrazoi nagusia honakoa da: belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioari dagokionean, guraso eta aitzinekoen hizkuntza-barietatearen seme-alabei hizkuntza-ugalketa "normaltzat" ikustea ahalbidetzen dien itxaropenik ez dagoela. Zer ote dauka testuinguru berriak gurasoek beren lehen eta ohiko hizkuntza seme-alabei transmititzeari uko egin diezaioten? "x" hizkuntzako guraso batzuek beren seme-alabei "y" hizkuntza lehen hizkuntza gisa transmititzea erabakitzen badute, testuinguru horretan beren seme-alabentzat "y" "x" baino erabilgarriago izango delakoan egingo dute ziurrenik. Testuinguruaren garrantziaz ohartzen gara berriro. Zer gertatu da inguru horretan gurasoek aipatu erabakia har dezaten? "x" hizkuntzaren erabilpenik eza eta "y"-ren sarrera korrelatiboa ekarri duten aldaketak egongo ziren seguruenik -ekonomia tradizionaletik modernora egindako jauzia eta, askotan, taldetik kanpoko pertsona eta erakundeen menpeko politika-markoaren baitan-. Egoera horretan, "y" beharrezkotzat joko da ekonomia-etorkizunerako, forma-ospe eta -statuseko baloreekin lotuko da eta, aldi berean, "x" iraganeko hizkuntza gisa ikusiko da, aurreko antolamenduaren propioa, baliorik gabekoa eta, finean, zokoragarria. 

Bistakoa da kasu honetan norabide-aldaketak politika- eta ekonomia-testuinguruarengan eragitea eskatzen duela; honela, gizataldea bere kodearen gaurkotasunaz, etorkizunerako duen balioaz eta etorkizun hurbilean bere erabilera erabat zilegi eta ohikoa izango dela ohartuko da. Nabarmentzekoa ere honakoa: aipatu alderdiak dira, hain zuzen ere, hizkuntza-talde gehiengodunek beren seme-alabei transmitituko dieten hizkuntzaren inguruan ez hausnartzera eramaten dutenak, hauek etorkizunean poliglotizatzeko beharra izango badute ere. Ondorioz, esku-hartze politikoa funtsezkoa izango da hizkuntza-taldearen berreskuratze eta/edo iraupenerako. Esku-hartze ekonomikoa ere garrantzitsua izango da taldeak ekonomia-autokontroleko maila nahikoa izan dezan.

Testuinguruaren aldaketa orokorra ezinezkoa balitz edozein arrazoirengatik, esku-hartzeak egoera jasangarria lortzeko helburua izan beharko luke: bertan hizkuntza-barietateen irudia eta balorea nahiko baikorrak izango dira eta aipatu barietateek funtzio publiko garrantzitsu eta ospetsuak izango dituzte funtzio ez-formalez aparte, noski-. Atzeraldian dagoen kodeari funtzio esklusiboak ematea egoera kaskarragoentzat aproposa den beste antolamendu bat da. Taldeko hizkuntza-komunikazioaren gauzatzea tokiko barietatearen bidez erabat bermatu ez bada ere, funtzio sendoen esleipen esklusiboak bere izaera erabilgarri eta beharrezkoa buelta diezaioke barietateari eta, ondorioz, balorea emango lioke, gurasoen aurrean, belaunaldien arteko hizkuntza-transmisioari dagokionean. Honela, taldeak funtzio guztiak ez baditu ere bere kode propioarentzat, azken honek erabilera nahikoak eta unibertsalki onartuak erreserbaturik dauzka. Horrek funtzionaltasuna eta interesa eman eta beharrezkoa egiten du orainaldi eta etorkizunerako, egoera orekatuaren jasangarritasuna bermatuz (ikus Bastardas 2005).

4. Analogiaren zenbait muga

Ekologia biologikoaren eta ekologia linguistikoa edo kulturalaren egite eta kontzeptuen arteko korrespondentziak zehazterakoan, lehenago ikusi dugun bezala, bi esferen pertenentzia-maila ezberdina argi finkatu beharra dago. Gizakiarengan gogozko fenomenoaren presentzia da objektuen ikuskeraren arloan dagoen ezberdintasunik nagusienetakoa. Beren materiazko testuinguruen zehazte-maila sendoa egonagatik ere, pertsonen buru-aukerek sortzaileagoak bilakatzen dituzte inguruarekin izan ditzaketen harremanak; kontzientzia eta adimen gutxiagoko izakien kasuetan ez bezala, pertsonek testuinguruaren presioei aurre egitea eta beren alde aldatzen saiatzea erabaki dezakete. Oraingoan, hortaz, determinismo-maila txikiagoa da eta prozesuen zentzu-aldaketa arlo soziokulturalean, beren protagonista propioen aldetik, askoz errazagoa da. 

Horrenbestez, hurbilketa ezin da erabat testuinguruzkoa izan; gizakiak egoerak bizitzeko aplikatzen dituen errepresentazioen, narratiben, gizarte-praktiken eta baloreen arloak  ere aintzat hartu beharko ditu. Bioekologikoegia den ikuspegiak okerrak azaldu zaizkigun -baina arlo ezberdinetan oraindik errotuta dauden- adimenik gabeko soziologian oinarrituriko kontzeptuetara eraman gaitzake berriro: pertsona pentsatzeko eta errealitatea aldatzeko kapaza den izakia baino, kanpotik baldintzaturiko automatatzat hartzen dituen ikuspegia alegia. Horrenbestez, ekologia konplexua eraiki behar dugu, soziokognitibo eta historikoa, testuinguru-eraginak aztertzeaz aparte hauek termino dinamikoetan ikusi eta pertsonen buru-aukerak ere aintzat hartuko dituena, horrek dakar guztiarekin. Izan ere, hori da Edgar Morinen lanek hartu duten noranzkoa (ikus, adibidez, 1991): pentsamendu guztiaren ekologizatzearen bitartez, konplexutasunaren ikuspegia eraikitzea bilatzen dute, non gizakiak eta beren testuinguruak, mikro eta makroa, eta gertaerak hartzen dituzten dinamika historikoak egokiro integratzen diren.

Etikaren ikuspuntutik, prozesu soziolinguistikoetan esku-hartzeko aukera ere zailtzen da. Ez da berdin desagertzear dagoen espezie bat salbatzen saiatzea edo hizkuntza zehatz bat kontserbatu edo/eta berreskuratzeko helburuarekin esku-hartzea. Lehen kasuan ez dago partaideen borondate esplizitua aintzat hartzeko beharrik -esku-hartzearekin ados egongo direla suposatzen dugu-; bigarren kasuan, ordea, hori anormala eta moralik gabekoa izango litzateke. Arrazoi guztiarekin ari garela sinetsita bagaude ere, linguista kontserbazionistek ezin dute gizatalde bat hizkuntza-jokabide zehatzak mantentzera behartu beren borondatezko partaidetza aktiborik gabe, eta are gutxiago beren borondatearen kontra. Etika soziolinguistikoak, orduan, hizkuntza guztien arteko berdintasunetik abiatuta gure espezieak sortu duen hizkuntza-aniztasuna zaintzea helburu duenak, ezin ditu gizarte eragileen onespena eta bere helburuekiko atxikimendua alde batera utzi. Etika ekolinguistikoak pertsonak eta beren autonomia aintzat hartu behar ditu beti: bere funtsa eta motibazio nagusia izan behar dute.

Alderdi etiko honek ezberdintasun nabariak sartzen ditu ere, nola ez, arlo politikoan, bioekologia eta sozioekologia edo ekolinguistika aplikatuaren artean. Ondorioz, esku-hartzearen neurriak demokrazia- eta hiritarren partaidetzarako prozedura egokiekin erabaki beharko dira eta beren gauzatzea, kontrako ahotsei zor zaien begirune eta errespetuarekin egingo da. Argi dago beharrezkoak diren gizarte-akordioak lortzea ez dela erraza izango zenbaitetan, hizkuntza-talde gutxituak erabilgarritasunaren eta nortasunaren arteko dileman mugitzen baitira ia beti: beren hizkuntza-barietateak bertan behera uztea eta kanpoko hizkuntza nagusia hartzea edota azken honi uko egitea talde-nortasunaren iraupenaren alde, hori ekonomiaren ikuspuntutik kaltegarria izan badaiteke ere. Ekintza horiek guztiak, noski, ez ditugu berrezarpen ekologikoko ekintzen artean ikusiko; beren esfortzua espeziaren existentzia-baldintzetara behar bezala egokitutako habitat naturala eraikitzera mugatzen da; espeziek, beren aldetik, determinismo hutsez egokituko dira, baldintzak beren iraupena eta ugalketarako aproposak badira. 

Gizakion egokitzapena beren hizkuntza-iraupena bermatzeko helburuarekin egindako planifikazio baten arabera eraikitako testuinguruetara animalia-espezieek beren habitat "artifizialetara" egiten duten egokitzapena baino zailagoa izan daiteke, ordea. Biztanleriaren onespena egonagatik ere, baliteke neurri politikoak eta/edo bestelakoak bilatutako eragina ez izatea gizartearengan eta, ondorioz, bilatutako arrakasta ez lortzea. Jokabide soziokulturalen ingurugiro-determinismo txikiagoak, mekanismo genetikoenarekin konparatuta, (ber)eraikitako testuingurua eskasa bilaka dezake hizkuntzaren iraupenerako, izakiaren existentzia materialaren kasuan egingo lukeen bezalaxe.

Izan ere, arrakasta ez ezik hizkuntza-aniztasunaren iraupenaren alde eraginkorki esku-hartzeko aukera ere askoz zailagoa da gizakion kasuan. Gizatalde gehiengodun batek desagertzear dauden animalia- eta landare-espezien zaintzarako politika positiboak abiaraz ditzaken bezala, talde berberak zalantzak ager ditzake bere nagusitasuna duen Estatuak kontrolatzen dituen herrialdetako hizkuntza-aniztasuna mantentzeko helburuarekin finkaturiko neurriak hartzeko orduan. Hizkuntzen zaintza eta iraupenari dagokionean dagoen absentzia etikoarekin batera, hizkuntza ezberdintasuna zaindu beharrean gizarte taldeen asimilazioa eta homogeneotasuna babesten duten ideologien eta interesen nagusitasuna dago ere. Ondorioz, ez litzateke arraroa izango gehiengodun taldeen ukapena jasotzea, linguistikari dagokionean, talde gutxituen hizkuntza-iraupena bermatzen laguntzearen inguruan. Marko horretan, kultura-jarraitutasuneko testuinguruak sortzearen aldeko agerraldiak oso zailak eta/edo ezinezkoak izan daitezke, talde gutxituaren eskaera aktiboa badago ere. Honek, bere gizarte-espazioaren gaineko kontrol eskasa duenez, desagertze prozesu geldo baina itzulezinean murgil daiteke hizkuntza-talde berezi gisa. Aipatu baldintzak daudela planeta mailan, hizkuntza-aniztasuna salbatzea eta egokiro antolatzea biodibertsitatea salbatzea baino zailagoa suerta daiteke (ikus Bastardas 2007).

5. Ondorioa

Metafora ekologikoa hurbilketa soziolinguistikorako eraginkorra eta inspirazio-iturri dela ikusi dugu, beti ere biologia- eta soziokultura-arloen arteko ezberdintasunak argi baditugu. Mekanismoen bereizitasunak bi existentzia-maila horietan bereizteko kapazak bagara, diziplina arteko ikerketak eta kontzeptu-translazio kritikoak erabilgarri oso izan daitezke bai ikuspegi soziolinguistikoaren eta, -globalki, linguistika orokorraren teoria-aurrerapenarentzat bai printzipio etikoen eta esku-hartze ekolinguistikoko printzipioen garapenerako ere.

Lehenago aipatu bezala, nire ustez egin beharrekoa konplexutasun eko-sozio-kognitiboaren ikuspegia eraikitzea da, Edgar Morinek besteak beste hasitako bidetik jarraituz alegia. Beste diziplinen analogietan inspiratuta baina, aldi berean, sortzaile eta berritzaile gure arloetako egiteak ulertzen saiatzeagatik, ikertzaile soziokulturalek paradigma berriak sortzeko aukera paregabea dugu egun. Azken hauek, Edward Wilsonek aldarrikatzen duen "konsilientzia" beste zientzia-diziplinekin mantentzen duten heinean, giza fenomenoen goi-ulermenerantz irmoki aurrera egitea ahalbidetuko digute.

Honela, fenomeno soziokulturalak xehetasunez azaldu ahal izateak -eta gertaera eta prozesu soziolinguistikoak horien artean-, hizkuntza-aniztasunaren arloko printzipio etiko sakonagoak sustatzea ahalbidetuko digu eta, halaber, orain arte gizakiaren hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bermatu eta garatzeko sustatu direnak baino eraginkorragoak eta zabalagoak diren izaera globaleko ekintzak proposatzea -politikoak, ekonomikoak, mediatikoak, ideologikoak, eta abar-. Mundu mailako elkartasun eta elkarrekintza bizi duen aroan murgilduta, lankidetza eta senidetasun unibertsalaren bitartez aniztasuna zaintzeko ardura izango duten, bere balorearen ulermena hedatuko duten eta hizkuntza-talde gutxituen eskubideak, ekosistema soziopolitikoei dagokionean, babestuko dituzten mundu mailako erakundeak sustatu beharra dago.

Bibliografia-erreferentziak

  • Allen, T. F. H., eta T. W. Hoekstra: Toward a unified ecology. Columbia University Press, New York, 1992.
  • Bastardas i Boada, Albert: "Llengua catalana i futur: notes des d'una perspectiva eco-sistèmica", Revista de llengua i dret, 19 (uztaila), 1993, 81-93 orr. (Sarean eskuragarri: www10.gencat.net).
  • Id.: Ecologia de les llengües. Medi, contactes i dinàmica sociolingüística. Proa, Bartzelona, 1996.
  • Id.: "De la 'normalització' a la 'diversitat' lingüística: cap a un enfocament global del contacte de llengües", Revista de llengua i pret, 34, 2000, 151-165 orr. (Sarean eskuragarri: www10.gencat.net).
  • Id.: Cap a una sostenibilitat lingüística. Barcelona: Angle ed. / CETC. (Bertsio murriztua: "Linguistic sustainability for a multilingual humanity", Glossa. An interdisciplinary journal, 2. bol., 2. zbk., 2005. Sarean:bibliotecavirtualut.suagm.edu
  • Id.: Les polítiques de la llengua i la identitat a l'era 'glocal'. Institut d'Estudis Autonòmics, Generalitat de Catalunya, Bartzelona, 2007. (sarean eskuragarri: www.gencat.cat/drep/iea/pdfs/IEA_50.pdf).
  • Junyent, Carme: Contra la planificació. Una proposta ecolingüística. Empúries, Bartzelona, 1998.
  • Margalef, Ramon: Teoría de los sistemas ecológicos. Publicacions Universitat de Barcelona, Bartzelona, 1991.
  • Morin, Edgar: La Méthode. 4. Les idées. Leur habitat, leur vie, leurs moeurs, leur organisation. Seuil, Paris, 1991.
  • Mühlhäusler, Peter: Linguistic ecology. Language change and linguistic imperialism in the Pacific region. Routledge, Londres, 1996.
  • Wilson, Edward O.: Consilience. The unity of knowledge. Abacus, Londres, 1998.

 

Azken eguneratzea: 2009/07/01
Euskadi, auzolana