euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Nafarroako Foru Erkidegoa

Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera, Hego Euskal Herriko bi eremu instituzional eta administratiboetako bat, Nafarroa Garaia hartzen duen Espainiar Estatuko autonomia erkidegoa. 10.391 km2-rekin, Euskal Herriko lurralderik handiena da. Hiriburua: Iruñea.  v  Biztanleria. 2006an 600.231 biztanle zituen Nafarroako Foru Erkidegoak. Iruñea hiriburuak hartzen du Nafarroako biztanleriaren % 32,24, eta kopuru horri azken urteotan Iruñearen inguruan izugarri hazi diren herrietako biztanleak gehitu behar zaizkio, Iruñerriak Nafarroan duen garrantzi demografiko handiari neurria hartzeko. Foru Erkidegoa osatzen duten gainerako eskualde gehienetan ere nabarmena da herriburu garrantzitsuenaren pisua eta eragina. Horren ondorioz, hainbat eskualdetan aurrera darrai herri txikien biztanle galera prozesua.  v  Ekonomia. Susperraldi ekonomiko aipagarria bizi du Nafarroako Foru Erkidegoak azken urteotan, eta horrek eragin handia izan du enplegu sorreran eta langabezia tasen murrizketan. 1995. urtetik 2000. urtera, lanpostuen sorrera % 19 hazi zen Nafarroan, Espainiar Estatuko batez bestetik puntu bat behera eta EAEkotik puntu erdi behera. Hala eta guztiz ere, kopuru horien oso gainetik murriztu zen langabezia, eta aipatutako bost urtekoan Espainiar Estatuko jaitsierarik aipagarrienetakoa izan zen, 1995etik 2000ra % 59 murriztu baitzen langabezia Nafarroan, Espainiar Estatuko batez bestekoa % 33,7 izan zelarik. Hori dela eta, 2000. urtearen amaieran Espainiako langabezia tasarik apalenetakoa zeukan Nafarroak - % 5,7–, langabezia estrukturaltzat jo daitekeena, eta EAEko tasa (% 12,11) baino askoz ere apalagoa. 16-24 urteko gazteengan, ordea, % 14 zen langabezia tasa 2000. urtearen amaieran. 2000. urtean hazkundea % 4,7 izan zen, Espainiako eta inguruko autonomia erkidegoen batez bestekoaren gainetik. 1995etik 2000ra, ekonomiaren hazkunde pilatua % 19 izan zen Nafarroan. Sektore guztiek egin zuten hobera 2000. urtean. Gehien hazi zen sektorea, ordea, industria izan zen –% 6– eta lehen sektorea ere asko hazi zen, % 5. Eraikuntzak eta zerbitzuek zertxobait moteldu zuten aurreko urteetako hazkundea, eta 2000. urtean % 3 eta % 37 hazi ziren hurrenez hurren. Hala eta guztiz ere, zerbitzuek gero eta garrantzi gehiago dute Nafarroaren egitura ekonomikoan, eta langileen erdia baino gehiago hartzen dute, industriak % 30, eraikuntzak % 8,6 eta lehen sektoreak % 6,5 hartzen dituelarik. 2008an Nafarroako BPGren hazkundea moteldu egin zen, zehazki % 2,5. Urte horretan bertan, langabeziaren ehunekoa 5,6ra iritsi zen, aurreko urtean baino 3 dezima gehiago. Ekonomia suspertzeko abian jarri diren azpiegituren kasuan aipagarriak dira, besteak beste, mugikortasunarekin, energiarekin eta ur hornikuntzarekin zerikusia dutenak. Errepideei dagokienez, aparteko ahaleginak egin ditu azken urteotan Nafarroako Gobernuak Foru Erkidegoa Europako autobide sarearekin lotuko lukeen Pirinioetako autobidea abian jartzeko. Autobide hori gabe, EAEko errepide sarea da Nafarroak eskura duen Europarako sarbiderik egokiena. Nafarroako Foru Erkidegoaren berezitasuna areagotu nahirik, azken nafar gobernuek beren loturen aldeko apustua egin dute, nahiz eta Frantziako gobernuak, 2000. urteko maiatzean, Nafarroako lotura hori lehentasunezkoa ez zela esan.  v  Energia hornikuntzari dagokionez, Nafarroa zen 2000. urtean Espainian energia sortzeko energia iturri berriztagarri gehien erabiltzen zituen autonomia erkidegoa, garrantzitsuena energia eolikoa izanik. 1996an onartu zen Nafarroako Plan Eolikoa, eta 2000. urtearen amaierarako hamazazpi parke eoliko baziren Foru Erkidegoan. Planak baimentzen duen potentzia guztia ezarritakoan, Nafarroak behar duen energia elektrikoaren % 45 haizeak eman lezake, nahiz eta ingurunean eragin handia duten instalazio hauek talde ekologista eta naturzale askoren kritikak jaso. Baina azken urteotan Nafarroan abian jarri den azpiegitura eztabaidatuena Itoizko Urtegiak eta Nafarroako Ubideak osatzen duten ur bilketa eta banaketa sarea da (ik. Itoizko Urtegia). Urtegiaren eta ubidearen bitartez, hegoaldeko lur lehorrak ureztatu nahi dira, nekazaritza zein industria garatu ahal izateko. v  Historia. 1977an, hedatu zen Espainiako estatuko politika erreforma eta haren barruan proiektu desberdinak bideratu ziren Hego Euskal Herriko politika egiturei begira. 1978an onartu zen Espainiako Konstituzio berria erreferendumean (baietza nagusitu zen Nafarroan doi-doi) eta bide berezia eskaini zitzaion Konstituzioaren bidez Nafarroari, 1839an zeukan autonomia maila berriro edukitzeko. 1979an, zapuztu zen Hego Euskal Herria bateratuko lukeen egituraren aldeko proiektua; urte hartako apirilean zuzenean aukeratu zituzteten nafarrek lehen foru legebiltzarra eta Diputazioa, eta Euskadiko Autonomia Estatutua (Nafarroarekin bat egiteko atea zabalik utzi zuen estatutu honek, geroago Nafarroako Foruaren Hobekuntzarako Legeak egingo zuen bezala) onartu ondoren, bereari ekin zion Nafarroak. 1980-1982. urteetan prestatu zen Nafarroako Foru Erregimenaren Berrosaketa eta Hobekuntzarako Lege Organikoa (Foruaren Hobekuntzarako Legea izenez ezagutua) eta 1982ko abuztuan eman zion bide Joan Karlos I.a Espainiako erregeak lege honi. Hitzarturiko lege honen arabera arautzen dira Nafarroako Foru Komunitatearen ahalak, instituzioak eta gobernua. 1983an osatu zen Nafarroako lehen gobernua, foru legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren eta Gabriel Urralburu sozialista aukeratu zuten Nafarroako lehendakari 1984an. Alderdi sozialista izan zen nagusi Nafarroan, 1991. urtean, Unión del Pueblo Navarro alderdia nagusitu eta Juan Cruz Alli Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izendatu zuten. 90eko hamarkadan nabarmena izan da Nafarroan Unión del Pueblo Navarro alderdi eskuindarraren gorakada, eta alderdi horrek Foru Erkidegoko erakundeetan eskuratu duen agintea. Faktore askok eraginda –horien artean PSN-PSOE Nafarroako Alderdi Sozialistaren gainbeherak, besteak beste Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohia eta Javier Otano alderdiko idazkari nagusi izandakoa jo zituzten ustelkeria eskandaluen ondorioz–, UPN da azken urteotan lehen alderdia Nafarroan, eta, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko harremanei dagokienez, alderik gogorrena nagusitu da gainera UPNn, alderdiaren zein Nafarroako Foru Gobernuaren buru den Miguel Sanzen aitzindaritzapean. 1991n Nafarroako Legebiltzarrerako egin ziren hauteskundeetan, esate baterako, nahiko orekatuta zeuden UPN eta PSE-PSOE: botoen % 35,4 eta % 33,8 eskuratu zituzten, hurrenez hurren. 1995eko hauteskundeetarako hamar puntu baino gehiago galdu zituzten sozialistek, UPNk % 32ari eusten ziola. Esan beharra dago bi hauteskundeen artean krisialdi instituzional larria izan zuela Nafarroak, UPNren barruan joerarik aurrerakoiena islatzen zuen Juan Cruz Alli alderdiaren eta gobernuaren presidenteak bi kargu horiek utzi, eta bere alderdia, CDN, sortu zuenean. 1995eko hauteskundeetara aurkeztu zen Alliren alderdia, eta botoen % 19 lortu zuen, Foru Erkidegoko hirugarren alderdi bilakaturik. 1999ko hauteskundeetarako, ordea, berreskuratuak zituen UPNk zatiketaren ondoren galdutako bozkak, eta boto emaileen % 42,7ren konfiantza bereganatu zuen. PSE-PSN, botoen % 21ekin, bigarren alderdi izan zen, eta % 7raino jausi zen CDN, EH eta IU-EB aurretik zituela. Behar bezainbateko gehiengoa ez izan arren, gobernua bakarka osatu zuen UPNk 1999ko hauteskundeen ondorioz, eta arazo handiegirik gabe jardun du orduz geroztik, gairik garrantzitsuenetan –aurrekontuak onartzeko, esate baterako– sozialisten laguntza duela. UPNren emaitzak are hobeak izan ziren 1999ko udal hauteskundeetan eta 2000. urteko hauteskunde orokorretan, botoen % 52 lortu baitzituen azken horietan, 1996koetan baino % 12 gehiago. Miguel Sanzen presidentziapean asko moteldu dira Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremanak.  v  Alderdi abertzaleek Nafarroan duten presentziari dagokionez, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan Herri Batasuna hirugarren indar politiko izan zen 1991ko hauteskundeetan UPN eta PSN-PSOEren ondotik, 30.720 boto, 6 parlamentari eta botoen % 11,35ekin. Hauteskunde haietan 15.170 boto (% 5,6) eta hiru parlamentari lortu zituen EAk. Parlamentaririk gabe gelditu ziren Batzarre (6.500 boto, guztien % 2,41), Euskadiko Ezkerra (5.800 boto, guztien % 2,15) eta EAJ (3.071 boto, hau da, % 1,13). Nolanahi ere, hamarkadako emaitzarik onena lortu zuen bototan alderdi abertzaleek 1991ko Parlamenturako hauteskundeetan, nahiz eta bederatzi parlamentari lortu (6 HBko eta 3 EAko), 1999ko hauteskundeetan baino bi gutxiago. 1995eko hauteskundeetan nabarmen egin zuen behera boto abertzaleak. Guztira, hautesleen bozen % 16,2 bildu zituzten alderdi abertzaleek: % 9,4 eta bost parlamentari HBk, eta botoen % 4,66 eta bi parlamentari EAk. Batzarrek botoen % 2,2ri eutsi zien, parlamentaririk lortu gabe. 1999ko hauteskundeetan gora egin zuten berriz alderdi abertzaleek bototan. Esan beharra dago urte hartan Nafarroako Parlamentua osatzeko egin ziren hauteskundeetan HBk EH plataformaren barruan parte hartu zuela hauteskundeetan, eta Batzarre ere plataforma horretara bildu zela. EH Nafarroako hirugarren indar politiko bilakatu zen 1999an, 47.271 botorekin (guztizkoaren % 16) eta zortzi parlamentarirekin, eta EA-EAJ alderdiek osatutako koalizioak ere hiru ordezkari lortu zituela, 16.512 boto eskuratu ondoren (guztizkoaren % 5,57). Legealdia abian zela, ordea, eta ETAren jarduerarekiko jarrera guztiz desberdina izanik, Batzarrek EHk osatutako parlamentuko taldea uztea erabaki zuen, eta Batzarreren ordezkaria talde mistora joan zen. 2004ko hauteskunde orokorretan Aralar, Eusko Alkartasuna, EAJ/PNV eta Batzarre alderdiez osatutako Nafarroa Bai koalizioak diputatu bat lortu zuen Diputatuen Kongresuan (61.045 boto); Uxue Barcosek hartu zuen eserleku hura. 2007ko hauteskundeetan, Foru Erkidegoko bigarren alderdi izan zen: botoen %23,7 eta 12 eserleku Nafarroako Parlamentuan. 1982ko abuztuaren 10eko Foru Eraentza Birrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoak ez zuen euskara hizkuntza propioa eta ofizialtzat onartu Foru Komunitateko lurralde osoan. Ondotik onartutako 18/1986, abenduaren 15eko Euskararen Legeak hiru hizkuntza eremu deklaratu zituen: a) eremu euskalduna: eremu horretan euskara hizkuntza ofiziala da (63 udalerrik osaten dute gaur egun, Nafarroako %23,16; b) eremu mistoa: euskara ez da hizkuntza ofiziala, baina legeak euskara babestearen eta sustatzearen aldeko neurriak hartuko dituela onartzen du (52 udalerri, Nafarroako % 19,11); eremu ez euskalduna: euskara ez da hizkuntza ofiziala eta legeak ez du hura sustatzeko inolako neurririk aipatzen (157 udalerri, Nafarroaren % 57,72). Hizkuntza gaitasunari dagokionez, Nafarroan 2001ean egindako neurketen arabera, biztanleen % 11,8 euskaldunak ziren eta %  9,1 ia euskaldunak. Irakaskuntzako hizkuntza ereduei dagokienez eta urte horretako datuen arabera, ikasleen % 22,4k B eredua hautatu zuten.

Euskadi, auzolana