euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Argitalpen-data: 2016/05/16

"Euskarazko IKT-ak: Gomendioak herri-aginteentzat" dokumentua Bilbon aurkeztu da

 Lan honen helburua da IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea 

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-ataleko zuzendari Maite Goñik eta Batzorde-atal honetako zenbait kidek ‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat (PDF, 1 MB)’ dokumentua aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Lan luze hau Euskararen Aholku Batzordeko IKT Batzorde-atal Bereziak egin du. Izenak dioen bezala, lanaren helburua da IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea. Euskararen Aholku Batzordeak bere egin zuen dokumentu hau, aho batez, maiatzaren 11an eginiko Osoko bilkuran. Kontutan hartu beharra dago bihar, maiatzak 17, Interneten Nazioarteko Eguna ospatzen dela. 

Patxi Baztarrikak honela aurkeztu du dokumentua gaur goizean: “Gaurko prentsaurrekoan euskarazko IKTak ditugu hizpide. Zehatzago esanda, IKTetan euskararen erabilera areagotzeko datozen hilabete eta urteetan garatu beharko diren estrategiak ditugu hizpide. Helburu hori betetzera dator berehala aurkeztuko dugun “Gomendioen Karta”. Lehenik eta behin, herri-aginteentzako gomendioak dira, baina herri-aginteentzako ez ezik, IKTen sektoreko profesional eta enpresentzako ere badira gomendio hauek. Nekez ospatu genezakeen modu eraginkorragoan Interneten Nazioarteko Eguna. Interneten Nazioarteko Egunaren bezperan gatoz, “Euskarazko IKTen Garapenerako Gomendio Karta” aurkeztera, hilabete askotako lanaren emaitza bikaina”. 

Aurrekariak:

Hainbat alorretan ematen ari den globalizazioa, hiztun kopuru handia duten hizkuntzen eragina, komunikabideen orokortzea eta, batez ere, teknologia berrien eztandak argazki linguistiko berri bat ekarri digute azken urteetan. Argazki hori, ordea, ez da hainbatek aurreikusten zuen bezain ezkorra: hizkuntza nagusituen hegemonia, hizkuntza gutxituen kaltetan. Azken urteetan, bestelako errealitate bat erakusten ari da Internet, eleaniztasun handiagoa duen errealitate bat.

Edozein modutara, emaitza positiboak lortze aldera, baldintza batzuk betetzea ezinbestekoa da. Alde batetik, hizkuntzaren sustapenerako lan egiten duen komunitatea behar da eta, bestetik, Administrazioaren babesa eta laguntza.

Gurera ekarriz, maiz entzun dugun legez, euskararen osasun digitala ona dela nabarmendu behar da. Hona hemen hainbat datu hori erakusten dutenak: 

  • Munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat euskara da, zeina sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. tokian dagoen.
  • Twitterreko lehenengo 33 hizkuntzen artean dago euskara.
  • Wikipedia 292 hizkuntzatan dago, eta horietako bat euskara da. Euskarazko Wikipedian 245.841 artikulutik gora daude egun, eta 31. postuan dago, Europar Batasunean ofizialak diren hainbat estatu hizkuntzaren gainetik.
  • Facebook, Google eta beste sare sozial zein web zerbitzu ezagunetako asko (Firefox nabigatzailea, Wordpress plataforma, Moodle LMSa…) euskaraz erabiltzeko aukera dago.
  • Euskaraz idatzi, nabigatu, komunikatu, jolastu eta lan egiteko aukera dugu; izan ere,  horiek denak egiteko aukera eskaintzen baitute euskarara itzuli edota lokalizatutako tresnek.

Agerikoa da, beraz, aurrerapauso handiak eta nabarmenak egin dituela euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) alorrean eta Interneteko esparruan; hala ere, ezin da ahaztu, aurrerantzean hizkuntza bizia izango bada, euskara teknologia berrietan integratzen jarraitzeko ahalegin bateratuak egiten segitzea ezinbestekoa dela. 

IKT Batzorde-atal Berezia:

2014ko abenduaren 1ean Euskararen Aholku Batzordearen Osokoak egindako bilkuran EABren osaera, funtzionamendua eta lan-programa aztertu zen. Horrela, 2015/2016 aldian lanean jardungo zuten batzordeak eta haien eginkizun nagusiak zehaztu ziren. IKT Batzorde-atal Bereziari dagokionez, besteak beste, honako eginkizun hauek aurreikusi ziren bilkura hartan:

  • Euskarazko IKTen gaineko datuen bilketa sistematizatua antolatzeko irizpideak finkatzea.
  • Interneten euskarazko edukiak areagotzeko ekimenak eta lehentasunak zehaztea.
  • Euskarazko tresna teknologikoak sortu eta sustatzeko  lehentasunak finkatzea.
  • Euskarazko IKTen ikusgarritasuna zabaltzeko bideak definitzea.
  • IKTetan euskara garatzera zuzendutako diru-laguntzen deialdia hobetzeko proposamenak aztertzea.

Testuinguru honetan kokatu behar da Euskararen Aholku batzordearen IKT Batzorde-atalaren helburu nagusia: IKTetan eta Interneten euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteei gomendioak egitea.

Helburu nagusi hau kontutan hartuz, IKT Batzorde-atal Bereziak gaur goizean aurkeztu den dokumentua osatu du: ‘Euskarazko IKTak: gomendioak herri-aginteentzat’. Batzordeak izandako lanketa prozesu luze baten ondoren, eta lanketa honetan zehar egindako proposamen guztiak banan-banan aztertu ondoren, honako hauek dira IKT Batzorde-atal Bereziak herri aginteei egiten dizkien 12 gomendioak

  1. Euskarazko Wikipedia sustatu.
  2. Estrategikoak diren enpresekin etengabeko harremana eta elkarlanerako bideak sustatu.
  3. Eduki propioak sortu eta etengabe edo maiz berritzen diren kontuan izan diru-laguntzak ematean.
  4. Administrazioaren diru-laguntzaz sortutako edukien Copyleft politika arautu, lizentzia libreak bultzatuz.
  5. Euskarazko IKTen inguruko datuak lortu (erabilera, sartzea...).
  6. Ikus-entzunezkoen alorrean eragin.
  7. Bideo-jokoen alorrean eragin.
  8. Euskaldunok gehien erabiltzen ditugun aplikazioak, CMSak, sare sozialak eta bestelakoak identifikatu eta ahalik eta azkarren itzuli/lokalizatu.
  9. Zaintza teknologikoa ziurtatu.
  10. Sarean euskara sustatzen ari diren ekimenak identifikatu eta bultzatu.
  11. Publikoa den edukia sareratu.
  12. Hizkuntza-teknologiak garatzen lagundu eta berariazko plana garatu.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi du: “Hasieratik bertatik oso garbi esango dut: “Gomendioen Karta” hau erreferentziazko dokumentua izango da euskarazko IKTen sustapen lanetarako, eta erreferentziazko dokumentua izango da gainontzeko hizkuntza ez hegemoniko eta gutxituak IKTetan garatzeko bidean ere. Urrutira gabe, datorren astean, maiatzaren 26an, hemen Bilbon NPLDk (Hizkuntza Aniztasunaren Sustapenerako Sareak)  izango duen Urteko Batzarrean dokumentu honen aurkezpena egingo da. Bertan izango dira Europako dozena bat hizkuntza komunitatetako hainbat gobernu eta elkartetako ordezkariak”.

Eta gehitu du: “Euskarak gaur egun IKTetan duen garapena da “txikiaren handitasunaren” adierazle garbia. Euskarazko IKTen hiru hitz-gako esan beharko banitu, esango nituzkeenak dira: “ibilbide orria, elkarlana eta txikiaren handitasuna”. Munduko beste hizkuntzekin alderatuta, euskarak IKTetan duen garapena aurreratua da, beste hizkuntzen eta gurearen hiztun kopurua eta estatusa kontuan hartzen baditugu. Munduko hizkuntzen pelotoian, IKTetako karreran, euskara ez dago atzealdean, alderantziz baizik; baina atzerantz geratzeko arriskua hor dago. Ez dago berez bermatuta gauden lekuari eustea edo posizio aurreratuagoak irabaztea. Eta gure helburua ez denez euskarak nola edo hala bizirautea, baizik eta hizkuntza bizia izatea, nahitaezkoa dugu osasun digitala ona izatea”.

 

 

Euskadi, auzolana