euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Hizkuntza

 

 

Aitzinsolasa

 

Euskara Pirinioen mendebaleko bazterrean hitz egiten da, Espainia eta Frantziaren arteko mugaren bi aldeetan. Espainian, Euskadiko Autonomia Erkidegoan (hots, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko probintzietan) eta Nafarroako Foru Komunitatean (batera, probintzia ere baden horretan) mintzatzen da, eskualdeen arabera hizkuntzaren zabalpenean diferentzia handiak daudela. Frantzian, bere aldetik, Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako antzinako probintzietan eta Zuberoaren ondoko Biarnoko haran batzuetan hitz egiten da. Zazpi probintzia edo herrialde horiei Euskal Herria deritze euskaraz.

 

           

Azken datuen arabera, 900.000 pertsona inguru gai dira Euskal Herri osoan euskaraz mintzatzeko, ez maila berean, baina. Euskadin, adibidez, non gaztelaniarekin batera ofiziala baita, euskaraz dakitela diotenak gutxi gorabehera bizilagunen %37 dira, baina erabili ohi dutenak %18tik 20ra bitarte besterik ez, hots, autonomia erkidegoak gaur egun dituen 2.172.000 bizilagunetatik 400.000 edo 430.000 pertsona. Ipar Euskal Herrian euskarak ez du inolako onarpen administratiborik eta euskaldunak bizilagunen heren bat dira (70.000 pertsona inguru). Nafarroan bakarrik iparraldean da ofiziala eta bizilagunen hamarren batek hitz egiten du (65.000 bat pertsonak). Gaur egun, ia-ia ez dago euskaldun elebakarrik, gaztelaniaz edo frantsesez ez dakiten euskaldunak euskal herritarren %1 baino gutxiago dira eta.

 

            Euskara genetikoki isolaturiko hizkuntza bat da, alegia, ez da hizkuntza familia ezagun bateko kidea. Haren kasua ez da bakarra, ez eta, zer esanik ez, bereziki deigarria ere. Munduan ehun bat hizkuntza isolatu daude. Haien artean honako hauek aipatzekoak dira: ainua, Japoniaren iparraldean; burushaskia, Pakistanen; kusunda, Nepalen; zunia, Mexiko Berrian; nihali edo nahalia, Indian; sandawea, Tanzanian; kutenaia, Kanadan eta Estatu Batuetako Idaho eta Montana estatuetan, eta koreera. Sailkatzerik ez daukaten hizkuntzekin gertatu ohi den bezala, euskararen jatorriaz ere hipotesirik bitxienak garatu izan dira historian zehar.

            Euskaraz idatziriko lehen testu luzeak XVI. mendekoak dira. Lehenago, glosa laburrak agertu dira (X. mendekoak), kantu batzuetako pasarteak, iruzkinak, adierazpen solteak eta beste hizkuntza batzuetan idatziriko testuetan sarturiko hiztegiak. 1545ean, Beñat Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae argitaratu zuen, euskarazko lehen liburua. Urte batzuk geroago, 1571n, Joanes Leizarragak Testamentu Berriari egin zion euskarazko itzulpena kaleratu zuen. XVI. mendeko beste testu bat (1564-1567koa) berriki aurkitu da: Joan Perez Lazarragakoren narrazio eta olerkiak biltzen dituena, hain zuzen ere. Garai hartaz geroztik, euskarak, euskalki batean edo bestean, tradizio literario etengabea landu du. Azken aldian, hizkuntza literario edo estandarra (euskara batua) sortzeko prozesuagatik beragatik abiadura dorpea hartu du. Euskaltzaindiak 1968an ezarri zituen Euskara Batuaren oinarriak. Hizkuntza estandarizatua administrazioan, hezkuntza sisteman, hedabideetan eta, oro har, literaturan erabiltzen da gaur egun. Hizkuntzaren batasuna funtsezkoa da edozein tradiziotan kultura garatzeko eta giltzarri bat izan da euskara berreskuratzeko prozesuan. Datu bat aski izan daiteke hori frogatzeko: 1968an 41 liburu argitaratu ziren euskaraz eta 2010ean 2.023 (euskara eta gaztelaniazko liburu elebidunak barne).

 

Gehiago irakurri:

 

http://www.etxepareinstitutua.net/argitalpenak/euskararen_historia_laburra.pdf

 

Azken eguneratzea: 2012/12/17
Euskadi, auzolana