euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Euskara Batua

Sarrera

Hizkuntza modernizatzeko arauak ezarri behar dira eta eredu estandar bat definitu behar da. Historia, egoera soziolinguistikoa, pentsaera eta hiztunen borondatea dira helburu hori lortzeko bitartekoak erabakitzen dituztenak. Euskaltzaindia, sortu zenetik (1919), hizkuntza estandarrak zer izan behar zuen definitzen saiatu zen. Baina garai hartan baldintzak ez ziren egokiak eta hainbat urtetan eztabaidatu zen eta egitasmoak prestatu ziren une eta eredu egokia iritsi aurretik.

Auzi honi buruzko idatzi eta eztabaidetan “euskara batua” edo “hizkuntza literario komuna”, oro har, sinonimoak ziren eta idatzizko hizkuntza adierazten zuten. Zentzu zabalago batean idatzizko nahiz ahozko hizkuntza estandarra adierazi nahi dute.

Helburua

Helburua begi bistakoa zen: egokitzeko aldi labur baten ondoren, euskaldun guztiek ulertu ahal izango zuten hizkuntza komuna ezartzea euskalkien gainetik. Helburu hori lortzeko, garrantzitsua da bai hizkuntza estandarra normalizatzea (lan hori Euskaltzaindiari dagokio) eta bai hezkuntzaren, komunikabideen eta gainerako kanalen bidez hizkuntza normalizatua zabaltzea, ahalik eta hiztun gehienek bere egin dezaten.

Hizkuntza komun hau ezinbestekoa da hizkuntzaren normalkuntzarako. Hizkuntza estandar hori zenbait hizkelki gerturatuta berez sortutako prozesuaren ondorioz sor daiteke edo, aitzitik, erakunde linguistiko batek gidatutako planifikazioaren ondorioz. Euskarari dagokionez, euskalkien arteko topagune antzeko baten aztarnak badiren arren, azken bi hamarkada hauetan Euskaltzaindiaren zuzendaritzara jo dute bai batuaren aldekoek eta bai aurkakoek.

Historia laburra

Euskara batzeko beharra gure lehen idazleek ere aipatu zuten. Baina Euskaltzaindia sortu zenean (1919) bihurtu zen helburu nagusienetako bat. Hasieran proposamenik indartsuena gipuzkera oinarri zuena izan zen (Azkue). Gerra ostean Euskaltzaindiak berriro heldu zion auzi honi eta literaturaren historia aztertu ondoren lapurtera klasikoa hartu zuen eredu (Krutwig). Urte batzuk beranduago batasuna sustatu zuten beste hainbatek (Aresti, Txillardegi, Kintana) eta belaunaldi berriko idazleek, aldizkariek eskaintzen zieten azpiegituraz baliatuz, zenbait arau ortografikoren inguruan eztabaidatzen zuten. Aldizkari horiek, ondoren, erabakitako arauak betetzen zituzten. Ekimen horiek, jakina, zabalpen txikiagoa nahiz handiagoa izan, talde edo sektore mugatuek burutzen zituzten.

Egoera horretan, Pirinioen bi aldeetako idazleek osatutako multzo batek bilera zabal bat egitea erabaki zuen. Bilera horren helburua berehala argitalpenetan aplikatu ahal izango zen aurre egitasmoa osatzea zen. Baionako Bitzarra (1964) deiturikoa egin zen. Idazle askorentzat bilera hori arauen inguruko erreferentzia bihurtu zen. 1968an Baionako taldea Ermuan bildu zen Euskaltzaindiari postura ofizial bat har zezan eskatzeko. Orduan erabaki zen Euskaltzaindiaren Arantzazuko Biltzarrerako deia egitea (1968ko urriak 3-5). Biltzar hori amaitu ondoren bateratzeko lehengo arau-multzoa izan zuen euskarak. Lehen egitasmo hark ortografia, morfologia, deklinabidea eta neologismoak jorratu zituen. Arau horiek hizkuntza idatziari zegozkion. Proposamen horrek gipuzkera-nafarrera hartu zituen oinarri eta bigarren mailan ertzetako euskalkietako aldaerak.

Hurrengo urteetan Euskaltzaindia egitasmo hori osatuz joan da. Aditza batzeko Aditz Batzordeak 1973an egindako proposamena azpimarra dezakegu. Proposamen hori 1987an gauzatu zen aditzari buruzko gramatika bat argitaratu zenean.

Euskaltzaindiak euskara baturako proposatutako korpusak ez du oso lexiko zabala eta oraindik lan asko egin beharko da hiztegi arauemaile oso bat argitaratu aurretik. Bien bitartean, Kintana, Sarasola, eta zehatzago UZEIk egindako proposamenen bidez, eta Euskaltzaindiaren LEF Batzordearen lanen bidez, hemendik urte gutxira euskal hiztegi arauemailea gauzatuko da. Deklinabideari eta aditz laguntzaile eta trinkoari buruzko arazoak ia erabat argitu dira.

Bibliografia

  • INTXAUSTI, Joseba: Euskara, euskaldunon hizkuntza, Donostia: ELKAR SA, 1992
  • MITXELENA, Koldo: Normalización de la forma escrita de una lengua: el caso vasco; Revista de Occidente, 10.-11. zk. 1982ko otsaila, II.ale berezia.
  • VILLASANTE, P. Luis: Hacia la lengua literaria común, Arantzazu-Oñati: De. Franciscana, 1970.
  • ZUAZO, Koldo: Euskararen batasuna, Euskaltzaindia. IKER-5. 1988.

 

Euskadi, auzolana