euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Egitura gramatikala

Egin dezagun euskararen deskribapen xume bat, honako hiru ikuspegiak kontuan hartuz: Fonologia, Morfosintaxia eta Lexikologia.

Fonologia

Euskara, gaztelera eta frantsesaren arteko azterketa konparatiboa egiten badugu, soinu gehienak berdinak edo antzekoak direla ikus dezakegu. Badira, hala ere, hainbat desberdintasun:

  • Txistukariei dagokionez, gaztelerak frikari bakarra dauka /s/ apiko-albeolarra, frantsesak bi bizkar-albeolarra eta sabaiaurrekoa eta euskarak hiru: apiko-albeolarra, bizkar-albeolarra eta sabaiaurrekoa. Horiei dagozkien afrikatuak ere baditu. 
  • m, p, d, g, x, h eta j ez dira inoiz hitz amaieran agertzen, ezta r hitz hasieran ere, mailegu berrietan izan ezik. 
  • Bokalei dagokienean, berriz, euskarak eta gaztelerak bosna fonema bereizten dituzte Zuberoako euskalkian seigarren bokal bat ere bereizten da, gaskoiaren eraginez ziurrenik frantsesak, berriz, dozenatik gora bereizten ditu.

Morfosintaxia

Euskarak bi ezaugarri berezi ditu: hizkuntza eranskaria da eta kasu ergatiboa du deklinabidean. Deklinabide-kasuak izen sintagmari eransten zaizkio, izen sintagmaren azkeneko osagaiari hain zuzen, eta ez, latinean bezala, sintagmaren zati bakoitzari. 

Ab.- Gizon handi-aren seme-ari eman diogu a

          1       2      3      4     5     6       7

a(Se) lo hemos dado al hijo del hombre grande

          7              6    5   4    3       1         2      .

 

Euskaraz deklinatzerakoan atzizkien bidez honako hauek adierazten dira: artikulua, numeroa eta kasuak gramatikalak (3), leku-denborazkoak (6) eta gainerakoak (6). Hona hemen izen sintagma bat:
                

  erroa            +               atzizkia

 

  artikulua+plurala+kasu-marka

       izen sintagma

 

 

 

 

 

 

Ergatiboari dagokionez, hizkuntza indoeuroparrek ez duten kasu bat da eta esaldi iragankorren egileari jartzen zaio. Euskaraz -k markaren bidez bereizten da. 

Ab.- Gu-khartudugu a

        1  2    3       4

      aNosotros lo hemos cogido

            1             4          3        .

Euskarari buruz sarri aipatzen den beste ezaugarri bat aditzarekiko komunztadurarena da, hots, aditzak subjektuaren pertsona eta numeroa gordetzeaz edo islatzeaz gain, objektu zuzenarenak eta zeharkakoarenak ere biltzen ditu.

Atal honekin bukatzeko, perpausaren barruko elementuen ordenari buruz arituko gara. Askatasun handia dago elementuak perpausean azaltzeko orduan. Elementuek gorde behar duten hurrenkera erabakitzeko kontuan hartu behar izaten dira esaldiak bete ditzakeen funtzio ezberdinak, alde batetik, eta bestetik duen luzera eta ematen den testuingurua. Oro har, neutrotzat har daitekeen egitura SOV erakoa da.

Lexikologia

Lexikoaren arloan jaso ditu euskarak, ziurrenik, aldaketarik ugarienak azkeneko 2.000 urteetan, esan dezagun, bide batez, azken urte horietakoak direla gaur egun ditugun datu zehatz bakarrak. Aldi luze horretan, euskarak beste hizkuntza batzuekin ukipenean iraun du, hiztun-elkarte baten komunikaziorako tresna bakarraren maila inoiz lortu barik. Egoera honen ondorioz, maileguen etorrera eta asimilazioa handia izan da.

Mailegu gehienak latinetik eta inguruan sortuz joan ziren erromantzeetatik etorri dira. Hauek dira hizkuntza erromantze horiek: gaztelera, frantsesa, gaskoienera eta biarnesera.

Beste mailegu-iturri bat arabiera izan da, horretaz gain, hizkuntz germaniarretatik etorritakoak ere aurki daitezke, baina hauek, ziurrenik, latinaren bidez eta erromantzeen bidez hartutakoak izan dira.

Gaur egun, lexiko tekniko eta modernoa garatzeari begira ahalegin handia egiten ari da. Ahalegin horretan indar bi sumatzen dira: sartzen diren mailegu guztiak besterik gabe onartzea eta euskarak berak dituen baliabideen bidez eguneratuz joatea, bien bitartean oreka-gunea bilatzea da momentu honetako eginbeharra.

Bibliografia

  • EUSKALTZAINDIA: Euskal Gramatika: lehen urratsak-I
  • INTXAUSTI, Joseba: Euskara, euskaldunon hizkuntza, Donostia: ELKAR S.A., 1992.
  • MITXELENA, Koldo: La lengua vasca, Donostia: Amigos del País, 1950.
  • MITXELENA, Koldo: Lengua e historia, Madrid: Paraninfo, 1987
  • MITXELENA, Koldo: Palabras y textos, Bilbao: EHU, 1987.
  • URQUIZU, Patricio: Gramática de la Lengua Vasca, Madrid: Cuadernos de la Uned, 1996. 
Euskadi, auzolana