Euskara

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

 

Foru Aldundien finantzazio-lerroak

Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzazio-lerroa


Urteko deialdia

Bizkaiko Foru Aldundiak 2000. urteaz geroztik urteko deialdi bidez euskararen erabilera sustatzeko planak burutzen dituzten enpresa pribatuei emateko diru-laguntzak arautzen ditu. Urteen buruan, gaurkora arte, finantzazio-lerro horren ezaugarriak, baldintzak eta prozedurak aldatu eta egokitu dira.

Proiektuek Euskara Sustatzeko Ekintza Planak ezarritako helburuekin bat etorri behar dute. Horrela izan ezean, baztertu egiten dira.

Onuradunak

Gaur egun, diru-laguntzen onuradunak merkataritza-sozietateak, kooperatiba-sozietateak, banakako enpresaburuak edota profesionalak izan daitezke, horretarako jarri diren baldintzak betez gero.

Finantzazio-mugak

Diru-laguntzen gehieneko portzentajea % 25ekoa da, aurkezten den proiektuaren aurrekontu araztuaren gainean, baina gehienez 35.000 euroko diru-laguntza esleitu ahal izango da.

Ebazteko prozedura

Diru-laguntzen esleipenak eskabidea egin dutenen arteko lehiaketa bidez erabakitzen dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazio-lerroa


Urteko deialdia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2005. urtean euskararen erabilera alor sozioekonomikoan sustatzeko proiektuetarako eta jardueretarako diru-laguntzak arautu zituen lehendabizikoz.

Aurten ere, Foru Dekretu bidez Euskara Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen programen kontura emango diren diru laguntzak arautu ditu, bakoitzarentzako oinarri erregulatzaileak onartuz. Hain zuzen ere, programa horien artean alor sozio-ekonomikoan euskararen erabilera planak eta ikerketa proiektuak aurreikusten dira 8. eranskinean.  

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak xedatutako esparruan egindako programek eta ekintzek lehentasuna izango dute.

Onuradunak

Onuradunak Gipuzkoako lurralde historikoan kokaturik dauden esparru sozio-ekonomikoko elkarte juridikoak izan daitezke, hala nola, elkarte profesionalak, enpresen elkarteak edo sindikatuak, beren jarduera esparru propioan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko programak edo xede berari begirako ikerketa aplikatuko proiektuak egiten baldin badituzte.  Diru laguntza jasotzeko aurkezten diren proiektuei dagokienez, beraiek Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak definitutako Erreferentzia Marko Estandarraren ardatzen batera zehazki orientaturik egon behar dute.

Salbuespen gisa, eskumena duen organoak hala erabakiz gero, Gipuzkoaz kanpo kokatutako elkarteek ere eskuratu ahal dituzte laguntzak, beti ere beren jarduera modu esanguratsuan esparru geografiko horretan gertatzen bada.

Edozein modutan ere, programa horien eragin esparruak gainditu behar du maila lokala edota enpresa nahiz erakunde zehatz baten alorra, eta eragin-indar nabarmena izan behar du Gipuzkoako gizartean.
                                                        
Finantzazio-mugak

Diru-laguntzaren gehienezko muga urtean aurreikusitako kostuaren % 70ekoa izango da eta betiere eskatzaile bakoitzak Euskara Zuzendaritza Nagusiari eskatutako kopurua.                                           

Ebazteko prozedura

Diru-laguntzen esleipenak eskabidea egin dutenen arteko lehiaketa bidez erabakitzen dira. Dena den, diru-laguntza hauetarako xedatutako kopuruak ez badu, hautatutako eskaera guztiak multzoan hartuta, aipatutako gehienezko muga horretara iristeko biderik uzten, diru laguntza bakoitza proportzioan murriztuko da, proiektuaren aurrekontua eta balorazioan lortutako puntuazioa kontuan hartuta.

 

 

Azken eguneratzea: 2015/01/08

Autodiagnostikoa

Euskadi, auzolana