Euskara

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

 

Euskara nola txertatu gure enpresan? Saltoki handi baten adibidea                                                                                   

 

 

 

Sarrera

Artikulu honen helburua saltoki handi bateko ohiko euskara plana azaltzea da. Horretarako, funtsean, hainbat esperientzia bildu, eta artikulu hau osatu da euskara planen gako nagusiak erakusteko asmoz, modu praktikoan betiere.

Enpresaren datuak:

  • Izena: Merkel-Barakaldo hipermerkatua
  • Udalerria: Barakaldo
  • Jarduera: salmenta eta banaketa
  • Langile kopurua: 180
  • Euskal hiztunak: %20
  • Bezeroak:  Bilbo Handikoak
  • Enpresaren antolaketa:
    • Gerentzia
    • Bulegoak (Giza Baliabideak, Kontabilitatea, Publizitatea, Informatika, Sistemak eta Logistika dira atal nagusiak)
    • Saltokia

Aurrekariak. Merkel-Barakaldok 14 urteko ibilbidea du, eta Boulevard Merkataritza Gunean dago kokatuta, beste hainbat saltokirekin batera. Cash multinazionaleko kidea da. EAEri dagokionez, hiru lurraldeetan hainbat establezimendu zabalik ditu. Establezimendu hauek guztiek zenbait jarduera zentralizaturik dituzte. Horrek bitariko ondorioak dakartza: zenbait esparru lantzerik ez izatea, eta, aldiz, beste batzuk landu bai, eta emaitzak, gainera, EAEko lurralde osorako izatea.

Merkel-Barakaldon euskarak izan duen presentzia oso txikia izan da, eta bezeroei ongi-etorria emateko errotuluetara mugatu izan da gehienbat. Hala eta guztiz, arian-arian euskara beren  establezimenduetan eta jardueran integratzeko premia igartzen hasiak dira:

  • Gero eta gehiago direlako beren erosketak egiterakoan euskaraz eskatzen duten bezeroak. Halaxe erakusten dute Merkeleko inkestek, gainera.
  • Izan ere, 2001eko datuen arabera, Bilbo Handiko eskualdeko euskal hiztunak 140.000 inguru ziren.
  • EAEko beste lurraldeetako establezimenduetan, Merkel hipermerkatuak euskara planak bideratzen hasiak direlako presentzia eta erabilera areagotzeko.
  • Boulevard Merkataritza Guneak berak ere hainbat ekintza bideratu dituelako errotulazioan, publizitatean, bezeroekiko harremanetan eta irudian, oro har, euskararen presentzia bermatzeko.
  • Marka nagusiak ere joera berbera erakusten ari direlako.
  • EAEko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuak  ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz -nahi hizkuntzan-, jasotzeko eskubidea aitortzen dielako bezeroei, eta, ondorioz, hipermerkatuak ere hori bermatu beharra daukalako arian-arian.

Gauzak horrela, Merkel-Barakaldoko gerentziak euskara planei, legezko alderdiei eta dirulaguntzei buruzko informazio zabala jasotzeko aukera izan zuen aholkulari baten eskutik, doan eta batere konpromisorik gabe, Eusko Jaurlaritzak antolatutako LanHitz kanpainaren bitartez.

Horrekin batera, bere hizkuntza-egoerari buruzko diagnostikoa egin ahal izan zuen: Asmoa, lehen-lehenik, Kontsumitzaileen Estatutuak finkatutako betekizunak zenbateraino betetzen ziren jakitea zen. Bigarrenik, lortzeko eskura zeuzkaten gainerako helburuak begiz jotzea. Horrekin guztiarekin, euskara plan bati ekitea baloratuko zuten.

Lan-urratsak. Bai diagnostikoa egiteko, bai euskara planaren bitartez hobetu zitezkeen alderdiak identifikatzeko, EME laguntza-koadroak eta haren Eskuliburua erabili ziren: EME laguntza-koadroak Kontsumitzaileen Estatutuak finkatutako betekizunak jasota zituenez, haien egoera zertan zen aztertu zen. Hori errazteko, berariaz prestatutako aplikazio informatikoa erabili zen.

Gainerakoan, euskara plana egiteko eman beharreko pauso metodologiko nagusiei zegokienez, berau PDCA zikloko urratsei jarraiki egingo zela azaldu zien aholkulariak, ziklo horixe bera darabiltelako enpresek kalitatearen, ingurumenaren, lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketan nahiz etengabeko hobekuntzako prozesuetan oro har.

Hortaz, PDCA zikloari jarraiki, honako hauek izan ziren euskara plana egiteko aurreikusi ziren urrats orokorrak:

 

Planifikatzea (Plan). Euskararen presentziak eta erabilerak sistematikoki eta iraunkorki gora egingo bazuten, ekimena planifikatu beharra zegoen. Hasiera batean abiapuntua zein zen jakiteko diagnostikoa egin behar zen. Nora irits zitezkeen identifikatu ostean, zer landu, nola, etab. jasoko zen urte anitzeko planean. Halaber, plan  nagusi hori urtez urteko ekintza planetan aletuko zen

Gauzatzea (Do). Fase honetan urteko helburuak lortzeko aurreikusitako ekintzak (euskara-eskolak, trebakuntza-saioak, bilerak, laguntzak, etab.) gauzatu edo inplementatu egingo ziren, urte horretako kudeaketa planean jasotakoari jarraiki. Halaber lortutako mailari iraunarazteko sistematizazio-adierazleak (edo hizkuntza-irizpideak) landuko ziren.

Emaitzak neurtzea (Check). Begiz jotako helburuak zenbateraino ari ziren betetzen zehaztea zen fase honen muina. Ebaluazio hori urtez urte eta plan osoa amaitutakoan egingo zen. Koordinatzailea eta euskara batzordea izan ohi dira, kasuan kasu, eginkizun horren arduradun nagusiak, eta horretarako adierazleak erabili ohi dituzte.

Doitzea (Act). Ebaluazioan antzemandako hutsuneak eta desbideraketak aztertu eta, hala badagokio, ekintza zuzentzaileak ezarriko ziren. Berrikuspena urtetik urtera egin eta hurrengo kudeaketa planean jaso daiteke, edota plangintza-aldi batetik bestera.

 

 

Euskara planean landuko diren helburuak begiz jotzerakoan, garrantzitsua zen enpresak hausnartzea zein zen helburu bakoitza lortzeak berari eskatzen zion ahaleginaren nolakoa.

Merkel-Barakaldoren kasuan plangintza-aldi honetan, batik bat Kontsumitzaileen Estatutuak finkatutako betekizunak arian-arian lortzea lehenetsi zen. Horiek landu ostean, bigarren plangintza-aldi batean, beste helburu batzuei ekingo zitzaiela aurreikusi zen.

Plangintza-aldi hau abian jartzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko Merkel-Barakaldok Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) laguntza izan zuen. Hain zuzen, diagnostikoa, urte anitzeko plana, urteko plana eta ebaluazioa egiterakoan, HPSk landutako aplikazio informatikoak erabili ziren. Horiez gain, diru-laguntza ekonomikoa eta bestelako laguntza osagarriak ere (agiri- eta terminologia-banku telematikoak, prestakuntza, aholkua, etab.) izan zituen erakunde horren eskutik.

Markel Barakaldok, bestalde, aholkularitza-enpresa kontratatu zuen euskara plana diseinatu eta gauzatzen nahiz dinamizatzen laguntzeko; hori guztia aurrerago gertatu zen: diagnostikoa egin, helburu posibleak begiz jo, prozesuan aurrera egingo zela erabaki, eta lantalde bat eratu ondoren hain justu ere.

Autodiagnostikoa

Euskadi, auzolana