Euskara

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

 
Euskara nola txertatu gure enpresan? Enpresa industrial ertain baten adibidea

 

 

 

Sarrera

Artikulu honen helburua enpresa industrial ertain bateko ohiko euskara plana azaltzea da. Horretarako, funtsean, hainbat enpresen esperientziak bildu, eta artikulu hau osatu da euskara planen gako nagusiak erakusteko asmoz, modu praktikoan betiere.

Enpresaren datuak :

  • Izena: Arruti S. L.
  • Udalerria: Andoain (% 49,79 euskal hiztun)
  • Jarduera: automobilgintzako osagaiak
  • Langile kopurua: 68
    • Finkoak: 45
    • Behin-behinekoak: 23
  • Euskal hiztunak: %52
  • Bezeroak: atzerritarrak %90
  • Enpresaren antolaketa: langile kopurua atalka?
    • Zuzendaritza
    • Administrazioa (Giza Baliabideak, Kontabilitatea, Informatika eta Kalitatea atalek osatzen dute)
    • Erosketak
    • Komertzialak
    • Produkzioa (Lantegia)

Aurrekariak. Arruti S.L. enpresak 25 urteko ibilbidea du. Hasierako urteetan, langile-plantilla egun baino txikiagoa zelarik, langileen artean euskaraz hitz egiten zen gehienbat; idatzizkoan, berriz, gaztelania erabiltzen zen. Geroztik, enpresa handitu eta langile berriak sartzearekin batera, hango hizkuntza-ohiturak aldatu, eta gaztelania nagusitu zen, bai ahozkoan, bai idatzizkoan.

Aldaketa horretaz jabetuta eta inguruko hainbat enpresa garrantzitsuk euskara planak abian zituztela jakinik, enpresako arduradun eta langile batzuek, eta ordezkaritza sindikalak eskari formala luzatu zioten Zuzendaritzari ekimen egituraturen bat bidera zezan euskarak bere tokia izateko eguneroko lan-giroan.

Lan-munduan euskararen erabilera indartzeko kanpaina baten bitartez, Arruti S.L.k bere hizkuntza-egoerari buruzko diagnostikoa egin ahal izan zuen, eta lorgarrien zituen helburuak begiz jo. Horrez gain, euskara planak edo, gutxienez, aldeko ekintza solteak egiteko informazio ugaria jasotzeko aukera izan zuen.

Lan-urratsak. Bai diagnostikoa egiteko, bai euskara planaren bitartez hobetu zitezkeen alderdiak identifikatzeko, laguntza-koadro bat eta haren Eskuliburua erabili ziren: Erreferentzia Marko Estandarra (EME) izenekoa osatzen dute biek.  Diagnosi-lana errazago egiteko, propio sortutako aplikazio informatikoa erabili zen.

Eman beharreko pauso nagusiei zegokienez, euskara planaren prozesu metodologiko osoa, PDCA zikloaren urratsei jarraiki egingo zela jakin zuten, ziklo horixe bera darabiltelako enpresek kalitatearen, ingurumenaren lan-arriskuen prebentzioaren kudeaketan nahiz etengabeko hobekuntzako prozesuetan oro har.

Hortaz, PDCA zikloari jarraiki, honako hauek izan ziren euskara plana egiteko aurreikusi ziren urrats orokorrak:

Planifikatzea (Plan). Euskararen presentziak eta erabilerak sistematikoki eta iraunkorki gora egingo bazuten, ekimena planifikatu beharra zegoen. Hasiera batean abiapuntua zein zen jakiteko diagnostikoa egin behar zen. Nora irits zitezkeen identifikatu ostean, zer landu, nola, etab. jasoko zen urte anitzeko planean. Halaber, plan  nagusi hori urtez urteko ekintza planetan aletuko zen

Gauzatzea (Do). Fase honetan urteko helburuak lortzeko aurreikusitako ekintzak (euskara-eskolak, trebakuntza-saioak, bilerak, laguntzak, etab.) gauzatu edo inplementatu egingo ziren, urte horretako kudeaketa planean jasotakoari jarraiki. Halaber lortutako mailari iraunarazteko sistematizazio-adierazleak (edo hizkuntza-irizpideak) landuko ziren.

Emaitzak neurtzea (Check). Begiz jotako helburuak zenbateraino ari ziren betetzen zehaztea zen fase honen muina. Ebaluazio hori urtez urte eta plan osoa amaitutakoan egingo zen. Koordinatzailea eta euskara batzordea izan ohi dira, kasuan kasu, eginkizun horren arduradun nagusiak, eta horretarako adierazleak erabili ohi dituzte.

Doitzea (Act). Ebaluazioan antzemandako hutsuneak eta desbideraketak aztertu eta, hala badagokio, ekintza zuzentzaileak ezarriko ziren. Berrikuspena urtetik urtera egin eta hurrengo kudeaketa planean jaso daiteke, edota plangintza-aldi batetik bestera.

 

 

Euskara planean landuko diren helburuak begiz jotzerakoan, garrantzitsua da enpresak hausnartzea zein den helburu bakoitza lortzeak berari eskatzen dion ahaleginaren nolakoa. Arruti S.L.ren kasuan aurreneko plangintza-aldi honetan lan-eginkizun errazen eta orokorrenak lehenetsi ziren, eta horiek luze-zabal bete ostean, bigarren plangintza-aldi batean helburu jasoagoei ekingo zitzaiela erabaki zen.

Plangintza-aldi hau abian jartzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko Arruti S. L. enpresak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) laguntza izan zuen. Hain zuzen, diagnostikoa, urte anitzeko plana, urteko plana eta ebaluazioa egiteko, HPSk landutako aplikazio informatikoak erabili ziren. Horiez gain, diru-laguntza ekonomikoa eta bestelako laguntza osagarriak ere (agiri- eta terminologia-banku telematikoak, ikastaroak, aholkua, etab.) izan zituen erakunde horren eskutik.

Arruti S.L.k aholkularitza-enpresa kontratatu zuen euskara plana diseinatu eta gauzatzen nahiz dinamizatzen laguntzeko; hori guztia aurrerago gertatu zen: diagnostikoa egin, balizko helburuak begiz jo, prozesuan aurrera egingo zela erabaki, eta lantalde bat eratu ondoren.

Autodiagnostikoa

Euskadi, auzolana